Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
14E/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, idatzizko prentsarako, irratietarako eta online hedabideetarako laguntzen deialdia onesten duena.
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak, bere 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa bultzatzera.
Aldeko txostena dago Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearena eta administrazio publikoko arlo juridikoko teknikariarena, eta Kontu-hartzailetza Delegatuko adostasuna.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. 2016ko aurrekontuko ekitaldian, idatzizko prentsan, irratietan eta online hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak emateko deialdia onestea, foru agindu honekin batera doazen oinarriak izanen dituena.
2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honetan biltzen direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-4709-334100: (E) Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak | 2016 | 290.000,00 |
4. Foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 3an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
2016AN NAFARROAN ZABALTZEN DIREN IDATZIZKO HEDABIDEETAN, IRRATIETAN ETA ONLINE HEDABIDEETAN EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da 2016an Nafarroan zabaltzen diren idatzizko hedabideetan, irratietan eta online hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzen araubidea ezartzea.
2. Aurrekontu erabilgarria.
Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 290.000,00 eurokoa da, gehienez ere, 2016ko gastuen aurrekontuko “Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak” izeneko B30002 B3200 4709 334100 kontu-sailaren kargura.
3. Onuradunak.
Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroan zabaltzen den hedabide bateko titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek, hauen artean baldin badira:
–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatearena bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte. Toki mailako aldizkariek gutxienez ere 4 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.
–Foru Komunitatean emititzen duten irratiak, Nafarroako Gobernuak irratiz emititzeko ematen dituen lizentzien esleipen-hartzaileak badira.
–Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, hala arestian azaldu bezalako idatzizko hedabide edo irratien euskarri digitala direnak nola beren lana online baizik egiten ez dutenak, haien hartzaileak objektiboki Nafarroan bizi badira. Modalitate honetan bazterturik geldituko dira beren orrialdeetan gutxienez ere sailen %50ean euskaraz nabigatzeko aukera ematen ez dutenak.
4. Diru-laguntzen modalitatea eta laguntzen zenbatekoa.
Hedabideen jarduerari diru-laguntza emanen zaio, modalitate hauen arabera:
4.1. Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa (egunkariak), gehienez ere 40.000 euro.
4.2. Euskara hutsezko tokiko aldizkariak, gehienez ere 120.000 euro.
4.3. Euskarazko irrati komertzialak, gehienez ere 50.000 euro.
4.4. Udal titulartasuneko euskarazko irratiak, gehienez ere 35.000 euro.
4.5. Euskara erabiltzen duten tokiko aldizkariak, Nafarroako hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabaltzen badira, gehienez ere 20.000 euro.
4.6. Euskara erabiltzen duten irratiak, gehienez ere 10.000 euro.
4.7. Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, gehienez ere 15.000 euro.
Honako alor hauetako gastuak babesten ahal dira: langileria, funtzionamendua, inbertsioa, mekanikoak, banaketa eta ekoizpena.
5. Baztertzeko arrazoiak.
Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
a) Alderdi politikoek, kutsu politikoko elkarteek, sindikatuek edo lanbide elkargoek argitaratzen dituzten hedabideak.
b) Elkarteek, kirol klubek, fundazioek edo gisakoek beren kideen artean banatzeko argitaratzen dituztenak.
c) Eskoletako aldizkariak, aldizkari espezializatuak, kultur aldizkariak eta kultur agerpen zehatz batzuei eskainitakoak edo irakurle espezializatuei zuzenduak.
d) Ikuskizunen gidak, denbora-pasak eta gisakoak.
e) Udalen informazio aldizkariak eta udal argitalpenak, interes orokorrekoak ez direnak.
f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriak.
g) Idatzizko hedabideen kasuan, bertze hedabide baten barnean banatzen diren tartekoak.
6. Iraunaldia.
Diruz laguntzen diren jarduerak 2016ko urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitartekoak izanen dira.
7. Prozedura. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta aurkeztu beharko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, hau da, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den horretan, edo bertzenaz Euskarabidearen Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a, 31003 Iruña), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehazten diren tokietan, Euskarabideari zuzenduak eta bertan aipaturik deialdi honen izena.
Eskaera postetxe batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko da, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion. Ez da baliozkotzat hartuko eskatzaileen irteera erregistroa.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona edo entitate juridikoek eskaera egin beharko dute foru agindu honen eranskin modura ageri den ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaletik jaisteko aukera ere badago, ondoko helbidean: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado.
7.1. Aurkeztu beharreko agiriak:
7.1.1 Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen dutenak:
a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.
b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.
c) Eskatzailea bertze baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen egiaztagiria, notario eta erregistro bidez egina.
d) Irratiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emititzeko emandako kontzesio administratiboaren egiaztagiria behar da.
e) NANaren fotokopia, eskatzailea pertsona fisikoa bada.
Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluarekin bat.
Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.
Bide hori bakarrik erabiltzen ahalko da agiriek eraman duten prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.
7.1.2. Hedabide bakoitzean, euskararen erabilerari buruzko proiektu zehaztua, honako hauek jorratuko dituena:
a) 2016an egin beharreko jardueraren proposamena, euskarazko programazio edo argitalpenaren aipamen berezia eginez. Aldizkako argitalpenak izanez gero, editatutako azken zenbakia ere aurkeztuko da.
2016ko lehen hilekoaren gaineko txostena gehituko da, hedabidearen online bertsioaren zabalkundeari buruzko datuekin, baldin baditu, edo bertzenaz sarbide bat aktibatuko zaio Euskarabideari, zuzenean kontsultatzeko. Txostenak zehaztuko ditu ikustaldiak, ikusitako orriak, ikustaldi bakoitzaren banaz bertzeko denbora eta erreboteen portzentajea.
b) Euskarazko programazio edo argitalpenen ezaugarriak (II. eranskineko fitxa bete), erreferentzia hauekin:
Idatzizko hedabideek orrialde kopurua aipatuko dute, non argitaratzen den (hala behar badu), aldizkotasuna, argitalpen eguna, gaia, Nafarroako eduki berariazkoak, tokietako esamolde eta Nafarroako euskalki berezkoen erabilerarik ote den, maketazio mota eta egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola inprimatutako aleen kopurua, zabalkundea, harpidedunen kopurua, salmentak (ordainduzkoa bada) eta irakurle kopuruaren kalkulua.
Irratietarako laguntzak eskatzen dituztenek espazioen eta iraupena eta zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa ekarrita. Aipamen berariazkoa egin beharko da bertze hedabide batzuekin batera egiten diren programazioez, halakorik bada.
c) Aurrekontu zehaztua, diruz lagundu beharreko hedabidearen gastu zuzeneko eta zeharkakoen eta jarduerari egozten ahal zaizkion diru-sarreren gaineko agiriak aurkezturik. III. eranskineko aurrekontu-laburpena ere bete beharko da. Bertze hizkuntza batzuetako hedabideek euskararen erabilerari egozten ahal zaizkion gastu eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko dute, ez hedabidearen gastu guztiak.
Honi dagokionez, kontuan hartuko dira lan-kontratudunen eta kolaboratzaileen kontratazioaren ondoriozko gastuak, baita euskarazko lanei dagozkien funtzionamendu eta banaketa gastuak, egozten ahal bazaizkio diru-laguntzaren xedea den jarduerari, eta horrela onartzen baditu deialdi honen Baloraziorako Batzorde Teknikoak orokorrean kontu-hartzailetzan onartzen diren printzipioak aplikaturik.
d) Aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazteko (I. eranskina).
e) Aitorpena, Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla adierazteko (VII. eranskina).
f) Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Frogapen hori egiteko hautaturiko hornitzailea aukeratzeko prozedura justifikatzen duen egiaztagiria aurkeztuko da.
Eskaerak aitzineko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpenaren ondotik.
7.2. Datuen tratamendua.
Eskaeran eta erantzukizuneko aitorpenean emandako datuak, bai eta diru-laguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan.
8. Instrukzioa.
Deialdia norgehiagokako prozedura erabiliz ebatziko da.
Pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntzak hartzen badituzte, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo diru-laguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Pertsona edo entitate eskatzaileek aurrekontu osoaren %30 autofinantzatu beharko dute gutxienez, deialdian aurkeztu ahal izateko.
Instrukzio organoak eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.
9. Balorazioa: Batzorde Teknikoa eta balorazio irizpideak.
9.1. Baloraziorako batzorde teknikoa.
Haien azterketa eginen du; bere irizpena loteslea izanen da. Ondoko hauek egonen dira Baloraziorako Batzorde Teknikoan:
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, hartan buru eginen baitu.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua.
–Azterlan eta Plangintza Ataleko burua.
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.
–Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuak izendaturiko pertsona bat.
Baloraziorako Batzorde Teknikoak komenigarriak iruditzen zaizkion teknikarien laguntza eskatzen ahalko du, aurkezten diren programen edukiaren arabera.
Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.
9.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.
Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz eta laguntzak lortutako puntuazioaren heinean esleituz. Laugarren oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz:
9.2.1 Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa.
1etik 100era baloratuko da euskararen presentzia garatzeko proposamena, eta bi proposamenik hoberenak onetsiko dira, betiere betetzen badituzte eskatzen diren gutxienekoak, eta 50eko edo gehiagoko puntuazioa eskuratzen dute; zenbatekoa finkoa izanen da, 20.000 eurokoa proposamen bakoitzeko, betiere ez badu gainditzen onartutako aurrekontuaren %70 baino gehiago. Hauek dira erabiliko diren irizpideak:
Presentziaren maiztasuna:
–20 puntu hileko argitalpenetarako, izanik hori gutxienekoa.
–30 puntu hamabostaldiko argitalpenetarako.
–40 puntu asteko edo maiztasun gehiagoko argitalpenetarako.
Euskarazko orri kopurua (8 orri gutxienez).
–8 orri, 10 puntu.
–12 orri, 15 puntu.
–16 orri edo gehiago, 20 puntu.
Nafarroako eduki berariazkoa: (%10 gutxienez).
–Edukiaren %10, 20 puntu.
–Edukiaren %20, 20 puntu.
–Edukiaren %40 edo gehiago, 40 puntu.
9.2.2. Euskara hutsezko tokiko aldizkariak.
Gehienez ere 200 puntuko balorazioa emanen zaio hedapen handiena duen argitalpenari. Hedapena kalkulatuko da diruz laguntzen den aldian guztira argitaratutako orri kopurua (aleak x orriak x kopiak) eta puntuak hainbanatuko zaizkio gainerako argitalpenei, zuzeneko proportzioan, puntu unitateetan. Kalkulu horri faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, %20koa, nagusiki Nafarroako eduki berariazkoak eskaintzen ez dituzten argitalpenendako.
25 puntu gehituko zaizkio Nafarroako tokietako esamolde eta euskalki berezkoak erabiltzen dituzten argitalpenei.
9.2.3. Euskara hutsezko irrati komertzialak.
1. | 2. | 3. | |
Ekoizpen propioko asteko orduen urteko banaz bertzekoa | 50 | 100 | 150 |
Entzule potentzialen kopurua* | 2.000 | 10.000 | 20.000 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10 pt | 20 pt | 30 pt |
Egitura | 30 pt | ||
Gaiak: gazteria, 5 pt; genero berdintasuna, 5 pt, aisialdia, 5 pt, eta kultura, 5 pt | 20 pt | ||
Euskalkiak | 10 pt | ||
Ahozko erregistroak | 10 pt | ||
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baizik ez da kontuan hartuko. | |||
9.2.4 Euskara hutsezko udal irratiak.
1. | 2. | 3. | |
Ekoizpen propioko asteko orduen urteko banaz bertzekoa | 50 | 100 | 150 |
Entzule potentzialen kopurua* | 2.000 | 10.000 | 20.000 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10 pt | 20 pt | 30 pt |
Egitura | 30 pt | ||
Gaiak: gazteria, 5 pt; genero berdintasuna, 5 pt, aisialdia, 5 pt, eta kultura, 5 pt | 20 pt | ||
Euskalkiak | 10 pt | ||
Ahozko erregistroak | 10 pt | ||
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baizik ez da kontuan hartuko. | |||
9.2.5 Euskara erabiltzen duten tokiko aldizkariak.
Puntuak honela banatzen dira:
EUSKARAZKO EDUKIEN PORTZENTAJEARI DAGOZKION PUNTUAK | 1. | 2. | 3. |
Eremu mistoa | %5 | %10. | %15 |
Eremu ez-euskalduna | %3. | %6 | %9 |
Bi eremuak | %4 | %8 | %12 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 15 pt | 25 pt | 35 pt |
HEDAPENARI DAGOZKION PUNTUAK | 1. | 2. | 3. |
Banaz bertzeko orrialde kopurua argitaraldi bakoitzean. x argitaraldi kopurua. x argitaraldi bakoitzean kalkulaturiko ale kopurua | 40.000 | 200.000 | 400.000 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 15 pt | 25 pt | 35 pt |
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baizik ez da kontuan hartuko. | |||
9.2.6 Euskara erabiltzen duten irratiak, eremu misto eta/edo ez-euskaldunekoak.
EUSKARAZKO EDUKIEN PORTZENTAJEARI DAGOZKION PUNTUAK | 1. | 2. | 3. |
Eremu mistoa | %5 | %10. | %15 |
Eremu ez-euskalduna | %3. | %6 | %9 |
Bi eremuak | %4 | %8 | %12 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 5 pt | 10 pt | 20 pt |
INPAKTUARI DAGOZKION PUNTUAK | 1. | 2. | 3. |
Entzule potentzialak | 2.000 | 3.000 | 5.000 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 5 pt | 10 pt | 20 pt |
Egitura | 40 pt | ||
Gaiak: gazteria, 5 pt; genero berdintasuna, 5 pt, aisialdia, 5 pt, eta kultura, 5 pt | 20 pt | ||
(*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baizik ez da kontuan hartuko. | |||
9.2.7 Online hedabideak.
1. MODULUA | 2. MODULUA | 3. MODULUA | |
Euskarazko edukien portzentajea | %40 | %60 | %80 |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10pt | 20pt | 30 pt |
Eguneratzearen maiztasuna | Hamabostean behin | Astean behin | Egunekoa |
Modulu bakoitzari dagozkion puntuak | 10pt | 20pt | 30 pt |
10 puntu gehiago emanen dira online baizik ez den hedabidea denean, hau da, bertze hedabide baten euskarria ez denean. 2016ko lehen hiruhilekoan izandako ikustaldiak kontatuko dira. Ikustaldiei faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaie, %20koa, nagusiki Nafarroako eduki berariazkoak eskaintzen ez dituzten argitalpenendako; 30 puntu emanen zaizkio emaitza hoberena ateratzen duenari eta gainerakoak proportzioan puntuatuko dira, puntu unitateetan. (*) Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baizik ez da kontuan hartuko. | |||
Idatzizko hedabideen hedapena baloratzeko Baloraziorako Batzorde Teknikoak oinarritzat hartuko ditu Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak zabalkundeari buruz dituen datuak. Hedabideren batendako datu hori eskura ez badago, hedabide eskatzaileak ematen dituen zabalkunde datuak hartuko dira oinarritzat.
9.3. Zenbatekoen kalkulua.
a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.
b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.
c) Nolanahi ere eta diru-laguntzaren xede diren modalitate guztietan, bazterturik geldituko dira atal bakoitzeko 1. moduluan ezarritako gutxieneko baloraziora ailegatzen ez diren eskaerak.
d) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
e) Puntuazioak eta eskatzaile bakoitzaren aurrekontu mugak aplikaturik modalitateren batean soberakinik sortzen bada, honela jokatuko da, 4.1 kategorian izan ezik, horretan 20.000 euroko zenbatekoa finkoa baita onuradun bakoitzeko.
–4.1 edo 4.5 kategorietan sortzen diren soberakinak 4.2 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.6 kategorian sortzen diren soberakinak 4.4 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.4 kategorian sortzen diren soberakinak 4.3 kategoriari gehituko zaizkio.
–4.7 kategorian sortzen diren soberakinak 4.2 kategoriari gehituko zaizkio.
10. Ebazpena.
10.1. Ikusik Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendaritza kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.
10.2. Diru-laguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako diru-laguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.
10.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan.
10.4. Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
11. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako diru-laguntzari, diru-laguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da. http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
12. Gardentasun-betebeharrak.
12.1. Onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera ematen direnean:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Bi egoera horietan dauden onuradunek, diru-laguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
12.2. Aurreko atalean deskribatzen diren egoerak ematen ez direlako, entitatea ez bada gardentasun betebeharraren mendeko, aitorpena aurkeztu beharko du, hori adieraziz.
12.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
12.4. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
12.5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. Laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza pagamendu bakarrean ordainduko da, Euskarabideko zuzendaritza kudeatzailearen ebazpenaren bidez, jardueren memoria eta 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.
14. Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.
Pertsona edo entitate onuradunak beharturik daude egindako jarduerak 2016ko urriaren 31 arte izan dituen gastu eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztera, horretarako edozein bide erabiliz zortzigarren oinarrian onartzen direnen artetik; frogagiriak azaroaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira.
a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria zehaztua.
b) Idatzizko hedabideek diruz lagundutako aldian argitaraturiko zenbaki guztien lagina aurkeztuko dute. Zenbaki horiek paperean edo euskarri informatikoan aurkezten ahal dira. Ez da beharrezkoa izanen argitaratu ahalean Euskarabideari bidali bazaizkio.
c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta haien ordainketen gordekinak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarrian aipaturiko aurrekontuaren arabera,. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (IV. eranskina).. Zerrendatzen diren gastuak hurrenez hurren zenbakituak egionen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.
d) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (V. eta VI. eranskinak). Zerrendatzen diren diru-sarrera eta diru-laguntzak hurrenez hurren zenbakituak egionen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.
e) Langileak kontratatuz gero, gastua legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz.
Dokumentazioa euskarri informatikoan egonez gero, euskarri horren kopia aurkeztu beharko da, langileriaren buruak behar bezala eginbidetua.
Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute, hizkuntza-gaitasun aitortua dutenek izan ezik.
Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.
15. Jardueren kontrola.
15.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Betebeharrak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
15.2. Alderdi onuraduna behartua dago laguntza ematen dion organoari jakinaraztera xede bererako bertze diru-laguntza batzuk bildu baditu bertze autonomia erkidego batzuetako bertze edozein administrazio publikotatik, edo bertze edozein erakunde edo ente publiko nahiz pribatutatik.
15.3. Proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten pertsona edo enpresek eskaeran programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, horren arabera dagokion zenbatekoa beheitituz edo osorik deuseztatuz, hala behar badu.
15.4. Pertsona edo enpresa onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan.
16. Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
16.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
16.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
17. Diru-laguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
17.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra.
17.2. Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
Nafarroako hedabidearen 2016ko fitxa teknikoa.
III. ERANSKINA
IV. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
V. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
2016ko diru-sarreren egiaztagiriak.
VI. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)
2016ko diru-laguntzen egiaztagiriak.
VII. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena.
Fitxategiak PDF formatuan daude, behera kargatu ahal izateko.
Iragarkiaren kodea: F1605855
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
