Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1205/2017 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez arautzen da diru-laguntzak nola eman Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei, inbertsioen bidez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.
Txertatze enpresek babes, jarraipen eta gizarte-laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko, lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.
Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuak (haren bidez erregulatu zen gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea), III. kapituluko 26. artikuluan, aurreikusten ditu inbertsioak egiteko diru-laguntzak, norgehiagokako araubidean, enpresek lanpostuak sortzeko eta merkatuan duten lehiakortasuna hobetzeko.
Ebazpen honen helburua da horrelako enpresei eskaintzea inbertsioengatiko diru-laguntzak eskatzeko aukera, eta oinarri arautzaileak ezartzea, haientzat berariaz diseinatutako diru-laguntzetarako.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du diru-laguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.
Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jaso direnak, onestea, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako.
2. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Txertatze enpresetako inbertsioetarako diru-laguntzak” izeneko 950001 96100 7709 241204 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Oinarri hauen xedea da Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, inbertsioak egin ditzaten, horiei esker beren lehiakortasuna indartzeko eta beren jarduerari eta enplegu-sorkuntzari laguntzeko.
Oinarri hauen babesa izateko, gizarteratze eta laneratze enpresek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak.
2.–Gastu diruz lagungarriak.
Enplegua sortzeko, sendotzeko, jarduera ekonomiko berriak sortzeko eta Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen lehiakortasuna hobetzeko asmoz egiten diren inbertsioak izanen dira diruz lagungarriak.
3.–Diru-laguntzen onuradunak.
3.1. Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke:
a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (hemendik aurrera NL-NEZ) ofizioz eta behin-behinekoz laneratze enpresa gisa sailkatutako gizarteratze eta laneratze zentroak.
b) Behin-behinekoz sailkatu zirenetik gutxienez ere 2 urtez funtzionamenduan diren gizarteratze eta laneratze enpresak.
4.–Enpresa onuradunen betebeharrak.
4.1. Enpresa onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Jarduera izan izana 2016. urtean, edo, bestela, diru-laguntza zer ekitalditarako eskatu eta aurrekoan.
b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetatik bakar bat ere ez urratzea. Hori “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak edo zentroak.
4.2. Deialdi hau ez zaie aplikatuko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua), haien jarduera dela kausa, laguntza hauetatik baztertuta dauden laneratze eta gizarteratze enpresek aurkezten dituzten eskaerei, ezta enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertu diren zentroen eskaerei ere, baztertzeko arrazoia arau-hauste oso larriak egitea izan baldin bada, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.
Aipatutako erregelamenduaren 1. artikuluak hau ezarri du:
“1. Sektore guztietako enpresei esleitutako laguntzei aplikatuko zaie erregelamendu hau, salbuespen hauekin:
a) Arrantzaren eta akuikulturaren sektoreetan ari diren enpresei emandako diru-laguntzak.
b) Nekazaritzako produktuen produkzio primarioko enpresei emandako diru-laguntzak.
c) Nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresei emandako laguntzak, honako kasu hauetan:
1) Kontuan harturik enpresa interesdunek horrelako zenbat produktu erosten dizkieten lehen sektoreko ekoizleei edo zer preziotan, edo horrelako zenbat produktu merkaturatzen dituzten, horren arabera ezartzen denean laguntzaren zenbatekoa.
2) Baldin laguntzak berarekin badakar laguntza edo laguntzaren zati bat lehen sektoreko ekoizleei jasanaraztea.
d) Hirugarren herrialdeetara edo Europar Batasuneko herrialdeetara esportatzearekin lotutako jardueretarako laguntzak, hots, honako hauekin zuzenean lotutako laguntzak: esportatutako kantitateak, banaketa sare bat ezartzea eta ustiatzea, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuk.
e) Inportatutako produktuen ordez produktu nazionalak erabili beharra duten laguntzak.
2. Enpresa batek 1. ataleko a), b) edo c) letretako sektoreetan badihardu, eta baita erregelamendu honen aplikazio eremuko beste sektore batean edo batzuetan edo beste jarduera batzuk egiten baditu, erregelamendua aplikatuko zaie sektore edo jarduera horiekin lotuta emandako laguntzei baldin dena delako Batasuneko estatu kideak bermatzen badu, bitarteko egokiekin bermatu ere –esaterako jardueren bereizketa edo kostuen bereiztea–, ezen erregelamenduaren aplikazio eremutik kanpo gelditutako jarduerek ez dutela jasoko erregelamendu honen arabera emandako de minimis laguntzarik.”
5.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
Diruz lagungarriak izateko, inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitarte egindako inbertsioak izatea, eta urte bereko azaroaren 5a baino lehen ordainduak izatea.
b) 400 euroko gutxieneko kostu unitarioa izatea, non ez diren negozio lerro berri bat abiatzeko inbertsioak, kasu horretan ez baita gutxieneko zenbateko hori aplikatuko.
Inbertsioaren xedeko ondasun bakoitzaren prezioa (BEZa kanpo) da gutxieneko kostu unitarioa.
c) Txertatze enpresaren aldetik kofinantzazioa izatea, gutxienez inbertsioaren %20 jarrita.
6.–Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Aurreikusten diren kostu diruz lagunduak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, ordaindu eta fakturen edo froga balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatuak.
Diru-laguntza honen ondorioetarako, ibilgetuan kontzeptu hauetan egiten diren inbertsioak joko dira gastu diruz lagungarritzat:
a) Gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerarako baino erabiltzen ez diren lokalak egokitzea. Kasu horretan, eskaerari dagokion proiektua erantsiko zaio.
b) Negozioa eskuz aldatzeko eskubideak. Kontzeptu honetatik kanpo daude saltzeko diren izakinak edo salgaiak.
c) Makineria eta tresnak,
d) Ekipamendu informatikoak.
e) Bulegoko altzariak.
f) Aplikazio informatikoak, baldin enpresaren jarduerari loturik badaude zalantzarik gabe.
g) Jarduera burutzeko bakarrik diren nahitaezko ibilgailuak. Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik joko dira babesteko modukotzat, hau da, beren fitxa teknikoan ezarrita duten sailkapen kodearen hasiera 03, 04, 06, 10 edo 31 ez dutenak.
h) Altzariak.
6.2. Ez dira ibilgetuko inbertsiotzat joko errentamendu finantzarioaren edo leasing bidez finantzatzen direnak, ezta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere.
6.3. Eskuratzen diren ondasunak berriak edo bigarren eskukoak izaten ahalko dira; azken kasu horretan, hornitzailea erabilitako ondasunak saltzen edo/eta egokitzen diharduen enpresa izan beharko da; bestela, 3 eskaintza aurkeztu beharko dira, aukera ekonomikoena hautatzen dela frogatzeko. Ondorio horietarako, eskuratzen diren eraikin eta bestelako eraikuntza erabiliak aktibo finko material berritzat joko dira.
7.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izanen da, eta 20.000 euro gehienez gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzeko.
8.–Aurrekontuko zuzkidura.
Oinarri hauetan araututako diru-laguntzak 2017ko gastuen aurrekontuko “Txertatze enpresetarako inbertsioetarako laguntzak” izeneko 95001 96100 7709 241204 partidaren kontura finantzatuko dira, aurrekontuetako kontsignazioan dagoen diru-muga gainditu gabe.
Hurrengo urteetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan urte horietarako ezartzen den partidaren kargura finantzatuko dira.
9.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.
9.1. Txertatze enpresa bakoitzak inbertsioetarako laguntza eskaera bakarra aurkezten ahalko du.
9.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Organo kudeatzaileak, oinarri hauetan ezarritakoa kontuan harturik, eskatutako aldi osorako onartuko du diru-laguntza.
Diru-laguntza aurreikusitako epean eskatzen ez bada, ulertuko da enpresak uko egin diola. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
9.3. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar oinarriak onartzea.
9.4. Eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.
Orobat, berarekin dakar baimena ematea beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.
10.–Aurkezteko tokia.
Eskabideak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, aipatutako dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.
11.–Aurkeztu beharreko agiriak.
11.1. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.
b) Egin beharreko inbertsioaren proiektua (III. eranskina), informazio hau jasoko duena:
–Kontzeptu diruz lagungarria(k).
–Sortutako edo sortuko diren lanpostuen kopurua, diru-laguntzen xedeko epean, eta inbertsioak enplegu sorrerarekin izanen duen erlazioaren justifikazioa.
–Negozio lerro berriak, merkatu berriak eta/edo bezero berriak lortzeko aurreikuspenak.
–Norberak finantzaketan laguntzeko ekarriko duen ehunekoa.
–Inbertsioak produktibitate handitzearekin duen erlazioaren justifikazioa.
c) Erantzukizunpeko adierazpena:
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. (I. eranskina).
–Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo diru-laguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik ez duela eskatu dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz adierazteko konpromisoa ere. Adierazpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere. (II. eranskina).
d) Lehenago Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik ez badu inoiz jaso, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia, banku entitateak behar bezala betea.
11.2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.
11.3. Aurkezten diren agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, eskabidea eta behar diren aitorpenak jatorrizkoak izanen dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ahalmena izanen du kopia soilean aurkeztutako edozein agiriren jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia eskatzeko.
12.–Diru-laguntza emateko prozedura.
12.1. Norgehiagokakoa izanen da diru-laguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.
12.2. Diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean diru-laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 15. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.
12.3. Berdinketa kasuetan, kontratazio gehien egitea aurreikusten duten inbertsio proiektuei emanen zaie lehentasuna, eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, finantzaketan gehien laguntzen duen entitatea lehenetsiko da.
12.4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio diru-laguntzari, organo emaileak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta oinarri hauetan ezarritako gainontzeko baldintzak betetzen baditu.
12.5. Instrukziorako organo eskudunak aukera emanen dio lehentasun ordenaren arabera diru-laguntza guztia lortzen ez duen eskatzaileari proiektua berriz formulatzeko; hori egindakoan, puntuazio bera lortzen jarraitu beharko du balorazioan.
13.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.
Prozedura instruitzeko eskumena duen organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.
Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.
Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:
Batzordeburua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekidea: Enplegu Inklusiboko Programen Ataleko burua.
Batzordekidea: Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoko burua.
Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
14.–Prozeduraren ebazpena.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
–Diru-laguntzaren onuradun izan diren entitateen zerrenda eta inbertsio diruz lagunduak.
–Ukatutako eta onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontu-izendapenik ez egoteagatik ukatu direnak espres adierazita.
–Lortutako puntuazioa eta eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
–Guztira onartutako diru kopurua.
Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
15.–Balorazio irizpideak.
Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Ebaluazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:
a) Inbertsioak enplegua sortzearekin duen zerikusia: 10 puntu arte.
Enpresak inbertsioari esker kontratatzen duen edo kontratatu asmo duen langile bakoitzeko 5 puntu emanen dira, betiere inbertsioa egin baino 3 hilabete lehenagoko plantillarekin alderatuta, kontratazio horiek zerikusia baldin badute diruz laguntzen den inbertsioarekin.
Kontratazio berriak aurtengo urriaren 31 baino lehen egin beharko dira, egun hor barne.
b) Berrikuntza: 10 puntu.
10 puntu emanen dira inbertsioa jarduera berri bat sortzera bideratuta badago (negozio lerro berriak sortzea, merkatu berrietan merkaturatzea, bezero berriak egitea).
c) Txertatze enpresak proiektua kofinantzatzea: 15 puntu arte.
–Enpresak inbertsioaren %20 eta %30 arteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.
–Enpresak inbertsioaren %31 eta %40 arteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.
–Enpresak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 15 puntu.
d) Produktibitatea: 5 puntu.
5 puntu emanen dira baldin inbertsioak berarekin ekarri behar badu, modu frogagarrian, ekoizpena handitzea txertatze enpresan.
Irizpide horiek aplikatuta 15 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.
16.–Onuradunen betebeharrak.
Oro har, onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta diru-laguntza ematean eta horren gainean ebaztean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.
c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, diru-laguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen. Kasu horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahikotzat jo beharko ditu arrazoi horiek ebazpen baten bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.
Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartzen diren lanpostu berriak diru-laguntza eman eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Kontratatzen diren pertsonetako bati baja ematen bazaio, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztu beharko du hilabete bat igaro baino lehen.
d) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, eta bereziki inbertsioa mantentzeari buruzkoetan, edozein aldaketa izanez gero, haien berri ematea.
e) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten diren adierazpen guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela agertu beharko da, eta araudian ezarritako publizitate betebehar guztiak bete beharko dira.
f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Komunikazio hori egiteko 15 eguneko epea egonen da, laguntza lortzen edo helburuak aldatzen diren unetik, eta, betiere, justifikazioa egiteko epea bukatu baino lehen jakitera eman beharko da.
g) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak 4 urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, diru-laguntzaren justifikaziotik hasita. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZri igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.
h) NL-NEZri eta kontroleko edozein organismo eskuduni ematea laguntzei jarraipena egiteko behar den informazio guztia, eta behar diren kontrolak onartzea, eta egoki den auditoreari laguntzea.
i) Gardentasunari buruzko betebeharrak.
i.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
i.2.) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
17.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:
1. Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.
Onuradunak kasuan kasuko urteko azaroaren 5a baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: justifikazio-kontua, gastuaren frogagiriak eta memoria ekonomiko bat aurkeztuta; azken horretan, lortutako diru-sarreren eta diru-laguntzarekin lotutako gastuen zerrenda sailkatua sartuko da. Ondorio horietarako, egiazki ordaindutako fakturen jatorrizko agiria eta kopia aurkeztu beharko dira, baita frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak ere, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.
Era berean, 11. oinarriko b) atalean ezarritako kontzeptu guztien justifikazioa aurkeztu beharko da, balorazioan aintzat hartu baldin badira.
2. Emandako diru-laguntzaren %50eko ordainketa partzial bat egiten ahalko da inbertsioa egiteko epea bukatu baino lehen, enpresak justifikatzen badu aurreikusitako inbertsioaren %50 egin eta ordaindu duela.
18.–Jarraipena eta kontrola.
Onuradunek honako egiaztapen lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharrekoak, behar diren finantza-kontrolekoak eta legez bidezko diren gainerakoak.
Inbertsioaren ondorioz sortutako lanpostuak mantentzen ote diren ikusteko jarraipen berezia eginen da.
Egiaztapen horiek egin ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ixteko behar den ebazpena emanen du.
19.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Inbertsioetarako diru-laguntzak bateraezinak dira helburu bererako Nafarroako Gobernuak ematen ahal dituen bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Bateragarriak izanen dira beste edozein entitatek emandako beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin; betiere, kontuan hartu beharko da haien zenbatekoak ezin izanen duela egindako inbertsioaren %100 gainditu.
20.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
20.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
20.2. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.
20.3. Onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa komunikatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du.
20.4. Inbertsio proiektuan proposatu eta balorazioan aintzat hartutako zerbait betetzen ez bada, emandako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharko da, edo, kasua bada, dagokion ordainketa egitea galaraziko du. Ez-betetze horiengatik, diru-laguntzaren %2 kenduko da balorazioan oker esleitutako puntu bakoitzeko.
20.5. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren ondoriozko betebeharrak betetzen ez badira, ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu.
21.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
21.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan, diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz, ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
21.2. Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
22.–Publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatutako diru-laguntzen berri emanen du Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako moduan.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
23.–“De minimis” araubidea.
Diru-laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).
24.–Arau osagarriak.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
I. ERANSKINA
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena.
II. ERANSKINA
Bestelako laguntzei buruzko aitorpena.
III. ERANSKINA
Egin beharreko inbertsioaren proiektua.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1705586
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
