Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
552/2016 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2016ko deialdia onesten dituena, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barrenean.
Nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluak eta Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 Erregelamenduak (EE) adierazten dute ezen, erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetu beharrez, estatu kideek 3 urteko programa nazionalak ezar ditzaketela erlezaintzaren sektorerako (erlezaintzako programak). Batzordearen erabakiaren bidez onesten dira programa horiek.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko Espainiak 2014-2016 hirurtekorako aurkeztutako programa, Batzordearen 2013ko abuztuaren 12ko exekuzio erabakiaren bidez onetsi zen. Haren helburu nagusiak dira sektorearen profesionalizazioa finkatzea eta modernizazio handiagoa lortzea, azken teknika eta aurrerapen zientifikoak erabiliz. Gainera, ekoizpen eta merkaturatze sistemak hobetu nahi dira eta merkatu berriak ireki, hori guztia kalitatezko produktu batekin.
Erlezaintzako programa aplikatzeko maila administratibo egokiena autonomia erkidegoena da; izan ere nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumenak autonomia erkidegoei transferituta daude eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erlezaintzako produktuen produkzioa eta merkaturatzea hobetzeko programa aplikatzea. Hala ere, nazioko agintaritza eskudunak koordinaziorako esparru bateratu eta adostua ezarriko du.
Martxoaren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak erlezaintzarako laguntzen araubidea erregulatzen du urteko programa nazionalen barrenean.
Araudi horrekin bat, bidezkoa da 2014-2016 hirurtekoan erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen arauak onestea eta 2016ko deialdia egitea.
Erlezaintzako programak aplikatzearen kostua Europar Batasunak (NBEUF funtsen bidez) eta Nafarroako Foru Komunitateak erdi bana kofinantzatuko dute.
Merkatuen Erregulaziorako Atalaren txostena ikusita, non proposatzen baita erlezaintzako laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2016ko deialdia onestea, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barrenean.
Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia onestea 2016rako Nafarroako Foru Komunitatean.
2. Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko 2016rako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den bezala.
3. Ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere onestea, laguntzak eskatzeko eredua eta gardentasunaren betebeharra aitortzeko eredua ezartzen dituztenak, hurrenez hurren.
4. 52.470,08 euroko gastua baimentzea deialdi horretarako. Horietatik, 26.235,04 euro 2016ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuko “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea (NBEUF)” izeneko 710001-71230-4700-414212 kontu-sailaren kargura izanen dira, eta 26.235,04 euro, berriz, “Erlezaintzako laguntza berariazkoa. - 1308/13 E. 55. artikulua - 2016ko programa” izeneko 050215062320018 NBEUF lerroaren kargura.
5. Oinarri arautzaileak eta diru-laguntzen deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 17an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA
Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen 2016ko deialdiaren oinarri arautzaileak
Lehena.–Xedea eta aplikazio eremua.
Ebazpen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean oinarri arautzaileak ezartzea, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak emateko 2016an, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean.
Bigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak eta gastuak.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:
a) “Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”.
1. Erlezainen elkarteetako erlezainei informazioa eta laguntza teknikoa emateko teknikariak eta espezialistak kontratatzea (aholkularitza orokorra ekoizpenaren, merkataritzaren eta laborategiaren arloetan).
2. Erlezainentzako prestakuntza ikastaroak, erlezainen elkarteetako teknikari eta espezialisten eta kooperatibetako erlezaintza laborategietako langileen etengabeko prestakuntza.
3. Zabalkunde teknikorako sistemak.
b) “Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka, bereziki barroasiaren kontrakoa”.
1. Barroasiaren kontrako tratamendu kimioterapikoak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak.
2. Barroasiaren kontrako tratamenduak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak, erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak.
3. Erlezaintzako osasun defentsarako elkarteak sustatu eta sortzea, edo barroasiaren kontra horien parekoa den figura.
4. Erlauntzen gainelikadura eta ezkoa berritzea. Laguntza hau b) lerroko 1. eta/edo 2. neurrien onuradun diren erlezainei soilik ematen ahalko zaie, baldin eta 1. eta 2. neurrietako eskaerei erantzuteko behar finantzarioak betetzen badira.
c) “Transhumantzia arrazionalizatzea”.
1. Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.
2. Erlauntzak garraiatu eta maneiatzeko baliabideak erosi, zaindu eta hobetzea (garabiak, estaldura sareak, erlauntzak aldatzea lore bakarreko eztiak lortzeko, eztia ateratzeko sistema mugikorrak eta trashumantzia errazteko beste lanabes eta ekipamendu batzuk).
3. Kokalekuak, bideak eta bidexkak hobetu eta egokitzea.
4. Erlauntzen beren kalteen eta erantzukizun zibilaren aseguruak (baldin eta polizetan ez badira jasotzen Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen sisteman sartutako bermeak). Salbuespenez, erantzukizun zibileko aseguruen diru-laguntza jaso ahalko da erlauntz egonkorretarako.
5. Bertako arrazetako erreginak batera haztea, galtzen direnak ordezteko.
d) “Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”.
1. Erlezainek eta erlezainen elkarteek agintaritza eskudunak onartutako laborategietan egiten diren analisi zerbitzuak kontratatzea.
2. Erlezainen elkarteen laborategiak sustatu eta sortzea.
3. Eztiaren azterketa fisikokimikorako aparatuak eta beste material batzuk erostea.
Hirugarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa ateratzeko, diruz lagundutako jarduketa lerro bakoitzak jasotakoa elkartuko da. Lerro bakoitzerako ezarritako laguntza mailak hauek dira:
–Prestakuntza eta laguntza teknikoko jardueretarako eskatutako gastuaren %95.
–Erlauntzaren kontrako gaixotasunen eta erasoen kontra (batik bat barroasiaren kontra) borroka egiteko jardueretarako eskatutako gastuaren %90.
–Trashumantziaren arrazionalizaziorako eskatutako gastuaren %55.
–Erlezaintzako produktuen analisirako eskatutako gastuaren %55, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen.
2. Diruz laguntzen ahal diren jardueretan egindako gastuen zenbatekoaren gainean kalkulatuko da gastua, BEZa sartu gabe.
Laugarrena.–Onuradunak eta betebeharrak.
1. Laguntza horien onuradun izan daitezke laguntza eskatu aurreko urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden eta erantzukizun zibileko aseguru bat duten banakako erlezaintza ustiategien titularrak.
2. Onuradun izan daitezke, halaber, berezko nortasun juridikoa duten elkarte ezagunenak, betiere, gehienbat aurreko puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Nolanahi ere, laguntza jaso ahal izateko, bazkideek bi betebehar bete beharko dituzte: laguntza eskatu aurreko urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea.
3. Erlezain bakoitzak jarduketa bakar baterako laguntza baizik ez du jasoko ustiategi bakoitzean, dela berak bakarrik, dela kooperatiba nahiz erakunde ezagun bateko kide den aldetik.
4. Erlauntz abandonatuen eta erlauntz hilen titularrek ez dute laguntzak jasotzeko eskubiderik izanen.
5. Programa Nazionaleko laguntzak lortu ahal izateko, halaber, betebehar hauek izanen dituzte erlezainek:
a) Izaera orokorrez, barroasiaren kontrako tratamendu bat gutxienez egitea urtean, ezti erleen gaixotasunen kontrako programa nazionala ezarri eta arautzen duen maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. Ondorio horietarako, tratamendurako errezeta lortu dela justifikatzean hartuko da tratamendua halakotzat.
b) Transhumantziaren arrazionalizaziorako laguntzen lerroaz baliatzen diren erlezainen kasu berezian, erantzukizun zibileko aseguru bat izatea.
Bosgarrena.–Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.
Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten pertsona fisiko edo juridiko titularra denean:
–Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.
–Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.
–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. atalarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela; horretarako, arestian aipatutako kasuetan, diru-laguntza onetsi baino lehen, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago.
Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.
–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.
b) Eskatzailea erlezainen elkarte bat bada:
–Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ezik.
–Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.
–Elkartea osatzen duten eta erantzukizun zibileko asegurua hartu duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta bertako erlauntzen zentsua.
–Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.
–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. atalarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela; horretarako, arestian aipatutako kasuetan, diru-laguntza onetsi baino lehen, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago.
Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.
–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.
c) Transhumantziaren arrazionalizazioarekin zerikusia duen jarduerarako eskatzen bada, eskaerarekin batera, erlauntzen berezko kalteetarako eta erantzukizun zibilerako aseguruaren poliza aurkeztu beharko da.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ....................., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.”
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
1. 2016an eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko maiatzaren 31n amaituko.
2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira. Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bitartez.
3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.
4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
Zazpigarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da.
2. Lehenesteko irizpideak: lehentasun hurrenkera honi jarraikiz emanen dira laguntzak:
1. Erlezaintzako programa nazional horretako laguntzei dagokienez, batik bat bigarren oinarriko a) eta d) puntuetarako ezarritakoa den bezainbatean, nortasun juridiko propioa duten erlezainen elkarteek eta erlezaintzako kooperatibek aurkeztutako eskaerek lehentasuna izanen dute gainerako pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutakoen gainetik.
2. Erlezain elkarteen eskaeren kasuan, bazkide gehien dituzten elkarteek izanen dute lehentasuna.
3. Gainerako eskaeretan, erlezain gazteenek izanen dute lehentasuna, gazteenetik zaharrenerako hurrenkeran.
3. Aipatu diren lehenesteko irizpideak aplikatu ondoren ematen den laguntza aurrekontuan behar beste diru egonez gero emanen litzatekeena baino txikiagoa bada, diruz lagundutako eta kontzesioan sartutako jarduketa lerro bakoitzerako laguntzak proportzioan murriztuko dira.
Zortzigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaerak harturik, lehenengo, laugarren oinarriko lehenbiziko lau puntuetan ezarritako betebeharrak betetzen ote dituzten egiaztatuko da. Hala ez bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuarekin bat, laguntzaren eskatzaileari jakinaraziko zaio zer akats atzeman den eskaeran edo zer egiaztagiri falta den haren tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, eta 10 eguneko epea emanen zaio akats horiek zuzentzeko. Epe horretan akats horiek zuzentzen ez badira, eskaera atzera egintzat hartuko da, eta haren artxiboa jakinaraziko da organo administratiboaren ebazpenaren bidez.
2. Merkatuen Erregulaziorako Atalak eskaerak ebaluatuta, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpenaren proposamena eginen du.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera baliogarria behar bezala beterik aurkezten denetik hasita. Epea ebazpenik espresuki eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
Bederatzigarrena.–Laguntzaren onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
Hamargarrena.–Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen III. eranskineko eredua erabiliz:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Nekazaritza Zerbitzuko Merkatuen Erregulaziorako Atalari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
4. Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
5. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen III. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.
6. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
7. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren xedea bete dela justifikatzeko modua.
Onuradunek erlezaintzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko baldintzak hobetu dituztela frogatu beharko dute, laguntza ematen den urtean, laguntzen lerroetako bakoitzean, eta hobekuntzari buruzko agiri guztiak aurkeztuko dituzte. Hautatzen diren erlezainei in situ eginen zaizkien ikuskapenen bidez ere egiaztatuko dira hobekuntzak.
1. a) lerrorako (“Laguntza teknikoa”): ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrenden, teknikarien kontratuen, aldizkari edo informazio foiletoen eta egindako gastu eta ordainketen fakturen bidez frogatuko da.
2. b) lerrorako (“barroasiaren kontrako borroka”: barroasiaren kontra borrokatzeko erlezainei emandako produktuen banaketaren fakturen eta haien ordainagirien bidez frogatuko da.
3. c) lerrorako (“Trashumantzia arrazionalizatzea”: erlauntzak identifikatzeko materialaren erosketa fakturen bidez frogatuko da, eta trashumantziako erlauntzen berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibilekoa egiaztatuko dira.
4. d) lerrorako (“Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”): eztiaren analisiaren inguruko zerbitzuen kontratazioari dagozkion gastuen fakturen eta ordainagirien bidez frogatuko da.
Hamabigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.
1. Diru-laguntzaren erdia (26.235,04 euro) 2016ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuetako “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea. Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa (NBEUF)’’ izeneko 710001-71230-4700-414212 kontu-sailaren kargura ordainduko da, eta diru-kopuruaren gainerako %50a (26.235,04 euro), berriz, “Erlezaintzarako Berariazko Laguntza. 1308/13 E. 55. artikulua - 2016ko Programa” izeneko NBEUF 050215062320018 lerroaren kargura, egindako gastu eta ordainketak justifikatu ondoren.
2. Laguntzak kobratzeko, onuradunek, laguntza ematen den urteko irailaren 5a baino lehen, ordaintzeko eskaerarekin batera, kontzesioaren aurreko urteko irailaren 1etik kontzesioaren urteko abuztuaren 31ra bitarteko gastuen fakturak eta frogagiriak aurkeztu beharko dituzte (hamaikagarren oinarrian aipatuak).
Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hori bateraezina izanen da jarduera beragatik jaso daitekeen beste edozeinekin, eta batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduari dagokionez eman daitezkeenekin, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programarekin bat.
Hamalaugarrena.–Kontrolak eta zehapenak.
1. Kontrol administratiboak eta tokian bertakoak eginen dira, Batzordearen 917/2004 (EE) Erregelamenduaren 4. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileek egiten dituzte kontrolak.
Laguntza eskaera guztiei kontrol administratiboak eginen zaizkie eta, bereziki, diruz lagundutako kostuen frogagiriak egiaztatuko dira. Kontrol administratiboak tokian berean egindako ikuskapen fisikoekin osatuko dira.
2. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzaren zatiaren araubide juridiko orokorraren erregulazioari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da. Lege hori Europar Batasuneko funtsen kontura finantzatutako diru-laguntzei zuzenean aplikatzen zaizkien arauen osagarri izanen da.
3. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
4. Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2009 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Hamabosgarrena.–Onuradunen publizitatea eta informazioa.
1. Laguntza horien onuradunen datuak Nafarroako Gobernuaren Atariko katalogo zerbitzuan argitaratuko dira, Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluarekin bat.
2. 95/46/EB Zuzentarauko baldintzekin bat, datu pertsonalak direnean, onuradunek bere eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.
II. ERANSKINA
Erlezaintzari laguntzeko eskaera (2014-2016ko hirurtekoa). 2016. urtea (PDF).
III. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1606098
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
