1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1459/2017 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 12ko 1081/2017 Ebazpena aldatzen duena. Horren bidez Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoei dagozkien indarreko zerrendetan dauden izangaiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatzeko prozedura ezarri zen, izangai horiei eskatu zitzaien prestakuntza pedagogiko eta didaktiko hori frogatzeko (salbu prestakuntza frogatu dutenei edo ofizioz aitortu zaienei) eta xedatu zen ezen ezarritako prozeduraren bidez prestakuntza hori frogatzen ez dutenak 2017-2018 ikasturtean zerrendetatik kanporatuko direla.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 12ko 1081/2017 Ebazpenaren bidez, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoei dagozkien indarreko zerrendetan dauden izangaiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatzeko prozedura ezarri zen, izangai horiei eskatu zitzaien prestakuntza pedagogiko eta didaktiko hori frogatzeko (salbu prestakuntza frogatu dutenei edo ofizioz aitortu zaienei) eta xedatu zen ezen ezarritako prozeduraren bidez prestakuntza hori frogatzen ez dutenak 2017-2018 ikasturtean zerrendetatik kanporatuko direla.
Aipatutako ebazpenaren 3. puntuan ezarritako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren frogagiriak aurkezteko prozeduran horretarako jarritako epean, 2017ko ekainaren 2an bukatzen dena, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa agirien bidez frogatu ez duten izangaiak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoei dagozkien irakasle lanpostuetan, aldi baterako kontratazioaren bidez, aritzeko izangaien indarreko zerrendetatik kanporatuko direla xedatzen da.
Hurrengo ikasturterako kontratuak esleitzeko ekitaldi publikoak egin aurretik aldi baterako kontrataziorako izangaietatik zeintzuk diren irakaskuntzan aritzeko baldintzak betetzen dituztenak jakiteko beharrarengatik ezarritako prozedura honek kalte ditzake lehenago aipatutako epearen amaitze datarako ez eduki arren prestakuntza pedagogiko eta didaktiko hori 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen lortzeko moduan daudenen eskubideak eta interesak kalte ditzake zeren Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduak, zeinaren bidez onetsi baitzen zer arauren bidez kudeatu behar diren izangai zerrendak Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko, egiaztapen hau 2017-2018 ikasturterako eskatuko dela xedatzen baitu.
Balizko kalte hori ekiditeko egokia da apirilaren 12ko 1081/2017 Ebazpenaren bidez ezarritako prozedura aldatzea, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen lortzeko moduan daudela frogatzen duten izangaiak aldi baterako kontrataziorako zerrendetatik kanporatuak izan ez daitezen, baldin eta ikasturtearen hasiera baino lehen bidezko ikasketak gainditu dituztela frogatzen badute.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 12ko 1081/2017 Ebazpenaren 3. puntua aldatzea. Aurrerantzean testu hau izanen du:
“3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren frogagiriak aurkezteko prozedura ezartzea, honela:
I. eranskineko zerrendako pertsonek, aldi baterako kontrataziorako zerrendetan jarraitu nahi badute, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute, bere inguruabarren arabera:
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntzen irakasle lanbiderako gaitzen duen unibertsitate-masterreko titulu ofizialaren kopia konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.
–Espezializazio didaktikoko lanbide-tituluaren kopia konpultsatua, edo irakaskuntzarako gaikuntza agiriarena, edo irakaskuntzarako gaitasun agiriarena, betiere 2009ko urriaren 1a baino lehen lortua.
–Maisu-maistra tituluaren kopia konpultsatua, edo Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomadun tituluarena, edo Lehen Hezkuntzako maisu-maistra tituluarena, edo Pedagogia eta Psikopedagogiako lizentziadun tituluarena, edo barnean prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa hartzen duen lizentzia tituluarena edo titulazio baliokidearena, betiere 2009ko urriaren 1a baino lehen lortua.
–Zerbitzu orria, behar bezala ziurtatua, behar bezalako baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako edo Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaskuntzetan, 2008-2009 ikasturtea bukatu baino lehen gutxienez 12 hilabetetan irakasle jardun izana frogatzeko, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.
–Lanbide Heziketako edo kirol irakaskuntzetako irakaskuntzarako titulu baliokidearen kopia konpultsatua, eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutakoaren baliokide den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzen duen ziurtagiri ofizialarena, edo, azken horren ordez, zerbitzu orria, behar bezala ziurtatua, behar bezalako baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, aipatu irakaskuntzetan, 2014ko irailaren 1a baino lehen gutxienez 12 hilabetetan irakasle jardun izana frogatzeko, hori guztia irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan (ekainaren 7ko ECD/1058/2013 Aginduak emandako testuaren arabera) ezarritakoarekin bat.
–Egiten ari diren ikasketak eta horiek amaitzeko aurrez ikusitako data agertzen dituen egiaztapena, unibertsitateak emana, edo matrikularen gordekinaren edo beste dokumentazio baliokide baten kopia konpultsatua, 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa lortzeko moduan daudela alegatzen dutenen kasuan.
Ondorio horretarako, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 18ko 182/2001 Foru Aginduarekin bat (2001eko 79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala argitaratu zen, ekainaren 29an).
Aipatutako agiriak aurkezteko epea, oro har, 2017ko ekainaren 2an, egun hori barne, amaitzen da; 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa lortzeko moduan daudela alegatzen dutenen kasuan, epea ekainaren 7ra arte luzatzen da, egun hori barne.
Agiriak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan (San Domingo kalea, 8, 31001 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Estatuko hizkuntza koofizial batean idatziak aurkezten diren agiriekin batera, euskarazkoak salbu, agirien gaztelaniazko itzulpena ere aurkeztu beharko da. Atzerriko erakundeek egindako agiriek baldintza hauek bete beharko dituzte: ofiziala izatea, agintaritza eskudun batek sinatuta egotea, bide diplomatiko baten bidez legeztatuta egotea eta, hala bada, harekin batera gaztelaniazko itzulpen ofiziala aurkeztea. Zinpeko itzultzaileek eginak izan beharko dira itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.
Agiriak aurkezteko epeak bukatuta, Giza Baliabideen Zerbitzuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatu ez dutenen behin-behineko zerrenda eta aipatutako prestakuntza 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen lortzeko moduan daudela alegatu ondoren frogatu ez dutenen behin-behineko zerrenda onetsiko ditu, ebazpen baten bidez.
Ebazpen hori iragarki-oholean eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da. Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Parte-hartzaileek, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzura zuzenduak, agiriak aurkezteko lehenago aipatutako edozein tokitan, eta, hala bada, aurkeztutako agirietan atzemandako akatsak edo hutsak zuzentzeko. Ez da inola ere onartuko egiaztatze epean aurkeztu ez den agiriren bat aurkeztea.
Erreklamazioak baietsi edo ezetsi ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntzako kontseilariaren 55/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen bat eginen du izangai batzuk kanporatzeko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoei dagozkien irakasle lanpostuetan, aldi baterako kontratazioaren bidez, aritzeko izangaien indarreko zerrendetatik; hain zuzen ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa agirien bidez frogatu ez dutenak eta prestakuntza hori 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen lortzeko moduan daudela frogatu ez dutenak kanporatuko dira. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da. Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa 2017-2018 ikasturtearen hasiera baino lehen lortzeko moduan daudela frogatzen dutenek, 2017ko abuztuaren 23a baino lehen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntzen irakasle lanbide arauturako gaitzen duen unibertsitate-masterreko titulu ofizialaren kopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, agiriak aurkezteko lehenago aipatutako edozein tokitan.
2017ko irailaren 1a baino lehenago Giza Baliabideen Zerbitzuak ebazpen bat eginen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa agirien bidez frogatu ez duten izangaiak kanporatzeko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoei dagozkien irakasle lanpostuetan, aldi baterako kontratazioaren bidez, aritzeko izangaien zerrendetatik.
Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da. Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.”
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
3. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuaren iragarki-oholean eta web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
5. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari eta Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Kontratuen Atalari eta Deialdien Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 25ean.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.
Iragarkiaren kodea: F1706325