1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
139/2016 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak 2015-2016 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat antolaturiko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurkezturiko txostenean adierazi du komenigarria dela Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia argitaratzea, izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 EDan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2015-2016 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.
2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko Unibertsitateen Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 3an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia, 2015-2016 ikasturtea
Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen
OINARRIAK
Lehena.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Batxilergoko Sari Bereziak emateko deialdia egin du 2015-2016 ikasturterako. Gehienez ere lau sari emanen dira.
Bigarrena.–Sari berezi horiek eskuratu nahi dituzten ikasleek Batxilergoko bi kurtsoak eginak eta gaindituak izan beharko dituzte, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean bukatuak 2015-2016 ikasturtean, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arauturiko Batxilergoaren modalitateren batean.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, Batxilergoko bi kurtsoetan –biak batera harturik– 8,75 puntuko edo hortik gorako batez besteko nota eduki beharko dute ikasleek. Batez bestekoa ateratzeko, Batxilergoko bi kurtsoetako ikasgai komunen, modalitateko ikasgaien eta aukerakoen kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batez besteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu hori egiteko, erlijioa ikasgaia ez da kontuan hartuko.
Hirugarrena.–Aurreko atalean ezarritako baldintza betetzen duten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, ikasketa-espedientea Bigarren Hezkuntzako zein institututan duten, hartantxe, 2016ko ekainaren 7ko 14:00ak baino lehen. Eskabidea II. eranskinaren araberakoa izanen da.
Laugarrena.–Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2016ko ekainaren 14a baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, III. eranskinaren araberakoa, behar bezala beteta. Bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.
Bosgarrena.–Probak ariketa hauek izanen ditu:
a) Testu linguistiko, historiko edo filosofiko baten iruzkina, lehiatzaileak hautatu beharrekoa. D ereduko ikasleek euskarazko testu baten iruzkin linguistikoa eginen dute.
b) Ikasleak ikasi duen atzerriko lehen hizkuntzan idatzitako testu baten iruzkina, eta galdera kultural, linguistiko edo gramatikal batzuei erantzutea hizkuntza horretan.
c) Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta ariketa praktikoak egitea ikasleek hautatuko dituzten bi ikasgaietako bakoitzari buruz. Ikasgai horiek izena ematean aukera hauen artetik hautatzen duten modalitatekoak izanen dira (II. eranskina):
1. Arteen modalitatea:
a. Arte plastikoen, diseinuaren eta irudiaren bidea: Artearen Historia eta Marrazketa Artistikoa II.
b. Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren bidea: Musikaren eta Dantzaren Historia eta Musika Analisia II.
2. Zientzien eta Teknologiaren modalitatea:
a. Zientzien eta Ingeniaritzaren multzoa: Matematika II eta Fisika.
b. Osasun Zientzien multzoa: Kimika eta Biologia.
c. Teknologiaren multzoa: Marrazketa Teknikoa II eta Teknologia Industriala II.
3. Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea:
a. Giza Zientzien multzoa: Latina II eta Artearen Historia.
b. Gizarte Zientzien multzoa: Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II eta Geografia.
Probak 2016ko ekainaren 20an eginen dira, Iruñeko Basoko BHIan.
Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.
Seigarrena.–Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan espezialistak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzearen ardura izanen du.
Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.
Zazpigarrena.–Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzen berri emanen die ikastetxeei, eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian ere jarriko ditu jendaurrean: http://www.educacion.navarra.es/portal/. Jakinarazpen hori telematika bidez egin daiteke, telematika bidezko eskaeran horrela egiteko eskatzen bada berariaz.
Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak jendaurrean jarri edo telematika bidez igorri eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.
2016ko ekainaren 30erako, epaimahaiak bere lan guztiak bukatuak izan beharko ditu.
Zortzigarrena.–Batxilergoko Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute, sari horri dagokion diploma lortuko dute eta hori agerraraziko da bakoitzaren ikasketa-espediente pertsonalean.
Bederatzigarrena.–Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 25. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek ez dituzte ordaindu beharko ikastetxe publiko batean goi mailako ikasketen lehenengo kurtsoa egiteko prezio publikoak. Saria tasak ordaindu eta gero ematen bazaie, unibertsitateak bi aukera izanen ditu: ikasleari tasen zenbatekoa itzultzea edo, bestela, ikasleak saria lortu ondoren kontzeptu hori dela-eta egin behar duen lehen ordainketatik deskontatzea.
Hamargarrena.–Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Batxilergoko Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahalko dute.
Hamaikagarrena.–Deialdi honen eta bere ondoriozko ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Inskripzio orria, 2015-2016 ikasturtean Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian parte hartzeko (PDF).
III. ERANSKINA
Ikasketen ziurtagiria, 2015-2016 ikasturtean Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian parte hartzeko (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1605420