99. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Aldaketa Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko udal laguntzen gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2016ko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko udal laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa (2015eko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2016ko apirilaren 27an.–Alkatea, María Josefa Verano Elvira.

MENDABIAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO UDAL LAGUNTZEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Mendabiako Udalak bere mugapearen barnean dauden eraikinak berritzeko eta zaharberritzeko ezarritako laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea.

Arauketa berariazkoa ezarri da “La Villa” Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren eremurako, Mendabiako Alde Historikoko eremu horren berreskurapena bereziki bultzatzeko.

I. TITULUA

Baldintza orokorrak

2. artikulua. Jarduketa babesgarriak.

Udalaren babesa bakarrik hartuko da bizitegietarako eraikinetan egindako obrengatik. Hona hemen:

2.1. Lehendik dauden eraikinak ordeztea –eraitsi eta berriz eraikitzea– bizitegietarako erabiltzeko.

2.2. Lehendik dauden eraikinak osorik egokitzea; horrelako obratzat joko dira gutxienez ere alderdi hauek jasotzen dituztenak: estalkia berritu edo hobetzea, fatxadak berritu edo hobetzea (estaldura, isolamendua eta kanpoko arotzeria) eta barnetik berritzea.

Dena dela, ordenantza honen babesa izan ahalko dute horrelako egokitzapen obretako bat behar ez duten jarduketek edo obra lizentzia lortu eta ordenantzak babestutako berritze obrak egin dituztenek, egungo eskabidea aurkeztu baino hiru urte lehenagoko epean, bi kasuetan aurreko lerroaldean aipatutako eraikin zatietako batean. Babes hori jasoko dute Udal Zerbitzu Teknikoek egiaztatu eta txostena egin ondotik.

Obra horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak.

2.3. Aurreko ataleko obrak egiten direnean, eraikinaren egitura egokitzeko obrak ere babestuko dira. Halakotzat jotzen dira eraikuntzaren segurtasuna behar bezalakoa izan dadin, hots, eraikinaren egonkortasuna, jasankortasuna, irmotasuna eta sendotasuna bermaturik geldi daitezen egiten diren obrak.

2.4. Eraikineko edo etxebizitzako oztopo arkitektonikoak ezabatzea, irisgarritasun unibertsalari eta ororendako diseinuari egokitzeko.

Pertsona ororendako diseinuari eta irisgarritasunari egokitzeko obratzat jotzen dira oztopoak ezabatzen dituztenak, desgaitasuna dutenen sarrera eta erabilera errazteko CTE-DB-SUArekin bat.

3. artikulua. Baldintzak.

3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Familia bakarreko etxebizitzaren edo etxebizitza kolektiboaren tipologiako erabilera izatea, gutxienez haren azalera erabilgarriaren %50, sotoak eta beheko solairua kenduta.

b) 25 urtetik gorako antzinatasuna izatea –ordezkapenaren kasuan ordezkatzen den eraikinaren antzinatasuna hartuko da kontuan–, salbu eta oztopo arkitektonikoak ezabatzeko jarduketen kasuan.

c) Beharrezko baldintza izanen da eraikinak behar besteko egokitasuna izatea egituraren eta funtzioaren aldetik. Baldintza honetatik kanpo gelditzen dira irisgarritasun baldintzak desgaitasuna dela-eta.

d) Hirigintzan indarra duten araudiak eta planeamenduak ezarritakoarekin bat etortzea.

e) Obrak ezin izanen dira hasi laguntzak eskatu baino lehen.

3.2. Udalaren babesetik kanpora utzi dira:

a) Erabilera nagusia bizitegia ez duten eraikinetako jarduketak.

b) Jarduketak banakako etxebizitzetan, etxebizitza kolektiboaren tipologia duten eraikinetan.

c) 2. artikuluan zehazten diren eta Udalaren zerbitzu eskudunak ebaluatzen dituen beharrezko gutxieneko obrak egiten ez dituen jarduketa.

4. artikulua. Laguntzak.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak izanen dituzte xede.

Laguntzak izanen dira jarduketa babesgarriari dagokion EIOZaren likidazioagatik ordaindu beharreko zenbatekoaren %50; 3.000,00 euro familia bakarreko etxebizitzetarako eta 8.000,00 euro etxebizitza kolektiboen eraikinetarako, muga etxebizitza bakoitzeko 2.000,00 euro izanen da.

II. TITULUA

Baldintza bereziak “La Villa” BBPBren eremuan

5. artikulua. Jarduketa babesgarriak “La Villa” BBPBn.

Baldintza orokorretan ezarritakoei hauek gehitu zaizkie:

5.1. Eraikuntza berriak lehendik dauden orubeetan edo urbanizazioa berritzeko jarduketen ondorioz sortutakoetan.

5.2. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen 61/2013 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluan, zaharberritzearen inguruan jasotako jarduketa babesgarri guztiak.

5.3. Hirigintzako planeamenduan antolamendutik kanpo deklaratutako elementuak ezabatzea.

6. artikulua. “La Villa” BBPBn jarduketa babesgarritzat jotzeko baldintzak.

Etxebizitza kolektiboen tipologiako eraikinetan banakako etxebizitzetan egiten diren jarduketak ere sartzen dira baldintza orokorretan.

7. artikulua. Laguntzak “La Villa” BBPBn.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak izanen dituzte xede.

Laguntzak izanen dira jarduketa babesgarriari dagokion EIOZaren likidazioagatik ordaindu beharreko zenbatekoaren %80; 4.500,00 euro familia bakarreko etxebizitzetarako eta 12.000,00 euro etxebizitza kolektiboen eraikinetarako, muga etxebizitza bakoitzeko 3.000,00 euro izanen da.

III. TITULUA

Prozedura

8. artikulua. Onuradunak eta laguntzen harrera.

8.1. Banakako etxebizitzen jabeak diru-laguntza hauen onuradunak izaten ahal dira, jabe elkarte baten kide bezala; orobat, jabe ez diren erabiltzaileak (errentariak, gozamendunak, etab.), baldin jabearen baimen espresua izan eta egoera juridiko hori behar adina frogatzen badute; bestetik, zaharberritze obren sustatzaileak.

Obrak “La Villa” BBPBn etxebizitza-eraikin berriak edo etxebizitzak egiteko badira, onuradunak pertsona fisikoa izan beharko du, ez baitzaie diru-laguntzarik emanen etxebizitzak sustatzen eta eraikitzen diharduten enpresei eraikin berriak egiteagatik.

Onuradunek udal honekiko ordainketetan egunean egon beharko dute.

8.2. Laguntzak behin betikoak bihurtuko dira obrak burutu ondoan eta, horrenbestez, zerbait bete gabe utzi dela ikusiz gero, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da; gainera, horrek ez du eragotziko bestelako ekintzei ekitea; hori guztia, Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondotik.

8.3. Titular bera ezin izanen da izan ordenantza honetako diru-laguntzen espediente baten baino gehiagoren onuraduna.

9. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

9.1. Laguntzak eskatu ahalko dira obra lizentziaren eskabidearekin batera edo ondotik, dokumentu osagarri hauek aurkeztuta:

–Udalaren eskabidea.

–Eraikinaren identifikazioaren gaineko datuak, etxebizitzen eta lokalen zerrenda eta haien jabeena.

–Jabeen elkartearen akordioa, bere gain hartutako obrak bilduko dituena eta ordezkariaren izendapena.

–Sustatzailearen NANaren kopia edo jabeen elkartearen IFZarena. Hala balegokio, jabeen elkartearen ordezkariaren NANa.

9.2. Udalak laguntza eskaerak ordena kronologikoari jarraikiz ebatziko ditu, eta aldez aurretik Udaleko zerbitzu eskudunaren aldeko txostena beharko du izan.

9.3. Ekitaldi bakoitzean Udalaren aurrekontuetan jasoko dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei aplikatuko zaizkien baliabide guztiak; horrela, ekitaldian agortuz gero eta laguntzak likidazioaren zain badaude, hurrengo urtean ordainduko dira, zein den indarra duen ekitaldia, haren aurrekontuen kargura.

Halaber, Udalak egokia iruditzen zaion kopurua gehitzen ahalko dio aurrekontuko kontu-sailari, beharrezkotzat jotzen badu eta bere egoera ekonomikoak hori aholkatzen badio.

10. artikulua. Udalaren konpromisoa.

Mendabiako Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko kontu-saila jartzen badu soilik eskatzen ahalko dituzte interesdunek ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak.

11. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza honek, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsirik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara ematen denetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1605161