105. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196E/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapena handitzeko, Virgen de Cuevas 722-NA eraldaketarako nekazaritza-sozietateak sustatu baitu, Vianako udal-mugartean.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura hastearren, Virgen de Cuevas 722-NA eraldaketarako nekazaritza-sozietateak 2015eko urtarrilaren 22an aurkeztu zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Memoria-Laburpena, Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapenaren handitzearena (Vianako udal-mugartea). Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2015eko urtarrilaren 30ean egindako idazkiaren bidez, aldez aurreko kontsulten tramitea egin zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hogeita bederatzi entitateri egin zitzaien kontsulta, eta 12k erantzun zuten.

Kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion 2015eko martxoaren 25ean, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Jasotako erantzunak eta departamentu honek garrantzitsutzat jotzen dituen ingurumen alderdiak Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean agertzen dira laburturik.

Hauxe da proiektuaren xedea: azalera ureztagarria 1.018 ha handitzea, guztira 1.327 ha izan arte, onartutako emaria handitu gabe. Tantakako ureztapena erabiltzea planteatzen da, batez ere zurezko laboreetarako, bereziki oraingo mahastietarako, eta, bestalde, aspertsiozko ureztapen sistema bat oraingo zereal azaleretarako.

Ebazpen honen II. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta III. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana aski dela egiaztaturik, eta 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoarekin bat, zerbitzu honetako zuzendariaren 2016ko abuztuaren 10eko idazkia igorri zitzaion sustatzaileari. Hartan adierazten da, nolanahi ere, proiektu eguneratu bat aurkeztu beharra, dokumentazio hori jendaurrean jar dadin Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera. 2016ko irailaren 14an aurkeztu zuen proiektua sustatzaileak.

2016ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23an, argitaratu zen iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hogeita hamar egun baliodunez, proiektua eta Ingurumen eraginaren azterlana, Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapenaren handitzearena.

Jendaurreko aldian alegazio bat jaso da, Teresita eta María Luisa de Jesús Hueto Sainzek jarria, beren jabetzako lurzatiko ukipenak saihesteko. Erantzun gisa, adierazi behar da ezen hodien trazadura egiteko batez ere bazkideen lurzatietan barna igaroko direla, neurri txikiagoan nekazaritzako bideetan barna, eta oso gutxi jarduketakoak ez diren lurzatietan barna. Azken kasu horretan –alegazioan azaltzen dena– hiru aukera emanen dira:

Lehen aukera: Virgen de Cuevas eraldaketarako nekazaritza-sozietateko bazkide izateko aukera ematea ukitutakoari, ukitutako lurzatia ureztapen eremuan sartuta, errekargu gehigarririk gabe, eraldaketarako nekazaritza-sozietatean ezarria dagoen bezala.

Bigarren aukera: ureztapen hodia finkatik igarotzeagatiko kalte-ordaina negoziatzea, xedatuz instalazioak zer sakontasun eta zer ezaugarri izanen dituen.

Hirugarren aukera: hodiaren trazadura aldatzea, lurzatia ez ukitzeko.

Espedientean dago Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena, 2017ko otsailaren 1ekoa, adierazten duena, besteak beste, alternatiba bat aztertu behar dela El Pagoko aztarnategi arkeologikoa ez ukitzeko (2. gradukoa, Burdin-Erromatar kronologiakoa) eta aztarnategien ondoko zanga eta hidranteen jarraipen arkeologiko intentsiboa egiteko.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, 2017ko martxoaren 17an, txostena eman zuen, determinazioak zituena hodiek eta linea elektrikoek abelbideak eta Done Jakue bidea gurutzatzeari buruz.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela. Ondorio nagusia da obrek ez dutela inpaktu larririk eraginen ingurumenean: jarduketak ez du bere baitan ez lurzati berrantolamendurik ez bideen zabaltzerik; laboreen egungo mosaikoari eusten dio (zereala, mahastia eta olibadiak, batez ere) biata landaredi naturalari ere, eta, beraz, nekazaritzako paisaiaren kalitateari eusten dio; orobat, ez dira ukituko ez “Las Cañas urtegia” natura-erreserba (RN-20) ez izen bereko Batasuneko garrantzizko lekua ere. Nolanahi ere, proiektua gauzatzearen ondoriozko ingurumen ukipenak gutxitzeko, prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk ezarri dira Ingurumen eraginaren adierazpen honetan, Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutakoez gainera.

Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudela uste da eta, hortaz, proposatzen da Ingurumen eraginaren adierazpena egitea Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapena handitzeko proiektuari buruz, aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarri jotzen baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakorekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren honako adierazpen hau egiten da Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapena handitzeko proiekturako, Virgen de Cuevas 722-NA eraldaketarako nekazaritza-sozietateak sustatu baitu.

2. Jarduera honako hauen arabera egin dadila ezartzea: izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzak, Ingurumen eraginaren azterlanean ezarritako neurri zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Plana. Horietaz gain, ondoko baldintza hauen arabera:

–Landaredian, paisaian eta ibilguak ukitzeari dagokionez:

  • Saihestuko da 8. poligonoko 495. lurzatia ureztatzeko hodiaren trazadurak poligono horretako 498. lurzatiko arte multzoa gurutzatzea.
  • 21. poligonoko 6. lurzatiaren parean, Perezuelas erreka oraingo leku beretik gurutzatuko du hodiak, erreka bazterreko landaredia ez ukitzeko.
  • Saihestuko da hodia igarotzea Ingurumen eraginaren azterlanean zehaztutako 18. puntutik, hots, malda pikoa eta sastraka mediterraneoa dituen ezpondatik (7. poligonoko 231. lurzatiko mahastian du jatorria). Ingurumen eraginaren azterlanak berak aintzat hartzen dituen aldaeren artetik, ingurumenaren aldetik egokienak 1. edo 2. alternatiba direla dirudi (lehenbizikoak inpaktu txikiagoa du errekaren ibilguan, oraingo igarobide bat baliatzen baitu, baina ibilguko higadura-ezponda ertzeko hodi zatia gutxienez 10 metro atzera eraman beharko litzateke).
  • Ingurumen eraginaren azterlaneko 42. puntuari dagokionez –aldapa pikoko mazela, sastraka mediterraneoz estalia–, hodiaren trazadurako 1. alternatiba aukeratuko da.
  • Hodia ibilgutik oso hurbil eta paralelo dagoen tarteetan, gutxienez ere 10 metroko distantzia gordeko da ibilguko ezpondako gainetik, eta, zehazki:
  • Bosgarren poligonoko 39. lurzatian, salbu errepidea gurutzatzeko puntuan.
  • Ingurumen eraginaren azterlaneko 1. puntuko ingurunea.
  • Zazpigarren poligonoko 240., 221., 242. eta 243. lurzatietan, mahastiak baitaude, proiektua aldatu eginen da, eta lurzati horien iparraldeko aldetik doan trazadura diseinatuko da.
  • Bosgarren poligonoko 1301.-727. lurzatietan, trazadura diseinatuko da mahasti ileren artean edo lurzatien mendebaldean.
  • Ebro ibaiko hargunea aurreratzeko obrak ingurumen-jarraipen zorrotza beharko du, ibai bazterreko landarediari eta faunari egiten zaion ukipena murrizteko.
  • Diseinu berria aurkeztuko da, organikoagoa, topografiari egokituagoa, goiko idoian (Ingurumen eraginaren azterlaneko 22. puntua), Quemados alderdiko gain batean: paisaian txertatu beharko da, kanpoko ezpondak ereinda, eta, ahal dela, hegoaldetik ezkutatua edo mimetizatua. Bai idoi honetan bai bestean neurriak hartuko dira faunak bertatik aterako direla bermatzeko, ito ez daitezen.
  • Ponpatze etxolaren kokapena (Ingurumen eraginaren azterlaneko 5. puntua): Ingurumen eraginaren azterlanean adierazi bezala, hura kokatzeko ez da ezponda deseginen ez pinu birlandatuak ukituko. San Martín eskortaren hondakinetan integratzea ere azter daiteke (5. poligonoko 443. lurzatia). Nolanahi ere, obra bukatutakoan eskortaren ondoko hondakinak bildu beharko dira.
  • Valdeibañes errekan planteatutako bi gurutzeak, hodietarako eta lurpeko linea elektrikorako, bakarrean bildu behar dira (491. lurzatia).
  • Ingurumen eraginaren azterlanak aurreikusi bezala, oraingo erreken gurutzeen kasuan, lehengoratu eginen dira, erreka bazterreko espezie autoktonoen bidez. Landatze horietarako bi urtez eginen dira mantentze-lanak.
  • Ureztapen unitate barnean badira lurzati batzuk urruti, eta proiektuak ez du zehazten zein izanen den horietarainoko trazadura. Ureztapen lurzati horietarako jabeak baimena eskatu beharko dio Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, baldin hodia igarotzen bada baso erabilerako lurretatik, zuhaiztia izan nahiz ez izan. Eta, lehen esan bezala, hodia ibilguaren parez pare doan tarteetan, gutxieneko distantzia gordeko da (ibilguko ezpondako gainetik 10 metro).

–Aztarnategi arkeologikoak ukitzeari dagokionez, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2017ko otsailaren 1eko txostenean xedatutakoari jarraituko zaio.

–Hodiek abelbideak eta Done Jakue bidea gurutzatzeari dagokionez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak 2017ko martxoaren 17an emandako txostena hartuko da kontuan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jainaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basozaintzako 11. Barrutiari (Lizarra Hegoaldea), Vianako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko apirilaren 4an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsulta tramitearen emaitza

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritako aldez aurreko kontsulten tramitean (aipatutako foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua), “Viana I ureztatzaileen elkartearen ureztapenaren handitzearen memoria-laburpenari” dagokionez, 12 erantzun jaso dira, kontsultatutako erakunde hauenak:

–Habitaten Atala (Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua): adierazten du badirela ukipenak “Las Cañas urtegia” natura-erreserbaren (RN-20) eta izen bereko Batasuneko garrantzizko lekuaren inguruko babes eremuan. Proiektuan kontu berezia izateko habitaten eta flora eta faunako espezieen zerrenda bat jaso du; zehazki, memoria-laburpeneko bi idoi habitat naturaletan daude, eta, hortaz, habitat horien ezabatzea murriztu beharko da.

–Ehiza eta Arrantza Atala (Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua): nabarmentzen du Vianako ehiza barrutiaren (NA-100064) ehiza-balio handia, honako hauen ondorio, besteak beste: laboreen mosaikoa, landaredi naturalak irautea eta lurzatien tamaina txikia. Adierazten du Ingurumen eraginaren azterlanak kontuan hartu behar duela ehiza-faunari egiten zaion ukipena obren fasean, baita erabilera aldaketak (lehorreko laboreetatik ureztapenera) eta zuzenketa eta konpentsazio neurriak ere.

–Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoa (Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua): Vianako udal-mugartea gurutzatzen duten zortzi abelbide eta Done Jakue bidea zerrendatu ditu; eskatzen du Ingurumen eraginaren azterlanean ager dadila katastroko zer lurzatitan proiektatzen den ureztapena handitzea, eta, orobat, hodi-sareak zer lurzati ukituko dituen. Azkenik, txostenak baldintzak ezartzen ditu proiektua diseinatzeko eta gauzatzeko, abelbideei eta Done Jakue bideari dagokienez.

–Uraren Zerbitzuak adierazten du neurri zuzentzaileak gehitu beharko direla ibilguak gurutzatzeko, “Las Cañas urtegia” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekuari egiten zaizkion ukipenak aztertu behar direla, ureztapen eremuaren inguruko uren kalitateari eta kantitateari dagokienez, zebra-muskuilua ez zabaltzeko neurriak berrikusi behar direla (ureztapen-urak Ebrotik ekartzen baitira), eta aztertu behar dela erregulazio idoiek zer eragin duten herriguneetan, azpiegituretan eta ondasunetan, horiek hausten badira edo gaizki ibiltzen badira.

–Mendi Zerbitzua: adierazten du ezen Ingurumen eraginaren azterlanean identifikatu behar direla katastroko zer azpilurzatitan proiektatzen den ureztapena zabaltzea, eta kanpoan geldituko direla baso-azalerak, horietan zuhaitzak izan nahiz ez izan.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua: adierazten du Ingurumen eraginaren azterlana eta oinarrizko proiektua ezagutu behar direla, proiektuan sartu beharreko neurriak zehazteko.

–Ondare Historikoaren Zerbitzua: adierazten du garbi jaso behar direla Done Jakue bideari eta haren babes zerrendari egiten zaizkien ukipenak.

–Arkeologia Atala: azaltzen du beharrezkoa dela inpaktu arkeologikoaren azterlana egitea, kontuan harturik hodi sarearen tamaina eta Vianako aberastasun arkeologikoa (87 aztarnategi katalogatu daude). Hortaz, aurreikustekoa da segur aski ondare arkeologikoari ukipenak eginen zaizkiola. Bestalde, zenbait neurri orokor aurreratzen ditu, proiektuan kontuan hartu beharrekoak, 1., 2. eta 3. graduko aztarnategi arkeologikoei dagokienez.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak determinazioak ezarri ditu bideko azpiegiturei buruz, izan ere zuzenean ukitzen da NA-7230 errepidearen trazadura zenbait tartetan, eta indarreko planeamenduan aurreikusia dago bide hori zabaltzea eta hobetzea.

–Sustapen Departamentuak uste du jarduera baimendua dela lurraldearen ondorioetarako.

–Ebroko Ur Konfederazioak, bere idazkian, kontuan hartu beharreko hainbat alderdi nabarmendu ditu, esaterako aldez aurretik baimena lortu beharra uren emakidaren ezaugarriak aldatzeko; idoien sailkapena eta erregistroa eskatzeko betebeharra eta horien segurtasunari buruzko alderdiak betetzeko obligazioa; proiektua bateragarri izatea uraren kudeaketa publikoarekin eta indarreko arroko Plan Hidrologikoarekin; ingurune hidrikoaren gaineko inpaktuak identifikatzea; prebentzio neurrien, neurri zuzentzaileen eta/edo konpentsazio neurrien ezarpena, eta, zehazki, zebra-muskuilua edo txirla asiarraren zabalpena eragozteko neurriak; eta Ingurumena Zaintzeko Plan bat gehitzea.

–Vianako Udalak uste du jarduketa bateragarria dela hura gauzatzeko proiektuko lurzoruaren hirigintza-sailkapenarekin.

Adierazitako ohar guztiak jaso dira Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2015eko martxoaren 25ean egindako txostenean eta, gainera, Ingurumen eraginaren azterlanean kontuan hartu beharreko proposamen hauek gehitu dira, besteak beste:

–Ukipenak “Las Cañas urtegia” Batasuneko garrantzizko lekuan eta natura-erreserban (RN-20), baita Batasuneko garrantzizko lekuaren inguruko babes eremuan ere.

–Ingurumen eta kultura balioen deskribapen, balorazio eta kartografia egokia: landaredi naturalaren xehetasunezko kartografia (1:5000 eskalan, gutxi gorabehera). Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoko espezieak egon daitezkeen habitatak (larreak eta sastrakadiak) identifikatuko dira.

–Planoan identifikatzea, eskala egokian (1:5000 eskalan, gutxi gorabehera), hodiek, idoi berriek eta ureztapenak eragin ditzaketen ukipenak, landaredi naturalari, ibilguei, abelbideei, Done Jakue bideari eta haren babes zerrendari eragin ere.

–Obrek (idoiak, hodiak...) eta erabilera aldaketek (lehorreko laboretik ureztapenera) basa faunaren gainean izanen duen inpaktua, eta zehazki ehiza-faunan. Izan daitezkeen linea elektriko berriak eta horiek habitatari eta abifaunari eraginen dien ukipena.

–Prebentzio, zuzenketa eta lehengoratze edo konpentsazio neurriak proposatzea, eta hondar-inpaktuak adieraztea, eta horiek gauzatzearen kalkulu ekonomikoa.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuan jaso da 1.018 hektareako ureztapena, gaur egun mahasti, zereal eta olibadietarako erabiltzen direnak. Presio-sistema eraginkorren bidez ureztatzea da asmoa (ureztapen lokalizatua-tantatakoa gehienbat).

Obrek honako hauek barne hartzen dituzte:

–Ebroko oraingo hargunea egokitzea: ibilgutik hurbilen dagoen hargunea 40 metro luzatzea.

–Beherako eta gorako ponpaketa-estazioak.

–Banaketa sareak: hodi, hidrante eta erabilera eta segurtasun elementuen multzoa, beharrezkoak direnak ura ureztapen unitateetara eramateko. Ponpaketa-estazio bakoitzetik ureztapen sareak proiektatzen dira, guztira 71.502 metro luze dutenak: 12.246 metro burdinurtu nodularreko, DN 500 (6.618 m) - 350 (5628 m) diametroetan, eta PVCO hodiko 59.256 metro, PN 2,5 - 1,6 - 1,2 MPa, DN 400 - 110 diametroetan.

–Ureztapeneko bi idoi (beherakoa eta gorakoa), bat 4.395 koadroko ur laminaren azalera du eta besteak 2263 metro koadrokoa. Proiektuaren xede den ureztapen eremua bi saretan dago zatitua: beherakoa eta gorakoa, optimizazio ekonomikoa helburu. Bi sareek erregulazio idoi bana dute, helburu dutenak ura metatzea, ura ponpatzen denean ureztapen sarearen eskaerarik gabe edo eskatzen den emaria ponpatzen dena baino txikiagoa denean. Hala, oso kostu txikian ureztatuko da. Idoien tipologiari dagokionez, material soltekoak izanen dira, eta indusketen eta lubeten konpentsazio partziala izanen da.

–Instalazio elektrikoa: 100 kVAko transformazio zentro bat eta beste bat 200 kVAkoa, eta kilometro bateko lurpeko linea elektriko bat.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Honako hauen inbentarioa egin eta ezaugarriak azaltzen dira: ingurumenaren balio nagusiak, lurzoruaren erabilerak, eta azterketaren xede den lurraldearen ingurune sozioekonomikoa. Horrez gain, proiektuaren ekintza nagusiak identifikatzen dira, ingurumen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira, inpaktuak ezeztatzeko edo murrizteko neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak azaltzen dira, eta ingurumen ukipenerako plan bat egiten da.

Alternatiben gaineko azterketa egin da. Aukeratu den alternatibak honako baldintza hauek errespetatzen ditu:

–Ez dago hodi-trazadurarik nahiz ureztalur bihurtutako lurzatirik “Las Cañas urtegia” eremu babestuan ez haren inguruko babes eremuan. Aspertzio bidezko ureztapen lurzatirik ere ez da Las Cañas urtegiko drainatze arroan.

–Ez da planteatzen landaredi naturaleko azalerarik goldatzea, ureztapenerako.

–Hasiera batean, ez da ukitzen Vianako udalerrian katalogatutako aztarnategi arkeologikorik.

–Landaretza multzoei egiten zaizkien ukipen guztiak puntualak dira, eta inpaktu-maila bateragarria da edo neurritsutik bateragarrira bitartekoa. Ingurumen eraginaren azterlaneko 18. eta 22. puntuek bakarrik dute goi mailako ukipena (larria eta neurritsu-larria, hurrenez hurren).

–Abelbideak eta Done Jakue bidea ukitzeari dagokionez, horiek gurutzatzen diren tokietan bakarrik gertatzen dira.

Ingurumen eraginaren azterlaneko inpaktu nagusiak hauek dira:

–Hazkunde energetikoa, energia elektrikoaren kontsumoa ekarriko duena, baita negutegi efektuko emisioen handitzea ere, energia hori ekoiztearen ondorioz. Ureztapena egin behar den hiru hilabetean, kalkulatzen da guztira 1.062.720 kW/h kontsumituko dela, hots, 252 tona CO2, industria txiki baten antzera.

–Hodiek ibilguak gurutzatzean eragiten dituzten ukipenei dagokienez, 15 toki identifikatu dira non azpiegiturek ibilguak gurutzatuko dituzten. Igarobide guztiak sifoi bidez eginen dira, non hodia lurperaturik geldituko baita errekaren zolaren azpian. Hortaz, obraren ondoren lehengoratuko da ibilgua.

Ebro ibaiko hargunean gertatzen da ibilguaren beste ukipen bat; hartan, hargunearen obra 30 metro sartzen da ibilguan. Obraren xedea da ur-agor bat sortzea ibai barnean, non hodia luzatuko baita, uraren fluxu handiena dagoen tokiraino, ur geldiko eremuaz haratago iristeko. Ibilguaren morfologia ez da ukituko, eta ibaiaren zola lehengoratu eginen da obraren ondoren.

–Ureztapen urak Ebro ibaitik ekartzen direnez, zebra-muskuiluaren kutsatzea gerta daiteke; haien larbek ureztapen sareari eragiten diote, eta oraingo ibaibideetara irits daitezke, eta, hala, kutsatzea gerta daiteke jariatzeak izanez gero. Ibilguekiko ukipen hori txikiagoa da, aldian behin gertatzen delako, eta ibilgu horiek agorraldi handia izaten dutelako. Inpaktu honek eragin handiagoa izanen luke baldin jariatze-urak Las Cañas idoira iritsiko balira, baina proiektuak aspertsio bidezko ureztapen eremutik kanpo utzi ditu Las Cañas urtegiko arroan dauden lurzati guztiak. Hortaz, inpaktu hori ez da gertatuko.

–Landaredian eta habitatetan izanen den ukipena ebaluatzeko, azterketa kartografikoa egin zen, hodi sareak eta idoiek landaredi naturala gurutzatzen duten tokiei buruz. Azterketa horretatik ondorioztatu ziren 54 puntu non bat egiten zuten idoiek eta hodi sareak eta landaredi naturaleko multzoak (1:5.000). Ukipenak izan zitezkeen puntu horiek banan-banan aztertu ziren, landa-bisitetan. Puntu bakoitzaren balorazioa egiten da Ingurumen eraginaren azterlanaren 2. eranskinean (“Landaredia ukitzen den puntuen inbentarioa”). Azkenik, 6 puntutan trazadura alternatiboa ezarri zen, hasieran ez bezalakoa, edo ingurumen baldintzak onartu ziren, eta ukipena franko murrizten da horrela, balio bateragarri bat lortzeraino.

–Mehatxu mailaren bat duten espezieak ukitzeari dagokionez, Orchys papilonacea (habitat-aldaketek eragiten diote) eta Thymus loscosii (zaurgarria) dira halako egoeran daudenak. Horien ekologiagatik eta banaketa eremuarengatik, proiektuak ukitutako lurreko sastrakadietan eta larre xerofitikoetan egon daitezke. Taxon horien kartografiaren arabera, proposatutako trazadurak ez du ukitzen taxon horietako aleren bat izan dezakeen landaredi multzorik.

–Faunari dagokionez, nabarmentzekoa da Ebroko hargunean obrak sor dezakeen ukipena. Bisoi europarra da ibaiaren tarte horretan hazten egon daitezkeen espezieetako bat. Ukipen hori zuzen daiteke, bisoiaren habitateko inpaktua murrizteko neurriak aplikatuz. Neurri horiek jasota daude “Bisoi europarra eta haren habitatak kontserbatzeko jarraibide eta gomendio teknikoetan”; Ingurumen Kudeaketa-Nafarroako Mintegiak eta Basoberritzeak SAk argitaratu ditu.

–Abelbideak: jarduketa eremuaren mugek udalerriko 7 abelbide ukitzen dituzte, eta 12 ukipen egiten zaizkie. Hamabi horietatik, 4 bat datoz trazadura arruntekin, non hodiak altxonbidearen trazadura bera duten; kasu horietan, bide eremu hori lehengoratu eginen da obraren ondoren. Gainerako ukipenak altxonbideekiko igarobide zeharkakoak dira, eta ukipen puntuala eta txikia dute.

–Done Jakue bidearen trazadurari dagokionez, proiektuak 4 gurutze planteatzen ditu bide horretan. Intentsitate handiko inpaktua da, iraunkorra, tokikoa, eta berreskura daitekeena, Bideko ukipen puntuak lehengoratuta.

–Paisaian izaten den inpaktua kontrakoa dela irizten da, aldi baterakoa eta tokikoa, baina udalerriaren azalera handia hartzen du, ureztapen sarearen luzerarengatik. Obra bukatutakoan desagertuko da.

–Linea elektrikoa instalatzeak berarekin dakar Vianako landa paisaiaren kalitatea okertzea, eta abifaunan ukipenak izan ditzake. Linea hori hasten da AR1 poligonoko pistaren parez pare doan sareko euskarrietan, eta kilometroko luzera izanen du gutxi gorabehera. Neurri zuzentzaile gisa, hura lurperatzea planteatzen da, halako moduz non inpaktua bateragarria izanen baita.

Ingurumen eraginaren azterlanak honako neurri zuzentzaile hauek ezarri ditu:

–Obren jarraipena, landaredi naturaleko eremuetan eta espezie mehatxatuak babestekoetan.

–Landaredi naturala lehengoratzea puntualki ukitutako espazioetan.

–Idoi berrien ingurumen- eta paisaia-lehengoratzea.

–Abelbideen lehengoratzea.

–“Bisoi europarra eta haren habitatak kontserbatzeko jarraibide eta gomendio teknikoak” aplikatzea.

–Nekazaritzako jarduerekin bateragarri diren aldietan egitea obrak.

–Ukitutako bideak lehengoratzea eta egokitzea.

–Linea elektrikoa lurperatzea.

–Landare lurra mantentzea. Honako hauek pilatzeko eremuak zehaztea: legarrak, zabor-legarrak, hareak, materialak, makinak. Ikusten diren tokietan ez pilatzea materialak eta hondakinak. Indusketa gaiak erabiltzea bideak lehengoratzeko (lurren balantzea hutsa izanen da). Garbiketa, hondakinak eta isurketak kontrolatzea.

–Jarraipen arkeologikoa.

Iragarkiaren kodea: F1704475