Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
DONEZTEBE
Deialdia, Udalaren “Askin” Haur Eskolako zuzendari izateko lanpostu bat, euskararen ezagutza duena, lanaldi osoan eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko
Doneztebeko Udaleko alkateak 2017ko apirilaren 5ean emandako ebazpenaren bidez, deialdia onetsi da Doneztebeko Udalaren Askin Haur Eskolako zuzendari izateko lanpostu bat (B maila), euskararen ezagutza duena, lanaldi osoan eta lan-kontratu finkoarekin oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Doneztebeko Udalaren Askin Eskolako zuzendari izateko lanpostu bat (B maila), euskararen ezagutza duena, lanaldi osoan eta lan-kontratu finkoarekin oposizio-lehiaketa bidez betetzea.
Izendapenak Doneztebeko Udalaren zerbitzuko lan-kontratudun finko bihurtuko du izendatua, ondorio guztiekin, kontratua sinatzen den egunetik aitzina; xedapen indardunetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da, araubide horretan aurreikusitako babespean, eta bere kontu izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
1.2. Ezarria dago deialdiko plazarako nahitaezkoa dela euskaraz jakitea. Beraz, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria.
1.3. Arau hauen mendean egonen da kontratuduna:
a) Lan baldintzei dagokienez: kontratuan xedatutakoa, Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen hitzarmean xedatutakoa.
Era berean, aplikagarria zaionean kontuan hartuko da 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena.
b) Baldintza ekonomikoei dagokienez: lanpostuak B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu; alegia, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako hartan) eginiko sailkapeneko B mailarenak; baita Udalaren plantilla organikoan onesten diren ordainsari osagarriak ere, halakorik izanez gero.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.5. Izendatutakoek bete beharreko eginkizunak lanpostuak berezkoak dituenak izanen dira, lan esparru ezberdinetan: hezkuntzan, ardurapeko langileen administrazioan eta aurrekontuaren kudeaketan, horietako batzuk V. eranskinean aipatzen direlarik.
1.6. Kontratatuek 3 hilabeteko probaldia izanen dute. Hura iraganik eta organo eskudunaren iritziz eman zaizkien egitekoak betetzeko gai ez badira, kontratuak deuseztatutzat joko dira.
Epe hori iraganik, Udalak kontrakorik ez badu, lan-kontratudun finko bilakatuko da ondorio guztietarako.
1.7. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta betearazi beharrez Administrazio Publikoetan Sartzeko emandako Erregelamendua eta gainerako aplikazio arauak.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
b) Adinez nagusia izatea.
c) Maisu edo maistra titulua izatea, haur hezkuntzan espezializatua, edo haur hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen gradu titulua edo baliokidea, edo horren jabe izateko baldintzetan egotea instantziak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
d) Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria, edo behar den hizkuntza eskakizuna zehazten duen proba gainditzea, otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honetako 7. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Doneztebeko Udaleko bulegoetan (Mercaderes 9, 1.a, Doneztebe) aurkeztu beharko dira bertara joanez, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 39/2015 Legearen 16 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte, egun hori balioduna bada; bestela, hurrengo egun baliodunean bukatuko da.
Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Eskabide eredua udaleko erregistro orokorreko bulegoan eskuratu ahal izanen da. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.doneztebe.es helbidean.
3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:
1.–Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.
2.–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokideren batena.
3.–Izangaiak lehiaketaldian baloratzeko aurkezten dituen merezimenduen ziurtagiriak, jatorrizkoak edo kopia kautotuak, deialdiaren IV. eranskinean ezarritakoarekin bat. Izangaiek merezimenduak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.
4.–Euskararen gaitasuna frogatzeko agiriaren fotokopia.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Doneztebeko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Doneztebeko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
Argitalpen horretan edo geroagoko batean, betiere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, zehaztuko dira probak hasteko tokia, data eta ordua, eta, hala behar badu, epaimahaia osatzen duten pertsonen izenak.
5. oinarria.–Epaimahaia. Osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Mahaiburua: Doneztebeko Udaleko alkatea edo hark izendatzen duen pertsona.
Ordezkoa: Doneztebeko Udaleko zinegotzia.
Mahaikideak:
–Lehen mahaikidea: izendatzeke dagoen haur eskolako zuzendaria.
Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Bigarren mahaikidea: izendatzeke dagoen haur eskolako zuzendaria.
Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Hirugarren mahaikidea: izendatzeke dagoen teknikari bat.
Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Laugarren mahaikidea: udaleko langileen ordezkari bat.
Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Hizpidearekin baina botorik gabe:
–Mahaikide idazkaria: Doneztebeko Udalekoa.
Ordezko mahaikide idazkaria: hark izendatzen duena.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
5.5. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Doneztebeko Udaleko alkateari eman beharko diote horren berri. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da udalaren iragarki oholean.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: Lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan zehazten denari jarraikiz:
Oposizioa 2017ko uztailean hasiko da, gutxi gorabehera. Dena den, probak zehazki zer tokitan, egunetan eta ordutan eginen diren zehaztuko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean.
Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu udalaren iragarki oholean eta probak egiten diren tokian.
6.1. Lehiaketaldia.
6.1.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik.
Gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:
–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.
–Prestakuntza osagarriagatik, haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 10 puntu. Baloratuko da zuzendaritza eta kudeaketa eginkizunekin lotutako eskarmentua, baita hezkuntza eginkizunekin lotutakoa ere.
6.1.2. Epaimahaiak IV. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
6.1.3. Balorazio hori eginen zaie oposizioaldiko hirugarren probara iristen diren izangaiei soilik, eta Doneztebeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.
6.1.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Euskara proba.
Nafarroako Gobernuaren EGA titulua, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria aldez aurretik aurkezten ez dutenek, bete behar den lanposturako hizkuntza eskakizuna zehazten duen proba gainditu beharko dute.
Probak idatziko eta ahozko ariketa bana izanen ditu.
Izangaiak gai orokor batzuen artean bat aukeratu eta 15 minutuz hartaz mintzatzea izanen da ahozko proba.
Idatzizko proban, berriz, izangaiak gai orokor batzuen artetik bat hautatu eta garatu beharko du.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek prestatuko dituzte proba hauek.
Bazterturik geldituko dira “Ez gai” kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.
6.2.2. Nafarroako Gobernuaren EGA titulua, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria aurkezten duten izangaiek, edo oposizioaldian gai jotzen diren izangaiek, honako probak egin beharko dituzte eta gehienez ere 80 puntu eskuratzen ahalko dituzte.
6.2.3. Lehenbiziko proba galde sorta teoriko-praktikoa izanen da, euskaraz, deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.2.4. Bigarren proban epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko garatu beharko dira, III. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.2.5. Hirugarren proban ariketa psikotekniko bat edo gehiago egin beharko dira, izangaiek lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Probaren gehieneko balioa 20 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.
6.2.6. Lehen bi probetako emaitzak baturik puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 15 izangaiek baizik ez dute hirugarren proba hori egiten ahalko.
6.2.7. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.
6.2.8. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gida-baimena aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
6.2.9. Ariketa bakoitza zuzendu eta kalifikatu, eta plikak ekitaldi publiko batean ireki ondoren, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean edo probak egiten diren lekuan jendaurrean jarriko ditu gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den.
6.2.10. Ariketak zuzenduko dira plika itxien sistema erabiliz.
6.2.11. Oposizioaldiko azken puntuazioa proba guztiak gainditzen dituzten izangaiek izanen dute; horretarako, proba guztietan eskuratutako puntuak batuko dira.
Aurreko puntuazio horri lehiaketaldiko puntuak gehituko zaizkio, eta hala lortuko da oposizio-lehiaketako puntuazio osoa.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Doneztebeko Udalaren iragarki oholean eta web-orrian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Udalaren iragarki oholean eta web orrian ere.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko edo izendapen proposamena jakinarazi ondoko 15 egun naturaleko epean, deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte proposatutako izangaiek.
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna erakusten dituen agiri baliokide batena, eta, dagokionean, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimena, indarra duena.
b) Jaiotze ziurtagiria, hitzez hitzekoa.
c) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.
e) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena, deialdiko lanpostuan egin beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloen arabera; Udaleko laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuak egiten duen osasun azterketaren bidez eginen da (ASEPEYO). Desgaitasun aitortua duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.
f) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
g) Hala behar badu, Doneztebeko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
7.3. Baldin eta izangaia Nafarroako administrazio publikoren bateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa bada, ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa, goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa etab.) frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du.
7.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.
7.5. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, Doneztebeko Udalak gainditu dutenen zerrendan, 7.1 idatz-zatian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
8. oinarria.–Kontratazioa.
8.1. Hautapen prozedura bukaturik eta izangaiek eskatzen zaizkien agiriak aurkezturik, Doneztebeko Udaleko alkateak, ebazpen bidez, hautapen prozesuan puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia izendatuko du “Askin” haur eskolako zuzendari, eta kontratatu eginen du.
8.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendatutako izangaiak kontratua hilabeteko epean sinatu beharko du, edo hala badagokio, ebazpenak ezartzen duen egunean, oposizio-lehiaketaren emaitzaren jakinarazpen egunetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan izan ezik, epe horretan kontratua sinatzen ez badu, Doneztebeko Udaleko “Askin” haur eskolako B mailako zuzendari izaera eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 7.2, 7.4 eta 7.5 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.
9. oinarria.–Ordezkapenak egiteko zerrendak.
9.1. Deialdi honetan gainditu bai baina lanpostua lortzen ez dutenekin, izangaien zerrenda eratuko da, puntuazioaren araberako hurrenkera izanen duena, gero aldi baterako kontratuak egitearren “Askin” Haur Eskolan zuzendari gisa aritzeko, haur eskolan sortzen diren beharren arabera.
9.2. Zerrenda horrek aurreko zerrenda guztien lekua hartuko du eta baliorik gabe utziko ditu.
10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.
Orobat izangaiei aditzera ematen zaie bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.
Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan ez ezik, Doneztebeko Udalaren iragarki oholean eta webgunean ere.
Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan baliatzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkeztu ahalko da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, errekurritutako erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, edo, kasua bada, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, aldez aurretik egintzaren organo egileari errekurritzeko asmoen berri emanez; edo,
d) Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, Alkatetzari, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.
Donezteben, 2017ko apirilaren 5ean.–Udalen Batasuneko burua, Santiago Uterga Labiano.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Araudiari buruzko gai zerrenda
1.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Toki erakundeen eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.
2.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.
3.–Administrazio prozedura 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, printzipioak eta aplikazio eremua. Administrazio prozeduraren faseak. Administrazio errekurtsoak.
4.– 0-3 urteko etapa indarreko legerian: Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa eta 28/2007 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako lehenbiziko zikloa arautzen duena.
III. ERANSKINA
Lanbideko gaiak
1.–Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta haur eskolako curriculum proiektua.
2.–Zer da haur eskola bat: antolaketa eta funtzionamendua.
3.–Girotzea, ekipamendua, material didaktikoa eta curriculumetakoa 0-3 urte bitarteko ikasketa aldian.
4.–Teoria psikopedagogiko nagusien eragina haur eskolan: Vigotsky, Piaget, Bruner, Ausubel eta Malaguzzi.
5.–Kalitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Kalitate faktoreak, haur eskola bateko antolaketan eta funtzionamenduan. Kultura estatikoa eta kultura dinamikoa. Ikastetxearen ebaluazioa eta hobekuntza planak.
6.–Familiaren eta haur eskolaren arteko harremanak.
7.–Hezkuntzan esku hartzeko printzipioak eta oinarrizko metodologia 0-3 urteko hezkuntza etapan.
8.–Haurren bizitzarako inportanteak diren alderdiei arreta ematea eskolan: egokitzapena, jana, loa eta esfinterrak eta agresibitatea kontrolatzea.
9.–Haur eskolako zuzendariaren eginkizunak eta erantzukizuna. Kudeaketa estiloak. Helburuak eta printzipioak.
10.–Pertsonen arteko harremanak eta talde lana. Lantaldean parte hartzea zuzendariaren rola izanik. Langileen motibazioa. Bilerak eraginkorki gidatzea.
11.–Arazoak aztertu eta erabakiak hartzea. Konponbideak eraikitzeko teknikak. Erabaki eraginkorrak.
12.–Gatazkak konpontzea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresa kudeatzea.
13.–Adimen emozionala zuzendaritzari aplikatua. Giza faktorea, funtsezko elementua lanean eta antolaketan. Emozioak. Eraginkortasun komunikatiboa.
14.–Informazioa eta komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko teknikak. Laneko giroa.
15.–Denbora kudeatzea: eskolako zuzendaritzan kontrolatu beharreko elementua. Norberaren lanaren antolaketa. Presako zereginak eta lehentasunezko zereginak. Denbora optimizatzea.
16.–Arriskuen prebentzioaren kudeaketa haur eskoletan. Lan baldintzak eta osasuna.
17.–0-3 urteko etapa indarreko legerian:
IV. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.
–Ikastetxe publikoetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzeko, 2 puntu.
–Ikastetxe pribatuetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzeko, 1 puntu.
Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:
Laneko eskarmentua frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuz.
Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: lanbide-kategoria, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.
Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.
Denbora partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak, proportzioaren arabera kontatuko dira.
b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:
–Pertsonen zuzendari eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezalako ziurtagiria izanik, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,2 puntu 10 orduko.
–Haur hezkuntzako eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezalako ziurtagiria izanik, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,1 puntu 10 orduko, eta gehienez ere 5 puntu.
Prestakuntza osagarria baloratzeko oharrak:
Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 10 orduko gisa baloratuko da.
V. ERANSKINA
Zuzendariaren eginkizunak.
–Zuzendariak haur eskola ordezkatuko du ofizialki, Udalaren aurrean, familien aurrean eta hirugarrenen aurrean oro har.
–Zuzendarien ardura da, gainerako hezkuntza langileekin elkarlanean, hezitzaileen ordutegia eta egutegia prestatzea, baita ikastetxearena ere, Udalak eskaintzen duen zerbitzua emateko dauden beharren arabera eta gurasoen eskariaren arabera. Ordutegi eta egutegi horiek Udalak onetsi beharko ditu.
–Zuzendariak haur eskolaren antolaketa gauzatzen du, horren jardueren programazioa eta haur eskolaren kudeaketa arrunta, gainerako hezkuntza langileekin elkarlanean.
–Zuzendariak lankidetzan aritzen dira hezitzaileekin, haurrei garapen integraleko prozesu egoeretan arreta emateko eginkizunetan (aurreko ataletan zehazten dira).
–Zuzendariaren ardura izanen da haur eskolari araudi aplikagarrian exijitzen zaizkion baldintzak betetzea, eraikinari eta langileei dagokienez.
Hala berean, zuzendariari dagozkio honako funtzio hauek:
–Ikasturtea planifikatzea: eskola egutegia, koordinazio bilerak, prestakuntza.
–Epe labur, ertain eta luzeko plangintzak: hezkuntza proiektua, eskolako memoriak, eta abar.
–Agiri ofizialei oniritzia ematea.
–Helburuak zuzendu eta betetzera animatzea.
–Hornitzaileekiko harremanak zaintzea: jantokia, garbiketa produktuak eta abar, baita haien erosketa ere.
–Puntuala izatea.
Kasu egitea familiei eta haien beharrei, baita eskaerei, kexei eta iradokizunei ere.
–Hezkuntza proiektuaren eta eskola kudeaketaren buru izatea.
–Prestakuntzan parte hartzea.
–Eskolaren kanpoko irudia sustatzea.
–Informazioa ematea koordinazio bileretan eta horiek zuzentzea.
–Berrikuntza pedagogikoa sustatzea.
–Informazioa ematea eskolako alderdiei buruz.
–Udala jakinaren gainean edukitzea eskolako kudeaketei eta jarduerei buruz.
Eskolaren funtzionamendurako, antolaketarako, eman beharreko zerbitzuetarako... betebeharreko baldintzen eboluzioaren eraginez, lanpostuak eskatzen dituen guztiak.
Iragarkiaren kodea: L1704708
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
