1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
715/2016 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jaime Brunet Fundazioaren Patronatuko buruak emana, 2016ko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren deialdia argitara dadin agintzen duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jaime Brunet Fundazioko Patronatuak, 2016ko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren deialdia onestea erabaki du. Horregatik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fundazio horretako Patronatuko burua naizenez ditudan eskumenak erabiliz, aipatu deialdia argitara dadin agintzen dut.
JAIME BRUNET NAZIOARTEKO SARIA 2016
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Brunet Fundazioak Jaime Brunet sariak sortu zituen 1998.ean, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko. Orduz geroztik, deialdi bat egiten da urtero.
Azken urte hauetan saria nazioarte mailako entzutea daukaten hamasei pertsona ospetsu eta erakunderi eman zaie, eta horrek sariaren beraren izen ona eta aitortza publikoa tinkoagotu ditu.
Beraz, Brunet Fundazioak erabaki du 2016ko Jaime Brunet Nazioarteko Sarirako deialdia egitea. Honako hauek izango dira Saria arautuko duten.
OINARRIAK
1. oinarria. 2016ko Jaime Brunet Nazioarteko Sarirako deia egiten da, honako hauek saritzeko:
a) Giza Eskubideekin loturiko lan edo obra bat.
b) Giza eskubideen aldeko lanean emandako ibilbide oso bat.
2. oinarria. Saria 36.000 eurokoa izango da, eskudirutan ordainduko da, eta saria irabazi dela frogatzen duen diploma bat emango da.
3. oinarria. Ondoren aipatzen direnak gai dira saria jasotzeko, beren kondizioa eta nazionalitatea alde batera utzirik:
a) Pertsona fisikoak.
b) Lan taldeak.
c) Erakundeak eta organismoak.
4. oinarria. Zilegi da hautagaitzak interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskaturik aurkeztea, web-orrialde honetan jaits daitekeen eredu ofizialean: www.unavarra.es/conocerlauniversidad/jaime-brunet-fundazioa?languageId=100001. Horrekin batera 1. oinarrian ezarritakoa kontuan hartzen duen txosten arrazoitua eman beharko da. Nahi izanez gero bermeak aurkezten ahalko dituzte.
Brunet Fundazioaren Patronatuak hautagaitza berriak aurkezten ahalko ditu, edo aurreko bi urteetan saririk jaso ez duten beste batzuk berreskuratzen ahalko ditu.
5. oinarria. Zilegi da hautagaitzak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez aurkeztea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztea edo postaz bidaltzea helbide honetara: Jaime Brunet Nazioarteko Saria 2016. Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Erregistro Orokorra 31006 Iruñea. Espainia. Halaber, zilegi da posta elektronikoaren bidez aurkeztea: fundacion.brunet@unavarra.es.
6. oinarria. Hautagaitzak aurkezteko epea 2016ko irailaren 30ean amaituko da. Aurkeztutako hautagaitzek indarrean jarraitzen dute aurkezten direnetik hurrengo hiru deialdietan.
7. oinarria. Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. 2016ko Brunet Sariaren erabakia 2016ko abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Nazio Batuen Biltzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onetsi zuen eguna eta urteurrena. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 11n.–Jaime Brunet Fundazioko burua, Alfonso Carlosena.
Iragarkiaren kodea: F1605969