102. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

183/2017 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak 2016-2017 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat antolaturiko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurkezturiko txostenean adierazi du komenigarria dela Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia argitaratzea; izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016-2017 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Unibertsitateen Zerbitzuko Unibertsitateen Atalari eta Basoko BHIri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia, 2016-2017 ikasturtekoa

Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2016-2017 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen

ARAUAK

Lehena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gehienez ere Batxilergoko lau Sari Berezi emateko deialdia egin du 2016-2017 ikasturterako.

Bigarrena.

Sari berezi horiek eskuratu nahi dituzten ikasleek Batxilergoko bi kurtsoak eginak eta gaindituak izan beharko dituzte, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean bukatuak 2016-2017 ikasturtean, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arauturiko Batxilergoaren modalitateren batean.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, gainera Batxilergoko bi kurtsoetan –biak batera harturik– 8,75 puntuko edo hortik gorako batez besteko nota eduki beharko dute ikasleek. Batezbestekoa ateratzeko, Batxilergoko bi kurtsoetako ikasgaien kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da.

Hirugarrena.

Aurreko atalean ezarritako baldintza betetzen duten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Batxilergoko 2. maila zein ikastetxetan ikasi duten, hartantxe, 2017ko ekainaren 6ko 14:00ak baino lehen. Eskabidea II. eranskinaren araberakoa izanen da.

Laugarrena.

Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2017ko ekainaren 8ko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, III. eranskinaren araberakoa, behar bezala beteta. Bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

Bosgarrena.

Probak ariketa hauek izanen ditu:

a) Testu linguistiko edo historiko baten iruzkina, parte-hartzaileak hautatu beharrekoa. Inskripzioan bertan aukeratuko da hori.

b) Ikasleak ikasi duen atzerriko lehen hizkuntzan idatzitako testu baten iruzkina, eta galdera kultural, linguistiko edo gramatikal batzuei erantzutea hizkuntza horretan.

c) Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta ariketa praktikoak egitea enborreko bi irakasgaiei buruz, inskripzioan adierazitako aukeraren eta ondoko honen arabera:

1. Arteen modalitatea:

a) Arte Plastikoen, Diseinuaren eta Irudiaren ibilbidea: Artearen Oinarriak II eta Marrazketa Artistikoa II.

b) Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren ibilbidea: Artearen Oinarriak II eta Musika Analisia II.

2. Zientzien modalitatea:

a) Zientzietako eta Ingeniaritza eta Teknologiako ibilbidea: Matematika II eta Fisika.

b) Osasun Zientzien ibilbidea: Kimika eta Biologia.

3. Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea:

a) Giza Zientzien ibilbidea: Latina II eta Filosofiaren Historia.

b) Gizarte Zientzien ibilbidea: Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II eta Filosofiaren Historia.

Probak 2017ko ekainaren 20an eginen dira, Iruñeko Basoko BHIn.

Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.

Seigarrena.

Ebaluazio Epaimahaia Hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan espezialistak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio Epaimahaiak, orobat, probak prestatzearen ardura izanen du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.

Zazpigarrena.

Ebaluazio Epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzen berri ikastetxeei emanen die, eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean jarriko ditu emaitzak: https://www.educacion.navarra.es/eu/.

Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

2017ko ekainaren 30erako, epaimahaiak bere lan guztiak bukatuak izan beharko ditu.

Zortzigarrena.

Batxilergoko Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute, sari horri dagokion diploma lortuko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.

Bederatzigarrena.

Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 25. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek ez dituzte ordaindu beharko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean goi mailako ikasketen lehenengo kurtsoa egiteko prezio publikoak. Saria tasak ordaindu eta gero ematen bazaie, unibertsitateak bi aukera izanen ditu: ikasleari tasen zenbatekoa itzultzea edo, bestela, ikasleak saria lortu ondoren kontzeptu hori dela-eta egin behar duen lehen ordainketatik deskontatzea.

Hamargarrena.

Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Batxilergoko Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.

Hamaikagarrena.

Deialdi honen eta beronen ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Inskripzio orria, 2016-2017 ikasturtean Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian parte hartzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

2016-2017 ikasturtean Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian parte hartzeko ikasketen ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1705982