107. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BORTZIRIETAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Bortzirietako larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mankomunitate honetako Juntak, 2017ko martxoaren 27an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. (75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko apirilaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, urriaren 29ko 11/2014 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epean ez denez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxalarren, 2017ko maiatzaren 26an.–Lehendakaria, Miguel María Irigoien Sanzberro.

LARRIALDI SOZIALEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.

Larrialdi sozialeko laguntzak prestazio ekonomiko zuzenak dira, larrialdi sozialean dauden pertsonentzat eta/edo familientzat. Laguntza hauek puntualak eta ordezkatzaileak dira, ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak. Bizirauteko oinarrizko premiak bete gogo dituzte, beste prestazio edo zerbitzu batzuek konpontzen ez dituztenak, eta bateragarriak izan daitezke gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin.

Laguntza horien xedea da Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan (Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka) bizi diren pertsonei edo familiei laguntzak ematea, gizarteratzeko oinarrizko premiak betetzeko zailtasunak badituzte frogatutako gabezia ekonomikoak edo sozio-sanitarioak izateagatik.

Babeserako prestazio ekonomiko gisa eratzen dira, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen oinarrizko gizarte zerbitzuak ematen dituen programen lanbide jardunarekin bateragarriak. Horren bidez, krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.

Laguntza horien xedea da:

–Laguntza ematea pobrezia endemikoa nahiz mementokoa edo behar larria jasaten duen pertsonei edo familiei, eta laguntza hori osagarri gisa aplikatzea gainerako prestazio sozialei.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Baliabide bat izatea mankomunitate honetan diseinatzen diren gizarteratze prozesuetan.

2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aurkeztu behar dute eskaera, Mankomunitateak emandako ereduaren arabera. Eskaerarekin batera, 4. oinarrian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu behar da.

Eskabideak aurkezteko epea urte osoan egonen da zabalik.

Zuzeneko prestazio ekonomikoak jaso ahal izateko, Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

3.–Betebeharrak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo familia-unitateek eskatzen ahalko dute prestazioa:

1) 18 urtetik gorakoa izatea.

2) Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten herrietako batean erroldatua egotea.

3) Familia-unitatearen hilabeteko diru-sarrerek, eskaera egiterakoan, ezin izango dute gainditu Errenta Bermatua edo termino baliokideari buruz indarrean dagoen foru araudian ezarritakoa.

Familia-unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, bai eta haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.

Salbuespen gisa, aipatutako kopuruak gainditzen dituzten familia-unitateek larrialdietarako laguntzak eskatu ahal izanen dituzte, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Laguntza hauek Mankomunitatearen programetan esku-hartze planean tresna gisa balio izatea, eta Mankomunitatearen teknikarien aldeko balorazioa izatea.

b) Eskaera egiterakoan larrialdietarako laguntzak arautzen dituen eta indarrean dagoen foru araudian eskatutako baldintzak betetzea.

4) Eskaera egiten den unean, familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak eta higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin izanen dute gainditu indarrean dagoen gizarte larrialdietarako diru-laguntzen inguruko foru-araudian ezarritakoa.

5) Ezinbestekoak edo bilatu ez den zerbaitek sortutako egoeran izatea.

6) Bortzirien maileko eskualdean eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Hala egin ezean, eskatuko da hura geroago ordaintzeko konpromisoa.

7) Baterako ekintza plan bat sinatzea eta konpromisoa hartzea hartan adierazitakoa egiteko.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Familia-unitate eskatzaileek Errenta Bermatua jasotzen badute, aintzat hartuko da 3. eta 4. atalean eskatutakoa betetzen dutela.

4.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) NANa/pasaportea edo lan baimena/eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.

c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien egiaztagiria (nominak, pentsioak, sariak etab.).

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.

f) 3. oinarriko 4. baldintza betetzen dela aztertzeko, bidezkotzat jotzen den dokumentazio guztia eska daiteke (azken urteetako errenta aitorpena, bankuko laburpena, katastroko ziurtagiriak, etab.).

5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

1. Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuek, behar-beharrezkoak badira.

2. Laguntzen barrenean sartzen diren kontzeptuen gastu osoak jasotzen ahalko du laguntza, zein, gehienez ere, 3.000 euro izanen baita urtean familia-unitate bakoitzeko, hurrengo atalean adierazten diren baldintzak betez gero, eta, betiere, behar adina diru badago aurrekontuan.

3. Diruz laguntzen ahal diren gastuek kategoria hauetako batekoak izan beharko dute:

a) Ostatua.

a.1) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar) ordaintzea.

Kontzeptu honen gehieneko kopurua 2.000 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berria alokatzeko kontratua, eskatzailearen ohiko bizileku erreala izan behar duenean, hasierako ordainketa harentzat berezia denean eta bere baliabide ekonomikoekin etxebizitzaren ohiko ordainketa bermatzen ahal duenean.

Kontzeptu honen gehieneko kopurua 2.000 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotza banatzeko eta bestelako zerbitzuetako gastuak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindar, gas, berokuntza, ur bero zentrala eta beste erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasoila, eta abar).

b.1) eta b.2) kontzeptuen gehieneko kopurua, baturik, 800 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko hornidurengatiko kontratuen altak ohiko etxebizitzan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu horien gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Elikadura eta osasuna.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak, norberaren eta etxeko higienerako).

Kontzeptu honen gehieneko kopurua urtean hurrengoa izanen da, familia-unitateko kideen kopuruaren arabera:

FU-KO KIDEAK

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona 1

500 euro

2 pertsona

700 euro

3 pertsona

940 euro

4 edo gehiago

1.220 euro

c.2) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua; 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.

c.3) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; zentzumenei lotuak ere izan daitezke (entzumenari eta ikusmenari); 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.

c.4) Beste jarduketa sozial eta sanitario batzuk, gizarte bazterketa saihesteko eta gizarteratzea errazteko, gehienez ere 500 euro pertsona bakoitzeko.

d) Hezkuntza eta gizartean eta lanean txertatzea.

Gizarteratzeko eta/edo lanean sartzeko laguntza. Gizarteratzen edo/eta lanean txertatzen laguntzen duten diru-laguntzak jasotzen dira; bereziki, hezkuntza jarduera arautu gabeetan parte hartzeko aukera ematen duen sostengu puntualak, prestakuntzan hasteko modu bakarra direnean.

Gehienez ere 800 euro familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk betetzea.

Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.

Kontzeptu honen gehieneko kopurua urtean hurrengoa izanen da, familia-unitateko kideen kopuruaren arabera:

FU-KO KIDEAK

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona 1

500 euro

2 pertsona

700 euro

3 pertsona

940 euro

4 edo gehiago

1.220 euro

6.–Onuradunen betebeharrak.

a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

b) Mankomunitatearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Mankomunitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

–Justifikatzeko beharra ez betetzea.

–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.

–Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo erabili direla.

e) Diru-laguntzen inguruan egiten diren egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

7.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hauste batengatik bidegabeki lortutako zenbatekoak, gaizki aplikatutakoak edo justifikatu gabeak itzuliko dira, eta kasuan kasuko interesak gehituko dira.

Orobat, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ondoko zehapenak ezartzea erabaki dezake:

a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

8.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Mankomunitatean kasua hartzen duen profesionala izanen da prozedura hasteko organo eskuduna eta ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu ofizioz.

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, proposamen hori oinarri hartuta, emanen du prestazio ekonomikoak eman edo ukatzeko ebazpena, Idazkaritzak eta Kontu-hartzailetzak bere txostena aurrez eginik.

9.–Diru-laguntzaren ordainketa eta gastuaren justifikazioa.

Diru-laguntza emateko ebazpena emanik, gehienez ere 5 laneguneko epean ordainduko da laguntza, eskaera egin zen egunetik kontatzen hasita, laguntzen berehalakotasuna kontuan harturik.

Onuradunak justifikatu beharko du jasotako diru-laguntza zertan erabili den. Hori egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak aurkeztu beharko ditu eta agiri guzti horiek aztertu eta baieztatuko dituzte Bortzirietako Oinarrizko Zerbitzuen teknikariek.

10.–Aplikatu beharreko arauak

Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko 38/2013 Lege Orokorra eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1706413