104. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

194/2017 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, honako laguntza hauen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena, 2017. urterako: basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 08.06.01 azpineurria).

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean Nafarroako mendi publikoen kudeaketa dago. Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.

3. Toki entitateen lankidetza sustatzea, baso lurrak zaindu eta babesteko.

4. Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako jarduerak bultzatzea.

Helburu horiek erdiesteak berarekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzearekin. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Aurrekoa kontuan harturik, aipatutako arauaren 66. artikuluak hauxe dio hitzez hitz: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo baso lur publiko nahiz pribatuen titularrei, baso aprobetxamenduen titularrei, basogintzako elkarteei eta basogintzako industria eta enpresei.”

Halaber, 63.1 artikuluak dio Nafarroako Gobernuak basoko lan eta zerbitzuak egiten dituzten enpresen birmoldaketa eta hobekuntza sustatuko dituela, bai eta lehen transformazioko industriena ere; besteak beste, zerrategiak eta xaflak, oholak, orea, papera eta kortxoa lantzekoak.” Halaber, 63bis.3 artikuluak dio ezen basoko produktuak merkaturatzeko baldintzak hobetzea sustatuko dela.

13/1990 Foru Legearen 70., 71. eta 72. artikuluek laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruzko alderdi orokorrak ezartzen dituzte, baita diru-laguntzako baremoei buruzkoak ere. Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 104., 105. eta 107. artikuluetan zehaztu dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak ezartzen du, 105.9 artikuluan, ebazpen batek garatuko duela artikulu horren edukia.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua; 21. artikuluan “Baso eremuak garatzeko eta mendien bideragarritasuna hobetzeko inbertsioak” izeneko neurria ezarri zuen, eta artikulu horren e) puntuan, azpineurri gisa, berriz, honako hau: basogintzako teknologietako inbertsioak eta basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) neurri hori biltzen du, eta, bereziki, 08.06.01 azpineurria, hots, basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Laguntza hauek bideratuko dira baso aprobetxamenduei aplikatutako teknologia eta zuraren lehen transformaziorako industrietan erabiltzen den teknologia hobetzeko jarduketei laguntzeko. Sostengu publiko horrek, gainera, Nafarroako Oihan Planean du jatorria. Izan ere, plan horretan aurreikusten da, sektore horretarako helburu berariazkoak aipatzen direlarik, Nafarroan basogintzaren industria-sektore egoki eta lehiakor bat garatzea, eta, horretarako, enpresen modernizaziorako, berrikuntza teknologikorako eta proiekzio komertzialerako baldintzak sortzea; horrela, sektoreak toki nabarmena bereganatuko du Nafarroako ekonomian, landa-eremuetako bizitza dinamizatzen eta herrietako biztanleria aktiboa mantentzen lagunduko baitu, eta mendien baso-kudeaketa jasangarrian ere modu eraginkorrean lagunduko du.

Sostengu publikoak basogintzako sektoreko enpresen bideragarritasun ekonomikoa hobetzen lagunduko du, horrek baso aprobetxamenduen exekuzioa erraztuko baitu, ustiapen kostuak murriztu eta ustiategietako lanetan segurtasun eta osasun baldintzak hobetu.

Aurreko deialdietako laguntzekin alderatuta, oinarri hauetan espedienteak baloratzeko beste baremo bat ezartzen da, enpresen ezaugarriak orekatzeaz gain, Nafarroan naturaren aldetik zailagoak diren eremuetan dauden ekimenak hobeki baloratzen dituena, hala nola inbertsioaren tipologia.

Eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia errazten du, eta konpromisoak eta baldintzak ez betetzeak laguntzen gainean izanen dituen ondorioak argitzen ditu.

Bestalde, inbertsioen izaera egiaztatzeko eginen diren kontrolak zehazten ditu, baita Europako araudiak kostuen moderazioari buruz ezarri dituen baldintzak betetzeko modua ere.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, jasangarria eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, neurri hau, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.5.c) artikuluari jarraikiz, Batasuneko landa garapena lortzeko lehentasun honi dagokio: energia iturri berriztagarrien hornidura eta erabilera erraztea, baita azpiproduktuena, hondarrena, hondakinena eta jateko ez diren gainerako lehengaiena ere, bioekonomiaren garapena sustatzeko.

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazteko Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazteko Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, landa garapenerako neurriak kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuari eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Basogintzako teknologietako inbertsioetarako laguntzak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 41. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.43021 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

2017. urtean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, I. eranskinean jasotzen den moduan, baita ebazpen honen zati diren eranskinak ere.

2. Deialdia onestea.

Laguntzen deialdia onesten da, 2017. urteko basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 450.000 euroko gastua baimentzen da 2017ko ekitaldian, 2017ko Aurrekontu Orokorren 740002/74200/7709/456703 partidaren kargura (“Eragile pribatuentzako diru-laguntzak. Basogintzako industria. 2014-2020 LGP”).

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 08.06.01 neurriari buruz (Basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak) xedatutakoa betetzea. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berarekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

7. Ebazpenaren jakinarazpena.

Ebazpen hau jakinaraztea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (BDNS) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Laguntzen oinarri arautzaileak, 2017. urtean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio
eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako

1. oinarria.–Helburua eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan jasotzen diren “Basogintzako teknologietan eta basoko produktuen industrietan egiten diren inbertsioetarako laguntzak” arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 21.1.e) eta 26. artikuluak (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua), eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 41. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Laguntza hauen aplikazio esparrutik kanpo gelditzen dira basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzea.

2. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko baldintza orokorrak.

1. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

2. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso; horretarako, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa hartuko da aintzat (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 EB Erregelamenduan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko Batzordearen 702/2014 EB Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztutakoarekin bat, neurri honen azken helburua da baso eremuen garapenean inbertitzea eta basoen bideragarritasuna hobetzea, eta azpineurri honen helburua, bereziki, da Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan baso aprobetxamendurako erabiltzen diren teknologiak, praktikak eta ekipamenduak hobetzeko jarduketetan inbertitzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren lehentasunak lortzen laguntzen dute zalantzarik gabe, eta lagungarriak dira, orobat, basogintzaren sektorean behar bezala prestatutako langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko. Gainera, teknologia berritzaileen ezarpena eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzen dute.

4. oinarria.–Onuradunak.

Basoen titular diren pertsona fisiko eta juridikoak, publikoak zein pribatuak, izan daitezke neurri honen onuradun, baita udalerriak, haien elkarteak eta ETEak (enpresa txiki eta ertainak) ere, Nafarroan kokatuta badaude eta basoak ustiatzeko lanetan eta lehen transformazioan aritzen badira, betiere eskatutako hasierako baldintzak betetzen badituzte eta hitz ematen badute oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsiko dietela.

5. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke, aurreko artikuluan aipatutako pertsonak izanik, inbertsio hauetako bat egiten dutenak:

a) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak, haren lehen tratamenduarekin lotuta badaude, hau da, bigarren transformazioaren aurrekoak, non ez baitira aldatuko zuraren ezaugarri kimikoak, eta, betiere, enpresaren tamainari begiratuta, produktua eskala txikian egiten bada, hots, ETE (enpresa txiki eta ertain) batek egina bada.

b) Zura prozesatzeko ekipamendu eta instalazio mugikorretan egiten diren inbertsioak, mozketa eremuen inguruetara eramateko diseinatuetan.

2. Aurreko puntuan adierazitako inbertsioek diru-laguntza jasotzeko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza eskatzen den egunean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du. Eragiketa diruz lagungarria izateko, aurrerapen teknologiko bat aurkeztu beharko da enpresaren jardunean gas kutsatzaileen emisioak murrizteari, lurzoruaren gaineko afekzioak murrizteari eta segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeari buruzkoa.

b) Diru-laguntza hartzen ahal duten enpresek ETE gisa sailkatuak egon beharko dute. Horren ondorioetarako, ETEtzat hartuko dira Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

c) Jarduketa diruz lagungarriek bateragarri izan behar dute Nafarroako Oihan Planarekin.

d) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak, betiere, zuraren bigarren transformazioaren aurreko eragiketetakoak izanen dira.

e) Jarduketek ingurumen baimena beharko dute, eta behar diren baimenak ere eduki beharko dituzte, jarduketa zein den.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

g) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen kostuak:

a) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea. Lurretarako diru-laguntza besterik ez da emanen, kasuan kasuko eragiketaren guztirako kostu diruz lagungarrietatik %10 gehienez;

b) Makineria eta ekipamendua erostea, produktuaren merkatu-balioa gainditu gabe;

c) Goiko a) letran sartutako gastuei lotutako kostu orokorrak, hau da, arkitekto, ingeniari eta aholkularien zerbitzu-sariak, ingurumen eta ekonomia aldetiko jasangarritasunaren gaineko aholkularien zerbitzu-sariak, bideragarritasun azterlanak barne; bideragarritasun azterlanek diruz lagungarriak izaten segituko dute, nahiz eta, azterlan horien emaitzen ondorioak ikusita, ez egin a) letran adierazitako inolako gasturik.

Kostu orokorrak %100 izanen dira diruz lagungarriak, baina ezin izanen dute gainditu inbertsio diruz lagungarriaren %4.

d) Programa informatikoak eskuratu edo garatzea, eta inbertsioari lotutako patenteak, lizentziak, egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

2. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie Nafarroako basolanen prezio ofizialen tarifak kontuan hartuta.

3. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

7. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Inbertsio plan horretan, besteak beste, honako hauek azalduko dira: enpresaren hasierako egoera, haren deskribapena, bere jarduera garatzeko behar dituen jarduketak eta laguntzaren xedeko inbertsioarekin zein egoeratan egotea aurreikusten den.

3. Inbertsio plana prestatzeko, deialdi honen II. eranskinean jasotzen den agiria erabiliko da, baita ezarrita dagoen eredua ere. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskura daiteke eredu hori, laguntza hauen gaineko izapideen katalogoko web-orrian.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Basogintzako enpresentzako eta basoko produktuen industrientzako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 20.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), salbu basoen ziurtapen sistemak ezartzeko kasuetan eta kudeaketa-programa informatikoen kasuan, horientzat ez baita gutxieneko inbertsiorik eskatuko.

Espediente bakoitzeko gehieneko inbertsio diruz lagungarria 425.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), eta horren barnean sartzen da proiektuaren edo beste agiri tekniko batzuen kostua.

3. Laguntza kalkulatzeko, honako portzentaje hauek aplikatuko zaizkio onartzen den inbertsioaren zenbatekoari, BEZa kenduta. Onartzen den inbertsioaren zenbatekoa, BEZa kenduta, bi hauen arteko txikiena izanen da: batetik, onuradunak aurkezten duena, eta bestetik, instrukzio organoak onartzen duena, laguntza eskaera ebaluatu eta kontrola aplikatu ondoren, bai laguntza emateko orduan, aurkeztutako inbertsioaren deskribapenaren eta justifikazioaren arabera, bai ordaintzeko orduan, egindako inbertsioaren arabera, eta betiere kostuen moderazioa aplikatuta bi une horietan.

Onartzen den zenbateko hori espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa baino handiagoa izan beharko da (ikus oinarri honen 2. puntua). Bestela, laguntza eskaera ukatuko da.

ESKAERA MOTA

ETEen (ENPRESA TXIKI ETA ERTAINAK), PERTSONA FISIKOEN ETA AUTONOMOEN PORTZENTAJEAK

MIKROENPRESEN PORTZENTAJEAK

1. transformazioa egiten duen industriaren ezarpen berria

%40

%40

1. transformazioa egiten duen industria handitzea/hobetzea

%25

%30

Baso ustiapenerako eta basolanetarako makineria erostea (1)

%25

%30

Baso ustiapenerako eta basolanen enpresetarako makineria berritzea

%20

%25

Ziurtapen sistemak eta kudeaketa-programa informatikoak ezartzea

%40

%40

(1) Laguntza hau 5 puntuz igoko da kasu hauetako bakoitzean:

a) Enpresa ezarri berria denean.

b) Enpresak plantilla handitu baldin badu laguntzaren aurreko urtean (kontuan hartuko da igoera %0,3koa edo hortik gorakoa bada, eta 9. oinarriko 6) puntuan adierazi bezala egiaztatuko da).

4. Laguntzaren intentsitatea eta diruz laguntzen ahal diren kostuak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Diruz laguntzen ahal diren kostuak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

KONTZEPTUA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

Aurrerapen teknologikoa dakarren makinerian inbertitzeko eskaera. (1)

20 puntu

Instalazio berrietan inbertitzeko eskaera

20 puntu

Enpresak badu zaintza katearen ziurtagiri bat, edo laguntza eskatzen du hura ezartzeko baizik ez (2)

10 puntu

Egoitza soziala mendialdean edo eskualde behartsu batean dago (3)

5 puntu

Enpresaren jarduera menditik hurbil dago (4)

10 puntu

Enpresako eskulanaren profesionalizazio maila (5)

10 puntu

Enpresak enplegua sortu du azken urtean. (6)

10 puntu

(1) Makinerian egindako inbertsioak aurrerapen teknologikoa dakarrela egiaztatzeko, makineriaren sistemak deskribatzen dituzten ezaugarri teknikoak aurkeztuko dira, zehazki, gas kutsatzaileen emisioak eta lurzoruari egiten zaizkion afekzioak gutxitzekoak eta langileen osasuna eta segurtasuna hobetzekoak.

(2) Zaintza katea ziurtatzeko sistemak: PEFC, FSC edo antzeko beste arau bat aplikatuz eman direnak.

(3) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren arabera.

(4) Hori egiaztatzeko, behar den dokumentazioa aurkeztuko da (fakturak edo beste frogagiri batzuk), laguntza-eskaeraren aurreko urteari dagokiona (2016). Honako puntuazio hau emanen da (gehienez 10 puntu):

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik beherakoa bada: 3 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik %75era bitartekoa bada: 7 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %75etik gorakoa bada: 10 puntu.

(5) 2016. urtean jardunean dauden langileen 1. edo 2. mailako Lanbide Heziketaren titulua edo erdi mailako edo goi mailako unibertsitateko prestakuntza zikloen titulua aurkeztuz frogatuko da, betiere ikasketa planaren barrenean jasotzen bada prestakuntza ematea basoen ustiapenaren buruz, egurraren teknologiari buruz edo egurraren transformazio prozesuei buruz. Horretaz gain, lan kontratuaren bidez frogatuko da enpresan jardunean dagoela.

Puntuazio hau emanen da (10 puntu gehienez), balorazio hau kontuan harturik:

● Plantillaren %15: 3 puntu*.

● Plantillaren %35: 7 puntu*.

● %60 baino gehiago: 10 puntu*.

(*) Argitasun gisa: plantillaren %15 gainditzen bada, 3 puntu lortuko dira; plantillaren %35 gainditzen bada, 7 puntu lortuko dira; eta plantillaren %60 gainditzen bada, 10 puntu lortuko dira.

(6) Laguntza eskatu aurreko urtean plantillan izandako gehikuntza egiaztatzeko, 2016ko eta 2015eko batez besteko plantillaren gaineko txostenak aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzak luzatuak.

Bi urteotan gertatzen den igoera portzentualaren arabera honako puntuazio hau emanen da, balorazio hau kontuan hartuta:

0,3tik beherakoa: 0 puntu.

0,3tik 0,5era bitarte: 4 puntu.

0,5etik gorakoa:10 puntu.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen gehieneko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehen transformazioko industrien instalazioak sortzea edo hobetzea eskatzen dutenak lehenetsiko dira makineria erosteko eskaeren aurretik. Berdinketak jarraitzen badu, 1. irizpidean puntuaziorik altuena lortzen duen espedientea lehenetsiko da, eta horrela eginen da bata bestearen atzetik oinarri honetan ezarritako irizpideak bukatu arte. Irizpide guztiak aplikatu ondoren berdinketak jarraitzen badu makineria erosteko inbertsioetarako, enpresei aurrerapen teknologikoa dakarkieten eskaerak lehenetsiko dira.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 25 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak egitea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran eskatutakoaren gainean, betiere Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onesten baditu eta Nafarroako Oihan Planarekin bateragarriak badira.

b) Ordainketa ebatzi arte, lehenengo oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

c) Inbertsioaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

d) Laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

e) Diru-laguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen lehen. Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kontura edo Nafarroako Gobernuko Industria Departamentutik ematen direnekin.

f) Diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileei baimena ematea diru-laguntzen xede diren instalazioetan sar daitezen edo erositako makineria lokaliza dezaten, lanak gainbegiratzeko eta, bidezko bada, inbertsioak hurrengo bost urtean (edo ondasunen balio-bizitza osoan, bizitza laburragoa badute) mantentzeko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.

h) Diruz laguntzen den inbertsioa basolanetarako baizik ezin izanen da erabili edo bideratu.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

j) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa (BEZa kenduta) duten inbertsioen kasuan, onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen bereizgarri bat jarri beharko du, gutxienez haren %25 hartuko duena. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen araberakoa: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Horrekin batera, honako lelo hau ere bai: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

k) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

l) Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak Ingurune Naturalaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, Zerbitzuak inbertsioei eusteko konpromisoari buruz behar diren neurriak har ditzan.

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzizkorik ez egitea. Konpromiso hori ez zaie aplikatuko basolanak bertan behera uzten badira iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Horren ondorioetarako, honako hauek dira gerora bete beharreko konpromisoak:

a) Basolanak egiteari ez uztea.

b) Inbertsioaren xedeko ondasunen jabetza aldaketak saihestea, baita errentan ematea edo erabilera hirugarrenei lagatzea ere. Hala ere, Administrazioak baimena ematen ahalko du inbertsioaren titulartasuna eskualdatzeko, baldin eta titular hori oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebehar eta konpromisoetan subrogatzen baldin bada.

c) Funtsezko aldaketarik ez egitea, horren ondorioz eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

d) Diruz lagunduriko inbertsioak abian mantentzea epe horretan, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, besteak beste: onuradunaren eritasun luzea, makineriak funtzionaltasuna galtzea titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik (betiere behar bezala eta behar den epean jakinarazten baldin bazaio Ingurune Naturalaren Zerbitzuari) eta inbertsioen funtzionaltasunari kalte egiten dioten hondamendi naturalak.

13. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Ingurune Naturalaren Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

2. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, eragiketa honek eragin pizgarria izan nahi duelako, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat, salbu eta seigarren oinarriaren c) atalean aurreikusitakoari lotutako kostu orokorrak.

3. Eskabidearekin batera III. eranskinean (“Laguntza-eskabideari gehitu beharreko inprimakiak”) zehazten diren agiriak aurkeztuko dira:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

c) Zinpeko aitorpena eta eskatzaileak hartzen dituen konpromisoak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko.

–Makineria erosiz gero, gutxienez ere hiru proformako faktura erantsi, eta ezaugarri teknikoak azaltzen dituzten katalogoak ere bai, hiru eskaintzak konparatu ahal izateko. Makineriaren hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa aurkeztuko da. Proformako fakturek produktu bera edo antzeko prestazioak dituzten produktuak erakutsi beharko dituzte. Hiru faktura aurkezteko modurik ez badago, hornitzailearen ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da, markaren esklusibotasuna baldin badago, edo antzeko beste agiri baten bidez.

–Obra zibilaren kasuan, inbertsioa justifikatzen duen proiektua aurkeztu beharko da, elkargo ofizialak zigilatua. Gainera, proiektuak bereiz gauzatzea aurreikusten duen atal bakoitzeko, sustatzaileak hiru eskaintza erantsi beharko ditu, eta enpresa aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu. Agiri hori web helbide honetan eskura daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

f) IFKren kopia, enpresa berrien kasuan.

g) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiria (sozietatea eratzeko eta geroko aldaketen eskrituraren kopia) eta ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren ahalmena frogatzen duena. Baldin dokumentazio hori 2016. ekitaldiko laguntza eskaeran aurkeztu bazen, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazioak jada izanen baitu, salbu agiri horietan aldaketak izan badira.

h) Egoera ekonomiko finantzarioa (ez da beharrezkoa izanen basoen ziurtapen sistemak edo programa informatikoak ezartzeko eskaeretan).

–Jardunean diren enpresetarako: azken bi ekitaldietako kontu-gordailuak, edo eraketa unetik honakoak, baldin eskaera aurkezteko unean bi ekitaldi igaro ez badira. Gordailuek finkatuak eta/edo, bidezkoa bada, ikuskatuak egon beharko dute.

–Dokumentazio hori aurkeztu beharrik ez duten enpresek PFEZaren eta BEZaren aitorpenak aurkeztuko dituzte, azkeneko bi urteotakoak.

i) Bederatzigarren oinarriko “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa.

j) Inbertsioa eginen den lurren jabetza ziurtatzen duen eskrituraren kopia, baita hura Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoela ziurtatzen duen agiria ere, eta, hala behar izanez gero, hirigintzako agiria, bertan eraikitzen ahal dela ziurtatzen duena.

k) Obretako udal lizentzia, behar baldin bada.

l) Irekitzeko lizentzia edo, horrelakorik ezean, jarduera sailkatuarena, bidezkoa bada.

m) Inbertsio plana (II. eranskina).

4. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

5. Errekerimenduei elektronikoki erantzutea onartuko da, betiere erregistro elektronikoa erabiliz tramitatzen badira.

6. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko gehieneko epean dokumentazioa aurkez dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera ezetsi eginen dela. Aurkezpen epea zabaltzen ahalko da bakarrik baldin bereziki zaila bada dokumentazioa zuzentzea, eta eskatzaileak behar bezala justifikatu beharko du hori.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari atxikita dago.

15. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako balorazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Natur Ingurunearen Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Pirinioaldea Kudeatzeko Ataleko burua.

Hirugarren batzordekidea: Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.

Laugarren batzordekidea: Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko burua.

Idazkaria: Ingurune Naturaleko Plan eta Programen Bulegoko burua.

3. Batzordeko kide bakoitzak Ingurune Naturalaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileek aurreko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte jarduketak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren ekintzetarako diru-laguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

16. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari igorriko, eskaera aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean gehienez.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak. Orobat, 9. oinarrian (“Laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak”) ezarritako balorazio irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da. Horrela, onuradunen batek diru-laguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen eskatzaileari ematea, betiere onuradunaren ukoarekin batera kreditu aski liberatu baldin bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, komunikazioa jaso eta biharamunetik hamar egun balioduneko epe luzaezinean adieraz dezaten diru-laguntza jasotzeko proposamena onartzen duten. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak emateko behar den ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, diru-laguntza kanpainaren prozesuko emaitzarekin batera.

4. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, deialdia itxi eta bi hilabeteko epean, laguntzak emateko ebazpena proposatuko du. Proposamen horrek honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak. Laguntzak emateko ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen eta enpresaren helbide elektronikoen bitartez.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

18. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

–Eskaeretan funtsezko aldaketarik egitea ez da onartuko.

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako inbertsioaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

19. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2017ko urriaren 31 izanen da 2017ko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2017ko azaroaren 3a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (IV. eranskina).

b) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza-eskaeraren ondotik datatuak.

c) Fakturak banku transferentziaren bidez ordaindu izanaren frogagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

d) Inbertsioen liburua edo emaitzen kontu nagusia, lagundutako inbertsioen kontabilizazioa egiaztatzeko.

e) Salerosketaren eskritura publikoaren bidez frogatu beharko da ondasun higiezinen erosketa.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza arloko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak. Eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, eta bertan ziurtatu ezen, gastua diru muga horietatik gorakoa izanez gero, hiru enpresa gonbidatu dituela, betiere hori posible baldin bada; orobat, aukeratu den eskaintza hoberena dela abalatzen duen dokumentazio guztia aurkeztu beharko du.

g) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik gorakoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, ordainketa egiteko gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dena.

3. Laguntzak ordaintzeko ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen eta enpresaren helbide elektronikoen bitartez.

20. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela, eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 21. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren baso administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da.

8. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko egiaztagiriak erantsi beharko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 19. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Hamaikagarren oinarriaren b) letran bildutako konpromisoa azkeneko ordainketa baino lehen betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

3. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua onetsitako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, betiere, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko teknikarien iritziz, inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie eta laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu.

4. Inbertsioa gauzatu ondoren, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (8. oinarriko 2. puntuan adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

5. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta laguntza osoa kentzetik haratago ez da joanen.

6. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari ezin egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, betiere Ingurune Naturalaren Zerbitzuari garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

7. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko aitorpen bat egin duela nahita, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

8. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

9. Onuradunak, konpromisoaren aldian, hartutako konpromisoak bete gabe uzten baditu bi urtez jarraian, laguntzaren %100 itzuli beharko du, eta ezin izanen ditu laguntza berak eskatu, bigarren ez-betetzea gertatu eta hurrengo kanpainan.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek bete ezean jasotako laguntzaren portzentaje bat itzuli beharko da, baita legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu ere. Bosgarren oinarriko 2. puntuan ezarritakoa ez dela bete egiaztatzen bada, hartan finkatutako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

–Basolanen jarduera uzten bada: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, inbertsioaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egiten badie: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

3. Konpromiso horiek bete gabe utzi direla ez da ondorioztatuko baldin eta ezinbesteko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari ezin egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, betiere Ingurune Naturalaren Zerbitzuari garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

1. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

2. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta diruz laguntzen ahal diren kostuak ezberdinak badira edo, diruz laguntzen ahal diren kostuak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

3. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak baditu.

4. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak ez baditu, betiere bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate-portzentajeak.

5. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala besterik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

6. Landa garapenerako estatu-laguntzak eta diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako gutxieneko laguntzak, betiere bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

Laguntza hauek ezin dira metatu:

1. Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 27. artikuluan, ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko ezarrita dauden laguntzak.

2. Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 EB Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batuketa 702/2014 EB Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

24. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio fitxaren eredua.

III. ERANSKINA

Laguntza eta ordainketa eskatzeko inprimakiak

Laguntzak eskatzeko inprimakia, basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako. 2017ko kanpaina.

Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren tamainari buruzkoa, laguntza hauen eskabidean: basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak. 2017ko kanpaina.

Eskatzailearen zinpeko aitorpena eta hartutako konpromisoak, laguntza hauen eskabidean: basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak. 2017ko kanpaina.

Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko.

IV. eranskina

Laguntzak ordain daitezela eskatzeko inprimakia, basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako. 2017ko kanpaina.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1705863