106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Javier Ochoa Martínez jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Javier Ochoa Martínez 1945ean jaio zen Iruñean. Enologiako industria-maisutza ikasi zuen, eta Madrilen eta Bordelen osatu zuen bere prestakuntza. 11 urtez Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendaria izan ondoren, bere upeltegian dedikazio osoz lan egitea erabaki zuen. Bere 145 hektareako mahastia Erriberrin erreferente bihurtu da ardogintzan.

Ochoa upeltegia lehena izan zen Espainian I+G proiektu bat garatzen. Horretarako, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren laguntza izan zuen. Proiektuaren helburua moskateleko ardo zuri gozoa ekoiztea zen, eta orain upeltegiaren erreferente bat da, Danimarka, Suitza edo Ingalaterraraino heldu dena. Horri esker, upeltegiak aukera izan du beste arlo eta sektore batzuetan berrikuntzak sartzeko.

Javier Ochoak ibilbide eta esperientzia luzea du sektorean, eta horren ondorioz Nafarroako Ardoaren Kofradiako 1 zenbakiko kofradea da, bai eta Bordeleko “Les Compagnons du vin”-eko ohorezko kofradea, Kataluniako “Serenísima Orden de Caballeros del Vino”-ko ohorezko kidea eta Espainiako Ardoak markak Londresen (ICEX) sortutako “Gran Orden de Caballeros del Vino”-ko jauna ere.

Horrela, Javier Ochoa erruz saiatu da Nafarroako nekazaritzako elikagaien erreferentziako sektore bat sustatzen, bultzatzen eta garatzen, bai Foru Komunitatean bai hortik kanpo, eta Nafarroaren izena eraman du enologiako zirkulu eta sektore ospetsuenetara.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Javier Ochoa Martínez jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Javier Ochoa Martínez jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706060