2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGIÑAO
Herri bideak eta mendiko pistak erabiltzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Argiñaoko Kontzejuak, 2017ko urtarrilaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Argiñaoko Kontzejuko herri bideak eta mendiko pistak erabiltzea arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2017ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 27an.
Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batean.
Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.
Argiñaon, 2017ko apirilaren 11n.–Alkatea, José Antonio Echeverría Larumbe.
HERRI BIDEAK ETA MENDIKO PISTAK ERABILTZEA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Argiñaoko Kontzejuaren herriko bide eta mendi pisten erabilera arautzea, baita tasa bat ezartzea ere, haien erabilera arruntagatik, erabilera hori berezia edo pribatiboa denean.
2. artikulua. Debeku da Argiñaotik Andiako zerrara doan pistan ibilgailu motordunak ibiltzea baimenik gabe
Kontzejuburuak emanen du Argiñaotik Andiara doan pistan barna ibiltzeko baimena. Argiñaoko bizilagunek eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra arrazoitzen duten bertze lagun batzuek eskatzen ahalko dute, betiere Udalak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz. Baimenak izaten ahal dira bide eta leku orotarako edo denbora tarte eta alde jakin batzuetan ibiltzeko.
3. artikulua. Bide eta mendi pistetan, gehieneko abiadura hogei kilometro ordukoa da.
Nolanahi ere, debeku dira trailer kamioien joan-etorriak, inguruabar bereziak direla medio eta dagozkion tasa eta fidantza ordainduta Argiñaoko Kontzejuak erabaki baten bidez baimena eman ezik.
4. artikulua. Euri edo elur egunetan pistetan barna ibiltzea gaiztoa denean, baimena espresuki eman beharko da, egun zehatz horietan zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak garraiatzeko, herriko bide eta mendi pistetan kalte larriak egitea eragozteko.
5. artikulua. Berariaz debeku dira lehiaketak eta ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.
Honi dagokionez, taldeka ibiltzea da ibilgailu motordunak hiru edo gehiago direnean, lehiaketa xederik gabe, ibilbide berari segika.
6. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hauste administratiboak dira hauek:
a) Abiadura mugak ez betetzea.
b) Ibilgailuak Kontzeju honen baimen espresurik gabe ibiltzea.
c) Ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.
d) Delako bide eta pista horietan eta udalerriko karriketan barna oihangintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere.
e) Ordenantza honetako aginduetako edozein urratzea.
7. artikulua. Zehapenak.
Aurreko artikuluan aurreikusten diren arau-hausteek hirurehun euroko zehapena izanen dute (300 euro).
8. artikulua. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.
9. artikulua. Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina administrazioaren premiamendu bidean galdatu eta gauzatuko da.
10. artikulua. Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.
Iragarkiaren kodea: L1705099