106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

32/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Joxe Ulibarrena Arellano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Joxe Ulibarrena Arellano 1924an jaio zen Azkoienen. Eskultorea, etnografoa, historialaria eta diziplina anitzeko autorea da, eta bere ibilbide artistikoaren hasieran pintorea eta dekoratzailea izan zen. Arte eta Lanbide Eskolan ikasi ondoren, Valladolidera joan zen. Hiru urtez bizi zen han, eta tailugile ospetsu batzuen lantegietan aritu zen. Beka bati esker Parisera joan zen, eta han Marcel Gimonde izan zuen maisu. Parisko egonaldiaren ondorioz akademizismoa utzi zuen, eta pasatu zen, bere hitzekin adierazita, “eskultura ez-fisiologikora, bolumenaz eta erritmoaz beteta”.

Frantziatik Venezuelara joan zen eta, zazpi urte geroago, 1959an, Nafarroara itzuli. Hemen Piarres Nafarroakoa Mariskala Fundazioa sortu zuen, familiak lagunduta. 1964an Berriobeitiko lehenbiziko museo etnografikoa ireki zuen, eta gero Ollarango Artetako Fantikorena etxean kokatu zuen behin betiko. Ulibarrenak, bere museoaren bitartez, teknika eta ofizio tradizionalak bildu eta berreskuratu ditu, eta dibulgazioko lan zabala egin du. Horrez gain, eskulturak sortzen jarraitu du, eta ikerketa etnologikoan sakontzen.

Bere obraren ezaugarriak dira monumentaltasuna, espresio-indarra eta Nafarroako historia eta askatasunari kantatzea. Bere lan ospetsu batzuetan Félix Urabayen, Adoaingo Esteban, Vianako Printzea eta Raimundo Lanas jota kantaria agertzen dira, ahaztu gabe Getze Galarren Noaingo gudua ospatzen duen eskultura. Horiez gain, zenbait liburu idatzi ditu.

Horrela, Joxe Ulibarrena erruz saiatu da nafar kultura bultzatzen, bai sorkuntza-unea gainditzen duen jarduera gisa, bai gizarte talde baten bizimodu gisa, bere ohiturak, sinesmenak, jokabide kodeak, hizkuntza, artea, zientzia, ekonomia, tradizioak eta erakundeak adieraziz.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Joxe Ulibarrena Arellano jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Joxe Ulibarrena Arellano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706094