Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
232/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, hiru prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena unibertsitateko tituludunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia).
Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza beka sortu eta haien deialdia egitea proposatzen du Eskubide Sozialetako Departamentuan, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.
Horrenbestez, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Hiru prestakuntza beka emateko deialdia onestea: bi Soziologian graduatutako pertsonentzat eta bat Ekonomian edo Administrazioan eta Enpresa Zuzendaritzan graduatutakoentzat, 12 hilabeterako eta Plangintza eta Ebaluazio Atalean aritzeko, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian, foru agindu honi gehitutako eranskinetan jasotzen diren oinarriei jarraituz.
2. 2016an gehienez 23.314,32 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Bekak eta ikerketa proiektuak” izeneko 900008-92100-4809-231002 kontu-sailaren kargura, eta 2017an gehienez 16.834,32 eurokoa, urte horretako gastuen aurrekontuari dagokion kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Plangintza eta Ebaluazio Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora igortzea, bai eta Diru-Laguntzen Datu Base Nazionalera ere.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 5ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA
Hiru prestakuntza beketarako deialdiaren oinarriak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko
1. oinarria.–Xedea.
Unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza beka norgehiagokako araubideari jarraikiz ematea du xede deialdi honek, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.
1. Bi beka, Soziologiako tituludun unibertsitarioentzat, Soziologiako gradua dutenentzat.
2. Beka bat, Ekonomiako tituludun unibertsitarioentzat, Ekonomiako gradua edo Administrazioko eta Enpresa Zuzendaritzak gradua nahiz Administrazioko eta Enpresa Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.
Deialdiaren xedea unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea da, departamentuan gauzatzen diren gizarte politikak zuzenean ezagut ditzaten.
2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.
Deialdi honetarako zenbatekoa 23.314,32 eurokoa da, 2016ko gastuen aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 900008 92100 4809 231002 kontu-sailaren kargura, eta 16.834,32 eurokoa, 2017ko aurrekontuetan prestatuko den kontu-sailaren kargura.
3. oinarria.–Iraupena.
Bekek urtebete iraunen dute, 2016ko ekainaren 1etik hasita, edo, geroago egiten bada haiek ematen dituen ebazpena, ebazpen horretan adierazten den egunetik.
Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak bekaren iraupena luzatzen ahalko du, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.
4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 40.148,64 eurokoak dira. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Beka bakoitza ordaintzeko, 1.080 euro gordin emanen dira hilabetero, edo horren zati proportzionala, bidezko bada; eta hilabetea bukaturik ordainduko da. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Orobat, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du (35,24 euro).
5. oinarria.–Tutoretzak.
5.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulua edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.
5.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunek beren eginbeharrak bete ditzaten begiratuko du.
6. oinarria.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.
Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.
f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
8. oinarria.–Balorazio baremoa.
Ebaluazio Batzordeek aztertu eta baloratu eginen dituzte aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko dute, izangaiak gutxienez 12 puntu lortzen baditu betiere.
Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:
a) Ikasketen espedientea. Gehienez ere 5 puntu.
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “gai” gisa baloratuko dira.
Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
Ez dira baloratuko 6,5 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).
b) Analisi estatistikoen programa informatikoei buruzko ezagupenak. Gehienez ere 3 puntu.
0,50 puntu emanen dira SPSS edo antzeko programako 20 ikastorduko, eta gehienez ere 3 puntu.
c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta euskara. Gehienez ere 3 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki horren baliokidea den titulua edukiz gero, puntu bat hizkuntza bakoitzeko. B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotako tituluak 0,20 punturekin baloratuko dira.
d) Gaiarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak. Gehienez ere 3 puntu, honela banatuta:
–600 ordutik gorako ikastaroak: 3 puntu arte.
–400etik 600 ordu bitarteko ikastaroak: 2,4 puntu arte.
–200etik 400 ordu bitarteko ikastaroak: 1,8 puntu.
–100etik 200 ordu bitarteko ikastaroak: 1,2 puntu.
–20tik 100 ordu bitarteko ikastaroak: 0,6 puntu.
Kontuan hartuko da nola egin diren ikastaroak, bertaratuz edo online, puntuazio handiagoa emanen baitzaie ikastaroan agertuz egiten direnei. Orobat, puntuazio handiagoa emanen zaie erakunde ofizialek emandako ikastaroei.
20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
e) Gaiarekin zerikusia duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk: Gehienez ere 3 puntu.
1,5 puntu emanen dira gaiarekin zerikusia duen gradu, diploma edo lizentzia bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.
f) Tituluarekin zerikusia duten proiektuetan parte hartzea. 3 puntu gehienez.
–Lan profesionala: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.
–Bekak: 0,25 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 0,75 puntu.
–Boluntarioen programak: 0,25 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 0,75 puntu.
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie.
Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.
g) Buruz buruko elkarrizketa. Gehienez ere 4 puntu.
Bost kalifikazio onenak dituztenei buruz buruko elkarrizketa eginen zaie. Baloratzeko, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun sozial batzuk hartuko dira kontuan.
Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.
9. oinarria.–Eskabideak.
9.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, Iruñea) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 20 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabidea deialdiaren II. eranskinaren eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:
a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia egiaztatua.
b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.
d) Alegatutako gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez frogatuta.
e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
f) Nafarroan erroldatuta izatearen gaineko ziurtagiria.
g) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.
9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
Era berean, eskabidea ez bada aurkezten II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eskatzaileak uko egin duela ulertuko da, zuzentzeko aukerarik eman gabe.
9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
10. araua.–Ebaluazio batzordeak: osaera eta bekak emateko prozedura.
10.1. Ebaluazio Batzordeak instrukzio organoak dira eta ofizioz ebaluatuko dituzte eskabideak, deialdian ezarritako irizpideen arabera.
Ebaluazio Batzordeak arduratuko dira betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari.
–Soziologiako graduko beketarako Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:
Burua: Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko burua.
Ordezko batzordeburua: Plangintza eta Laguntza Ataleko burua.
Batzordekidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko teknikari bat.
Ordezko batzordekidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko teknikari bat.
Idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.
Ordezko idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.
–Ekonomia graduko bekarako Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:
Burua: Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko burua.
Ordezko batzordeburua: Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuko teknikari bat.
Batzordekidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko burua.
Ordezko batzordekidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko teknikari bat.
Idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.
Ordezko idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.
10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
10.3. Lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera proposatuko dute Ebaluazio Batzordeek zein izangairi beka eman.
10.4. Bekak Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez banatuko dira, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Gónzalez Tablas kalea, 7), instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.
Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Ebazpena puntuaziorik altuena lortzeagatik onuradun ateratzen den interesdunari jakinaraziko zaio, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko iragarki oholean (González Tablas, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
11. oinarria.–Justifikatzeko epea eta modua.
Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.
Tutoreak adostasuna eman beharko dio memoriari eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.
12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.
f) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorio den edozein argitalpenetan bekadun gisa aritu dela adieraztea.
h) Prestakuntza jardueran ezagutzen den eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta isilpekotasuna gordetzea.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Beken onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute lanean. Horrela egiten ez badute, onuradunek bekari behin betiko uko egiten diotela ulertuko da, non eta organo eskudunak ez dituen ikusten ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
Bekari uko eginez gero, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.
Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaduna Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan ariko da, astean gehienez ere 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.
15. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beraientzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunek, prestakuntza egiten ari direneko administrazio publikoarekin duten harreman juridikoa deusetan galarazi gabe, eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. oinarria.–Ez-betetzeak.
Jasotako dirua itzultzeko prozedurak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Bukaerako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.
c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.
19. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendu beharko zaio.
Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatuta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
II. ERANSKINA
Beka eskaera (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1605778
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
