100. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

162/2017 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2017. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultur jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza-eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da, esate baterako, gurasoen prestakuntzarako jarduerak eta parte-hartzea bultzatzekoak, besteak beste.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2017. urteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 2017ko gastuen aurrekontuko gehieneko gastu hau baimentzen da.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

45.000

420002-42110-4819-324200

2017

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Eskolatze Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 8an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2017. urteko deialdia

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2017ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren:

ARAUAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ikasleen gurasoen elkarteen federazioek hezkuntza eta kultur jarduerak programatu eta antolatzeko gastuak finantzatzeko laguntzak emateko oinarriak ezartzea.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika sustatzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute legearen arabera eratutako Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, betiere Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4. Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

4.1. Federazioek honako gai hauei buruzko informazio eta prestakuntza jarduerak aurkezten ahalko dituzte diru-laguntza jasotzeko: berdintasunerako hezkuntza eta bizikidetza baketsuaren garapena, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, aurrezki eta eraginkortasun energetikoa, hondakinen ingurumen kudeaketa zuzena, eta antzekoak, betiere federazioek antolatu eta zuzentzen badituzte eta federazioko kideei, elkarteei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei zuzenduta baldin badaude.

4.2. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeria justifikatzen omen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, edo jarduera eta argitalpen politikoak.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkez daitezke, edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskripzioa, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren arabera.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada, edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 7 eguneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela beraien eskaera.

7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Federazio eskatzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa finkatzeko, onartzen diren eskaeren kopuruaz gainera, honako hauek ere hartuko dira kontuan: federazio bakoitzari atxikita dauden elkarteen kopurua, kidetuta dauden familien kopurua eta egindako jardueren kopurua.

7.2. Ondorio horietarako, irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Federazioentzat bideratutako diru guztiaren %15 zati berdinetan banatuko da onartutako eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %25, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %30, federazio bakoitzaren elkarteetako familien kopuruaren arabera.

d) %30, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoa errespetatuz egindako jarduerengatik aurkeztutako gastuaren arabera.

8. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokako araubidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan.

9. Prozedura tramitatu eta instruitzeko organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeko burua: Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

–Batzordekideak: Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian aurreikusitako irizpideei jarraikiz.

10. Ebazpena.

10.1. Dokumentazioa azterturik, balorazio batzordeak behin betiko balorazioa egin eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio, laguntzak emateko behin betiko proposamena egin dezan.

10.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

10.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira espresuki ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan ere argitaratuko du Hezkuntza Departamentuak, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

12. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, besterik ez, betiere gastu hori 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 20ra bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Diru-laguntzaren ordainketa.

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntza jasotzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2017ko abenduaren 1a baino lehen:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzeko. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Justifikazio kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturen jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egin den eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) eta igorlearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo diru-laguntzak azalduko baitira, horrelakorik bada.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako diru-laguntzaren alde aldakorra.

13. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla adierazi beharko da. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua). Diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura jasotzen dituztenean eta bi baldintza hauek betetzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako argibide osagarriak eskatu eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Bere eskumenen esparruan, Hezkuntza Departamentuak federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkezteko, federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei dagokienez horiek ematen dituzten datuen egiazkotasuna eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotak egiaztatzeko.

Federazioek dokumentazio hori ikusten ahalko dute. Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17. Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak (besteak beste, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea).

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

19. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Ikasleen gurasoen elkarteen federazioek laguntza jasotzeko eskabidea, 2017. urterako.

III. ERANSKINA

Jardueren azalpen-txostena.

IV. ERANSKINA

Deialdian aurkezturiko jardueren zerrenda laburtua.

V. ERANSKINA

Gastuaren justifikazio kontua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1705626