Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NUIN
Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Nuingo Kontzejuak, 2017ko urtarrilaren 11n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2017ko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 2an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzako aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Nuinen, 2017ko martxoaren 22an.–Alkatea, Francisco Orrio Espelosin.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Nuingo Kontzejuko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, orain arte izan dituen aldaketak eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta erabilerak
5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen diren baldintzetan.
Herri ondasunen inguruan Nuingo Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Nuingo Kontzejuaren Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Nuingo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-lurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Nuingo Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginkizunak betetzeko.
8. artikulua. Nuingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Nuingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien inguruko erabakia hartuko du Udalak.
10. artikulua. Nuingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Nuingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emanen da edo ez, Zuzenbideak ezartzen duena.
12. artikulua. Nuingo Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Nuingo Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Kontzejuak.
IV. TITULUA
Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
1. Herrilarreen aprobetxamendua.
2. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
3. Etxerako egurraren aprobetxamendua.
4. Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.
15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Txulapaingo Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.
c) Aprobetxamenduak zein haranetako herritan dauden, urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea bertan.
d) Nuingo Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Nuingo Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.
II. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
1. ATALA
Larreen aprobetxamendua
16. artikulua. Aprobetxamenduen ondorioetarako, Nuingo Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak dira Udal Katastroak izaera eta titulartasun horiekin agerrarazten dituen lurrak.
Herri-larre horiek lurzatika edo atalka aprobetxatuko dira, behar bezain handiak badira, edo bestela, lurzati edo atal horiek multzotan antolatuta, larrearen aprobetxamendua errentagarria izateko adinako hedadura izan dezaten; hori guztia Nuingo Kontzejuaren irizpidearen arabera.
17. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunaren arabera eginen da:
a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, lurzatiak zein udalerritan dauden, bertan egon beharko dira erroldatuta; halaber, aziendak Txulapaingo Udalaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan udalerriaren mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.
18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.
Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren epea zortzi urtekoa izanen da eta 15 urteraino luza daiteke, bi aldeen artean ados jarrita.
Nuingo Kontzejuaren kalkuluen arabera, azienda larriko unitate bat da (AzLU = behi bat) herri-larreek jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko.
Azienda moten arteko baliokidetasun hauek erabiliko dira:
Behi azienda larriko abelburua, AzLU 1.
Zaldi azienda larriko abelburua, AzLU 1.
Ardi aziendako abelburua, 0,15 AzLU.
Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak Azienden Osasun Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea bete beharko du. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.
19. artikulua. Debeku da zerriak larratzea.
Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan mota guztietako aziendak larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.
Halaber, erabat debekatuta dago mota guztietako azienda larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, adierazita zehapenak ezarriko baitira.
20. artikulua. Udalak herri-lurren aprobetxamendu horietarako urteko kanona ezarriko du aprobetxamenduaren hasieran.
Udalak onetsitako adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, Nafarroako KPIaren igoera edo aldaketara egokitzeko, egungo Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari jarraikiz.
Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.
Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egokitzat jotzen duenean, behin teknikari eskudun batek baloratu ondoren larreen benetako balioa eta egiten ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua, eta betiere aldatzeko erabaki den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.
Ordenantza honetako sistemetako edozeinen bitartez aprobetxamenduaren adjudikazio-hartzaile direnek konpromisoa hartuko dute itxituretan, ataketan eta berezko elementuetan aprobetxamenduaren ondorioz sortutako kalteak konpontzeko. Udalaren kontura izanen da loteetan hobekuntzak egitea. Horretarako, aprobetxamendutik bildutakotik urtero portzentaje bat ezarriko da, osoko bilkuran erabakita Ekitaldia gauzatu bitartean hobekuntzarik egiten ez bada, zenbateko hori hurrengo ekitaldietarako utziko da. Nuingo Kontzejuak nahi bezala erabakiko du loteetan hobekuntzak noiz eta nola eginen diren.
21. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren, azaleraren bat soberan gelditzen bada, Nuingo Kontzejuak hala erabakita lurra erreserba modura gelditzen ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Nuingo Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.
2. ATALA
Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura
22. artikulua. Toki Korporazioaren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, betiere Nuingo Kontzejuaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.
23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua egiaztatzeko zerga-eskakizunaren egiaztagiria, eta indarreko araudiak -azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak- aipatzen duen osasun ziurtagiria.
24. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:
a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.
b) Lurren adjudikazioa larratzen jasan dezaketen azienda-kargaren arabera eginen da. Lehentasuna izanen dute abeltzaintza ogibide nagusi gisa dutenek.
25. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginda, erakundearen oholean iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.
2. Adierazi epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.
Bestelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.
3. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikaitzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat datorren eperako.
III. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
26. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoan, Nuingo Kontzejuak etxeetarako egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, baldin erroldako helbidea aprobetxamenduaren jabe den herrian badute.
Horretarako, Oihangintzako Administrazioak loteak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko du.
27. artikulua. Nuingo Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur-loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Nuingo Kontzejuari egoki iruditzen zaion eperako.
28. artikulua. Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, gutxienez 4 hilabete. Nuingo Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita loteak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, loteak aztertuko dira. Nuingo Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.
29. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Nuingo Kontzejuak aurrekontu arruntean.
30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere kasu eginen diete Kontzejuan eginkizun horren ardura duen langileak edo Nafarroako Gobernuko Oihangintzako Administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendua.
31. artikulua. Lotean adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Lotea behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, Nafarroako Gobernuko Oihangintzako Administrazioari edo Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei eginen zaie galdea. Udalaren adostasuna beharko da ez bada zehapenik nahi.
32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxagarria ez bada. Betiere, Oihangintzako Administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena beharko da. Kontzejuak zeregin hori duten langileen txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Egur lote horiek bateragarriak izaten ahal dira urteko lote arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin aurreko urteetako egurra atera gabe utzi duten herritarrek.
33. artikulua. Nuingo Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Aitzinetik, aurreko urteko loteen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta oihanean dagoen egurraren arabera markatuko dira loteak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.
34. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea.
IV. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
35. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
36. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.
Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
37. artikulua. Modu honetarako eredu-lotearen azalera izanen da berariaz onetsitako pleguan ezarritakoa.
38. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.
39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Nuingo Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen aurreko artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Nuingo Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
40. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek ordainduko duten kanona urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren arabera, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak onetsia.
41. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
42. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Nuingo Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Nuingo Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikazioetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.
Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.
Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
43. artikulua. Nuingo Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:
a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean; horrelakoetan, ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Nuingo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Adjudikaturiko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.
2. ATALA
Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak
44. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.
45. artikulua. Nuingo Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.
46. artikulua. Adjudikazio epea ordenantza honetan adierazitako bera izanen da: gutxienez 8; gehienez ere labore motaren bizitzaren arabera.
47. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honetako artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.
48. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.
Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.
3. ATALA
Udalaren edo Nuingo Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa
49. artikulua. Nuingo Kontzejuak, aurreko ataletan azaldutako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.
Nuingo Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, organo eskudunak onetsitako nekazaritzako KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Nuingo Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA
Adjudikatzeko prozedura
50. artikulua. Nuingo Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
51. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:
a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak beteak izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugarte honetan bai bertze batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal mugarte honetan bai besteetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.
Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Nuingo Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honetan zehazten den bezala.
52. artikulua. Kontzejuak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz adjudikazio zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
53. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Nuingo Kontzejuaren iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
54. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.
55. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.
Laborantzarako herri-lurren gainerako azalerei dagokienez, Nuingo Kontzejuak laborantzako loteak egin eta adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitatearen titularrei. Hori, Udalak egindako loteen arabera.
Lurzatien adjudikazioa bururatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.
56. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
57. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.
58. artikulua. Nuingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-lurretan
59. artikulua. Nuingo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.
V. TITULUA
60. artikulua. Nuingo Kontzejuko Udalaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, udalaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.
61. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.
62. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.
63. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Nafarroako Gobernuko Oihanzaintzaren eta Udaleko oihanzain zeregina duten langileen oharrei jarraituko zaie.
64. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueratarako ibilgailuak badira.
65. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Udalak baimena ematen badu.
66. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, haien eginkizunak betetzen dituztenean.
67. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio kontzejuari. Halaber, baimena eskatu beharko dio Kontzejuari bere jardunean bidearen erabilera intentsiboa edo berezia egin behar duenak.
Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.
68. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batez bestekoak, eta zenbat denborarako den.
69. artikulua. Eskabideak ikusita, Nuingo Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.
Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.
Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Nuingo Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea lehengoratu dela egiaztatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Nuingo Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.
Ez dute berariazko baimenik beharko Ordenantza honen 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikazio-hartzaileek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.
70. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.
Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.
VI. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
71. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira ondoren adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:
a) Aprobetxamendua adjudikaziodunak berak behar bezala eta modu zuzen eta pertsonalean ean ez egitea.
Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urtean.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, lotearen balorazioa halako 5, gehienez
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
Halakoetan hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.
Ondorio horretarako, gordailuzainak dauden zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren amaieran zein errekarguarekin ordaintzeko epearen amaieran.
c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, lotearen balorazioa halako 5, gehienez.
d) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.
e) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.
Eskubiderik izan gabe Udalaren herri-lurretan larratzen den azienda bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.
f) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.
Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei gehituko zaizkie zakarrak jasotzeagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.
Hildako abereak bertan uzteagatik zehapena ezarriko da; hain zuzen, Nuingo Kontzejuak legearen araberako baldintzetan abereak jaso eta garraiatzeagatik ordaindu behar duen kostua, eta gainera, 30 euroko zehapena abelburu xehe bakoitzeko eta 60 eurokoa abelburu larri bakoitzeko.
g) Nafarroako Gobernuko Oihanzaintzak eta Nuingo Kontzejuko oihanzain zeregina duten langileek ordenantza hau urratzen duten ekintzen berri emanen dute.
Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten bertze egitate edo ekintza guztiei, eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatzen ahalko zaie, zehazki ondoko hau:
–Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60tik 12.000,02 euro bitartekoa izanen da.
–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1704828
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
