1. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Udal Plan Orokorreko UE-4.1 eta UE-4.2 exekuzio unitateetako kostuak banatzeko proiektua. Hasierako onespena

Aiegiko Udalak, 2016ko abenduaren 15ean egin osoko bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen, legez ezarritako quoruma zuela:

1.–Hasiera batean onestea Aiegiko Udal Planeko AR-4 banaketa eremuko UE-4.1 eta UE-4.2 exekuzio unitateetan azpiegitura komunen kostuak banatzeko proiektua. Javier Martínez Aguinagak sustatu du, eta Myriam Lander Andueza arkitektoak prestatu. Hori guztia, Hirigintza iraunkorra laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak aldatzen duen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 133. artikuluan xedatuari jarraikiz.

2.–Kostuak banatzeko proiektua, onetsi dena, jendaurrean egonen da 20 egunean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 76. eta 134. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta probintzian gehien saltzen diren egunkarietakoren batean, eta banan-banan jakinaraziko zaie jabeei eta zuzenean ukitutako gainerako interesdunei, AR-4 banaketa eremukoak baitira.

Interesa duten partikularrek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte jendaurrean egon dadin jarritako epean.

3.–Kostuak banatzeko proiektua behin betiko onetsi aurretik, Aiegiko Udaleko Osoko Bilkurak hasiera batean onetsi beharko du hirigintzako hitzarmena, aipatu proiektuaren sustatzailearen eta Udalaren artekoa. Hirigintzako hitzarmen horretan garbi geratu beharko da Aiegiko Udalak ez duela dirua aurreratu behar azpiegitura komunak finantzatzeko; izan ere, AR-4 unitatea bi exekuzio unitatetan banatu ezean, kostuen banaketan Administrazioak dirua aurreratu beharraren arazoa ez litzateke egonen. Udalak AR-4 unitatea bi exekuzio unitatetan banatzea onetsi zuen, baina hori egin zuen erabat legezkoa zelako eta sustatzaileari errazteko AR-4 eremuaren zati baten hirigintzako garapena. Alabaina, horrek ezin dio kostu ekonomikorik ekarri administrazio honi, eta une honetan ezinezkoa da diru hori ematea, Udalaren diru kutxetatik hartuta. UE-4.1 exekuzio unitatearen sustatzaileak azpegitura komunak finantzatu beharko ditu, eta gastu horren ordain ekonomikoa emanen zaio ahalik eta eperik laburrenean. Hori da, hain zuzen, aipatu hirigintza hitzarmenean jorratu beharreko gaietako bat.

Aiegin, 2016ko abenduaren 19an.–Alkate udalburua, Juan María Yanci López.

Iragarkiaren kodea: L1614475