107. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, enpresa txiki eta ertainetan eta toki entitateetan auditoretza energetikoak egiteko laguntzen deialdia onesten duena.

Energiaren eragimena, funtsezkoa hazkunde jasangarriaren aldeko Europako estrategian, modu errentagarrienetakoa da energiaren horniduraren bermea sendotzeko eta berotegi efektuaren gasen eta beste gai kutsagarri batzuen emisioak murrizteko.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2012ko urriaren 25ean energiaren eragimenari buruz emandako 2012/27/EB Zuzentarauak esparru amankomuna sortu zuen energiaren eragimena sustatzeko Europar Batasunaren barnean. Zuzentarau horren trasposizio partziala egiten duen otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuak ezartzen du enpresa handiek baino ez dutela energiaren auditoretza egiteko betebeharra.

Hori dela eta, Nafarroako Energia Plan (2030) berriarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak energiaren auditoretzak sustatu gogo ditu enpresetan eta toki entitateetan, horretarako betebeharrik ez badute ere, deialdi honen bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainetan eta toki entitateetan auditoretza energetikoak egiteko laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea.

HARTZAILEA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

ETEak

820003 82230 7701 467302: Energiaren aurreztean eta eragimenean inbertitzeko laguntzak.

2017

100.000,00

Toki entitateak

820003 82230 7609 425200: Toki entitateentzako transferentziak energiaren aurreztean eta eragimenean inbertitzeko

2017

150.000,00

Enpresa txiki eta ertainen eskaera guztiei heldu ondoren kreditu erabilgarririk badago 820003 82230 7701 467302 partidan, toki entitateen eskaerentzat erabil daiteke, kreditu transferentzia egin ondoren.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 16an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen laguntzen xedea da Nafarroako enpresa txiki eta ertainetan eta toki entitateetan energiaren auditoretzak sustatzea.

Auditoretza horiek helburu dute prozesuetan atzematea zer eragiketa izan daitekeen lagungarri kontsumitutako energia primarioaren aurrezpenean eta eragimenean, eta instalazioen energiaren eskaria hobetzea. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, diru-laguntzak berarekin dakar energiaren auditoretzan proposatutako neurri batzuk hartzeko konpromisoa.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Diru-laguntza hauen onuradun izanen dira:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Enpresa ertainak, txikiak eta mikroenpresak (ETEak), pribatuak badira eta Nafarroan kokaturik daudela egiten badituzte enpresa edo lanbide arloetako jarduerak.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa.

Enpresek beren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduari egokitua, diru-laguntza eskatzen dutenean.

2. ETE horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13.2 artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez egotea. Eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori betetzen dela.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar Garapen Ekonomikorako Departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Industria prozesuen, eraikinen edo kanpoko argiteria publikoaren auditoretza energetikoaren gastua diruz lagungarria izateko, auditoretzaren helburuak izan behar du zehaztea zenbat energia aurrezten ahal den instalazio horietan eta erabakiak erraztea energia aurrezteko inbertsioak egiteko orduan.

Aipatu auditoretzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitatearen edo ETEaren jarduera osokoak izan daitezke, edo haien prozesuren edo instalazioren batekoak.

b) Auditoretzak egiteko, auditore energetikoek entitate eskatzailetik kanpokoak izan behar dute, eta bete behar dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2012ko urriaren 25ean energiaren eragimenari buruz emandako 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizio partziala egiteko otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak.

c) Deialdi honen II. eranskinean ezarritako edukia izan behar dute auditoretzek, gutxienez.

d) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hasiko da jarduketak egiteko epea, eta 2017ko azaroaren 10ean bukatuko, bi egun horiek barne. Epe horretan fakturaturik eta ordaindurik dagoenean joko da burututzat jarduketa hori.

2. BEZa ez da diruz lagungarria izanen, onuradunak hura berreskuratu edo konpentsatu badezake. Horretarako, onuradunak adierazi beharko du jasandako BEZa jasanarazi dezakeen ala ez.

3. ETEen kasuan, auditoretzaren gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), enpresak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian.

4. Toki entitateen kasuan, frogatu behar dute prozedurak bete duela Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2016 Foru Legea.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza bakoitzaren kopurua honakoa izanen da:

a) ETEen kasuan: organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %50, eta ez da inoiz 10.000 eurotik gorakoa izanen.

b) Toki entitateen kasuan: organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %75, eta ez da inoiz 15.000 eurotik gorakoa izanen.

2. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko neurriren bat hartzen duten eskatzaileei. Hala nola:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea, lan arloko legerian adierazitako moduan negoziatua dena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren IV. tituluko III. kapituluan ezarritako irismenarekin.

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izana (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Berdintasuna sustatzen duten beste neurri batzuk hartu izana, betiere behar bezala frogatzen ahal badira; besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, rol aniztasuna eta ardurakidetza enpresaren dokumentazioan eta materialetan erabiltzea, hizkera ez-sexista erabiltzea dokumentazioan eta materialetan, eta frogatzen ahal den beste edozein jarduketa.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo NAN-PIN gako itundua.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, organo kudeatzaileak pertsona interesdunari eskatuko dio hori zuzentzeko eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Laguntzak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dauden inprimakiei egokitua (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) ETEen kasuan, 2. oinarriko “Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena”, eta 3. oinarriko “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” eta hiru eskaintzak.

b) 6. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, eskatzaileek hornidura energetikoen 2016ko fakturak aurkeztu behar dituzte (elektrizitatea, gas naturala, gasolioa, biomasa, etab.). Enpresen kasuan, urte horretako galera eta irabazien kontua ere aurkeztu behar dute.

c) Eskatzaileak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa, 4.oinarrian adierazi bezala.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hortaz, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira bi zerrenda egiteko, bata toki entitateentzat eta bestea ETEentzat, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Deialdian baimendutako gastua diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko adinakoa bada, haien arteko hurrenkera ez da ezarri beharko.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak, eskatzaile motaren arabera:

2.1. Toki entitateentzat:

a) Biztanle kopurua:

I. 1.000 biztanle baino gutxiago: 25 puntu.

II. 1.001etik 10.000 biztanlera bitarte: 15 puntu.

III. 10.001 biztanle baino gehiago: 5 puntu.

Biztanle kopuruaren ondorioetarako, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak otsailaren 9an eman 14/2016 Foru Agindua hartuko da kontuan, Nafarroako Kontzejuetako biztanleriaren zifrak, 2015eko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen dituena.

b) Energiaren kontsumoa (30 puntu arte):

Irizpide hau modu proportzionalean baloratuko da aurkeztutako eskaeren artean. Izan ere, energiaren kontsumoari lotutako kosturik handienak dituen toki entitateari 30 puntu dagozkio, eta 0 puntu, berriz, kosturik txikienak dituenari.

c) Energiaren kostuaren eta biztanle kopuruaren arteko erlazioa (30 puntu arte):

Irizpide hau modu proportzionalean baloratuko da aurkeztutako eskaeren artean. Izan ere, biztanle kopuruaren arabera kosturik handienak dituen toki entitateari 30 puntu dagozkio, eta 0 puntu, berriz, kosturik txikienak dituenari.

2.2. ETEentzat:

a) Enpresaren kategoria:

I. Mikroenpresa: 25 puntu

II. Txikia: 15 puntu

III. Ertaina: 5 puntu

b) Energiaren kontsumoa (30 puntu arte):

Irizpide hau modu proportzionalean baloratuko da aurkeztutako eskaeren artean. Izan ere, energiaren kontsumoari lotutako kosturik handienak dituen enpresari 30 puntu dagozkio, eta 0 puntu, berriz, kosturik txikienak dituenari.

c) Energiaren kostuak zenbateko eragina duen enpresaren lehiakortasunean (30 puntu arte):

Irizpide hau baloratzeko ondorioetarako, puntu bat emanen da azken ekitaldiko ustiatze gastuen arabera kostu energetikoari dagokion portzentaje puntu bakoitzeko (gehienez ere 30 puntu).

Honako hauek dira ustiatze gastuak: hornidurak, langileria gastuak eta bestelako ustiatze gastuak.

3. Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Organo kudeatzaileak (Azpiegitura Energetikoen Atala) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.

1. Onuradunek 2017ko azaroaren 10a arteko epean, hura barne, justifikatu beharko dute egin dutela jarduketa; horretarako; agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikaren bidez, laguntzen fitxatik:

a) Egindako auditoretzaren kopia.

b) Fakturak eta bankuko ordainagiriak, eskatzailearen izenean.

c) ETEen kasuan, laguntzen fitxan eskura dauden inprimaki hauek:

–Auditoretzan proposatutako neurriak hartzeko konpromisoari buruzko adierazpena, kronograma bat dakarrena.

–Auditoretza egin izanaren komunikazioa.

d) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, non jasoko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du bi hilabeteko epean frogagiriak aurkezten direnetik.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan araututa dago). Laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduari egokituko zaio adierazpen hori.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) ETEek auditoretza egin izanaren komunikazioa igorri behar diote Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, horrek inskripzioa egin dezan Auditoretza Energetikoen Erregistro Administratiboan.

d) 2019ko abenduaren 31 baino lehenago, ETEek txosten bat aurkeztu behar dute, non ezarritako neurriak zehaztu behar baitituzte, auditoretzan proposatutako neurrien inbertsioaren %30 adinakoak izanen direnak. Txosten horretaz gain, inbertsio horien bankuko ordainagiriak eta fakturak ere erantsi behar dituzte.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko bidezko fitxaren bidez (laguntzen fitxa), hortik sartuko baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

2. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira. Horretarako, eskatzaileek gaitutako helbide elektronikoa izan behar dute nahitaez.

Gaitutako helbide elektronikoa helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen edonolako beste diru-laguntzekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

12. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Enpresen kasuan, deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Auditoretza energetikoen gutxieneko edukia industria
prozesuetan edo eraikinetan (otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritako ereduaren arabera)

1.–Establezimenduaren datu orokorrak.

1.1. Zentroaren identifikazioa:

–Enpresaren izen soziala

–Zentroaren helbidea.

–Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionala.

1.2. Establezimenduaren datuak:

–Funtzionamendu araubidea (orduak egunean, egunak astean, eta orduak urtean).

–Kostuen egitura.

1.3. Establezimenduaren produkzio datuak (industria sektorean soilik):

–Erabilitako lehengai nagusiak (izena eta zenbat urtean).

–Lortutako produktu nagusiak (izena eta zenbat urtean).

2.–Ekipo kontsumitzaileen inbentarioa.

3. Zentroaren azterketa energetikoa:

3.1. Urteko kontsumoa eta energia kontsumoen banaketa:

–Energia elektrikoaren urteko kontsumoa.

–Energia termikoaren urteko kontsumoa eta erabilitako erregaiak.

–Urteko kontsumo termikoa eta elektrikoa operazio bakoitzeko.

–Energia kontsumitzen duten ekipo nagusien urteko kontsumo termikoa eta elektrikoa.

–Urteko kontsumo termikoa eta elektrikoa operazio osagarrietan.

–Energia elektrikoaren autoekoizpena.

3.2. Berariazko kontsumoak eta kostu energetikoak:

–Berariazko kontsumo termikoa (kWh/unitatea) eta berariazko kontsumo elektrikoa (kWh/unitatea), ekoitzitako produktu bakoitzeko.

–Berariazko kontsumo termikoa (kWh/unitatea) eta berariazko kontsumo elektrikoa (kWh/unitatea), operazio bakoitzeko.

–Berariazko kontsumo termikoa (kWh/unitatea) eta berariazko kontsumo elektrikoa (kWh/unitatea), energia kontsumitzen duten ekipo nagusietan.

–Energia termikoaren kostuak iturri energetikoaren arabera eta energia elektrikoaren kostua.

4.–Energiaren auditoretzan antzemandako neurriak:

–Neurriaren definizioa.

–Energia termiko eta elektrikoaren aurreztea, energiari eta berariazko kontsumoari dagokienez.

–Energia kostuaren aurreztea.

–Bestelako aurrete eta hobekuntzak.

–Hobekuntzei lotutako inbertsioak.

–Proposatutako neurria burutzeko epea.

–Neurriaren errepikagarritasuna. Merkatu potentziala.

Energiaren auditoretzen gutxieneko edukia toki entitateen kanpoko argiteria publikoan (Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundearen auditoretza energetikoen protokoloari jarraituz)

Kasu hauetan, honako hau ere erantsi behar da:

1.–Xedea.

2.–Energiaren auditoretzaren lanen irismena.

3.–Datu bilketa:

3.1. Landa fitxak (Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundearen auditoretza energetikoen protokoloaren barnean).

4.–Auditoretzaren garapena.

5.–Emaitzen aurkezpena eta hartu beharreko neurriak:

5.1. Instalazioen funtzionamenduaren ebaluazio teknikoa.

5.2. Proposatutako erreformak.

5.3. Hobekuntzen balorazio energetikoa eta ekonomikoa.

5.4. Oraingo egoeraren eta etorkizunekoaren konparazioa.

5.5. Amortizazioa.

Iragarkiaren kodea: F1705957