97. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 28ko 358/2016 Ebazpenarena. Horren bidez Nafarroako ehiza barrutietan 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urriaren 31ra bitarte ehizazainak kontratatzeko diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): BDNS (identifikazioa): 302049.

Lehendabizikoa.–Onuradunak.

Deialdi honetako laguntzen onuradunak izan daitezke, tokiko ehiztari elkarteak, barrutiaren titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean. Orobat, ehiza barruti pribatuen titularrak diren tokiko ehiztarien elkarteak, elkarteak berak gauzatzen duenean ehiza aprobetxamendua.

Bigarrena.–Xedea.

Laguntzen deialdi honen xedea da ehiza aprobetxamenduaren titularrei edo ehiza barrutien kudeaketaz arduratzen diren ehiza barrutien titularrei eman beharreko laguntzak arautzea, 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urriaren 31 arte ehizazainak kontratatzeko dituzten gastuen zati bat ordaintzeko.

Laguntza horien bidez, barrutietan ehizazainak izan daitezela sustatu nahi da, ehiza espezieak eta barrutia behar bezala kontserbatzeko beharrezko zaintza izan dezaten, eta, orobat, Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura lana egin dezaten, nekazaritzari eragiten zaizkion kalteak kontrolatu eta haiei aurrea hartzeko eta ehiza espezieen kontrola eta segimendua egiteko, kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraikiz. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Laguntza hauen oinarri arautzaileak apirilaren 28ko 358/2016 Ebazpenaren II. eranskinean eskura daitezke, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Deialdiaren zenbatekoa, guztira, 108.811 eurokoa da tokiko ehiztarien elkarteentzat.

Ehizazain bakoitzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ondokoa izanen da:

–Aipatu epeko soldataren %40 (enpresaren Gizarte Segurantzako kotizazioak kanpo). Ehizazain bakoitzeko, gehienez, 8.000 euroko diru-laguntza emanen da.

–Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada eta urteko lan orduak finkatuak baditu, deialdian ezarritako epeari dagokion kontratuan agertzen den diru-kopuruaren %40ko diru-laguntza emanen da (BEZa kanpo); gehienez 6,80 euro ordu bakoitzeko eta 8.000 euro urtean ehizazain bakoitzeko.

Onuradun bakoitzak 15.000 euroko diru-laguntza jaso dezake gehienez.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Beste datu batzuk.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Eskabidea, eranskineko ereduaren araberakoa. Baldin eta tokiko ehiztarien zenbait elkartek partekatutako eta kontratatutako ehizazain baterako eskatzen bada laguntza, eskabide bakarra aurkezten ahalko da, eta ordezkari bat izendatuko da, eskabidea bere izenean eginen duena. Deialdiko betebeharrak denak batera frogatuko dira, baina, onuradunaren ondorioetarako, ordezkaria hartuko da kontuan.

–Kontratuaren fotokopia. Zerbitzuak emateko kontraturik bada, urteko zerbitzu orduen kopurua eta ehizazain kontratudunak orduko duen ordainsariaren zenbatekoa adierazi beharko dira.

–Nominaren edo beste agiri ofizial baten fotokopia, urteko soldata gordinaren zenbatekoa adierazita.

–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Iruñean, 2016ko apirilaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1605995