1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
Laburpena, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 5eko 232/2016 Foru Aginduarena; horren bidez, hiru prestakuntza bekatarako deialdia onesten da unibertsitateko tituludunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia).
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke. (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). BDNS (identifikazioa): 305991.
Lehendabizikoa.–Xedea.
Unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza beka ematea arautzea, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.
1. Bi beka, Soziologiako tituludun unibertsitarioentzat, Soziologiako gradua dutenentzat.
2. Beka bat, Ekonomiako tituludun unibertsitarioentzat, Ekonomiako gradua edo Administrazioko eta Enpresa Zuzendaritzak gradua nahiz Administrazioko eta Enpresa Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.
Deialdiaren xedea unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea da, departamentuan gauzatzen diren gizarte politikak zuzenean ezagut ditzaten.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Beka bakoitzerako berariaz eskatzen den unibertsitateko titulu ofizialaren jabe izanik, hurrengo beharkizunak betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke onuradun:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.
f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak:
Oinarri arautzaileak Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 5eko 232/2016 Foru Aginduan jaso dira, eta hura ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.
Laugarrena.–Aurkezteko epea:
20 egun natural, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 5ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
Iragarkiaren kodea: F1605870