107. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1913E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zainketa soziosanitarioen arloan ikerketa proiektuak egiteko deialdiaren oinarriak ezartzen dituena.

Osasun Departamentuak bere gain hartua du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko.

Horretarako, ebazpen honen helburua da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko abuztuaren 22ko 87/214 Foru Aginduaren bidez onetsitako programan aurreikusitako ekimenetako bat sustatzea, hain zuzen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako edo gizarte laneko langileek gidatutako ikerketa proiektuak egiteko deialdiari dagokiona.

Adierazitakoarekin bat, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak proposaturik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zainketa soziosanitarioen arloko ikerketa proiektuak egiteko deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatutakoaren arabera.

2. Guztira 32.000,00 euroko gastua baimentzea deialdia finantzatzeko, 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikerketa sustatzeko proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zainketa soziosanitarioen arloan ikerketa proiektuak sustatzea.

2.–Ikerketa taldeak bete beharrekoak.

2.1. Oinarri hauetan xedatutakoaren araberako ikerketa proiektuak gauzatu nahi dituzten ikerketa taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikertzaile nagusiak funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izan behar du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, erizaintzako edo gizarte laneko langile gisa, laguntza eskatzen denetik emateko ebazpena onesten den arte.

b) Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahal, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

c) Ikertzaile nagusiak ezin du proiektu bat baino gehiago aurkeztu deialdi honetara, eta ezin arituko da, aldi berean, ikertzaile laguntzaile gisa, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan.

d) Ikerketa taldeko gainerako kideek ezin izanen dute deialdi honetara aurkeztutako proiektu batean baino gehiagotan parte hartu. Ezinezkoa izanen dute, orobat, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ikerketa proiektu batean parte hartzea aldi berean.

2.2. Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko bakarrik aholkulari lanak egiten dituzten kideak.

3.–Ikerketa proiektuen gehieneko iraupena.

Ikerketa proiektuek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere.

4.–Eskaerak.

4.1. Ikerketa taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera:

1. agiria. Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako eskabidea. Horrekin batera, proiektuko ikertzaileen zentroetako zuzendaritzen adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita proiektua bat datorrela unitateak ezarritako ikerketa-ildoekin, proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla.

2. agiria. Ikerketa-proiektuaren memoria, eta haren atalen artean erantsi behar dira emaitzak aplikatzearen ondorioz aurreikusten den eragina eta aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua.

3. agiria. Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea, eta gainerako taldekideena, bertan adierazita zein diren proiekturako interes handieneko alderdiak.

4. agiria. Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoak egindako txostena. Proiektuarekin batera Batzordeari egindako eskaera besterik ez da aurkeztu beharko; baimena, betiere, proiektuari finantzaketa emateko ebazpena onetsi aurretik aurkeztu beharko da.

5. agiria. Helburu bererako beste finantzaketarik edo laguntzarik eskatu ez izanaren adierazpena, edo, hala bada, proiektu bererako zenbat diru eskatu edo jaso den eta zein erakundek eman duen adierazteko agiria.

4.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko web-orriko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

6.–Prozeduraren instrukzioa eta Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari dagokio, eta hark egiaztatuko du deialdian parte hartzeko behar diren baldintzak betetzen diren.

6.2. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari posta elektronikoaren bidez eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala bere kudeaketa-entitatearen bitartez, eta ohartaraziko zaio, zuzendu ezean, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, ebazpena eman ondotik.

6.3. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, ondorioz, onartzen diren eskaerak Ebaluazio Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu, deialdi honetan finkatutako irizpideei jarraikiz, haiek onartzeko proposamena egiteko asmoz. Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

Maite Soria Sarnago andrea, batzordeko burua izanen baita. Nafarroako Ospitalegunea.

Antonio García Iriarte jauna. Erizaintzako Ikerketa koordinatzailea.

Pilar Abaurrea Leoz andrea. Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzua. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza

Idoia de Gaminde Inda andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Olga Díaz de Rada Pardo andrea batzordeko idazkaria izanen da. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

6.4. Instrukzio organoak, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa ikusirik, ebazpenerako proposamen arrazoitua prestatu eta Osasuneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

7.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

7.1. Ebaluazio Batzorde Teknikoak irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa. Gehienez ere 50 puntu. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna (0tik 10 puntura).

–Taldeak gaiari buruz duen ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia (0tik 10 puntura).

–Egokitasun metodologikoa: baloratuko da ikerketaren diseinua (diseinua, azterketaren xedeko subjektuak, aldagaiak, datuen analisia eta ikerlanaren mugak) ikerketaren galderari erantzuteko gauza den (0tik 20 puntura).

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza (0tik 10 puntura).

b) Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 35 puntu, honela banatuta:

b.1. Proiektuko gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia. Gehienez ere 20 puntu. Atal honetan gaitasun zientifikoa eta teknikoa baloratuko da, eta ikertzaile nagusiak zein ikerketa taldeko gainerako kideek ikergaiaren arloan duten esperientzia. Merezimendu hauek baloratuko dira:

–Aldizkari espezializatuetan azken 7 urteetan argitaratutako artikulu zientifikoak: JCRn indexatuta egonez gero, eta lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 1 puntu; gainerako egileak, 0,5 puntu. JCRn eragin faktorerik izan gabe, lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 0,2 puntu. Gainerako egileak, 0,1 puntu.

–Ikerketa proiektuetan izandako parte-hartzea, norgehiagokako deialdietan.

Ikertzaile nagusi gisa: Europa mailako esparrua: 1,5; Espainiako esparrua, 1; eta eskualdeko esparrua, 0,6. Ikertzaile gisa edo ikertzaile laguntzaile gisa: Europa mailako esparrua: 0,4; Espainiako esparrua, 0,2; eta eskualdeko esparrua, 0,1.

–Ikerketa gaian duten esperientzia. 10 puntu: Taldeak proiektuaren xedeko arlo kliniko berean lan egiten badu: 10 puntu. Bestela, 0 puntu.

b.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plana. Gehienez ere 15 puntu.

Lan plana, zereginen banaketa eta kronograma; eskura dauden eta aurreikusten diren bitartekoen egokitasuna, eta proiektua kudeatzeko gaitasuna, 0tik 10 puntura bitarte baloratuko dira.

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara: 0tik 5 puntura bitarte baloratuko da.

c) Zentro askotan erabili ahal izatea, eta kooperatiboa eta diziplina anitzekoa izatea. Gehienez ere 15 puntu. Honakoak baloratuko dira: ikerketa zentroen eta/edo taldeen arteko lankidetza maila eta unibertsitateekin edo bestelako erakunde publiko-pribatuekin elkarlanean aritzea.

7.2. Finantzaketa lortzeko, proiektuek gutxienez 30 puntu lortu behar dituzte a) atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa), eta gutxienez 10 puntu b) atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

8.–Zenbatekoa zehaztea.

Proiektu bakoitzean finantzatu beharreko zenbatekoa puntuazioaren ordenari jarraikiz zehaztuko da, eta eskatutako kopuru osoa emanen da (gehienez ere 15.000 euro bakoitzari). Azkenak ez badu %100era iristeko adinako finantzaketarik lortzen, aurrekoak eman ondoren geratzen den zenbatekoa emanen zaio.

9.–Gastu finantzagarriak.

9.1. Ematen den finantzaketa behean azalduko diren gastuak estaltzeko erabiliko da, betiere zuzeneko lotura badute proiektuaren gauzatzearekin:

a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, bidezkoa izanen da teknikariak kontratatzea, erakunde parte-hartzaileetako funtzionarioez, estatutupeko langileez edo lan-kontratudunez gainera. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 1.352 euro finantzatuko dira hilean, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk, honakoak barne:

–Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo oso-osorik (edo gutxienez %80an) proiekturako behar dena. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoak eskuratzea ere.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak. Komeni da orduka zenbatzea, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

9.2. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

9.3. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

9.4. Proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan %15 sartuko da proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.

10.–Ematea.

10.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak proposatuta, eskaerak onetsi edo ezesteko ebazpen arrazoitua emanen du hilabeteko epean gehienez, zenbatekoak, onartutako gastu-kontzeptuak eta proiektua hasi eta bukatzeko egunak adierazita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie posta elektronikoaren bidez, beren kudeaketa-entitatearen bitartez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan argitara emanen da (www.nafarroa.eus).

11.–Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedura.

11.1. Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, Miguel Servet-NavarraBiomed fundazioa proiektuaren entitate kudeatzaile gisa arituko da. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du ikertzaile nagusiarekin.

11.2. Proiektuari esleitutako zenbatekoa ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da, Miguel Servet-NavarraBiomed Fundazioaren kontabilitate-kontuan, eskaerak onartzeko ebazpena ematen den unean. Horretarako, eskaerak onartzeko ebazpenean aginduko da proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoak Fundazioari ordain dakizkion.

12.–Proiektuak gauzatzea.

12.1. Proiektuak oinarri hauetan eta ikertzaile nagusiak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitako moduan gauzatuko dira.

12.2. Proiektuak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera edo aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak.

Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskatu beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari.

12.3. Proiektuek ikerketaren etikari buruz dauden adierazpen, protokolo eta hitzarmen nazional zein nazioartekoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko dituzte, baita ikerkuntza, garapen eta berrikuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruzko legedi nazional eta autonomikoetan ezarritako baldintzak ere.

12.3. Egindako lana aurreikusitakoaren araberakoa ez dela frogatzen bada, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak egindako txosten arrazoitua ikusita, eta ikertzaile nagusiari entzunda, Miguel Servet-NavarraBiomed Fundazioari proiektuaren finantzaketa bertan behera uzteko agintzen dion ebazpena ematen ahalko du, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

13.–Bateragarritasuna.

Oinarri hauen arabera lortzen den finantzaketa bateragarria da xede bererako lortzen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere finantzaketak, guztira, proiektuaren kostu osoa gainditzen ez badu. Hala gertatuz gero, oinarri hauen kargura proiektuak jaso beharreko finantzaketa gutxitu eginen da, dagokion gehieneko kopururaino.

Ikerketa proiektu bererako beste edozein laguntza jasoz gero, horren berri eman beharko zaio Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, jakin bezain laster, eta, betiere, proiektua bukatu aurretik.

14.–Proiektuen amaiera eta justifikazioa.

14.1. Proiektuak onartzeko ebazpenean proiektua bukatzeko agertzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuan:

a) Ikerketaren emaitzak biltzen dituen memoria teknikoa. Ikerketaren eragina zehatz-mehatz eta berariaz agertu beharko da: 1) eragin bibliometrikoa; 2) jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa; 3) osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorreraren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorreraren gainekoa.

b) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez. Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.

Era berean, Miguel Servet-NavarraBiomed Fundazioak deialdi honen kargura egindako gastuen fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko du proiektu bakoitzeko, bertan data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa zehaztuta.

14.2. Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaile nagusiak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, behar bezala arrazoituta, baina proiektua bukatu ondoren ezin izanen da inolako gasturik egin. Dena dela, salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuz gero, bidezko izanen da gastua exekutatzeko epearen luzapena eskatzea. Eskaera arrazoitu hori Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari eginen zaio, eta Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko da.

14.3. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.

15.–Konpromiso osagarriak.

15.1. Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkio ikerketa taldeari.

15.2. Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifiko, ahozko komunikazio eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko da. Produkzio horien berri Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

15.3. Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da. Patente bat edo erabilera industriala dakarten emaitzen gaineko eskubideak Nafarroako Gobernuari dagozkio, ikerketa proiektuaren finantzaketan izan duen partaidetzaren ehunekoaren arabera.

15.4. Oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak edo proiektua onartzeko agirian ezarritako baldintzak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utziko da eta kobratutako dirua itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti, izan litezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.

Iragarkiaren kodea: F1705878