1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
74E/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketak onartzen dituena Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana; gero, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zen, eta gerora, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1537/2011 Ebazpenaren bidez aldatu zen; azkenik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.
Titularrak Ingurumen baimen integratuan dauden baldintza batzuk aldatzeko eskatu du. Zehazki, honako hauek:
‒2016ko uztailaren 1ean, titularrak eskaera egin zuen fluoruro kontzentrazioaren isurketaren muga-balioa betetzen dela ebaluatzeko modua aldatzeko. Horretarako, proposatu zuen aipatu ebaluazioa batezbesteko mugikor batean oinarritzea, ikuskapen entitate baimendu baten azken hilabeteetako analisietan lortutako balioekin ateratakoa, hain zuzen.
‒2016ko azaroaren 7an, honakoa eman zuen aditzera: laken prozesuari lotutako errauskailuak aldatu zituela beste potentzia termiko batekoak jartzeko, 66. fokua gelditu zela eta 89. eta 90. fokuak itxi zirela. Jakinarazpen horretan ohartarazi zen, gainera, bazela akats bat instalazioaren urteko gehieneko gas kontsumoan.
‒2016ko azaroaren 11n, eskaera egin zen zirkonioaren autokontrolerako frekuentzia murrizteko 1 zenbakidun fluxu partzialean, argudiatuz ezen teknikoki ezinezkoa zela autokontrola kit analitikoarekin egitea, neurketa lerruna isurketarako muga-balioa baino handiagoa baita. Alternatiba da analisiak kanpoko laborategiaren bidez egitea, eta proposatzen da, aintzat hartuta fluxu horretan egon ohi den kontzentrazio baxua, parametro honen gaineko kontrol bakarra mantentzea, hots, egun indarrean den Ikuskapen entitate baimenduak hilero egiten duena.
‒2016ko azaroaren 18an, AdBlue (%32,5 urea disoluzioa) hornitzeko instalazio berri bat eraikiko zela jakinarazi zen. Instalazio horren garbiketaren ondoriozko uren isurketa 2 m³-koa izanen da urtean (ura eta urea) eta ur beltzen sarearen bidez kanalizatuko da. Gainera, gordailu batzuk aldatzea ekarriko du.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, eskatutako aldaketak aztertuta, ondorioztatu du onargarriak direla; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzutea emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketak onartzea Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Volkswagen Navarra SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko apirilaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1704454