105. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzuko Haur Eskolako bi zuzendari-lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak 2017ko maiatzaren 22an emandako ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zen, Haur Eskolako 2 zuzendari-lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Lekualdatze-lehiaketa hau honako arau hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko aginduak, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, Tokiko Gobernu Batzordeak merezimenduen baremoak ezartzeko 2005eko azaroaren 22an hartutako erabakia, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriok.

OINARRIAK HAUR ESKOLAKO BI ZUZENDARI-LANPOSTUREN LEKUALDATZE-LEHIAKETARAKO

1.–Xedea.

Aditzera ematen da bi zuzendari-lanpostu huts –funtzionario araubidekoak eta B mailakoak– lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin dela, honako haur-eskola hauetan:

LANPOSTU ZK.

DESTINOA

BEREZITASUNAK

1501

Donibane Haur Eskola

Euskara

1601

Printzearen Harresi Haur Eskola

Euskara

2.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.

Lehiaketa honen bitartez betetzekoak izanen dira hasiera batean deitutako lanpostuak eta, halakorik izanez gero, aurreko paragrafoan aipatu lanpostu-gehikuntzaren ondorioz sortutakoak ez ezik, lehiaketan lanpostu berri bat eskuratzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere.

Aurrekoa gorabehera, lehiatzaileek lekualdatze-lehiaketan lanpostua aukeratu ondoren uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko lanpostu horiek betetzea beharrezkoa ez denean, dela iraungitzeko lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako.

3.–Betekizunak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, honako betekizun hauek bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, dagokion administrazio-egoera edozein delarik ere.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Haur Eskolako zuzendari-lanpostu baterako izendatua izana.

d) Baldin eta eskuratu nahi den lanpostuak euskaraz jakitea badu betekizun, derrigorrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuak ematen duen EGA titulua edukitzea, edo, bestela, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidetzat jo izandako beste edozein agiri. Baldintza hori ez dute bete beharko jada euskararen ezagutza betekizun duten zuzendari-lanpostuen jabe diren izangaiek.

Hala lanpostu-erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian nola nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek, deialdi honetan parte hartzeko, arestian aipatutako betekizunak betetzeaz gain, urtebete eraman behar dute administrazio-egoera horietan.

Lanpostua hautatzen dutenek hori eginda lortuko dute jardunean berriro hastea eta haiei lanpostu bat behin betiko esleitzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

4.–Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

5.–Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bulegoetan (Oliveto kondearen etorbidea, 4, 2. sol.) aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. 4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, Postetxeko langileek, ziurtatu aurretik, eskabidean data jarri eta hura sinatzeko.

5.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

5.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak –jatorrizkoak edo fotokopiak, azken kasu horretan behar bezala konpultsatuta–, salbu administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

b) Nafarroako Gobernuak ematen duen EGA tituluaren kopia konpultsatua edo, bestela, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidetzat jo izandako beste edozein agiriarena, euskararen ezagutza betekizun duen lanpostu bat eskuratu nahi bada.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu behar dituzte merituak, baremoan ezarritako puntuazio-eskemari jarraituta.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, Erakunde Autonomoko Lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela, eta akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Erakunde Autonomoko Lehendakariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzirik, Erakunde Autonomoko Lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.–Epaimahaiaren eraketa.

7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Alfredo Hoyuelos Planillo, Erakunde Autonomoko kudeatzailea.

–Epaimahaikideak:

  • 1. Haur Eskoletako Langile Batzordearen ordezkari bat.
  • 2. Teresa Leoz Osés, Haur Eskoletako ofizial administraria, Idazkari arituko dena.

7.2. Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiei buruz.

7.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen bada, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Deialdiaren 5.3 oinarrian agindutakoarekin bat, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

8.2. Alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

8.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzaileari emanen zaio lehentasuna.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta egiaztatuko merezimenduen gainean.

8.6. Behin merezimenduen kalifikazioa burututa, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-taulan (Oliveto Kondearen etorbidea, 4, 2. sol.) lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost eguneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

9.–Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera.

Aurkeztutako erreklamazioak epaimahaiak ebatzitakoan, horrek izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-taulan, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakariari igorriko dio espediente osoarekin batera, hark, behar izanez gero, ebazpena eman dezan, hasierako lanpostuen kopurua handitzeari buruz.

10.–Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiatzaileek lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera aukeratu ahalko dituzte lanpostu hutsak, Erakunde Autonomoak horretarako antolatuko duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, lanposturik aukeratzen ez duten lehiatzaileek eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko.

11.–Lanpostuen esleipena eta jabetza.

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakariak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, non eta deialdia egin duen organoak, ebazpen horretan, jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta hura aplikatzeko Epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia noiz jakinarazten den eta hortik aitzina.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 22an.–Lehendakaria, Maider Beloki Unzu.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, urte bakoitzeko puntu bat emanen zaio deialdia argitaratzen den egunera bitarte aintzat hartutako antzinatasunari.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerlanak.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 8 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio bera baliatuko da baloratzeko erakunde antolatzaileez bezainbatean ezarritako baldintzak bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Atal honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

2.–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: Puntu bat, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3.–Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edota halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, puntu bat, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

Oharrak, b) atal osorako:

1. Atal honetan, deialdi honen xedea diren lanpostuekin zerikusirik duten merezimenduak soilik baloratuko dira.

2. b) atalaren puntuazioa ez da inongo kasutan izanen 10 puntutik gorakoa.

Iragarkiaren kodea: L1706231