107. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1356/2017 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdia onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko foruzain-kabo izateko 14 lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko prozeduraren bidez.

Martxoaren 25eko 19/2015 Foru Dekretuaren bidez (2015eko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 17an), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu zen, eta Nafarroako Foruzaingoko kabo izateko 14 lanpostu hutseko enplegu publikoko eskaintza partziala onetsi zen, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak.

Gero, Barneko zuzendari nagusiak abenduaren 9an emandako 588/2016 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foruzaingoko kabo izateko 17 lanpostu lehiaketaren edo lehiaketa berariazkoaren bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Behin lehiaketa ebatzirik, zehaztu dira deialdi honetan, kategoriaz igotzeko prozeduraren bidez, bete beharreko hamalau lanpostuak.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Legearen 33. artikuluak xedatzen du ezen kabo lanpostu hutsak barne igoeraren bidez beteko direla, polizia kategoria dutenen kategoria-igoeraren prozeduraren bidez.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Foruzaingoko kabo izateko 14 lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Foruzaingoko kabo izateko 14 lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari, Barneko zuzendari nagusiari, Foruzaingoko buruari eta izendatu diren epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 29an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, FORUZAINGOKO KABO IZATEKO 14 LANPOSTU BETETZEKO, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Foruzaingoko kabo izateko 14 lanpostu betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta C mailakoak dira, Nafarroako Foruzaingoari atxikitakoak; zehazki, honako hauek:

–9810. eta 9811. lanpostuak, destinoa dutenak Ikuskapen Orokorraren Arloko Altsasuko Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Altsasuko Taldean, Altsasun.

–8003., 8004., 8607. eta 9812. lanpostuak, destinoa dutenak Ikuskapen Orokorraren Arloko Elizondoko Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Elizondoko Taldean, Elizondon.

–5995. lanpostua, destinoa duena Ikuskapen Orokorraren Arloko Lizarrako Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Lizarrako Taldean, Lizarran.

–5973., 9816. eta 9819. lanpostuak, destinoa dutenak Ikuskapen Orokorraren Arloko Zangozako Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Zangozako Taldean, Zangozan.

–5982. lanpostua, destinoa duena Ikuskapen Orokorraren Arloko Tafallako Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Tafallako Taldean, Tafallan.

–8605. eta 9808. lanpostuak, destinoa dutenak Ikuskapen Orokorraren Arloko Tuterako Foruzain Etxeko Herritarren Babeserako eta Arretarako Tuterako Taldean, Tuteran.

–5671. lanpostua, destinoa duena Ikuskapen Orokorraren Arloko Tuterako Foruzain Etxeko Tuterako Atestatu Taldean, Tuteran.

1.2. Deialdiko hamalau lanpostu hutsak txanda hauetan banatuko dira:

a) 9 lanpostu barne igoerako txandan, Nafarroako Foruzaingoko kideentzat (barne igoerako txanda).

b) 5 lanpostu igoerako txanda irekian, Nafarroako polizia kidegoetako kide eta udaltzain guztientzat (igoerako txanda irekia).

1.3. Igoerako txanda irekian betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada barne igoerako txandako lanpostu hutsen bat, orduan bete gabekotzat joko da eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

Barne igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen martxoaren 25eko 30/2005 Foru Dekretua; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne igoerako txandako izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Foruzaingoko foruzain lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.2. Igoera txanda irekiko izangaiak:

a) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak: lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea polizia lanpostuan.

c) Udal agenteak: lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea udal agente lanpostuan, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu dutela egiaztatzea, ikastaro hori beharrezkoa baita polizia izateko.

3.2. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak deialdi honen I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaeraren eredua Interneten bidez eskuratzen ahalko da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen duen Nafarroako Aldizkari Ofizialetik, bai honako esteka honetatik, deialdiari buruz dagoen aiputik: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+publico/.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkeztuko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

A) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Eskaera posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

B) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web ataritik abiatuta.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Bat.–Eskaera, deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

Bi.–Igoera txanda irekiko izangaiek aurkeztu beharreko agiriak (Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak eta udal agenteak):

Organo eskudunak emandako ziurtagiria, interesdunak lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela frogatzen duena, eta interesdunaren egoera administratiboa ere adierazten duena.

Polizian sartzeko eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ematen duen Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu izana eskatzen zaie udal agenteei, eta baldintza hori ofizioz egiaztatuko du Administrazioak, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak organo deitzaileari emandako ziurtagiriaren bidez.

Hiru.–Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak.

Lehiakideek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo dei-egileak epaimahaiaren esku jarriko ditu, balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak; izangaiek aurkeztu beharko dituzte horiek.

Izangaiek baremoan adierazten den puntuazio eskemari jarraikiz alegatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.4. Aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: foruzain edo udal agente zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera-txandatan aurkezten den.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauexek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Mahaiburua: Ángel Fernández Goñi, Herritarren Segurtasuneko Alorreko komisario burua.

Ordezkoa: Jesús Barcia Lareau, komisario nagusia eta Ikuskapen Orokorreko Arloko burua.

–Mahaikidea: Julián Huarte Rodríguez, Dibisio Tekniko Orokorreko inspektore burua.

Ordezkoa: Luis Cemboráin Luquin, Barne Segurtasunaren Brigadako inspektore burua.

–Mahaikidea: Pablo Aristu Zunzarren, Tafallako Foruzain Etxeko inspektore burua.

Ordezkoa: Iñaki Cía Gironés, Barne Araubideko Brigadako inspektore burua.

–Mahaikidea: Jon Elizalde Arguelles, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Javier Gil Jaurrieta, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Francisco Javier Iglesias Álvarez, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Ataleko burua.

Ordezkoa: Mikel de Aralar Lorda Beola, Justiziako Taldeko inspektoreordea.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeratako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketa nola eginen den.

7.1. Lehiaketak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean honako hauek izanen dira: proba teoriko-praktiko bat lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruz, proba psikotekniko bat eta merezimenduen balorazioa; eta bigarren fasean trebakuntza ikastaro bat egin beharko da, foruzain-kabo lanposturako.

Epaimahaiak, elkarren segidan eta hurrenkeran, kategoriaz igotzeko lehiaketaren elementu hauek baloratuko ditu:

a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Sariak: gehienez ere bi eta berrogeita hamar (2,50) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma hirurogeita hamabost (26,75) puntu.

7.2. Lehiaketako lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko fasean elementu hauek izanen dira:

7.2.1. Foruzain-kabo lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa:

Proba 2017ko irailetik aurrera hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Proba teoriko-praktikoan aukera anitzeko 50 galderako sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Foruzain-kabo lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzkoa izanen da. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

Plika sistemaren bidez eginen da.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

Proba 25 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.2.2. Proba psikoteknikoa:

Behin proba teoriko-praktikoa eginda, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak txosten psikotekniko bat emanen du proba gainditu duen lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan baloratuko da izangaia deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

7.2.3. Merezimenduen balorazioa:

Lanpostuko eginkizunei eta edukiei buruzko proba teoriko-praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimenduak deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera alegatu beharko dira eta agirien bidez frogatu, kopia sinpleak aurkeztuz, baremoan adierazten den puntuazio eskemari jarraikiz behar bezala ordenatuak.

Lehiakideek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo dei-egileak epaimahaiaren esku jarriko ditu, balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak; izangaiek aurkeztu beharko dituzte horiek.

Izangaiek baremoan adierazten den puntuazio eskemari jarraikiz alegatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen baremazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuaren webgunean (nafarroa.eus), Interneten, eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak baremazioko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

8.–Lanpostuak aukeratzea.

8.1. Lehiaketako lehenbiziko fasea bukaturik, epaimahaiak lehiaketako lehenbiziko fasea gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, lehiaketako elementu bakoitzean lortutako puntuazioak batuta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, puntuazio handienetik txikienera. Kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko lanpostu hutsa atxikia dagoen eremuaren arabera.

Berdinketarik izan bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

Lehiakideek egindako eskaeren arabera aukeratuko dira lanpostu hutsak, lortutako puntuazio-ordenaren arabera, handienetik txikienera. Kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko lanpostu hutsa atxikia dagoen eremuaren arabera.

9.–Trebakuntza ikastaroa -Lehiaketako bigarren fasea.

9.1. Behin lanpostu hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko du trebakuntza ikastaroan onartutako izangaiak. Onartutako izangaien kopurua ezin izan da deialdiko lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa. Zerrenda hori ere Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.nafarroa.eus) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko du.

9.2. Ikastaroa egiteko, lehiaketa gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen ahal diren izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote kide diren administrazio publikoari, Nafarroako Foruzaingoko kabo lanpostuan sartzeko trebakuntza ikastaroa egin eta biharamunetik aurrerako ondorioekin. Hori dena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, baita abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren 23. artikuluaren arabera ere.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkie.

Egoera horretan deklaratutako izangaiek Nafarroako Foruzaingoko kabo lanpostuari dagozkion hasierako soldata eta berariazko osagarria jasoko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarengandik, baita hasierako lanpostuak aitorturik zeuzkaten graduari, antzinatasunari eta familiarendako laguntzari dagozkienak ere. Ikastaroa bururatu ondoan, ordainsari-araubide hori ez da gehiago izanen.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko Administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten lanpostura.

9.3. Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da.

Ikastaroaren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu “ez gai” kalifikazioa lortzen dutenak.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaroa gainditzen duten izangaien zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

9.4. Kalifikazio-epaimahaiak, izangaiek trebakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso ondotik, espedientean bilduko ditu, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (lehiaketan ateratako guztirako puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Nafarroako Foruzaingoko kabo izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu dituzten izangaiak, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

10.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emanen dute eta bertan kidetuko dira eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako araubidean izena emanak badira, izendatu aitzin; orduan babes araubide horretan irautea erabakitzen ahalko dute edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrera afiliatzen ahalko dira.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta lanpostuaren jabetza hartzea izendapenaren ebazpenean adierazten den egunean izanen da.

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eta Nafarroako Foruzaingoko kabo izateko lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beste hiru hilabete pasatu eta gero.

Aitzineko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 29an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Kategoriaz igotzeko lehiaketan onartua izateko eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

1) Nafarroako polizia kidego batean, polizia edo agente lanetan, edo udal agente gisa, egiazki eta lanpostu finko eta jabetzakoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: bat eta berrogeita hamar (1,50) puntu.

2) Administrazio publiko baten menpeko beste segurtasun Indar eta kidego batean langile finko gisa, edo beste administrazio batean udal agente gisa, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko: puntu bat eta berrogeita hamar (1,50) polizia edo agente lanpostuan.

3) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: zero eta hogeita bost (0,25) puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo antolaketa unitate bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko (1) iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko eta gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa hogeita bost (25) puntukoa izanen da gehienez.

C) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

D) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei eta hirurogeita hamabost (26,75) puntu.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 11,75 puntu bitarte destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean, eta 7,05 puntu bitarte destinoa eremu mistoko lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak D) atal osorako:

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den beste titulu bat edukiz gero, hizkuntza bakoitzerako aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 izanez gero, 3/5; eta B2 izanez gero, 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Euskarari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik gehieneko puntuazioaren 1/12 lortuko da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F1706528