106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

197E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Lehiakortasuna hobetzeko 2017ko laguntzak” izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Gaur egungo krisi ekonomikoak enpresetan dituen ondorioen ezaugarria da haien marjina ekonomikoak murriztu egin direla. Horregatik, enpresen lehiakortasuna zuzenean hobetuko duten jarduketak bultzatu behar dira.

Hortaz, Nafarroako enpresak lehiakortasun hobekuntzen bila zuzendu nahian, aholkularitza espezializatua sustatu gogo da laguntza deialdi honen bidez, diru-laguntzak emanez enpresaren eraginpeko esparruak aztertzeak dakartzan aholkularitza eta ingeniaritza gastuei eta hobekuntza ekintzen inplementazioari.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko 2017ko laguntzen deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810008 81200 7709 458100 Ekintzailetza plana. ETEen lehiakortasuna sustatzea.

2017

410.000,00

Zenbateko hori 900.000 euro arte handitzen ahalko da, aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, betiere aurrekontuan horretarako dirua izanez gero.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena aldizkari horretan argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 11n.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako enpresentzako aholkularitza espezializatua sustatzea, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak egiteko diru-laguntzak emanez.

Proiektu horiek enpresaren esparruak aztertzea izan dezakete xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro, berehalakoan eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroan kokatuta dauden eta betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Jarduera hauetako batean aritzea:

–Manufakturako industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia jardueren sailkapen nazionaleko (CNAE 2009) B, C eta J sailetan sartuak.

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (EJSN-2009: 71.12).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009: 72.1).

–Zuraren ustiapena (EJSN-2009: 02.2.).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009: M saileko 74,10).

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

3. oinarria.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako enpresek beren lehiakortasuna hobetzeko proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Arlo hauetako batean eragitea:

–Estrategia.

–Antolaketa.

–Prozesua-produktua.

–Merkatua.

b) 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte egitea, azken egun horretan bukatuko baita proiektua 9. oinarrian adierazitako moduan justifikatzeko epea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean egin beharko dira. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Ingeniaritzako eta aholkularitzako kanpoko gastuak, honako hauetarako:

1. Estrategia: Negozio eredu eta estrategia berrien analisia, definizioa eta haien ezarpena enpresan.

2. Antolaketa:

–Antolaketa eta kudeaketa eredu berriak ezartzea.

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak.

–Familiakoen eta bazkideen arteko protokoloak.

–Kanpo kudeaketaren arloko espezialistak kontratatzea (Interin Management).

–Enpresaren diagnostiko orokorrak.

3. Produktua-prozesua:

–Prozesuan hobekuntzak ezartzea.

–Diseinu proiektuak.

4. Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko azterlanak (merkatu geografikoak eta/edo merkatu sektorialak).

–Enpresak merkatuen aurrean duen kokapenaren analisia.

b) Prozesua-produktua arloan kokatutako proiektuen ondoriozko inbertsioak, betiere ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10 arte, gehienez ere.

3. Gastu horien aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, betiere frogatzen baldin bada, behar bezala gauzatuko badira, hornitzaile berarekin kontratatu beharra dagoela.

4. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Aholkularitza-enpresekin egiten den ohiko eta aldizkako elkarlanaren ondoriozko gastuak.

b) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.

c) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

d) Energia auditorietako gastuak.

e) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

f) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

g) Enpresako langileen gastuak.

h) Lurrak eta eraikinak.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza, oro har, %45ekoa izanen da. Ehuneko horri ondoren aipatzen diren puntu gehigarriak erantsiko zaizkio, eta, horren ondorioz, laguntzen organo kudeatzailearen iritziz diruz lagungarria den aurrekontuaren gainean aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aterako da:

a) Genero-berdintasuna: %5eko laguntza gehigarria lortuko dute emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio mota galarazteko neurri hauetako bat hartu duten enpresek:

I. Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak bateragarri egiteko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

Berdintasun plana izateak laguntza gehigarria ekarriko du, bakar-bakarrik, enpresa onuradunak 250 langile baino gutxiago baditu, izan ere, hortik gorako enpresak legez behartuta daude horrelako plan bat prestatzera (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikulua).

II. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar). Kasu horretan, laguntza-eskaerari erantsiko zaio.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Beste enpresa batzuekiko lankidetza proiektuetan parte hartzea: 10 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu enpresak proiektua bere aldetik eginez gero baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bakarkako laguntza-eskaera aurkeztu beharko du.

2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez, salbu eta zuraren ustiapenaren arloan jarduten duten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 15.000 eurokoa izanen baita.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko ekainaren 23an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Laguntzak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) 2016-1-1etik 2017-1-1era arte “Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostena, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak luzatua.

e) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diru-laguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

1) Enpresak 2016. urtean batez beste izan duen plantilla:

–10 langile baino gutxiago: 5 puntu.

–10-49 langile: 4 puntu.

–50-249 langile: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: 1 puntu.

2) Ekonomia soziala:

–Lehentasunezko elkarteak (abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen arabera) eta lehentasunezkotzat jotzen den elkarte batean sartutako elkarteak: 2 puntu.

–Ekonomia sozialeko enpresa (aurreko paragrafoaren arabera puntuaziorik lortzen ez badute): 1 puntu.

3) Enpresen arteko lankidetza: Enpresen arteko lankidetza proiektuak (5.4 oinarriaren arabera): 3 puntu.

4) Proiektua bideratzea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arloetara: 3 puntu.

Honako hauek dira lehentasunezko arloak:

–Automobila eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

5) Proiektuaren eragina enpresaren lehiakortasunari begira: 3 puntu gehienez.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Hobekuntza-helburu argi eta garbiak izatea.

–Lortu nahi diren hobekuntzak neurtzeko adierazleak izatea.

–Proiektuaren ondoren antolaketan aurreikusita dauden aldaketak zenbatekoak diren.

6) Lehiakortasuna hobetzeko aurreko deialdietan lortutako laguntzak:

–Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2016ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak: 2 puntu.

3. Aurreko irizpideak aplikatzearen ondorioz, puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hura hausteko, enpresaren batez besteko plantillaren arabera ordenatuko dira eskaerak, langile gutxien duenetik gehienekora.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.

1. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea 2017ko azaroaren 15ean bukatuko da, egun hori barne; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak. Fakturak eta ordainketak 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartekoak izan beharko dira.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

2. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

3. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena 6 hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Diru-laguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuen inguruan prestatzen duen dokumentazioan.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 eta 1408/2013 Erregelamenduetan xedatutakoarekin bat, Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua bertan ezarrita baitago.

Erregelamendu horiekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Zura ustiatzen duten enpresen kasuan (EJSN-2009:02.2), gehieneko diru-muga 15.000 eurokoa izanen da. Enpresa bakarra zen den erabakitzeko, erregelamendu horren 2.2. artikuluan ezarritako definiziora joko da.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Informazio hori, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1706088