107. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak maiatzaren 11n emandako 197/2017 Ebazpenarena. Ebazpen horren bidez, toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dira 2017-2018 ekitaldirako (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 04.03.05 eta 08.05.01 azpineurriak).

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): DDBN (Identifikazioa): 346685.

Lehena.–Onuradunak.

Neurri hauen onuradun izan daiteke basoko herrilurretan ondorengo epigrafeetan zehaztuko diren lanak egiteko laguntza eskatzen duen Nafarroako edozein toki entitate edo baso eragile pribatu (pertsona fisiko edo juridiko), betiere ezarritako betebeharrak betetzen baditu eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eusteko hitza ematen badu.

Bigarrena.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan eta Batzordearen ekainaren 25eko Batzordearen 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztutakoarekin bat, neurri hauen azken helburua da baso eremuen garapenean inbertitzea eta basoen bideragarritasuna hobetzea, eta azpineurri honen helburua, bereziki, da, alde batetik, basoetako ekosistemen ingurumen balioen berreskurapenean inbertitzea, eta bestetik, aktibo fisikoetan inbertitzea, eta, zehatzago esanda, azpineurri honen helburua da inbertsioak egitea basoetako azpiegituretan, biak ala biak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Laguntza hauen oinarri arautzaileak maiatzaren 11ko 197/2017 Ebazpenaren I. eranskinean eskura daitezke, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Deialdiaren zenbatekoa, guztira, 2.000.000 eurokoa da toki entitateentzat, eta 300.000 eurokoa eragile pribatuentzat.

Toki entitateen eskaeretarako: 200.000 (berrehun mila) euro gehienez eta 5.000 (bost mila) euro gutxienez eskaera bakoitzeko. Aurreko kanpainetan lurra prestatzeko diru-laguntza jaso duten lurretan landaketa egiteko lanak, basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik sartzen ez duten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan diru-laguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsioetarako gutxieneko muga hori aplikatuko.

Eragile pribatuetarako: 105.000 (ehun eta bost mila) euro gehienez eta 2.000 (bi mila) euro gutxienez eskaera bakoitzeko. Basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik sartzen ez duten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan diru-laguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsioetarako gutxieneko muga hori aplikatuko.

Diru-laguntzaren portzentajeak %40tik %80 artekoak dira, zer nolako basolanetarako eskatzen den.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hirurogei egun baliodunekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 11n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1706030