106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

34/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, DYA Nafarroa elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

DYA Nafarroa irabazi-asmorik gabeko elkartea 1977an jaio zen, arriskuan dauden edo laguntza behar duten pertsona guztiei laguntza emateko.

Sortu zenetik, “gelditu eta lagundu” ikurritza araua izan da Nafarroako boluntario guztientzat eta DYA Nafarroa elkartearentzat, jarduten duten toki guztietan.

DYA Nafarroak 40 urtez lan egin du, eta handitzen joan da gaur egungo garrantzia izan arte. Hala ere, bere helburu nagusia ez da aldatu: laguntza behar duten pertsona guztiei laguntza ematea, erakundearen esku dauden giza baliabide eta baliabide tekniko guztiak erabiliz, Nafarroako gizarteari kalitateko zerbitzua emateko.

Entitatearen barnean DYA Zerbitzuak eta DYA Fundazioa daude. Elkarteak desgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonen lan-integrazioa sustatzen du, eta boluntarioei eta, oro har, gizarteari prestakuntza eskaintzen die bere prestakuntza zentroaren bidez.

Horrela, DYA Nafarroa erruz saiatu da Nafarroako herritarren segurtasuna bermatzen, Nafarroako zazpi guneen jardueraren bidez, eta kalitateko prestakuntza eta aholkularitza profesionala eman die boluntarioei eta, oro har, herritarrei.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du DYA Nafarroa saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. DYA Nafarroa elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau aipatu elkarteari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706092