102. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1910/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko 2017ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitu, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatu eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko 2017ko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea.

2. Diru-laguntza horiek emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Eskuragarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 160.000,00 euro, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Ikasketetan sakontzeko bekak” izeneko 512001 51310 4809 311200 partidaren kargura. Diru kopurua laguntzak eman aurretik handitzen ahalko da, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak.

Profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea, modalitateak eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko araubidea finkatzea 2017. urterako. Deialdiaren xede izanen dira, bai 2016ko deialdia itxi ondoren eginiko prestakuntza egonaldiak bai 2017ko urriaren 1era arte egiten direnak.

Laguntza hauek erabiliko dira 1.2 atalean azaltzen diren modalitateetako batean sailkatutako jarduerek sorturiko gastuak osorik edo partez ordaintzeko.

1.2. Modalitateak.

A modalitatea.–Izen handiko erakunde edo entitate nazional nahiz atzerrikoetan teknologia berrietan gaitzeko egonaldiak edo Foru Komunitatean kokaturiko zentro edo erakundeen proiektuek dituzten antzeko ikerketa-ildoetan elkarlanean aritzekoak. Osasun arloko kudeaketan gaitzeko bideratzen diren egonaldiak ere sartzen dira.

B modalitatea.–Baimenduriko Irakaskuntza Unitatetik kanpoko zentroetan trebatzeko egonaldiak, osasun prestakuntza espezializatuaren programen txandaketak egiteko. Kanpoko txandaketek Osasun Departamentuaren baimena izan beharko dute, osasun zientzietako espezialitateak ezarri eta sailkatzeko eta osasun prestakuntza espezializatuko alderdi batzuk garatzeko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuarekin bat.

1.3. Onuradunak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak Osasun Departamentuari eta erakunde autonomoei atxikiriko zentroetan aritzen direnek eskatzen ahalko dituzte.

Halaber, laguntzak eskatzen ahalko dituzte Osasun Departamentuak finantzaturiko ikerketa-proiektuak gauzatzeko kontrataturiko langile teknikoek. Kasu horretan, diharduten proiektuekin loturiko jardueretarako emanen dira laguntzak.

Orobat, ordaindutako zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko zentro edo erakunde sanitario pribatuetan ematen dituzten pertsonek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan aurreikusitako jardueretarako laguntzak.

2.–Eskaeren aurkezpena.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduari jarraituz; Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean egonen da eskura eredu hori.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetako edozeinetan aurkeztuko dira.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskabidea igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak ordenagailuan betetako agiri hauek jasoko ditu:

1. Interesdunak berak sinaturiko eskaera.

2. Eskatutako prestakuntza jarduera behar izatearen justifikazioa, eskatzaileak beteta.

–A modalitatean, beharra aipatzen denean, betetzen den lanpostuarekin eta dagokion zerbitzu edo unitateko jarduerarekin lotuko da, eta jarduerak horretan izan dezakeen aplikazioa, berrikuntza eta eragina baloratuko dira.

–B modalitatean, justifikazioa lotuko da eskatutako jarduerak irakaskuntza unitatean espezialitatearen prestakuntza ibilbide ofiziala betetzeko duen beharrarekin. Horretarako, zehaztu behar da txandaketa nahitaezkoa den ala ez, ibilbidearen arabera, eta zein den egonaldi horren ekarpen diferentziala jatorrizko zentroan gelditzearekin konparatuta.

3. Jardueraren programa; bertan ondoko hauek zehaztu behar dira: helburuak, egin beharreko jarduerak, iraupena eta zentro hartzaile hori bestelako zentro baliokideen gainetik hautatzeko izan diren arrazoiak.

4. Egonaldia eginen den entitate hartzailearen adostasun agiria.

5. Prestakuntza/Irakaskuntza Batzordearen txostena. Bertan baloratzen da prestakuntza jarduerak zentroan izanen duen eragina eta noraino aplika daitekeen, eta kalifikatu eginen du: handia, ertaina edo txikia.

6. Zentroko edo esparruko zuzendaritzaren txostena, bertan baloratzeko noraino egokitzen den garatu beharreko jarduera eskatzailearen lan jarduerara, eta kalifikatu eginen du: handia, ertaina edo txikia. Jarduerak bidaiarako baimena behar duenean, txostenaren barnean horretarako berariazko baimena sartuko da.

7. Zentro edo erakundearen ziurtagiria, eskatzaileak berarekin duen lotura eta lanpostua agerrarazten dituena.

8. Aurrekontu xehakatua.

9. Erantzukizunpeko adierazpena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearena.

10. Laguntzaren ordainketa aurreratua nahi izanez gero, eskatzaileak aitorpen bat aurkeztu beharko du, laguntzaren xedeak betetzeko funtsak eskuratu beharra justifikatuz, deialdiaren 10.2 oinarrian xedatutakoarekin bat.

Osasun Departamentuaren nahitaezko baimena duten B modalitateko eskaeretan 4., 6. eta 7. dokumentuak aurkeztutzat joko dira; izan ere, Osasun Departamentuan eskura dagoen baimen-espedientean jasota daude.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 2.2 atalean ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren xedearekin zalantzarik gabe bat datozen gastuek jaso dezakete laguntza. Izen-emateak, joan-etorriek, ostatuak eta mantenuak sorturiko gastuek jaso dezakete laguntza berariaz.

4.–Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoak 5. oinarrian aurreikusitako Ebaluazio Batzordearen irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.–Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio Batzordea izanen da aurkezturiko eskaerak baloratzeaz eta diru-laguntzak emateko proposamena egiteaz arduratuko dena, eta honako kide hauek osatuko dute, horietako hiru laguntzen kudeaketa arlokoak eta lau Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetakoak:

–María Jesús Guembe Suescun andrea. Prestakuntza Atala.

–Tomás Belzunegui Otano jauna. Nafarroako Ospitaleguneko Ikerketa eta Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea.

–María Ruiz de la Cuesta Muñoz andrea. Oinarrizko Osasun Laguntzako Irakaskuntza Batzordea.

–Germán Jusué Erro jauna. Osasun Mentaleko Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea.

–Javier Ignacio Arbizu Lostao jauna. Nafarroako Unibertsitatearen Klinikako Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea.

–Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala

–Victoria Garisoain Lerendegui andrea. Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoa.

Batzordeak Prestakuntza Ataleko administrari baten laguntza izanen du.

Batzordearen funtzionamendua kide anitzeko organoei buruz indarra duen araudiaren araberakoa izanen da, eta desegintzat joko da 2017an osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko proposamenak igorri eta gero. Batzordearen lehenbiziko bileran erabakiko da zein batzordekide arituko diren batzordeburu eta idazkari.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.2. Aurrekontu doitua.

Eskaerak baloratu aurretik, instrukzio organoak doitu eginen du eskaturiko aurrekontua, irizpide hauei jarraikiz:

–Inskripzio gisa, kontuan hartuko da eskaturiko zenbatekoa, 2.000 euro gehienez.

–Joan-etorrietarako, gehienez ere 200 euro izanen dira Espainia barnean ibiltzeko, 400 euro Europarako eta 750 euro beste herrialde batzuetarako.

–Ostatu eta mantenurako, helmugaren eta iraupenaren arabera ezarriko dira gehieneko zenbatekoak. Espainian egiten diren jardueretarako, 75 euro egunean 15 egun baino gutxiago direnean, eta 40 euro egunean 15 egun edo gehiago izanez gero. Espainiatik kanpoko jardueretarako, gehieneko zenbatekoak 100 euro eta 50 euro izanen dira egunean, hurrenez hurren.

Edonola ere, eskaturiko zenbatekoen gainean eginen dira doiketak eta, hortaz, doituriko aurrekontua eskaturiko zenbatekoa izanen da gehienez.

6.3. Eskaerak modalitateen arabera antolatuko dira, ondoren zehazten diren balorazio irizpide hauen arabera emandako puntuazioari jarraituz.

A modalitaterako:

–Prestakuntza jarduerak osasun sisteman duen eragina, 40 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: jardueraren berrikuntza, 20 puntu gehienez, eta jarduerak osasun sisteman duen aplikagarritasuna, 20 puntu gehienez ere.

–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen laneko jarduerari, 30 puntu arte; 30, 15 eta 5 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren.

–Prestakuntza jardueraren kalitatea, 30 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: prestakuntza helburuen argitasuna, 10 puntu gehienez; proposatutako programa helburuei egokitzea, 10 puntu gehienez; eta entitate hartzailearen egokitzapena, 10 puntu gehienez.

B modalitaterako:

–Prestakuntza jarduerak osasun sisteman duen eragina, 40 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: jarduerak irakaskuntza unitatean espezialitatearen prestakuntza ibilbide ofiziala betetzeko duen beharra, 30 puntu gehienez, eta osasun sisteman duen aplikagarritasuna, 10 puntu gehienez ere.

–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen laneko jarduerari, 30 puntu arte; 30, 15 eta 5 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren.

–Prestakuntza jardueraren kalitatea, 30 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: prestakuntza helburuen argitasuna, 10 puntu gehienez; proposatutako programa helburuei egokitzea, 10 puntu gehienez; eta entitate hartzailearen egokitzapena, 10 puntu gehienez.

6.4. Prestakuntza Nafarroako Osasun Sistemako ahalik eta profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienetara iritsi ahal izateko, 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaerei emanen zaie diru-laguntza.

6.5. Diru-laguntzaren zenbatekoa

Lorturiko puntuen arabera emanen da gehieneko zenbatekoa, doituriko aurrekontuaren gainean.

Nolanahi ere, ezarritako irizpide guztiak aplikatu ondoren, proposamen guztiak asetzeko bezainbeste dirurik ez badago aurrekontuetan, kopurua behar den portzentzajea aplikatuz murriztuko da, banaketa ekonomiko honen esparruan:

Erabilgarri dagoen kopuru osoaren %60a A modalitatean aplikatuko da, eta %40a B modalitatean.

7.–Ebazpena.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, eskatzaileei jakinaraziko zaie, banan-banan. Ematen den kasuetan, laguntzaren helburua eta zenbatekoa azalduko dira.

Hori hala izanik ere, ebazpena Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko programa eta kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

8.–Mugak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak jasotzeko honako muga hauek ezartzen dira:

a) Eskatzaile bakoitzari jarduera bat soilik lagunduko zaio diruz.

b) Dena den, ostatua eta mantenua kontzeptuengatik emanen den diru kopurua gehienez 6 hileko kopurua adinakoa izanen da A modalitaterako eta 4 hilekoa B modalitatean.

9.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin bateragarria da. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 11. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, diru-laguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

Bateragarritasunaren ondorioetarako, programaren guztizko kostua aurkeztutako fakturen arabera estimatuko da, edo horiek ezean, deialdi honen 6.2 oinarrian ezarritako doitzeko modulu ekonomikoen arabera.

10.–Diru-laguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta frogagiriak.

10.1. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Emaniko laguntzaren zenbateko osoak izaera orokorra du, diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzari esleitu gabe, eta onuradunak jaso dezakeen gehienekoa izanen da.

10.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Laguntzen ordainketa Prestakuntza Atalak proposaturik eginen da, modalitateen arabera ezarritako baldintzak bete ondoren.

Ematen den laguntza guztia batera ordainduko da, jardueraren hasieraren behin betiko datak berretsi ondoren, betiere Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurrerakinetarako ezarri diren baldintzak betetzen badira.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, laguntzen onuradunak beharturik daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Prestakuntza Atalera laburpen-txosten bat bidaltzera, gehienez ere 10 orrikoa, eta jarduera burutu dela frogatzen duen ziurtagiria, bai eta gastuen justifikazioa ere, hurrengo lerroaldean adierazten den moduan.

Ostatu eta mantenu gastuak justifikatuko dira egonaldiaren iraupena justifikatuz, gastuen frogagiririk aurkeztu beharrik izan gabe; izan ere, gehieneko laguntza berdina da onuradun guztientzat, eta ezarrita dauden irizpide ekonomikoak baino ez dira aplikatuko. Gastuak inskripzioari eta joan-etorriei dagozkien jatorrizko fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarririkoari jarraikiz, salbu eta ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrietako gastuak; izan ere, kasu horretan onuradunak aitorpen bat sinatu behar du eta bertan jaso joan-etorrian erabiliriko ibilgailuaren matrikula, eta eginiko kilometroak Nafarroako Gobernuak ezarriak dituen arauei jarraikiz konputatuko dira, ordaintzeko.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lorturiko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.–Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edo jardueren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalak aldaketak onartzen ahalko ditu baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira. Onartzen ahalko dira aldaketak jarduera egiteko datan, betiere egonaldia 2017ko azaroaren 1a baino lehenago bukatzen bada.

Diru-laguntzak emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala badagokio, zenbatekoa itzultzea.

13.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasoriko dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1705877