Iragarkia
1. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1969/2016 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak emana, betebehar berariazkoak dituen lan kontratupeko irakasle doktorearen lanpostu bat kontratatzeko lehiaketarako deialdia egiten duena.
2015eko abenduaren 16ko Gobernu Kontseiluaren erabakia ikusirik, 1. motako kontratupeko irakasle doktorearen lanpostu bat kontratatzea onesten duena, berariazko betebehar hauekkin: Ramón y Cajal programa amaitua izatea eta I3 ziurtagiria izatea.
2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluaren erabakia ikusirik, aipatu lanpostu hori Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza-arloari atxikitzen diona, eta 4714 lanpostua epaituko duen Kontratazio Batzorderako deialdia egitea eta haren osaera onesten duena.
Ikusirik Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48. artikulua eta hurrengoak, unibertsitateak irakasleen eta ikertzaileen lan-kontratazioa egiteko gaitzen dituztenak.
Ikusirik apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasleen eta ikertzaileen araubidea arautzen duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa prozesuak arautzen dituen arautegia ikusirik, 2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez onetsi zena (2016ko 180. NAO, irailaren 16koa).
Ikusirik Langileen Kudeaketako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontuhartzailetzak txostena eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (127. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 2koa).
EBATZI DUT:
Lehenengoa.–Lehiaketarako deialdia egitea, betebehar berariazkoak dituen 1. motako kontratupeko irakasle doktorearen lanpostu bat kontratatzeko, ebazpen honetako I. eranskinean dauden eta ebazpenaren zati diren oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena.–Deialdi honen III. Eranskin moduan eransten den eta deialdiaren parte den Kontratazio Batzordearen osaera onestea.
Hirugarrena.–Irakasleen kontratazioak sortutako gastua egotziko zaie 2017ko Aurrekontuetako I. kapituluan xede horretarako aurreikusita dauden kontusailei:
–2112 0210 130.00. Ordainsariak 32.540,38
–2112 0210 160.00. Gizarte Segurantza 10.055,00
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitateko web-orrialdean argitara dadin agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusira, ukitutako saileko zuzendariari, Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetzara eta Kontuhartzaileari.
Seigarrena.–Ebazpen honek, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, administrazio bidea amaitzen du, eta bere aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako arlo bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere, ebazpen hau jakinarazi, eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2016ko abenduaren 13an.–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordea, Manuel Rapún Gárate.
I. ERANSKINA
Oinarriak
Lehenengoa.–Deialdia.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak, Unibertsitateen Lege Organikoak, ekainaren 24ko 1042/2015 Ebazpenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, errektoretza taldearen egitura orokorra eta funtzioak onesten dituenak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa prozesuak arautzen dituen arautegiak ezartzen dutenarekin bat etorriz, II. Eranskinean esaten den kontratupeko irakasle doktorearen lanpostu bat kontratatzeko deialdia egiten du.
Bigarrena.–Lehiaketa arautzea.
Deialdi hau eta bere oinarriak arau hauek ezartzen dutena zuzenduko dituzte: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuek, apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea arautzen duenak, 2016ko irailaren 7ako Gobernu Kontseiluak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa prozesuak arautzen dituen arautegiak, eta ordezko moduan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak.
Hirugarrena.–Izangaien betekizunak.
1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 16 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
b) Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala egiaztatuta egotea kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako edo unibertsitateko edozein irakaskidegotako lanpostuetarako.
c) Estatuaren 2016ko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeko 20. Bat.2.J) artikuluaren bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera, Ramón y Cajal Programan aritu den eta programa amaitu duen ikertzailea doktorea izatea, eta I3 ziurtagiriaren jabe izatea (Ikerketa Jarduera Sartzea eta Areagotzea Sustatzeko I3 Programa).
d) Ez egotea bereizirik edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espedientea dela kausa, ez egotea funtzio publikoak betetzeko ezgaitua, edo irakaskuntzarekin bateraezinak diren karguak edo funtzioak betetzea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izango da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.
e) Izangaiak Europar Batasunekoak ez badira, Espainian lan egiteko eta bizilekua izateko baimena edukitzea.
2.–Deialdi bakoitzeko betekizunak eskaerak aurkezteko epearen barruan eta kontratuak irauten duen bitartean bete behar dira.
Laugarrena.–Eskaerak.
Eskabideak eta oinarri honekin lotutako dokumentazioa aurkezteko epea 10 astegunekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabide eredua esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pdi/profesorado.
Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa z/g 31006 Iruñea / Tuterako campusa Tarazona etorbidea z/g 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, Posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistroetako batera bidali aurretik.
Bosgarrena.–Dokumentazioa.
1.–Izangaiak dokumentazio hau aurkeztuko dute onartuak izateko eskaerarekin batera:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
b) Doktore tituluaren fotokopia.
c) Kalitatea Egiaztatu eta Ebaluatzeko Agentzia Nazionalak emandako bere jardueraren ebaluazio positiboaren egiaztagiriaren fotokopia.
d) Ramón y Cajal Programa amaitu duen ikertzailea doktorea izan dela egiaztatzen duen dokumentua.
e) I3 ziurtagiriaren fotokopia.
f) Seigarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu delako egiaztagiria.
2.–Nafarroako Foru Erkidegoan ofizialak diren hizkuntzetan aurkeztu ez diren betekizunen egiaztagiriak zinpeko itzultzailearen itzulpenarekin batera aurkeztuko dira.
Seigarrena.–Parte hartu ahal izateko tasak.
1.–Hautaketa prozesuan parte ahal izateko behar diren zerbitzuak emategatiko tasa 40 eurokoa izango da, Nafarroako Foru Administrazioaren tasei eta salneurri publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta honako hau adieraziko: "Lan kontratupeko irakasle doktoreen lehiaketa", eta izangaiaren izena.
Tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira:
a) % 33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua duten pertsonak.
Hautaproben deialdia iragarri aurretik hilabetez edo gehiagoz lan-eskatzaile moduan inskribaturik egon direnak. Salbuetsita egoteko baldintza izango da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze jardueretan parte hartzeko uko egin ez izana, justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori egiaztatzeko dagokion Enplegu Bulegoaren ziurtagiria aurkeztu behar da. Halaber, beharrezkoa da hilabetean lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea.
3.–Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, tasa epearen barruan ez ordaintzeak izangaia baztertzea dakar, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.
4.–Azterketako eskubideak ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskaera, garaiz eta forman aurkeztea.
Zazpigarrena.–Izangaiak onartzea.
1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 eguneko epean, Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web ofizialean, deitutako lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, eta azken kasu honetan baztertzearen arrazoiak azalduko dira. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
2.–Parte hartzeko baldintzak justifikatzen dituzten dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak izango dira eskaera epez kanpo aurkeztea, lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea edo sarbide tasak ez ordaintzea.
3.–Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute probarik egingo.
4.–Behin-behineko zerrendan ez dauden izangaiek bidali behar dute recursos.humanos.pdi@unavarra.es helbide elektronikora eskaeraren kopia bat, eskaneatuta, erregistroan eman zitzaion sarrera-zigiluarekin, lehenagoko atalean ezarritako epean. Hala egiten ez badute behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute proba egingo.
5.–Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Unibertsitateko web-orrialdean argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.
6.–Lehiaketako onartuen zerrendak egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
7.–Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietako errektoreordeak Sailari jakinaraziko dio, eta arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko da.
Zortzigarrena.–Kontratazio batzordea.
1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa prozesuak arautzen dituen arautegiko 13. artikuluak ezartzen duen Kontratazio Batzordeak epaituko du lehiaheta. Kontratazio Batzordeen osaera deialdi honen III. Eranskinean dator.
2.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak organo kolegiatuei buruz ezarritakoak arautuko du Kontratazio Batzordea. Aipaturiko legeko 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, Batzordeko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Lege horretako 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.
3.–Kontratazio Batzordeko buruak, gainerako batzordekideekin kontsultatu eta gero, interesdunei jakinaraziko die, gutxienez ere hamabost egun naturaleko aurrerapenaz, informazio hau:
–Kontratazio batzordea non, noiz eta zer ordutan eratuko den, gehienez ere 3 hilabeteko epean egingo dena izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita. Eratzen den unean, Kontratazio Batzordeak finkatu eta jendaurrera zabalduko ditu izangaien balioespena egiteko erabiliko dituen irizpideak ezartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautatze-prozesuak arautzen dituen Arautegiaren I. eranskineko kontratazio-baremoaren arabera, hamargarren oinarrian jasotzen dena.
Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangaien aurkezpen-ekitaldia. Ekitaldi horretan, izangaiek aurkeztuko diote Kontratazio Batzordeari, hiru kopiatan, lehiaketako xedea den lanpostuaren jakintza-arloko irakasgai baten programa zehaztua, bere barnean honako hauek edukiko dituena: gaitegia, bibliografia, irakaskuntzaren helburuak eta metodologia, bai eta curriculum vitae agiria, egindako ikerketa-lanak eta izangaiak egin nahi duen ikerketa-jardunaren Proiektua ere. Halaber, Kontratazio Batzordeak lehen probarako dei egingo die izangaiei. Deialdiak zehaztuko du proba zer toki, egun eta ordutan egingo den. Lehiatzaile bat baino gehiago bada, proba egiteko hurrenkera zozketatu egingo da. Azkenik probarako deialdia eta proba egiteko hurrenkera argitaratuko dira.
Bederatzigarrena.–Hautaketa prozedura.
1.–Izangaiak hautatzeko prozesuak bi aldi hauek edukiko ditu:
a) Lehen proban, gehienez ere ordubete iraungo duen ahozko azalpena egingo da Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango da berarekin honako hauei buruz: izangaiaren curriculum vitae agiria, irakaskuntza proiektua eta aurkeztutako ikerketa-proiektua.
Lehen proba bukatuta, Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak Batzordeko buruari txosten arrazoitu bat emango dio, izangai bakoitzak azaldu dituen curriculum vitae agiria, eta irakaskuntza eta ikerketa-proiektuak balioesteko, eta zenbakizko puntuak emango zaio. Eskatutako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten eta bigarren proba egingo duten lehiatzaileen zerrenda ordenatua onetsiko du Kontratazio Batzordeak. Lehen probako emaitzak argitaratu ondoren, Kontratazio Batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan egingo den bigarren proba.
b) Bigarren proban, gehienez ere ordubete iraungo duen ahozko azalpena egingo da Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango da berarekin, izangaiak bere irakaskuntza proiektuan aurkeztutako eta berak hautatutako gai bati buruz. Kontratazio Batzordeak izangai bakoitzaren balioespen arrazoitua egingo du, eta zenbakizko puntuak esleituko dizkio.
2.–Bi probetako puntuazioak batu eta gero, lehiatzaileek baremoa aplikatuta lortu dituzten kalifikazioen zerrenda ordenatu bat egingo du Batzordeak. Berdinketarik balego, Kontratazio Batzordeko kideek bozketa bat egingo dute hurrenkera erabakitzeko; bozketa honetan berdinketa balego, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du.
Hamargarrena.–Kontratazio baremoa.
1.–Hautaketa prozesu honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa prozesuak arautzen dituen arautegiak ezartzen duen ondoko baremo hau izango da aplikagarria:
1. Ahozko lehen proba: 80 puntu, gehienez ere. Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertu egingo dituzte.
Jardueraren eta lanpostuko eskakizunen arteko harremanari dagokionez, honako elementu hauek balioetsiko dira:
a) Ikerketa lanak eta zientziaren arloko argitalpenak (gehienez 30 puntu).
b) Unibertsitateko irakaslanak, behar bezala egiaztaturik kontratuaren bidez eta jarduera balioesteko txostenaren bidez (gehienez 20 puntu).
c) Irakaskuntza-proiektua (gehienez 10 puntu).
d) Ikerketa-proiektua (gehienez 10 puntu).
e) Beste merezimendu batzuk (gehienez 5 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, honako hauek balioetsiko dira: unibertsitatetik kanpo egindako lana, hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
f) Unibertsitateko Irakaskidegoetarako egiaztatua izatea: 5 puntu.
Batzordekide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak, eta proba honetako puntuazioa izangai bakoitzari ematen zaion puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa izango da.
2. Ahozko bigarren proba: 20 puntu, gehienez ere. Irizpide orokor gisa, balioetsiko dira bai azaldutako edukiak bai azalpenaren beraren irakaskuntza kalitatea. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertu egingo dituzte.
Batzordekide bakoitzak balioetsiko ditu izangaiak egindako azalpena, eta proba honetako puntuazioa izangai bakoitzari ematen zaion puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa izango da.
3. Azken puntuazioa bi probetako puntuazioen batura izango da.
Hamaikagarrena.–Kontratazio-proposamena.
1.–Bigarren proba egiten denetik 7 egun balioduneko epean gehienez ere, Kontratazio Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-ean argitaratuko du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ordenatua eta kontratazio-proposamena, eta proposamena jakinaraziko dio Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeari. Argitaratze horrek, ondorio guztietarako, interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du.
2.–Ez da zilegi Kontratazio Batzordeak lehiaketaren xede den lanpostu-kopurua baino izangai gehiago proposatzea, baina bai ordea txikiagoa den kopurua. Halaber, zilegi da Kontratazio Batzordeak lanpostua hutsik geratzeko proposamena egitea, lanpostuaren baremo espezifikatua aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.
3.–Kontratazio proposamena eginez emango zaio amaiera Kontratazio Batzordearen jarduerari.
Hamabigarrena.–Kontratazio-proposamenaren aurkako erreklamazioak.
1.–Interesdunentzat zilegi da Kontratazio Batzordearen kontratazio-proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hamar egun balioduneko epean, proposamena jendaurrean jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Erreklamazioa tramitatzeko onartuz gero, dei guztiak etengo dira hautaketa prozesuaren behin betiko ebazpena eman arte.
2.–Zenbait jakintza arlotako unibertsitateko zazpi katedradunek osatutako Erreklamazio Batzorde batek balioetsiko ditu kontratazio-proposamenaren aurkako erreklamazioak. Irakasle hauek Gobernu Kontseiluak aukeratuko ditu, eta irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan esperientzia handia edukiko dute. Batzordeburua eta idazkaria nortzuk izango diren esango du Gobernu Kontseiluak, baita ere.
3.–Erreklamazio batzordeak lehiaketari buruzko espedientea aztertuko du, lehiatzaileen aukera-berdintasunaren printzipioak eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua berma daitezen. Erreklamazioaren bidez aurkatutako kontratazio-proposamena egin zuten batzordekideei eta lehiaketan parte hartu zuten izangaiei entzungo die Erreklamazio Batzordeak.
4.–Erreklamazio batzordeak erreklamazioaren jomuga izan den kontratazio-proposamena berretsiko du, edo ez, erreklamazioa jarri eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Erreklamazio Batzordeak ez badu erreklamatutako proposamena berresten, prozedura akatsa egin zen unera itzultzea aginduko da, eta Kontratazio Batzordeak beste kontratazio proposamen bat egin beharko du, Erreklamazio Batzordeak ezartzen dituen irizpideak oinarritzat hartuta.
Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.
5.–Erreklamazio batzordearen ebazpenak lotesleak dira errektorearentzat.
Hamahirugarrena.–Behin betiko kontratazio-proposamena.
Behin betiko kontratazio-proposamena daukan errektorearen ebazpenak hautaketa-prozesua amaitzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webean jarriko da. Argitaratze horrek, ondorio guztietarako, interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du.
Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.
Hamalaugarrena.–Kontratuak formalizatzea eta izenpetzea.
1.–Bost egun balioduneko epean, behin betiko kontratazio proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, lanpostua eskuratu dutenek ondoren zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Giza Baliabideen Atalean, dagokion kontratua formalizatu ahal izateko:
a) Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko afiliazio-txartelaren fotokopia, hala dagokionean.
b) Bankuko datuak nomina sartzeko.
c) Bateraezintasunik ez izatearen aldarrikapena.
2.–Kontratatuak izateko eskubidea galduko dute ezarritako epearen barruan, eta ezinbesteko arrazoirik egon ezean, agiriak aurkezten ez dituztenek, edo eta agiriak azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betebeharreko baldintzaren bat falta dutenek.
3.–Arautegi honen eta dagozkion deialdien ondorio den lan-kontratua Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenaren mende egongo dira.
4.–Kontratuak idatziz egingo dira dagozkien ereduetan. Kontratua izenpetzea norberarena eta besterenganaezina da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan egingo da. Kontratua lanean hasi baino lehen izenpetuko da, 10 egun naturaleko gehieneko epean, lanpostuaren ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Kontratua izenpetzen ez bada aipatzen den epean, interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da. Hala gertatzen bada, Kontratazio Batzordeak proposatzen duen ordezkoen zerrendan hurrengoa dagoen izangaiari deituko zaio, eta honek epe berdina edukiko du kontratua gauzatzeko.
Hamabosgarrena.–Norberaren datuak babestea.
Norberaren Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak (BOE 298 zk., abenduaren 14koa) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa, irakaskuntzaren eta ikerketaren kudeaketa, langileen parte-hartzea kudeatzea Unibertsitateko zerbitzuetan eta ekitaldietan, bai eta izangaien parte-hartzea kudeatzea ere hautaketa-prozesuetan. Fitxategi honetan jasotako datuak erabili ahalko dira historiaren, estatistikaren edo zientziaren arloko helburuetarako.
Datu pertsonalak tratatzeko babes maila ezarrita dago Norberaren Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko arautegia onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan.
Interesdunek sarbidea izateko, zuzentzeko, deusezteko eta aurka egiteko eskubidea erabili ahalko dute, Datuak Babesteko Lege Organikoak ezartzen duena betetzeko. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari zuzenduko zaizkio (Arrosadiko campusa, z.g., Soforak eraikina, 31006, Iruñea).
Oharra: Oinarri hauen gaztelaniazko testuan genero maskulinoan azaldu arren, ulertuko da halaber genero femeninoan eginak direla, izendapenak nori eragiten dion, pertsona horren sexuaren arabera.
II. ERANSKINA
Lanpostu zk. | Saila | Kategoria | Jakintza arloa | Profila |
4714 | Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa | 1. motako kontratupeko irakasle doktorea | Seinalearen Teoria eta Komunikazioak | Uhinen Hedapena eta Transmisioa |
III. ERANSKINA
Batzorde titularra
Batzordeburua:
Antonio López Martín jn., U.K. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
1. mahaikidea:
Francisco Falcone Lanas jn., U.T. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
2. mahaikidea:
Daniel Segovia Vargas jn., U.K. Madrilgo Carlos III Unibertsitatea.
1. ordezko batzordea
Batzordeburua:
Ramón Gonzalo García, U.K. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
1. mahaikidea:
Íñigo Ederra Urzainqui, U.T. Madrilgo Carlos III Unibertsitatea.
2. mahaikidea:
Rafael Cabeza Laguna, U.T. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
2. ordezko batzordea
Batzordeburua:
Iñigo Matías Maestro jn., U.K. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
1. mahaikidea:
David Benito Pertusa, U.K. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
2. mahaikidea:
D. Armando Malanda Trigueros, U.T. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Iragarkiaren kodea: F1614388
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
