2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGIÑAO
Herri-lurretan onddoen, perretxikoen eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Argiñaoko Kontzejuak, 2017ko urtarrilaren 20an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Argiñaoko Kontzejuko herri-lurretan onddo, perretxiko eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2017ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 27an.
Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batean.
Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.
Argiñaon, 2017ko apirilaren 11n.–Alkatea, José Antonio Echeverría Larumbe.
ARGIÑAOKO KONTZEJUKO HERRI-LURRETAN ONDDOEN, PERRETXIKOEN ETA GAINERAKO PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Produktu hauen bilketak batzuetan mendietara sobera jende etorrarazten du eta horrek natur ingurumenaren degradazioa ekartzen ahal du. Kontzejuaren irudiko, espezie hauen mantentzea bermatu, natur inguruneko kaltea ekidin eta mendia behar bezalako garbiketa baldintzetan mantendu behar da eta, hortaz, ordenantza hau prestatu da herri-lurretan aplikatzeko. Hori horrela, aprobetxamendu ordenatua Argiñaoko Kontzejuko herritarrei dagokie lehentasunez eta, aldi berean, beste pertsona batzuek aprobetxamendurako aukera izateko sistema bat ezarri da, betiere edonork legezko xedapenez egin ditzakeen gutxieneko aprobetxamenduak errespetatuz.
1.–Aplikazio eremua.
Ordenantza honen xedea da Argiñaoko Kontzejuko hermendiko produktu naturalen bilketa arautzea.
2.–Baimena izan beharra.
Debekatuta dago produktu naturalak Argiñaoko Kontzejuaren baimenik gabe biltzea, salbu Nafarroako Gobernuaren Mendiei buruzko Erregelamenduan (59/1992) xedatutakoan.
3.–Baimenak ematea.
Txartelak Argiñaoko Kontzejuak emanen ditu.
Urteko txartelak urte naturalarekin bat etorriko dira. Titularrek eskaturik berrituko dira, urte bakoitzeko urtarriletik aurrera.
Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta bai agintari eskudunei bai Argiñaon erroldatutako herritarrei erakutsi beharko zaie, eskatuz gero.
Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.
Hamalau urtetik beherakoak ez daude bilketarako baimena izatera behartuta, baina baimena duen pertsona batek lagunduta ibili beharko dute.
Baimenaren titularrak funtzionamendu arauak jasoko ditu (dokumentu hau).
Mendi hauetan ibilitako edozein biltzailek bere ibilgailuan daramatzan produktu guztiak mendi horietakoak izanen direla ulertuko da.
4.–Baimen motak eta tarifak.
Herritarrendako urteko baimena: doakoa.
Etxe jabeendako eta bertakoak izan arren bertan bizi ez direnendako urteko baimena: 30 euro.
Baimen zientifiko-didaktikoa: baimen hau beharrezkoa izanen da edozein onddo espezieren 5 ale bitarte biltzeko, pertsona eta eguneko. Bilketaren helburuak frogatu beharko dira. Doan.
Herritarrak ez diren, etxe jabeak ez diren eta bertakoak izan ez eta bertan bizi ez diren pertsonendako urteko baimena: Argiñaoko Kontzejuak eskaera aztertuko du eta onartuz gero, 40 euro ordaindu beharko da.
Etxe jabeendako eta bertakoak izan arren bertan bizi ez direnendako urteko baimena:
Herritartzat joko dira herrian erroldatuta dauden pertsonak.
5.–Ibilgailuen sarrera.
Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan baimenaren agiriak aginte-panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.
Debekatuta egonen da ibilgailuak mendiko pistetan barna ibiltzea, berariaz baimenduta daudenak izan ezik. Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek haiekin bat dute ibilgailua pista nagusietan sartzeko baimena.
Pistetan produktuak biltzeko datetan soilik sartzeko ahalmena ematen dute baimenek (data horiek Udalak ezarriko ditu eta argitara emanen dira) eta, nolanahi ere, errespetatu egin beharko da pista horietan sartzea aldi baterako mugatzen duen edozein seinale.
6.–Bilketarako berariazko arauak.
1. Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.
2. Ezin izanen da bilketarik egin erreserba gisa zehaztuta dauden eremuetan.
3. Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bestelako tresnak erabiltzea.
4. Errespetatu eginen dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.
5. Orokorrean, ezin dira bildu 4 cm-ko diametroko txapela edo txikiagoa duten perretxikoak eta/edo onddoak.
7.–Gainerako produktu naturalen berariazko araudia.
Produktu naturaltzat hartuko dira mendiak berez sortzen dituenak, besteak beste hauek: marrubiak, sendabelarrak, basaranak (patxarana), sagarrak (patxaka), etab.
Produktu horien bilketa arduraz eginen da, eta erabat debekatuta dago adarrak moztea fruituak ateratzeko.
8.–Zehapenak.
Eskubiderik izan gabe legez kanpoko aprobetxamendua egiten duenari 30 euroko isuna ezarriko zaio, eta gehienez ere 200 eurokoa izanen da, legez kanpoko aprobetxamenduaren izaeraren eta kopuruaren arabera. Horretaz gainera, konfiskatu eginen dira harrapatutako ondasun eta produktuak.
Iragarkiaren kodea: L1705098