96. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2013ko urtarrilaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua.

Hasierako onespenaren iragarkia 2013ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 28an, eta hartan hogeita hamar eguneko epea ezarri zen, herritarrek eta interesdunek espedientea azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik inork aurkeztu ez duenez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta TAOLaren 49. artikulua aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legean ezarriari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da eta behin betiko testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2013ko apirilaren 23an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

EGUESIBARKO UDALEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

1. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren funtzionamendua eta dinamika ezartzea eta arautzea, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko prestazioak eskuratzeko herritarrak dituen eskubide eta betebeharrei dagokienez eta eskuratze horretarako betebeharrak betetzeari dagokionez.

2. artikulua. Jarduketa eremua.

Erregelamendu honen jarduketa eremua mugatzen da, batetik, Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren, Familiendako Laguntza Zentroaren eta Alorraren meneko gainerako zerbitzuen funtzionamendu orokorrera, eta bertzetik, Eguesibarko udal mugapeak osatzen duen lurralde esparrura, hartan garatzen baitira udal mugape horretan erroldaturiko biztanleriari zuzendutako programa eta oinarrizko prestazioak.

2. TITULUA

Oinarrizko gizarte zerbitzuaren edo oinarrizko laguntzako zerbitzuaren definizioa, titulartasuna eta baliabideak

3. artikulua. Definizioa.

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egiturak bi maila ditu: oinarrizko gizarte zerbitzuak edo oinarrizko laguntzakoak eta gizarte zerbitzu espezializatuak edo laguntza espezializatukoak.

Oinarrizko gizarte zerbitzua gizarte zerbitzuen sistema publikoko oinarrizko unitatea da, sisteman sartzeko atea eta hartzaileengandik eta esparru familiar eta sozialetik gertuen dagoen maila. Haren konfigurazioa giza baliabideak eta baliabide tekniko, finantziario eta materialak bere baitan biltzen dituen egiturarena da.

4. artikulua. Titulartasuna.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta haren baliabideen titulartasuna Eguesibarko Udalari dagokio; horrexek hartzen du bere gain haren kudeaketa eta koordinazioa xedetzat dituen prestazioak emateko.

5. artikulua. Baliabideak.

Udalaren Gizarte Zerbitzuen Alorra udal titulartasuneko zuzkidura, prestazio eta baliabideen multzoak osatzen du.

Bere baliabideez landa, Udala ahaleginduko da beharrezkoak direnak erabiltzera haren xedea betetzeko. Horretarako, Udalak lankidetza bulkatuko du gizarte zerbitzuen arloan eskumenak dituzten gainerako administrazio publikoekin, gizarte babeseko gainerako sistemekin eta udal zerbitzu guztien artean.

Udalak, gainera, sostengu emanen die interes sozialeko ekimen pribatuei.

3. TITULUA

Betebehar instituzionalak

6. artikulua. Betebehar instituzionalak.

1. Herritarren eskubideak bermatzeko betebeharra.

2. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa sendotzeko eta garatzeko betebeharra.

3. Koordinatzeko betebeharra.

4. Plangintza egiteko betebeharra.

5. Herritarren partaidetza bulkatzeko betebeharra.

6. Zerbitzuen kalitatea hobetzeko betebeharra.

4. TITULUA

Oinarrizko gizarte zerbitzuaren helburu eta eginkizunak

7. artikulua. Helburu orokorrak.

1. Komunitate osorako eta bereziki premia handiena duten taldeendako norberaren autonomia, bizi kalitatea eta gizarte ongizatea sustatzen duten zerbitzu eta programak garatzea.

2. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak bermatzea.

3. Oinarrizko gizarte zerbitzuko eskualdeko gizarte premiak aztertzea eta baliabide egokienez hornitzea, pertsonendako eta gizarte taldeendako jarduketak eginez beren arazoak konpontzen laguntzeko.

4. Gizarte bazterkeriako egoerei aitzintzea eta heltzea.

5. Gizarteratze lana egitea.

6. Gizarte lankidetza, elkartegintza, gizarte boluntariotza eta partaidetzarako bertzelako bideak bulkatzea.

7. Sare beraren baliabideen koordinazioa bideratzea, baita gizarte babeseko gainerako sistemekiko koordinazioa ere.

8. Herritarrari egungo gizarte baliabideen berri ematea, baita bere eskubideen berri ere.

9. Pertsonen, taldeen eta komunitateen garapen osoa sustatzea eta lortzea.

10. Gizartearen dinamikak nahi dituen gainerakoak.

8. artikulua. Eginkizunak.

a) Bere lurralde esparruan premia egoerei antzeman, eta horiek aztertu eta diagnostikatzea, zerbitzu eskudunei jakinaraztea eta erantzunak proposatzea.

b) Gizarte zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonak hartzea, lehen erantzuna emateko.

c) Herritarrari gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea.

d) Gizarte premiako egoerak baloratu eta haien diagnostikoa egitea, gizarte arlokoa edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa, hala eskatzen duenean erabiltzaileak berak, bere familia eta gizarte inguruneak edo gizarte premiaz arduratzen den sare publikoko bertze zerbitzu batzuek.

e) Gizarte premian daudenei sostengu eta konpainia soziala ematea.

f) Prebentzio eta gizarte sustapeneko jarduketak gauzatzea.

g) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako programak betetzea eta haietan sartutako prestazioak ematea.

h) Larrialdi sozialeko prestazioak kudeatzea.

i) Gizartea sentsibilizatzeko jarduketak gauzatzea.

j) Boluntarioen lana eta elkar laguntza bulkatzea.

k) Gizarte zerbitzu orokorren zorroaren prestazioetatik, oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienak kudeatzea.

5. TITULUA

Oinarrizko gizarte zerbitzuan kudeatzen diren programa eta zerbitzuak

9. artikulua. Programak.

Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuak ondoko programak kudeatzen ditu; horiek nahitaez ezarri beharrekoak dira, Gizarte Zerbitzuen Zorroak bermatzen dituen programak baitira.

a) Harrera eta orientabide sozialerako programa: biztanleria osoari zuzendua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskaerak aurkezten dituzten pertsonendako esku-hartze soziala eskaintzen du.

b) Norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa. Haren xedea da mendekotasuna duten pertsonei beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien gelditzeko aukera ematea. Programa horretatik kudeatzen da Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ).

c) Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa. Haren xedea da gizartean, edozein esparrutan, bazterturik edo baztertzeko arriskuan daudenak gizarteratzen laguntzea. Programa horretatik kudeatzen da enplegu sozial babestua (ESB).

d) Oinarrizko laguntzako haur eta familiendako laguntza programa. Haren xedea da adingabeei beren garapen pertsonalerako bide emanen duen ingurunea segurtatzea, babesa eta laguntza pertsonala, familiarra eta soziala emateko tresnen bidez. Genero indarkeriako egoerei ere programa honetatik heltzen zaie.

10. artikulua. Zerbitzu eta prestazioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearekin bat, oinarrizko laguntzan, toki entitateek beren lurraldean eta eskumenen barnean abiatzen dituzten bertze programa edo jarduketak gauzatuz osatzen ahalko da esku-hartze maila.

Esku artean dugunari dagokionez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak zerbitzu hauek abiatu ditu:

1. Enplegu Sozial Babestua.

2. Udalaren Etxeko Laguntza Zerbitzua.

3. Udalaren prestazio ekonomikoak.

4. Komunitatearen onerako zigorrei buruzko hitzarmenaren garapena.

5. Udalaren Familiendako Laguntza Zentroa (FLZ); handik zerbitzu hauek koordinatzen dira:

5.1. Familiarendako aholkularitza juridikoa.

5.2. Familiarendako orientabidea, bitartekaritza eta hezkuntza.

5.3. Haurrendako gizarte eta hezkuntzako prebentzio zerbitzua.

5.4. Gazteendako gizarte eta hezkuntzako prebentzio zerbitzua.

5.5. Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko zerbitzuak. Familiari atseden emateko haurrez arduratzeko zerbitzua.

5.6. Familiendako topaketen proiektua: guraso eskolak, 0-3 urtekoen topaketak, mendekotasunarekin ikusteko duten herritarren topaketak eta sentsibilizazioko eta trebakuntzako ekintza komunitarioak.

5.7. Denbora bankua eta boluntarioei sostengu emateko zerbitzua.

5.8. Bizikidetza sustatzeko zerbitzua.

6. Eguesibarko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak (haur eskolak).

7. Premien arabera abiarazten diren gainerako zerbitzu eta jarduketak.

11. artikulua. Programa eta zerbitzu horiek orientabidea ematen diote jarduketa eremuko biztanleen gizarte premietara egokitutako jarduketen ezarpenari. Oinarrizko Gizarte Zerbitzua Alorreko zerbitzu eta prestazio guztiak antolatzen eta koordinatzen dituen unitate organiko funtsezkoa da.

6. TITULUA

Zuzenbidearen araberako titularrak

12. artikulua. Zuzenbidearen araberako titularrak.

Gizarte laguntzarako eskubidea dutenak dira:

A.–Orokorrean:

a) Erroldaturik egonik, ohiko bizilekua udal mugapean duten herritar guztiak, baita iragaitzazkoak ere, prestazioak eskuratzeko baldintzak badituzte, haien gaineko arauketaren arabera.

b) Udal mugapean bizi diren atzerritarrak, erbesteratuak eta apatridak, baita iragaitzazkoak ere, premia egoera edo desabantaila sozial nabarmenean badaude, kontuan harturik gai honen gainean dauden nazioarteko arau, itun eta hitzarmenak.

B.–Lehentasunez:

a) Desabantaila sozialean dauden edo hura pairatzeko arriskua duten pertsona, familia eta talde guztiak. Baita komunitatearen esku-hartzearen garapenera ere, gizarteko desberdintasunak desagerrarazteari begira.

13. artikulua. Erabiltzaileen erregistroa.

Oinarrizko programen erabiltzaile bakoitzaren banakako espedientea ireki eta hura eguneraturik mantenduko da; hartan, egindako diagnostikoa eta esku-hartzea jasoko dira, eta orobat jasoko haren ebaluazioa, egiten diren kudeaketak eta pertsonak bizi duen diziplinarteko esku-hartze prozesua edo banakako gizarteratze ibilbidea, baita haien gaineko txostenak eta dokumentazioaren gainerakoa ere. Halaber, aipatu espedienteetan jasoko dira egiten ari diren taldekako esku-hartzea eta esku-hartze komunitarioa.

Oinarrizko gizarte zerbitzuan datuak biltzeko eta kudeatzeko erabiltzen den sistema informatikoa da Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Informazio Sistema (GZEIS).

Informazio sistema honen aplikazio informatikoa Nafarroako oinarrizko gizarte zerbitzu guztietan, Gizarte Politiketako Departamentuaren eta gizarte zerbitzuen mankomunitatearen arteko eta/edo haien titular diren udalen arteko hitzarmenen bidez.

Tresna informatiko honez landa, bertze baliabide informatiko eta material batzuk erabiltzen dira, oinarrizko gizarte zerbitzua eta haren meneko erakundeak erabiltzen dituzten pertsonak eta bertan egiten diren jarduketak erregistratzeko beharren arabera.

Bildutako espedienteak eta datuak abenduaren 13ko 15/1999 Legeari lotuko zaizkio (1994ko 298. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 14koa) datuen babesari eta konfidentzialtasunari dagokionez.

7. TITULUA

Gizarte zerbitzuetako oinarrizko baliabide eta/edo prestazioak eskuratzeko baldintzak

14. artikulua. Gizarte zerbitzuetako baliabide eta prestazioak eskuratzeko baldintzak aldi bakoitzean indarra duten aradiek finkatzen dituzte.

8. TITULUA

Oinarrizko gizarte zerbitzuetako zerbitzu eta programen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

15. artikulua. Eskubideak.

a) Gizarte zerbitzu oinarrizkoaz eta haren meneko zerbitzuez berdintasunez baliatzeko eskubidea, bereizkeriarik eragin gabe zerbitzuen hartzailearen jaioterriak, hizkuntzak, etniak, sexuak, joera sexualak, egoera zibilak, egoera familiarrak, adinak, desgaitasunak, erlijioak, ideologiak, iritziak edo bertze edozein baldintza pertsonalek edo sozialek.

b) Sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoak errespetatuak izateko eskubidea.

c) Teknikoki preskribaturiko baliabide eta prestazioak eta indarra duen araudiaren arabera eskuratzeko eskubidea.

d) Dauden prestazio eta baliabideei buruz eta horietaz baliatzeko bete behar diren baldintzei buruz behar adinako informazio egiazkoa modu ulergarrian jasotzeko eskubidea, bai eta babes sozialeko bertze baliabide batzuei eta arlo horretan administrazio publikoek dituzten eskumenei buruz ere.

e) Norberaren egoerari buruzko balorazioa eta, behar denean, behar sozialen balorazioa ere idatziz eta hizkera argi eta ulergarrian jakiteko eskubidea.

f) Norberaren egoeraren balorazioarekin bat heldu den banakako laguntza pertsonal edo/eta familiarrerako plan bat edukitzeko eskubidea.

g) Esku-hartze sozialeko prozesuari buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea, bai eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan beren kasua esku artean darabilen profesionalak aurkeztutako aukeren artean prestazioak hautatzeko ere.

h) Hartzaileari eraginen dion edozein esku-hartzeri buruz aitzinetik informazioa jasotzeko eskubidea, baimen berariazkoa eta librea eman ahal izateko. Baimena idatzizkoa izan beharko da, esku-hartzeak egoitza batean sartzea dakarrenean. Gaitasunik ez duten pertsonen eta adingabekoen baimena legez ezarritako prozedurari jarraikiz emanen da.

i) Hartzen dituen zerbitzuen prezioaren berri uneoro izateko eskubidea, eta behar bezalako aitzinapenez haien goiti-beheitien berri izatekoa, baita zerbitzua ematean edozein aldaketaren berri izatekoa ere.

j) Bere ohiko ingurunean gelditzeko eskubidea.

k) Indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz emandako prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea.

l) Oinarrizko gizarte zerbitzuak duen informazioa konfidentziala izateko eskubidea.

m) Banakako espedientea uneoro ikusteko eskubidea, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

n) Programarik egokieneko profesionalen artean erreferentziako profesionala izendatua izateko eta libreki hautatzeko eskubidea, ageri den premiaren arabera eta oinarrizko gizarte zerbitzuak dituen giza baliabideen arabera.

o) Modu duinean tratatua izateko eskubidea, baita zerbitzuko profesionalen aldetik bai bertze erabiltzaileen aldetik.

p) Intimitaterik handiena izateko eskubidea, entitate, zentro eta zerbitzuen egiturazko baldintzen barnean.

q) Partaidetzarako eskubidea, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearen V. tituluan arautzen den bezala.

r) Kalitateko zerbitzuak jaso eta horretarako ezarriak diren estandarren berri izateko eskubidea.

s) Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea.

16. artikulua. Eginbeharrak eta betebeharrak.

a) Prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza, betebehar eta prozedurak betetzea eta profesional eskudunek emandako laguntza programa eta orientabideen arabera jokatzea, prozesuan parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa hartuz.

b) Norberaren inguruabar pertsonal, familiar eta ekonomikoei buruzko informazio egiazkoa ematea, betiere hura ezagutzea beharrezkoa bada egoera baloratu eta laguntza emateko; horietan izaten diren aldaketak jakinaraztea.

c) Prestazioa zertarako eman den, horrexetan erabiltzea.

d) Gizarte zerbitzuetako profesionalek deitzen dituzten elkarrizketetara joatea.

e) Zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzea, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean.

f) Bizikidetza eta begirune arauak begiratzea gizarte zerbitzuen egoitzen barnean eta haren jarduera edo prestazioekin ikusteko duten edozein tokitan, baita alorreko profesionalekin dituzten harremanetan, haiekin tratu errespetuzkoa eta zuzena izan behar baitu, mehatxurik ez hertsapenik gabe.

g) Oinarrizko gizarte zerbitzuko zuzendaritzari hartan ikusten den edozein kontu ohiz kanpoko edo arauz kanpokoren berri ematea.

h) Gainerako erabiltzaileen sineste politiko, moral eta erlijiosoak errespetatzea, baita zerbitzu egiten duten langileenak ere.

i) Oinarrizko gizarte zerbitzua eta haren meneko bertze zerbitzu batzuk erabiltzeko baldintza orokorren gainean erregelamendu honek ezarritako arauak jakitea eta betetzea.

j) OGZko eta bertze zerbitzuetako instalazio eta baliabideen erabilera egokia begiratzea eta haien mantentze lanetan laguntzea.

k) Komenigarria iruditzen zaien edozein proposamen edo iradokizun aurkeztea.

l) Gizarte zerbitzuen alorraren meneko zerbitzuen gaineko araudi berariazkoan ezartzen diren gainerako betebeharrak.

Eginbehar eta betebehar hauez gain, erabiltzaileek men egin beharko diete debeku hauei:

a) Ez zaie inola ere sartzera utziko hordirik daudenei edo hordi itxura dutenei, edo ordena publikoa hausten dutenei.

b) Animaliei ere ez zaie sartzen utziko Alorraren instalazioetara, itsu-zakurrei izan ezik ezik, eta horiei indarra duen legerian xedatutako baldintzen arabera eta hari jarraikiz.

c) Ez da onartuko OGZaren edo Alorraren gainerako instalazioen barnean inolako erabilerarik eta/edo jarduerarik egitea, baldin eta haren eta bertako materialaren funtzionamendu eta erabilera arruntaren kalterako bada, ezta inolako portaerarik ere, erregelamendu honetan ezarritakoari eta jendetasun eta bizikidetza arau oinarrizkoei kontra egiten badiete.

17. artikulua. Erabiltzailea oinarrizko gizarte zerbitzura eta Alorraren meneko zerbitzuetara onartzeko araubidea.

OGZ unibertsala, irekia eta balioanitza da, gizarte zerbitzuen sistema eskuratzeko ohiko bidea eta sistemaren unibertsaltasuna bermatzen du, baita erabiltzaileekiko eta familia eta gizarte esparruarekiko hurbiltasuna ere.

Zerbitzu eta prestazioak eskuratzeko, interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskaera egin beharko du, edo bertzenaz ofizioz gerta daiteke, administrazio ebazpen baten ondorioz bada edo bertze baliabide, zerbitzu edo administrazioek deribatuta.

Gainerako zerbitzuak nolakoak diren, horren arabera eskuratuko dira, bakoitzerako jartzen diren sarbide eta izen emateko epeen arabera.

Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako sarbidea Foru Dekretuz arautua dago, urtero xedatzen baititu Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako sarbidea eta haiek erabiltzeko baldintzak.

18. artikulua. Laguntzaren kalitatea.

OGZren zerbitzu, programa eta prestazioak eskuratzen dituen pertsona edo bizikidetza unitate bakoitzari erreferentziako profesional bat esleituko zaio.

Erreferentziako profesionalak bideratuko ditu pertsona edo bizikidetza unitate bakoitzak behar dituen prestazio guztiak, eta begiratuko du esku-hartzeen globaltasuna eta OGZko lan-taldearen eta oinarrizko osasun laguntzako gainerako sareen arteko koordinazioa, erabakiak errazago eta arinago hartuz.

19. artikulua. Zerbitzutik baja egiteko edo aldi baterako gelditzeko arrazoiak.

A.–OGZn eta Alorreko zerbitzuetan, baja egiteko arrazoiak izanen dira:

1. Zentro edo zerbitzuetan ematen diren zerbitzu eta baliabideei nork bere borondatez uko egitea.

2. Erabiltzaile bilakatzeko arrazoiak desagertu izana.

3. Egoitza bertze udalerri batera aldatzea.

4. Erregelamendu honen 15. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

5. Heriotzagatik.

B.–Gizarte zerbitzuak ematetik aldi baterako gelditzeko arrazoiak izanen dira hertsapenak edo mehatxuak edo bertzelako presio mota egitea OGZko edo Alorreko bertze zerbitzuetako langileen gainean, baita bertze erabiltzaileen edo haien ahaideen gainean ere.

Hertsapen, mehatxu eta/edo eraso mailaren gainean, zerbitzua ematetik aldi baterako gelditzea hiru hilabetetik hiru urte bitartean izan daiteke.

20. artikulua. Erreklamazio eta oharrak.

OGZk iradokizun eta erreklamazio orriak izanen ditu horiek erabili nahi dituzten erabiltzaileen zerbitzuko. Orobat erabiltzen ahalko da, horretarako, Eguesibarko Udalaren web orria (http://www.valledeegues.com/es/buzon/).

21. artikulua. Zerbitzuen finantzaketa.

OGZn egiten diren zerbitzuen finantzaketa heldu da, nagusiki, Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren diru transferentzietatik, Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez bideraturik.

Udalak, orobat, OGZren eta bertan egiten diren programen finantzaketan parte hartzen du, bere urteroko aurrekontuari jarraikiz.

Erabiltzaileen partaidetza zerbitzuen koordainketan programa bakoitzean xedatzen denaren arabera eginen da eta, zenbaitetan, eskatzaileen diru-sarreren kalkuluen eta haien ahalmen ekonomikoaren arabera.

9. TITULUA

Funtzionamendu egitura

22. artikulua. Funtzionamendu egitura eta eginkizunak.

1. Antolaketaren eta eginkizunen aldetik honako hauek osatzen dute egitura:

A.–Udalaren Gizarte Zerbitzuen Alorreko koordinatzailea.

Alorraren gaineko ardura teknikoa du, eta eginkizun hauek betetzen ditu:

1.–Gizarte Zerbitzuen Alorraren eta, bereziki, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren jardueren plangintza orokorra: egin beharreko ekintzen proiektu teknikoa eta ekonomikoa.

2.–Alorraren ordezkaritza erantzule politikoaren aitzinean, bertze udal alorren aitzinean eta Udaletik kanpo. Lotura da, aldi berean, alderdi horien eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta Alorreko gaineko zerbitzuen artean.

3.–Alorraren batzorde politikoak prestatzeko ardura eta haietan parte hartzea eta udal organo guztiek hartutako erabakien berri ematea eta horiek betearaztea.

4.–Udalak gizarte alorrean erakunde laguntzailekin dituen hitzarmenak ikuskatzea.

5.–Gizarte zerbitzuko giza baliabideen lidergoa eta kudeaketa eramatea: lan-kontratudunak eta praktiketakoak.

6.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barnean eta Alorraren meneko zerbitzuen barnean lan alorrak koordinatzea: Udalaren haur eskolak eta Familiendako Laguntza Zentroa.

7.–Kanpora ateratako zerbitzuen eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren funtzionamenduaren kontrola, ikuskapena eta ebaluazioa.

B.–Administrazio langileak: Alorraren barneko programa eta proiektu bakoitzetik heldu diren jarduera guztien euskarri administratiboa ematen dute; eginkizunak, orokorrean, hauek dira:

1.–Jendeari harrera egitea, buruz buru nahiz telefonoz. Lehen harrera eta eskaera aipatu programetara bideratzea.

2.–Gizarte zerbitzuko eta haren meneko zerbitzuetako profesionalei hitzordua eskatzeko programa kudeatzea.

3.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren erabiltzaileen espediente fisiko nahiz birtualen kudeaketa administratiboa, paperean nahiz modu informatikoan, eta orobat egitea Alorraren meneko zerbitzuen erabiltzaileen datuen zati batekin.

4.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren dokumentazioaren erregistroa, eta Alorrari dagozkion ebazpenen kudeaketa.

5.–Alorretik kanpoko baliabideen koordinazioa eta lankidetza administratiboa.

6.–Udaleko alor guztiekiko koordinazioa eta lankidetza administratiboa.

7.–Alorrean zerbitzu bakoitzeko sortzen den dokumentazio guztiaren kudeaketa administratiboa, horretan barne dela artxiboaren eta Alorrak bere dituen biltegien kudeaketa.

8.–Lanpostuak berezko edo lotuak dituen gainerako guztiak, egin beharrekoak badira.

Gizarte Zerbitzuen Alorreko koordinatzailearen menean daude zuzenean.

C.–Esku hartzeko langileak. Alorraren barnean Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programen kudeaketaz arduratzen diruen profesionalen taldekoak dira. Profesional horiek, berriz, honela sailkaturik daude:

C.1. Gizarte langileak: Profesional bakoitza atxikirik dago Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko lau programetako batera.

1.–Autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa.

Programa horretara atxikitako gizarte-langile bakoitzak eginkizun eta/edo lan hauek ditu:

1.1. Autonomia pertsonala sustatzeko programaren barnean, harrera eta orientabide sozialerako programa kudeatzea.

1.2. Udalaren ELZ zerbitzuaren arduraduna: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren plangintza, koordinazioa, segimendua, kudeaketa eta ebaluazioa.

1.3. Autonomia pertsonala sustatzeko programaren barnean, prestazioak tramitatzeko zerbitzua.

1.4. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

1.4.1. Garapenerako lankidetzaren arloan Eguesibarrek egiten dituen ekintzak.

1.4.2. Bonotaxiko laguntzak.

1.4.3. Udalaren Podologia Zerbitzuaren kudeaketa.

2.–Harrera eta orientabide sozialerako programa.

Programa horretara atxikitako gizarte-langile bakoitzak eginkizun eta/edo lan hauek ditu:

2.1. Harrera programako Harrera eta orientabide sozialerako programa kudeatzea.

2.2. Harrera eta orientabide sozialerako programararen barnean, prestazioak tramitatzeko zerbitzua.

2.3. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

2.3.1. Udalaren jantokirako laguntzen deialdia kudeatzea.

2.3.2. Aukera berdintasuna sustatzeko Alorrean egiten diren ekimenak kudeatu eta sustatzea.

3.–Gizarteratzeko eta laneratzeko programa:

Programa horretara atxikitako gizarte-langile bakoitzak eginkizun eta/edo lan hauek ditu:

3.1. Gizarteratzeko eta laneratzeko programako harrera eta orientabide sozialerako programa kudeatzea.

3.2. Gizarte enplegu babestuaren programa kudeatzea.

3.3. Gizarteratzeko eta laneratzeko programako prestazioak tramitatzeko zerbitzua kudeatzea.

3.4. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

3.4.1. Komunitatearen aldeko lanak egiteko espetxe zerbitzuarekiko hitzarmena kudeatzea.

3.4.2. Elikagaien bankua: Europako Erkidegoko soberakinak.

4.–Haur eta familiendako programa:

Programa horretara atxikitako gizarte-langile bakoitzak eginkizun eta/edo lan hauek ditu:

4.1. Genero indarkeriako egoerak jotako haur eta familiendako programako harrera eta orientabide sozialerako programa kudeatzea.

4.2. Haur eta familiendako laguntza programaren barnean, babes gabeziako egoerak atzeman, ikertu, baloratu eta esku hartu eta deklaratzeko zerbitzua.

4.3. Haur eta familiendako laguntza programaren barnean, prestazioak tramitatzeko zerbitzua kudeatzea.

4.4. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

4.4.1. Familiendako Laguntza Zentroko (FLZ) orientabide eta bitartekotza zerbitzuen bitartez arriskua duten edo familiaren dinamikan sostengua behar duten familietan esku hartzeko artaturiko kasuen deribazioak eta ikuskapena kudeatzea.

4.4.2. Haur eskoletako balorazioen batzordean parte hartzea.

Gizarte-laneko taldearen ohiko eginkizunak bere harrera programa bakoitzaren edo prestazio bakoitzaren kudeaketan:

–Banakakoaren/familiaren artatzea: pertsonen behar sozialak atzematea, haien gabeziak, gaitasunak, ahalmenak eta lehentasunak kontuan hartuta, behar horiei hasierako erantzuna eman edo bertze gizarte zerbitzu espezializatuetara igortzeko. Udalaren aparteko diru-laguntzak kudeatzea.

–Laguntza komunitarioa: elkarteak eta herritar guztiak gizarteratzearen alde egiten duten bertzelako sostengu sozialerako bideak bulkatu eta sustatzea, eta biztanleria osoari edo/eta gizatalde zehatzei zuzendutako jarrera sozial positiboen alde egitea.

–Gizarte zerbitzuen sistemaren eta babes sozialeko bertze sistema batzuen prestazio guztiak eskuratzen laguntzea.

C.2. Gizarte-hezitzaileak:

1.–Haur eta familiendako laguntza programari atxikitako gizarte-hezitzailea:

1.1. Haur eta familiendako laguntza programaren barnean, babes gabeziako egoerak atzeman, ikertu, baloratu eta deklaratzeko zerbitzua kudeatzea.

1.2. Babes gabeziako eta gatazka sozialeko egoeren prebentzio zerbitzua kudeatzea, Haur eta Familiendako Laguntza Programan.

1.3. Familietan esku hartzeko zerbitzua kudeatzea, adingabea familiarengandik bereiztea ez dakarten babes gabezia arin eta moderatuko egoeretan eta gatazka sozialekoetan, Haur eta Familiendako Laguntza Programan.

1.4. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

1.4.1. Familiendako Laguntza Zentroko (FLZ) familia hezkuntzako zerbitzuen bitartez babes gabezia moderatua edo arriskua duten edo familian sostengua behar duten haurren familietan esku hartzeko artaturiko kasuen deribazioak eta ikuskapena kudeatzea.

1.4.2. Haur eskoletako balorazioen batzordean parte hartzea.

1.4.3. Jolasteko kanpainarako eta igerilekuen aparteko abonamendurako urteroko programaren ikuskapena.

1.4.5. Gizarte ekintzarako urteko deialdiaren kudeaketa.

2.–Gizarteratzeko eta laneratzako programara atxikitako gizarte-hezitzailea.

2.1. Gizarteratze Programako Akonpainamendu sozialeko zerbitzuaren kudeaketa.

2.2. Gizarte Enplegu babestuaren Programaren kudeaketa.

2.3. Ezartzen diren bertzelako zerbitzu osagarriak, hala nola:

2.3.1. Helduen hezkuntzako eta norbera trebatzeko taldeen ikuskapena.

2.3.2. Iruñeko espetxe zerbitzuko komunitatearen aldeko zigorren hitzarmenaren kudeaketa.

2.3.3. Europako Erkidegoko elikagaien soberakinen zerbitzuaren kudeaketa.

2.3.4. Gizarte ekintzako urteko deialdiaren kudeaketa.

Gizarte-laneko eta gizarte-hezkuntzako lan taldeen ohiko eginkizunak.

Alorreko gai orokorren gaineko erabakiak hartzeko proposamen teknikoan laguntzen eta parte hartzen duen talde kudeatzaileko kideak dira, batzordeen bidez eta taldearen barne bileren bidez. Alorrari manatzen zaizkion prestazioak garatzen dituzte.

Talde honetako kide guztiak Alorraren koordinatzailearen meneko zuzenak dira.

C.3. Familia-langileak:

ELZaren prestazioa betetzea da haien lana. Zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan daude definiturik haien egitekoak. Funtsean dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko dute beren esku-hartze jarraituaren ondorioz egoera izaten ari den bilakaeraz.

Haien arduradun zuzena da ELZko gizarte-langilea. Eta bigarrenik, Alorreko koordinatzailea.

D.–Gizarte Zerbitzuen Alorreko langileriakoak izaten ahal dira, hala behar badu, Alorraren garapenaren ondorioz.

D.1. Lantokiko monitorea: Enplegu sozial babestuko enplegatuen laguntza zuzenaren arduraduna, halako lantoki batean. Enplegu sozial babestuko langileen zeregin desberdinak zuzentzen ditu.

Organikoki, enplegu sozial babestuko arduradunen meneko zuzena da. Eta bigarrenik, Alorreko koordinatzailearen menekoa.

D.2. Alorraren meneko kanpoko zerbitzuak: Kudeaketaren profesionalak, zerbitzu bakoitzean behar den eta egokia den prestakuntza dutenak. Zerbitzuak eta ekintzak egiten dituzte, horretarako kontratatzen diren entitateen bitartez.

23. artikulua. Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko koordinatzailearen hautapena eta izendapena.

1. Koordinatzailearen hautapena berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da.

2. Koordinatzaile hautatu ahal izanen da Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionala, jardunean dagoena, gutienez ere B mailako lanpostu batean gutienez ere hiru urte osorik lan egin badu.

3. Pertsona hori hautatzeko batzorde bat sortuko da, eta hura bortz kide hauek osatuko dute:

3.1. Mahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia.

3.2. 1. mahaikidea: Udalen bateko oinarrizko gizarte zerbitzuko jarduneko profesionala, zuzendaritza/koordinazio lanetan eskarmentua duena, Eguesibarko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak izendatzekoa.

3.3. 2. mahaikidea: Udalen bateko oinarrizko gizarte zerbitzuko jarduneko profesionala, zuzendaritza/koordinazio lanetan eskarmenturik izan beharrik ez duena, Eguesibarko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak izendatzekoa.

3.4. 3. mahaikidea: Udalen bateko oinarrizko gizarte zerbitzuko jarduneko profesionala, zuzendaritza/koordinazio lanetan eskarmenturik izan beharrik ez duena, Eguesibarko Udaleko langileen ordezkariek proposatzekoa.

3.5. Mahaikide idazkaria: Eguesibarko Udaleko idazkaria.

4. Koordinatzailea hautatzeko, Udalak hautapen prozesua jendaurrean emanen du eta artikulu honen 2.2 puntuko baldintza betetzen duten langile interesdunek beren hautagaitza aurkeztuko dute eta Alorraren plangintza proiektu bat prestatuko dute, honako hauek eskainiko dituena: zerbitzuaren egoeraren azterketa, etorkizunerako xedeak eta ikuspegiak, jarduketa ildoak eta ebaluaziorako irizpide orokorrak. Hautagaitzarekin batera curriculuma aurkeztu beharko da, hautagaiaren merezimendu akademiko eta profesionalak agertzen dituena.

5. Hautapen prozesuaren deialdia egitean, Udalak jendaurrean jarriko ditu hautagaien merezimenduak eta plangintza proiektua baloratzeko prozedura eta irizpide objektiboak.

6. Aitzineko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz horretarako sortu den batzordeak hautapena eginda, Alkatetzak hautagai hautatua Gizarte Zerbitzuen Alorreko koordinatzaile izendatuko du lau urterako.

7. Izendapen berezia. Hautagairik ez bada edo dagokion batzordeak hautapen prozesua eman gabe utzi badu, Alkatetzak koordinatzaile bat izendatuko gehienez ere lau urterako.

8. Alorreko koordinatzailearen dedikazioa. Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko koordinatzaileak lanaldi oso bat eskainiko dio Alorrari; horrek erran nahi du bere lehengo lanean ordezkatu beharko dutela koordinatzailea.

9. Alorreko koordinatzailearen kargu uztea. Alorreko koordinatzaileak honelakoetan utziko du kargua:

a) Zer epetarako izendatu duten, hura iragatean.

b) Modu arrazoituan uko egin eta Udalak onartzean.

c) Ezintasun psikiko edo fisikoa gerora sortzean.

d) Udalak, modu arrazoituan, kargutik kentzen duenean, dela bere ekimenez, dela Udalean dagokion informazio batzordeak modu arrazoituan proposaturik, Alorreko koordinatzaile karguari berez dagozkion eginkizunak modu larrian ez betetzeagatik. Betiere, kargugabetzeko ebazpena behar den instrukzioaren ondoan emanen da, interesdunari entzutea aitzinetik emanda.

24. artikulua. Alorreko egitura programatikoa.

Urte anitzeko (4 urte) plangintza estrategikoak definitzen du Alorreko egitura programatikoa; hura Gizarte Gaien Alorraren barnean dauden programa eta proiektu guztien urteko kudeaketa planetan garatzen da. Plangintza hori egin beharko da kontuan harturik une bakoitzean Estatu nahiz erkidego mailan indarra duen legeria, eta oinarritzat harturik Eguesibarren dauden gizarte premiak.

25. artikulua. Gizarte zerbitzuko langileen errotazioa, lan eremuka.

Lan taldearen lana ahalik eta hoberena izan dadin, arrisku psikosozial bereziko lanpostuetan estresari aitzintzeko neurria izanen da diziplinartekotasuna eta aukera berdintasuna bulkatzea eta, aldiz, saihestea urtez urte denbora gehiegi egitea lan zehatz bera egiten; horretarako, profesionalek errotazioa eginen dute maila bereko lan talde/profesionalen arabera, antzeko eginkizunetan, baina programa desberdinetan.

Periodikotasuna eta errotazio sistema Alorreko koordinatzailearen eskutan egonen da, esleitu zaizkion eskumenen arabera; hark errotazioa planteatuko du kontuan harturik arestian aipatu irizpideak, atzemandako premia eta haren egokitasuna.

Kontuan hartuko da profesionalek zer nahiago duten, baita errotazioan sartzen diren lanpostuek zer premia eta zer ezaugarri dituzten.

10. TITULUA

Zehapenen araubidea

26. artikulua. Arau-hausteak eta subjektu erantzuleak.

1. Gizarte zerbitzuen arloko arau-hauste administratiboak dira subjektu erantzuleen eginak eta ez eginak, baldin eta lege edo erregelamenduzko arauen kontrakoak badira eta horrela tipifikaturik eta zehaturik badaude.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

3. Titulu honetan tipifikaturiko arau-haustetzat har daitezkeen eginak eta ez eginak egozten ahal zaizkien pertsona fisiko nahiz juridikoak dira subjektu erantzuleak.

4. Zerbitzuetako administratzaileak, gerenteak, zuzendariak eta arduradun teknikoak ere erantzuleak izan daitezke, beren eginkizunen esparruan eta erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

27. artikulua. Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean berariaz tipifikaturiko arau-hausteez landa, gizarte zerbitzuen alorreko arau-hauste administratiboak dira jarduketa hauek:

1. Arau-hauste arinak:

a) Gizarte Zerbitzuen Alorreko langileak mendratzea edo haiei lotsa galtzea.

b) Zerbitzuen hartzaileek, Gizarte Zerbitzuen Alorraren udal egoitzetako instalazioen barnean (OGZ, FLZ, haur eskolak), profesionalen jarraibideei ez segitzea, bertan dauden bitartean duten portaerari eta jarrerari dagokionez. Hori aplikatzen ahal da harreman profesionala esparru ez formaletan gertatzen denean ere, hau da: enplegu soziala gauzatzen den bitartean, etxeetako laguntza zerbitzuan edo bertze erakunde batzuetan edo esku-hartzea karrikan gauzatzen delarik.

2. Arau-hauste larriak:

a) Zerbitzuen hartzaileak prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza eta prozedurak ez betetzea.

b) Zerbitzuen hartzaileak zerbitzua nahasten edo nahasten ahal duten liskarrak sortzea Gizarte Zerbitzuen Alorraren udal egoitzetan.

3. Arau-hauste oso larriak:

a) Gizarte Zerbitzuen Alorreko langileei, erabiltzaileei edo haien familiartekoei bortxak edo/eta mehatxuak edo bertze edozein presio larri egitea.

28. artikulua. Zehapen administratiboak.

1. Arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

a) Arau-hauste arinak: idatzizko kargu-hartzea edo gehienez ere 12.000 euroko isuna.

b) Arau-hauste larriak 12.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak: 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isuna.

2. Erregelamendu honen 26.3 artikuluaren a) letran tipifikaturiko arau-haustearen zehapen gisa, hiru hilabetetik hiru urtera bitarteko epean prestazioaz baliatzeko debekua ezarriko zaio gizarte zerbitzuen erabiltzaileari. Arau-hauslea legez ezgaituriko erabiltzaile baten legezko ordezkaria denean, 6.000 euro bitarteko zehapena ezarriko zaio horri, eta erabiltzaileari ez zaio ezarriko puntu honetan agindutakoa.

3. Aparteko kasuetan eta arau-hauslearen egoera sozioekonomikoari begiraturik, zehapenak %75 beheititzen ahal dira.

29. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguen agiria prestatuko du, egitateei dagokien arau-haustea zehazturik. Egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna ustezko erantzuleari jakinaraziko zaizkio, eta hark hamabortz eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguaren agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bertzenaz, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bertzelako egintzak egiaztatuko balira edo karguen agirian aurreikusitakoak baino larriagoak izanen balira, instruktoreak interesdunari helaraziko lioke bertze karguen agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabortz eguneko epean bidezkoa iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Ustezko arau-hausleak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instruktoreak organo eskudunari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, deusetan galarazi gabe tramitatzen segitzea baldin eta iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo bertze pertsona edo entitate errudunen bat isilpean gelditu den susmo arrazoizkoa baldin bada, edo prozedura irekitzeak sortu duen kontua ororen interesekoa baldin bada.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du prozeduran aztertu ez den gertaerarik onartuko, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Bertze sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Ezarritako isunaren zenbatekoa %30 beheitituko da, arau-hausleak isunaren gainerakoa ordaintzen badu, baita berari egotzitako kalte-galerengatik bidezko diren ordainen zenbateko osoa ere; hori guztia gehienez ere hilabeteko epean, zehapena ezartzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Gainera, ezarritako zehapenarekin eta erreklamatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela adierazi beharko du idatziz, eta gisa berean uko egin beharko dio inpugnazio suerte orori.

30. artikulua. Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barnean edo haren egoitzetariko batean dauden lagun guztiek obeditu behar diete haren ardura duten langileek ematen dizkieten jarraibideei, eta orobat begiratu erregelamendu hau.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean eta, indarri izanik, aplikatzen ahal diren gainerako legeetan ezarritakoa aplikatuko da Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta haren meneko erakundeen funtzionamenduaren araubidearen erregelamendu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1305915