1. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia izangaien zerrenda eratzeko, administrari-ofizial lanpostu bat aldi batez betetzearren

Udal bulegoetan laster izanen diren beharrak direla-eta, zenbait langile erretiratuko delako berehala eta balitekeelako ordezkapenak egin behar izatea, eta egoki bete behar direnez administrari-ofizialen eginkizunak, zerbitzuen funtzionamendu onak kalterik hartu ez dezan,

EBATZI DUT:

Deialdiaren honako oinarri hauek onestea administrari-ofizial lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko izangaien zerrenda eratzeko eta orobat agintzea oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, tramitazioa abiarazteko.

IZANGAIEN ZERRENDA ERATZEKO DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIAL LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Honako deialdi honen xedea da Vianako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial lanpostua hautaproben bidez betetzeko izangaien zerrenda eratzea, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabiltzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenetarako laneko bajak daudenean, oporretarako eta udal zerbitzuak indartu beharra dakarten unean uneko zeinahi premiatarako.

1.2. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (maila horretako eginkizunak dituelako) eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.

1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia Vianako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak izanen dira, zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahalko ditu. Lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke. Horiek guztiak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiznahi aldatzen ahalko dituzte administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

1.4. Kontratudunak bi hilabeteko probaldia gainditu beharko du eta epe horretan bi aldeetako edozeinek deuseztatzen ahalko du kontratua, horren berri modu ofizialean jakinaraziz gutxienez ere hamabost egun baliodun lehenagotik. Lanpostu huts bat aldi batez betetzeko kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du lanpostuaren titularrak lanpostuaren jabetza hartzen duenean edo hautatuak lanpostu hutsaren jabetza hartzen duenean.

1.5. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari egokituko zaizkio, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, barnean direla goiko mailetakoei laguntzeko eta betearazteko eginkizunak.

–Vianako Udalak lanpostu horri loturik esleitzen ahal dizkion eginkizunak.

–Halaber, beharrezkoa bada, Udalaren bulegoetatik kanpoko jarduketa eta kudeaketak eginen ditu.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostu horretara lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 252/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

d) Administrari-ofizial baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 7,50 euro ordaintzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bulegoak irekita dauden orduetan, 09:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera, egun baliogabeetan izan ezik, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan aurkezten ahalko dira.

4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.

b) Udalaren Diruzaintzan 7,50 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

–La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

–Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Azterketa. Adm.-ofiziala

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi ere.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki oholean eta web-gunean argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idatzia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

6. oinarria.–Epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Mahaiburua: José Luis Murguiondo Pardo, Vianako Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Mari Cruz Ortega Torres, Vianako Udaleko lehen alkateordea.

–Lehen mahaikidea: Eduardo Labeaga Mendiola, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Lehen mahaikidearen ordezkoa: Arturo Hernández Armendáriz, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

–Bigarren mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

–Hirugarren mahaikidea: Idoia González de Zarate Fernández de Retana, Vianako Udaleko kontu-hartzailea.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: María Luz Fernández Mendaza, Vianako Udaleko administrari-ofiziala.

–Mahaikide idazkaria: Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria, edo haren legezko ordezkoa.

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Javier Pérez de Ciriza Gainza, Aberingo, Arellanoko eta Morentingo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta indarrean dagoen araudian parte ez hartzeko ezartzen diren egoeretakoren batean badaude; izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baino ez dira arituko, eta epaimahaiari haietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizioaren garapena eta balorazioa.

7.1. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Alkatetza ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Udalaren iragarki-oholean eta webgunean ere.

Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak soilik emanen dira argitara Vianako Udalaren iragarki-oholean eta webgunean eta aurreko probak egin diren tokian.

7.2. Oposizioko ariketak plika itxien sistema erabiliz eginen dira, horretarako aukera ematen badute, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

7.2.1. Lehen ariketa.-Teorikoa: galdera sorta bati idatziz erantzun beharko zaio; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan epaimahaiak 50 puntu eman ditzake gehienez, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik epaimahaiak esanen duen moduan.

7.2.2. Bigarren ariketa praktikoa.–Bi agiri ofizial prestatu beharko dira oposiziogileei emanen zaizkion datuak erabiliz.

Ariketa horrek, gehienez ere, 20 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira bi zatietan, guztira, gutxienez 10 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Lehenbiziko bi ariketak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik eta epaimahaiak bien artean atsedenaldia egitea erabaki lezake.

Epaimahaiak erabakiko du, bi ariketak hasi aurretik, gehienez ere zenbat iraunen duten.

Ariketa horiek egiteko ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdin edo beltza baino ez.

Epaimahaiak, plikei zenbakia jarri ondoren, lehenbiziko ariketa zuzenduko du lehenik. Ez da zuzenduko lehenbiziko ariketa gainditzen ez dutenen bigarren ariketa, baztertzailea baita.

Behin lehenbiziko bi ariketak kalifikatutakoan, epaimahaiak izangaien eta beren kalifikazioen zerrenda jarriko du Vianako Udalaren iragarki oholean eta webgunean.

Plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua iragarriko dira emaitzak Vianako Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratu ondoren.

7.2.3. Hirugarren ariketa.– Ofimatikako proba praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, deialdiko lanpostuaren eginkizunez izangaiek dituzten ezagupen praktikoak neurtzeko; tresna ofimatikoen ingurukoak izanen dira (Word eta Excel).

Hirugarren ariketa hori (informatika) ANIMSAren egoitzan eginen da: Iruñeko Armada etorbidea, 2, 8. solairua, 31002.

Ariketa hori egin ahalko dute soilik lehenbiziko bi ariketetan 22 puntuaziorik handienak eskuratu dituzten izangaiek, bazterturik geldituko direlako gainerako izangaiak.

Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin.

Hirugarren ariketa honetan, gehienez ere, 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

7.2.4. Laugarren ariketa.–Proba psikoteknikoak, lanpostuaren profilarekiko egokitasuna neurtzeko: gehienez ere 10 puntu emanen dira. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Ataleko talde profesionalak zenbait proba eginen ditu; talde hori deialdi honetako gaiari buruzko aholkulari espezialista bezala agertuko da. Ez da baztertzailea izanen.

7.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak edo beren nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Minusbalio frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

7.4. Epaimahaiak, egokiera bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabaki dezake ariketa bat baino gehiago egun berean egitea edo haien ordena aldatzea, eta ariketaren bat egiteko zailtasunagatik, zehazki, ariketa praktikoaren edo ariketa psikoteknikoaren zailtasunagatik, beharrezkoa bada, egun batean edo gehiagotan egiten ahalko dira, kontuan harturik aurreko probak gainditu dituzten izangaiak zenbat diren eta ariketa egiteko zenbat toki behar den.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Vianako Udaleko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalean maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

8.2. Proposatzen den izangaiak, kontratualdia hasi aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

e) Zinpeko aitorpena, bere erantzukizunpean, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren gainekoa.

f) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) Vianako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra alde batera utzi gabe.

9. oinarria–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek lau urteko iraunaldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. atalean, ezarritakoa.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Vianako Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean udal berean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

5.–Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabortz egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo idatz-zatian aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egin arte, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasu hauetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

10.1. Vianako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna, proposatzen den eta oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiaren aldi baterako kontratazioa, administrazio araubidekoa, sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

10.2. Izangai kontratudunak lanpostua betetzen hasi beharko du formalizaturiko kontratuaren arabera hala dagokion egunean edo, bestela, bete beharreko lanpostua orain betetzen duen pertsonak erretiroa hartu eta hurrengo lanegunean.

10.3. Bi hilabeteko probaldia ezarri da, kontratazio egunetik hasita.

11. oinarria.–Aplikazio osagarriak.

Deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatzekoak diren indarreko arauak aplikatuko dira.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

12.1.–Deialdi honen aurka, baita haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2016ko azaroaren 30ean.–Alkate udalburua, José Luis Murguiondo Pardo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua. (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdunak direnak, ekiteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: Beharkizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. administrazioarekiko errekurtsoak: Printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolaketa. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki entitateen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

6. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena. II. kapitulua: 1. sekzioa: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontuko aldaketak. IV. kapitulua: gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

7. 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

8. 234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

9. 12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

10. Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. V. titulua: Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina.

11. 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak. VI. titulua: Zehapen araubidea.

12. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea: I. titulua: Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. II. titulua: Esleipenaren aurreko jarduketak. III. titulua: Esleipena. xedapen orokorrak eta esleitzeko prozedurak.

13. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egile berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L1613935