1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
Laburpena, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 15E/2017 Foru Aginduarena. Foru agindu horren bidez “Toki entitateentzako laguntzak memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko” izeneko diru-laguntzen deialdia onetsi da.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorrari jarraikiz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). BDNS (identifikazioa): 346550.
Lehena.–Onuradunak.
Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateak.
Bigarrena.–Xedea.
Jarduketa hauek finantzatuko dira:
a) Oroigarriak instalatzea (plakak, panelak, monolitoak, etab.) eta/edo ekitaldiak egitea 1936ko estatu-kolpe militarraren eta geroko errepresio frankistaren ondoriozko biktimak omentzeko eta haiei aitortza eta/edo elkartasuna adierazteko, betiere ekarpenen bat egiten badute biktimei eskubidez dagokien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean.
b) Ikur eta elementu frankistak kentzea eremu publikotik, 33/2013 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
c) Gizarte osoaren parte-hartzeari irekitako jarduerak antolatzea, hala nola:
–Honako helburu hauekin antolatzen diren erakusketa, foro, hitzaldi, eztabaida, topaketa eta ekitaldiak: bakearen eta bizikidetzaren baloreei, giza eskubideen urraketak ez errepikatzeari eta kulturen eta erlijioen arteko topaketari buruzko hausnarketa eta gai horiekiko konpromisoa bultzatzea.
–Sentsibilitate politiko desberdineko pertsona eta gizataldeak eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinak elkartzea, elkar ezagutzea eta elkarren arteko eztabaida bultzatzea helburu duten kultur, kirol eta antzeko jarduerak, betiere bakea eta bizikidetza lortze aldera egiten badira.
d) Plangintzarako, diagnostikorako, prestakuntzarako eta/edo trebakuntzarako jarduerak antolatzea memoria historikoari, bakeari, bizikidetzeari eta giza eskubideei buruz, udal batzordeak eta lantaldeak sortu eta abian jartzeko asmoz eta/edo bere eskumeneko lurraldean ekimenak sustatzeko asmoz.
e) Helburu hau duten erakundeen web orriak eta/edo sare sozialak berritu eta/edo modernizatzea:
–Entitateak berak memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan egiten duenari buruzko informazioa jasotzea.
–Memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko ekimen eta ekintzak modu digitalean trukatzea.
–Material interesgarriak proposatzea gogoetarako, eztabaidarako eta abarretarako.
–Memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko lana eta jarduerak hedatu nahi dituzten pertsona eta taldeen parte-hartzea eta ekarpen sortzaileak sustatzea.
Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.
“Toki entitateentzako laguntzak memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko” 2017ko programaren oinarri arautzaileak Nafarroako Atariaren webgunean daude entitateen eskura (http://www.navarra.es/home_eu/), fitxa honetan:
http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16145/Ayudas-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-historica-paz-y-convivencia-2017
Laugarrena.–Zenbatekoa.
90.000 euroko aurrekontua 2017. urterako.
Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin beharko dira.
Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 arterainokoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 6.000 eurokoa izan daitekeela.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Entitate eskatzaileek propio prestatu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 10ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Iragarkiaren kodea: F1706354