Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
15E/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, “Toki entitateentzako laguntzak memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko” izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak eskatzen dituen bi irrika dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.
Politika motibazioko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan Nafarroako errealitate soziala eta politikoa. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntza, kultura eta politika arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetzaren harremanetan.
Gainera, bereziki azken urteotan, gure erkidegoan hainbat tokitan nabarmentzen diren etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinetako mesfidantzaz eta diskriminazioaz elikatu da bizikidetzaren nahasmendua.
Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, egia, justizia eta erreparazioa merezi baitute. Aniztasuna onar eta errespeta daitezen sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuta. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijiosoen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere, aintzat hartuta pertsonaren duintasuna eta Giza Eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.
Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako toki entitateen ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatu eta garatzeko.
Toki entitateek funtsezko zeregina dute bizikidetza inklusibo berri baten eraikuntzan, herritarrengandik hurbil daudelako eta benetako parte-hartze demokratiko errespetuzkoaren eszenatokiak sortzeko aukerak dituztelako. Instituzio multzo horren bete-beteko laguntzak funtsezkoa izan behar du bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.
Deialdiaren xedea da toki entitateei bakearen eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko emanen zaizkien laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.
Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.
Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.
Adierazitakoarekin bat, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,
AGINDU DUT:
1. Toki entitateei memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko emanen zaizkien laguntzen 2017ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen bukaeran erantsi dira.
3. 90.000 euroko gastua onestea 2017ko Nafarroako Gastu Orokorren Aurrekontuetako partida hauen kargura:
–60.000 euro “Toki entitateentzako ekarpena bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako” izeneko B20001 B2100 4609 232500 partidaren kargura.
–30.000 euro “Toki entitateekiko lankidetza” izeneko B20001 B2100 7609 232500 partidaren kargura.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kontabilitate Zentroari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatuari jakinaraztea.
6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 10ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
NAFARROAKO TOKI ENTITATEENTZAKO LAGUNTZEN PROGRAMA 2017. URTEAN MEMORIA HISTORIKOAREN, BAKEAREN
ETA BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERAK EGITEKO.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Nafarroako toki entitateek jarduketa hauetako bat egitea da laguntzen xedea:
a) Oroigarriak instalatzea (plakak, panelak, monolitoak, etab.) eta/edo ekitaldiak egitea 1936ko estatu-kolpe militarraren eta geroko errepresio frankistaren ondoriozko biktimak omentzeko eta haiei aitortza eta/edo elkartasuna adierazteko, betiere ekarpenen bat egiten badute biktimei eskubidez dagokien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean.
b) Ikur eta elementu frankistak kentzea eremu publikotik, 33/2013 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
c) Gizarte osoaren parte-hartzeari irekitako jarduerak antolatzea, hala nola:
–Helburu hauekin antolatzen diren erakusketa, foro, hitzaldi, eztabaida, topaketa eta ekitaldiak: bakearen eta bizikidetzaren baloreei, giza eskubideen urraketak ez errepikatzeari eta kulturen eta erlijioen arteko topaketari buruzko hausnarketa eta gai horiekiko konpromisoa bultzatzea.
–Sentsibilitate politiko desberdineko pertsona eta gizataldeak eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinak elkartzea, elkar ezagutzea eta elkarren arteko eztabaida bultzatzea helburu duten kultur, kirol eta antzeko jarduerak, betiere bakea eta bizikidetza lortze aldera egiten badira.
d) Plangintzarako, diagnostikorako, prestakuntzarako eta/edo trebakuntzarako jarduerak antolatzea memoria historikoari, bakeari, bizikidetzeari eta giza eskubideei buruz, udal batzordeak eta lantaldeak sortu eta abian jartzeko asmoz eta/edo bere eskumeneko lurraldean ekimenak sustatzeko asmoz.
e) Helburu hau duten erakundeen web orriak eta/edo sare sozialak berritu eta/edo modernizatzea:
–Entitateak berak memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan egiten duenari buruzko informazioa jasotzea.
–Memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko ekimen eta ekintzak modu digitalean trukatzea.
–Material interesgarriak proposatzea gogoetarako, eztabaidarako eta abarretarako.
–Memoria historikoaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko lana eta jarduerak hedatu nahi dituzten pertsona eta taldeen parte-hartzea eta ekarpen sortzaileak sustatzea.
2.–Jarduketa eremua eta helburua.
Diru-laguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko ahalmen pedagogikoa eta soziala eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:
–Gure indarkeriaren historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuz.
–Sentsibilitate politiko desberdinetako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.
–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.
–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, ideologia, sinesmen, uste edo iritzi desberdinetako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.
3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan arautu diren laguntzak.
Aurkezten diren entitateek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
b) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.
4.–Jarduerek bete beharrekoak.
Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.
Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin beharko dira.
5.–Eskaeren aurkezpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek entitateen eskura egonen dira Nafarroako atariaren web-orriko “Laguntzak eta Bekak” izeneko atalean eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan (Arrieta kalea, 12-5. solairua). Eskaerarekin batera Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra aurkeztuko da.
Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.
Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Elektronikoan. Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio.
Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaerek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko (gutun-azalean eta dokumentazioaren lehenengo orrian), haiek igorri baino lehen, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan adierazitako moduan. Argi eta garbi adieraziko dira bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua, minutu eta guzti. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten edo posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dio Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak entitate interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra eta honako dokumentazio hau erantsita:
a) Toki entitateko organo eskudunak laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, eskatzen den diru zenbatekoaz gainera, jarduerak egiteko, aurreikusitako gastu-aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adierazita.
b) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.
c) Toki entitatearen erantzukizunpeko adierazpen espresa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez dagoela dioena.
d) Mankomunitateen kasuan, estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, eta jarduera mota eta izaera juridikoa adierazi.
e) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, eskatutako kopurua, zer administrazio edo entitate publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak) adierazita. Bestela, toki entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.
f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten duten entitateentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
6.–Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko.
7.–Balorazioa.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:
7.1. Bakar-bakarrik inbertsioak sartzen dituzten proiektuen kasuan (omentzeko elementuak instalatzekoak edo ikurrak kentzekoak):
a) Egin beharreko inbertsioaren irismena eta begien bistako eragina: 60 puntu arte.
a1) Kaleetan, eraikinetan, auzoan, natura-eremuan edo ondare-elementuan ukitutako eremua edo azalera: 45 puntu arte.
a2) Inbertsioaren begien aurreko eragina: 15 puntu arte.
b) Beste entitate publiko eta/edo pribatu batzuekin elkarlanean egindako ekimenetako inbertsioak (Parlamentua, Nafarroako Gobernua, memoriaren inguruko elkarteak, biktimen elkarteak): 20 puntu.
c) Inbertsioaren aurrekontuaren eragimena: 20 puntu arte.
7.2. Gainerako proiektuen kasuan, hots, ohiko gastuetan oinarritutako jarduerak sartzen dituztenak edo ohiko gastuak eta inbertsioak aurreikusten dituztenak:
d) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.
d1) Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.
–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.
–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.
–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.
d2) Berariazko helburuen hedadura, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.
–Berariazko helburuen hedadura eta justifikazioa: 7 puntu arte.
–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 13 puntu arte
d3) Jende mota desberdinen inplikazioa eta aurreikusita dagoen parte-hartzea: 15 puntu arte.
–10-100 parte-hartzaile edo gehiago aurreikusten badira: puntu 1 emanen da 10 pertsonako. Gehienez ere 10 puntu.
–Jende mota ezberdinak parte hartzea aurreikusten bada (toki entitateko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 5 puntu arte.
d4) Aurrekontuaren eragimena: 10 puntu arte.
e) Jarduerak bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste udal egitura edo/eta plan zabalago batzuetan sartzea: 10 puntu arte.
f) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo/eta zuzentzeko) zenbaterainokoa: 10 puntu arte
g) Jardueren zabalkunderako planaren kalitatea: 15 puntu arte.
g1) Zabalkunderako euskarri ezberdinak erabiltzea: 10 puntu arte.
g2) Zabalkunde lanaren plangintza: 5 puntu arte.
Laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.
8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.
a) Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 arterainokoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 6.000 eurokoa izan daitekeela. Toki entitate bakoitzak deialdi honen babesean laguntzea eskatzen dituen jarduera guztiak jaso beharko dira proiektuan, inbertsioak barne.
Inbertsioen partidan edo ohiko gastuen partidan aurreikusita dagoen diru zenbatekoa gaindituz gero, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira diru-laguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera (aurrekontuko partida bakoitza bere aldetik hartuta):
TARTEAK | PORTZENTAJEA % |
50 eta 54 artean | 55 |
55 eta 59 artean | 60 |
60 eta 64 artean | 65 |
65 eta 69 artean | 70 |
70 eta 74 artean | 75 |
75 eta 79 artean | 80 |
80 eta 84 artean | 85 |
85 eta 89 artean | 90 |
90 eta 94 artean | 95 |
95 eta 100 artean | 100 |
b) Aurreko irizpidea aplikatu ondoren aurrekontuko diru kopurua gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.
Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.
9.–Gastu diruz lagungarriak.
2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta toki entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.
Inbertsio gastuei dagokienez, oroigarriak jartzearekin eta/edo ikur frankistak kentzearekin zuzenean lotutako gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko entitate eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.
Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ez dira diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagunduriko jardueraren zabalkunde gastuetatik kontuan hartuko dena ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.
Toki entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.
Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.
Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira diru-laguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.
Ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste ente publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutze-interesa eskatuko da.
12.–Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.
12.1. Egindako jarduerak justifikatu eta deskribatu ondoren ordainduko da laguntza, eta hori 2017ko abenduaren 15a baino lehen egin beharko da.
12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak. Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, hartutako diru-laguntza justifikatzeari begira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuan aurkeztu izanaren adierazgarri. Nolanahi ere, diru-laguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.
12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera 2017ko abenduaren 15a baino lehen, haiek Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduta. Memoria horrek diruz lagundutako jarduera bakoitza zenbateraino eta nola betetzen ari den azaltzen duten datuak jaso behar ditu, V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta eredu hori entitate interesdunen eskura egonen da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuan. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.
13.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntza eman eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen VI. eranskinean agertzen den ereduaren arabera, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, izan ere, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu.
Horrez gainera, laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
b) 12. oinarri arautzailean aipatu diren frogagiriak aurkeztea.
c) Diru-laguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, diru-laguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Ebaluazio memoria teknikoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, 2017ko abenduaren 15a baino lehen. Memoria horrek diruz lagundutako jarduera bakoitza zenbateraino eta nola betetzen ari den azaltzen duten datuak jaso behar ditu, V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta eredu hori entitate interesdunen eskura egonen da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuan. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.
h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
14.–Jarraipena.
12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.
15.–Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.
Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.
Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, betiere horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.
16.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
19.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen espresa, eskatutako beste laguntza batzuei buruz.
IV. ERANSKINA
Diru-sarreren eta gastuen justifikazio-kontuaren eredua.
V. ERANSKINA
VI. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1705930
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
