104. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

29/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginak (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduak (azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) arautzen dute Nafarroako Administrazio Publikoetan atalburutzak, bulegoburutzak eta unitate parekatuetako burutzak betetzeko prozedura. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an emandako 130/1998 Foru Aginduak osatzen du araudi hori. Horren bidez, lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezarri ziren.

Administrazioak eta CCOO, UGT eta CEMSATSE sindikatuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen enplegu baldintzei buruz, 2002. eta 2003. urteetarako, 2002ko apirilaren 15ean sinatu zuten Akordioa aplikatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan atalburutzak eta bulegoburutzak betetzeko jarduketa plana onetsi zen, Nafarroako Gobernuak 2002ko irailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez. Hala ere, plan horren aplikazioak askotan ez du emaitza gogobetegarririk eman.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak sinatutako programa-akordioan atal batzuk sartu ziren gai horri buruz, nola merezimenduan, gaitasunetan, esperientzian eta jardunean oinarritutako egiazko administrazio-karrera ezartzeari buruz hala merezimenduan eta gaitasunetan oinarritutako zuzendaritza-lanak esleitzeari buruz eta haietako jarduna aldian-aldian ebaluatzeari buruz, NAPIk aldez aurretik txosten bat eginez eta esku hartuz hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Horrez gain, jardun publikoan funtzionarioen parte-hartzea aurreikusten da, eta unitate bakoitzeko langileen benetako parte-hartzea bere alorreko helburu eta programak finkatzen.

2015-2019 legegintzaldirako Programa-akordioaren Garapen eta Jarraipenerako Batzordeak, 2015eko urriaren 15ean, erabaki zuen Nafarroako Gobernura zuzentzea, egun horretatik aurrera Foru Komunitateko Administrazioan atalburutzak eta bulegoburutzak merezimendu-lehiaketaren bidez bete daitezen, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioetan oinarrituta.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko azaroaren 17an eta 2016ko martxoaren 16an hartutako erabakietan, kontuan hartu zuen Programa-akordioaren Jarraipenerako Batzordearen erabaki hori, baina, burutzak betetzeko jarduketa plan berria onesteko, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazioa atzeratu egin zuen, atalburutzak eta bulegoburutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko araudia aldatu arte. 2016ko martxoaren 17an hasi zen araudi hori aldatzeko prozesua. Langileen eta departamentuen ordezkariek parte hartu zuten, eta iradokizunak aurkezteko epe bat ezarri zen, apirilaren 8ra arte.

Ekarpenak jasota, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua aldatzeko lantaldeak aztertu zituen. Martxoaren 10eko 59/2016 Foru Aginduaren bidez sortu zen lantalde hori. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaian jorratu zen gaia, 2016ko ekainaren 17ko bileran, baita mahai horrekin eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaiarekin 2016ko urriaren 5ean izandako bileretan ere. Horietan, Administrazioak proposatutako oinarrizko dokumentua igorri zitzaien sindikatuei, proposamenak aurkez zitzaten urriaren 14ra arte.

Foru dekretu honetan jasotako araudiak programa-akordioan zuzendaritza-lanak esleitzeko aurreikusitako printzipioak (merezimenduaren, gaitasunen, esperientziaren eta jardunaren balorazioa) sartzen ditu burutzak betetzeko prozeduran. Alde horretatik, lan-txostenaren ordez, izangaiek unitatean garatzeko jarduketa-plan bat aurkeztu eta jendaurrean azaldu beharko dute, eta horregatik gehienez 48 puntu lor ditzakete; Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa mantentzen da, baina orain 16 puntuko gehieneko puntuazioa izanen du; prestakuntzaren eta irakaskuntzaren baremoan gehienez 26 puntu lor ditzakete, eta bertan unitateko lanarekin lotutako prestakuntza espezializatua, burutzak betetzeko prestakuntza eta sektore publikoan egindako irakaslana baloratzen dira, unean uneko araudi indardunarekin bat hizkuntzak jakiteagatik gehitu behar den puntuazioaz gain; azkenik, 10 puntuko balorazioa izanen du NAPIren txosten psikoteknikoak.

Beraz NAPIk esku hartzen du prozeduran, bai izangaien egokitasunaren ebaluazioan, bai buruaren geroko jardunaren aldizkako ebaluazioan (jardunaren ebaluazioa lehen aldiz eginen da). Halaber, unitate bakoitzeko funtzionarioen parte-hartzea sartu da buruaren izendapenean eta bere geroko jardunaren ebaluazioan.

Espedientearen tramitazioa bukatuta, Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 14an egindako bilkuran, erabaki zuen kontuan hartzea Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua aldatzen duen foru dekretuaren proiektua.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzun ondoren eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–Idatz-zati bat (3.a) gehitzen zaio Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 15. artikuluari. Honako testua izanen du:

“3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek deitzen dituzten lehiaketetan, elementu hauek baloratuko dira, ehun puntuko eskala batean, honela banatuta:

a) Unitatean garatu beharreko jarduketa-plana: 48 puntu gehienez.

b) NAPIren txosten psikoteknikoa: 10 puntu gehienez.

c) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 16 puntu gehienez.

d) Prestakuntza eta irakaskuntza: 26 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

–Unitateko lanarekin lotutako prestakuntza espezializatua: 12 puntu gehienez.

–Burutzak betetzeko prestakuntza, burua izateko gaitasunei eta trebetasunei buruz: 10 puntu gehienez.

–Sektore publikoan egindako irakaslana: 4 puntu gehienez.

Aurreko ataletan adierazitako puntuazioari, unean uneko araudi indardunarekin bat hizkuntzak jakiteagatik ematen den balorazioa gehituko zaio.”

Bi.–Artikulu berri bat (17.bis) gehitzen zaio Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuari. Honako testua izanen du:

“17.bis artikulua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, izangaiek unitatean garatzeko jarduketa-plan bat aurkeztu beharko dute, lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendan ezartzen den epearen barrenean.

Jarduketa-plan horren prestaketa errazteko, bete behar den burutza zer departamenturi dagoen atxikirik, bertako Idazkaritza Tekniko Nagusiak informazio objektibo bera emanen die hori eskatzen duten izangai guztiei, lanpostuaren profilari eta atal edo bulegoaren egitura, baliabide eta eginkizunei buruz.

2. Izangai bakoitzak epaimahaiaren aurrean ahoz azaldu eta defendatuko du jarduketa plana, jendaurreko ekitaldi batean. Unitateko langileak ere bertara daitezke ekitaldira.

Langile horiek bertaratzeko aukera izan dezaten, ukitutako langileen gehiengoaren lan ordutegi arruntetik kanpo izanen da jarduketa-planaren jendaurreko azalpenaren ekitaldia.

Atal hau baloratzeko, izangai bakoitzak aurkeztutako jarduketa-planaren edukia zein jendaurreko ekitaldiko azalpena eta defentsa hartuko dira kontuan. Horretarako, epaimahaiak eta bertaratzen diren unitateko langileek galderak egiten ahalko dizkiete izangaiei, bakoitzak aurkeztutako jarduketa-planari eta egindako azalpenari buruz.

3. Kasuan kasuko unitateko langileek balorazio txostena egiten ahalko dute izangai bakoitzak egindako jarduketa-planari eta haren defentsari buruz. Txosten hori epaimahaiari igorriko zaio deialdian zehazten den epean. Epaimahaiak langile batek egindako balorazioa kontuan hartzeko, langileak prozeduran parte hartu duten izangai guztiak baloratu behar ditu.

4. Epaimahaiak emanen du atal honi dagokion puntuazioa. Horretarako, aurreko atalarekin bat unitateko langileek egindako balorazio txosten guztiak aztertuko ditu, eta erabaki bat hartuko du, arrazoiak emanez bere balorazioari eta jasotako txostenei buruz.

5. Izangairen bat jarduketa-planaren azalpen eta ahozko defentsara agertzen ez bada, lehiaketatik baztertuko da, ezinbesteko arrazoirik ez bada.

6. Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 24 puntu behar dira gainditzeko.

7. Unitatean garatzeko jarduketa-planaren azalpena eta ahozko defentsa egiteko proba izangai batek baizik ez badu gainditzen, lehiaketaren gainerako atalak ez dira baloratuko.”

Hiru.–Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 18. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honako testua izanen du:

“2. Lehiaketaren deialdi bateko burutzaren bat edo unitate organikoetako zuzendaritzaren bat betetzen ez bada, deialdi hori ebatzi ondoko sei hilabeteko epean lehiaketaren beste deialdi batean sartuko dira”.

Lau.–Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 19. artikulua aldatzen da. Honako testua izanen du:

“19. artikulua.

1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa gorabehera, atal honen aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera beteko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren mendeko erakunde autonomoetako atalburutzak, bulegoburutzak eta antzeko unitateetako burutzak, artikulu honen hurrengo idatz-zatietan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.

2. Merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen den burutza betetzeko epea sei urte naturalekoa izanen da. Epe hori bukatuta, buruak burutza betetzen jarraituko du bitarte baterako, erregelamendu honen 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera onetsiko den deialdi berria ebatzi arte.

3. Burutza betetzeko izendatuen jarduna ebaluatuko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak. Horretarako, unitate horrek ebaluazio galdetegi bana bidaliko die hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiari eta unitateko langileei. Nagusiak nahitaez bete beharko du, horretarako finkatzen den epean, eta langileek nahi badute beteko dute.

Betetzen diren galdetegiak NAPIra bidaliko dira. NAPIk, jasotako balorazioak kontuan hartuta, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko dio izendatuak ebaluazioa gainditzen duen ala ez.

4. Aurreko idatz-zatian aipatzen den ebaluazioa bitan eginen da:

a) Izendatu eta urte bat betetzean. Izendatuak lehen zituen lanpostua eta destinoa gordetzeko eskubidea izanen du urtebete horretan. Ebaluazioa hilabeteko epean egin beharko da, eta izendatuak gainditzen ez badu, deialdi berri bat eginen da burutza betetzeko. Izendatuak burutza betetzen jarraituko du deialdi berria ebatzi arte. Une horretan, gordeta duen lanpostura itzuliko da.

Izendatuak ebaluazioa gainditzen badu, lehen zituen lanpostua eta destinoa gordetzeko eskubidea galduko du.

b) Izendatu eta hiru urte betetzean. Burutza betetzeko izendatuak ebaluazioa gainditzen ez badu, deialdi berri bat eginen da burutza betetzeko. Izendatuak burutza betetzen jarraituko du deialdi berria ebatzi arte, departamentuko titularrak pertsona hori kargutik kentzeko eta beste funtzionario bat bitarte baterako izendatzeko duen ahalmena ezertan galarazi gabe.

5. Burutza bat merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen dutenak ezin izanen dira aurkeztu beste burutza bat betetzeko merezimendu-lehiaketetara, ez eta sistema beraren bidezko beste burutza baterako izendatuak izan ere, hiru urte natural igaro arte burutzaz jabetzen direnetik.

6. Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako burutzako funtzionario titularrak kargua utziko du kasu hauetan:

a) Sei urte naturaleko epea bukatuta.

b) Artikulu honen 3. eta 4. idatz-zatietan aratutako jardunaren ebaluazio prozedura bat gainditzen ez badu.

c) Unitate organikoa kentzen bada kasuan kasuko departamentuaren edo erakunde autonomoaren egitura organikoaren aldaketa baten ondorioz.

d) Norberak eskatuta.

e) Gerora sortutako arrazoiengatik, hain zuzen, burutzan aritzeko gaitasun falta edo egokitu ezina erakusten badu, horrek errendimendu eskasa eta, horrenbestez, burutzaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galaraztea badakar berarekin, eta orobat, burutzaren eginkizunak aldatzen badira, betiere interesdunari entzun ondoren eta kasuan kasuko Langileen Batzordeak txostena egin ondoren.

f) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara igarotzen bada, eszedentzia borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia izanda ere.

g) Diziplina espediente baten barrenean, zehapena jartzen bazaio arau-hauste larri edo oso larri bat egiteagatik, edo zigor arloko prozesu batean desgaitzeko zigorra ezartzen bazaio.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean funtzionarioentzako izendapen libreko kargu baterako izendatzen badute.

i) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko baimena ematen badiote, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean, dela beste administrazio publiko batean.

7. Burutza bateko edo unitate organiko bateko funtzionario titularrak kargua uzten duenean (4. idatz-zatiko a) letrako kasua salbu), jatorrizko atxikipen eremuan zuen maila eta lanpostuari zegozkion zereginetara itzuli beharko du berehala. Itzulketa horrek ez du ekarriko udalerria edo zentroa aldatzea (erregelamendu honen 8.3 artikuluko b) eta c) letretan ezartzen dira aldaketa horiek).

Salbuespenez, burutza edo unitate organikoa uzten duen funtzionarioak eskatuta, aurreko lerroaldean aipatutako atxikipen eremu, udalerri edo zentrora ez baizik eta beste batera itzul liteke, betiere zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute.”

Bost.–Idatz-zati bat (3.a) gehitzen zaio Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 30. artikuluari. Honako testua izanen du:

“3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan burutzak edo unitate organikoetako zuzendaritzak betetzeko deitzen diren lehiaketetan, honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: hierarkian betetzen den atalburutza edo bulegoburutzaren gainetik dagoen nagusi bat.

Mahaikidea: burutzaren atxikipen eremuko Langileen Batzordeko kide bat, batzordeak berak proposatua.

Idazkaria: departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularra, edo hark eskuordetzen duena.

Deialdi bakoitzean epaimahaikideen ordezko bana izendatuko dira.”

Sei.–Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 37. artikulua aldatzen da. Honako testua izanen du:

“37. artikulua.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan zehaztuko da, behar denean, erregelamendu honen 17.1 artikuluan aipatzen den lan-txostena aurkezteko epea, edo, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kasuan, 17.bis artikuluan aipatzen den jarduketa-plana aurkeztekoa.”

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Foru dekretu honetan biltzen den araudiaren aplikazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egun hutsik dauden edo bitarte baterako izendapen baten bidez bete diren burutzak betetzeko.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean hutsik dauden edo bitarteko baterako izendapen baten bidez bete diren atalburutza, bulegoburutza eta unitate parekatuetako burutza guztiak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko dira, foru dekretu honetako araudiari jarraikiz. Burutza horiek betetzeko deialdiak 2017. eta 2018. urteetan eginen dira, erdia urte bakoitzean.

Horretarako, foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean, Idazkaritza Tekniko Nagusiek bi urteetako bakoitzean, aurreikuspenen arabera, deialdi horietan sartuko diren bakoitzaren departamentuko burutzen zerrenda bidaliko diote Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, burutza bakoitzean izangaiek izan behar duten maila eta bete behar dituzten gainerako baldintzak adierazita.

Ezarritako epean proposamena egiten ez badute, ulertuko da kasuan kasuko departamentuak uko egiten diola ahalmen hori erabiltzeari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren alde. Kasu horretan, antzinatasunaren arabera deituko dira, kontuan hartuta burutzetako egungo titularrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta/edo haren erakunde autonomoetan unitateko burutzetan etengabe emandako denbora, betiere merezimendu-lehiaketen bidez bete ez badituzte.

Bigarren xedapen iragankorra.–Burutzak betetzeko prestakuntzari dagokion puntuazioaren aplikazioa etetea.

15. artikuluaren 3. idatz-zatiko d) letran ezarritako puntuazioa, burutzak betetzeko prestakuntzari dagokiona, foru dekretu honek indarra hartu eta sei urte igarotzean hasiko da aplikatzen.

Sei urteko epe horretan, unitateko lanarekin lotutako prestakuntza espezializatuari dagokion balorazioa handituko da, eta 22 puntukoa izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Foru dekretu hau garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1706004