95. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

161E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak diru-laguntzak ematen ahalko zizkiela artisautza enpresei haien egitura edo errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo merkatuko lehiakortasuna hobetuko duten jarduerak egiteko.

Irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 45. artikuluan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala ezarri; besteak beste, barne merkataritza eta artisautza antolatu eta sustatzea, eta bere eskumeneko esparruari lotutako jardueretarako diru-laguntzen deialdiak egin eta haiek ematea.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea, haien merkataritza sustapena indartu eta lanbide trebakuntza hobetuko duen diru-laguntzen araubide bat ezarriz, enpresa horiei ematen zaien berariazko prestakuntza bultzatuta.

Hori dela eta, 2016ko martxoaren 31n egindako bilkuran, azalpenak eman zitzaizkien eta entzun zitzaien Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileko kide diren artisautza elkarteei.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, diruz laguntzen ahal diren jarduketetan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehazten dena; aurrekontuan dagoen dirua aplikazio horren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da enpresa eskatzaileek aurkezten duten diruz laguntzeko moduko gastu bolumenaren artean.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 45.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830003-83130-4701-431402: Nafarroako artisautza sustatzeko eta horretan trebatzeko ekintzak

2016

45.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 2an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria–Xedea.

Nafarroako artisautza enpresei diru-laguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, haiek garatu eta indartze aldera.

Artisautzako enpresak eta beren produktuak bultzatzea da diru-laguntzen onura publikoa, sektorea bizkortu eta indartzearren, hain da beharrezkoa artisautzaren sektorea bizirik mantendu eta bultzatzea; izan ere, gizarte osoaren aberasgarri da kultura aldetik eta krisi ekonomikoaren ondoriozko zailtasunek bereziki joa izan da, beste jarduera ekonomiko batzuk baino gehiago agian, artisautzaren produktua ez baita premia-premiazkoa.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 45.000 eurokoa da.

3. oinarria.–Egiteko epea.

1. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2015eko urriaren 1etik 2016ko abenduaren 15era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.

2. Diruz laguntzeko moduko gastuen ordainketa agiriek 2015eko urriaren 1etik 2016ko abenduaren 15a artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta hurrengo berariazko beharkizunak betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak:

1. 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izen emanda egotea.

2. Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Betiere, artisautzako enpresa izateko eskatzen diren beharkizunak bete beharko dituzte enpresa horiek, deialdian diruz lagundu ahal izateko zehaztutako jarduerak egiteko ezarrita dagoen epean.

3. Enpresa onuradun dela frogatzeko, 6. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

Hurrengo jarduketak jotzen dira diruz laguntzeko modukoak:

a) Azoka, lehiaketa, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Inskripziorako gastuak, tokiaren eta standaren alokairua.

–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak.

Erakus-mahai, saltoki edo estandetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuek izan dezakete diru-laguntza eta, zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta aipatu jarduketak burutzeko euskarria edo materiala erostekoak ere. Euskarri horietan lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak, edo logo ofizialak; betetzen ez bada, 12. oinarri arautzailean ezarritako minorazioa aplikatuko da.

–Materiala norberaren ibilgailuan garraiatzea: 0,30 euroko konpentsazioa emanen da kilometro bakoitzeko, material eraman eta ekartze aldera; bide-sariaren gastuak ere onartzen dira.

–Materiala beste moduren batean garraiatzea: erabilitako garraiobidearen gastua edo alokatutako ibilgailuarena onartzen da; azkeneko kasu horretan, gainera, erregaiaren eta bide-sariaren gastuak onartuko dira.

–Azokak atzerrian egiten direnean, artisautza enpresako langile baten bidaia eta ostatu gastuek ere izanen dute diru-laguntza. Ez da diru-laguntzarik izanen mantenuagatik.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea.

Honako jarduketa hauek jaso dezakete diru-laguntza:

–Artisautzako enpresak landutako produktuak aurkezteko edo artisauaren lanbidea hedatzeko katalogoak, triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuek izan dezakete diru-laguntza.

–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautzako enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Diseinuari, produkzioari eta tarteari buruzko gastuek izan dezakete diru-laguntza.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketek bete beharrekoak:

–Kanpo daude artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoa ez den publizitate, dibulgazio edo propagandako material guztiak.

–Ez dezakete diru-laguntzarik izan produktuak saltzeko edo erakusteko beharrezkoak diren enbalaje, kaxa, estutxe edo antzekoak erosteko gastuak; orobat, bisita-txartelen edo antzekoen diseinuari eta produkzioari buruzkoek, ez eta sare sozialetan egindako publizitate gastuek ere.

–Sortzen diren euskarri guztietan lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak, edo logo ofizialak, aurreko a) atalean ezarritakoaren arabera; betetzen ez bada, bertan aurreikusitako ondorioak izanen dira.

c) Hobekuntza profesionaleko eta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzako ikastaroetan parte hartzea.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako batean hobekuntza profesionala helburu duten prestakuntza eta trebakuntza teknikoko ikastaroetan parte hartzea; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta artisauaren lanbidean aritzeko trebakuntza profesionala hobetzen lagundu beharko dute.

–Enpresaburuentzako oinarrizko prestakuntzari buruzko ikastaroetan parte hartzea, artisau tailerren kudeaketa baldintzak hobetzeko eta enpresa kudeaketa hobetu eta modernizatzeko helburuarekin.

–Gastu akademikoetarako, matrikularako eta ikastaroak egiteko beharrezko den material didaktikorako soilik izanen da diru-laguntza, baina sekula ez bidaia, ostatu edo mantenu gastuetarako.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoari (BEZa kanpo) %50eko portzentajea aplikatuz zehazten dena.

Hauxe da gehieneko diru-laguntza, hura jaso dezaketen jarduketen arabera:

a) Azoketan parte hartzea: 1.500 euroko diru-laguntza, gehienez ere, azoka bakoitzeko, eta 5.800 eurokoa, enpresa eskatzaile bakoitzeko eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea: 2.000 euroko diru-laguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

c) Hobekuntza profesionaleko eta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzako ikastaroetan parte hartzea: 2.000 euroko diru-laguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epeak.

Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakia erabiliz eginen da eskaera.

Eskaerak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean adierazi ahal izateko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztu den eskabidearen kopia bat gehituta.

2. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskabide-orria behar bezala beteko eta sinatuko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:

2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Berariazko beharkizunen frogagiriak.

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz egiaztatuko ditu 4. oinarri arautzailean ezarritako berariazko beharkizunak.

b) Erantzukizuneko aitorpenak eta beste dokumentazioa.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizuneko aitorpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira atal honetan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.

2.2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketei buruzko dokumentazioa.

1. 2015eko urriaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Azoka, lehiaketa edo erakusketetan parte hartzen denean: txosten bat, ekitaldi bakoitzaren izena eta non eta noiz egiten den zehaztuko duena, bai eta haietako bakoitzeko kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

b) Azoka, lehiaketa edo erakusketetan parte hartzeagatik diru-laguntzak eskatzen badira materiala norberaren ibilgailuan garraiatzeagatik bakarrik, dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta bertan behar adina frogatu artisautzako enpresak ekitaldian parte hartzen duela; esate baterako, antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako eskuorriak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.

c) Standak muntatu eta apaintzen erabilitako olanak, eguzki-oihalak, biniloak edo antzekoak inprimatuz gero, standaren, olanen, eguzki-oihalen edo publizitateko euskarrien argazkiak.

d) Sustapen-materiala argitaratzeko jardueretarako:

–Txosten bat, behar adina xehetasunekin azaltzen duena zein den egindako materiala eta erabili diren euskarriak, bai eta kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

–Sustapenerako argitaratutako katalogo, eskuorri, triptiko, flyer, ikus-entzunezko edo beste edozein materialaren ale bat.

–Publizitate-bidean eta komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, haren kopia bat eta publizitate-bidearen azalarena aurkeztuko dira.

e) Prestakuntza jardueretarako: txosten bat, behar adina xehetasunekin zenbait datu ematen dituena (prestakuntza jardueraren izena, jasotako prestakuntzaren edukia, zein zentrok antolatu duen, irakasle edo hizlariak, tokia, datak, iraupena eta zer helburu bete nahi ziren), eta, horrekin batera, kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

f) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduarekin eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun den enpresaren izenean jaulki beharko dira.

g) Egindako gastuak ordaindu direla dioten bankuko frogagiriak.

Banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria, enpresaren kreditu edo zordunketaren txartela, txeke izenduna edo zor-agiria erabiliko dira ordaintzeko, eta diru-laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titular izan beharko du ordainketak egin ziren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Espediente bakoitzeko, 2.000 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da; betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, fakturaren zenbakia, ordainketa eta bere data (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia) zehaztuta, edo hornitzaileen banku-kontuan eskudirutan egindako sarrerak frogatzen badira.

2. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arte egin gogo diren jardueretarako, hurrengo dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Epe horretan egin gogo diren jarduerak zehaztu eta azaltzen dituen txostena, eta, horrekin batera, epe horretan egin gogo diren jarduketen aurrekontuak, proforma fakturak edo gastuaren zenbatespena.

b) Epe horretan egin beharreko jarduerentzat aurreikusten diren gastu eta diru-sarreren zerrenda zehatza.

7. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eginen da eta horren berri emanen zaio.

2. Diru-laguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa 5. arauan ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan dagoen dirua aurreko puntuko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa izatera, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diru-laguntza jasotzeko onartzen den gastu bolumenaren artean (enpresa eskatzaileek aurkeztua).

3. Aurkezten diren eskaerak behin betiko azterturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

4. Diruz laguntzen ahal den jarduketa mota bakoitzaren barrenean onartutako jarduera multzoari emanen zaio diru-laguntza eskatzaile bakoitzari eta ordainduko zaio. Jarduera horiek 5.1 oinarri arautzailearen a), b) eta c) ataletan daude zehaztuta.

5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntza ematen duen eta eskaera aurkeztearekin batera frogatutako jarduketak ordaintzen dituen ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik eta, epe hori iraganik ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. Diru-laguntza ematen duen ebazpenaren aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak daudela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeko inprimakiaren barreneko aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bidez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek ziurtatzen dituzten datuak kontsultatzeko.

2. Deialdian ezarritako epeetan egindako gastuak egin, frogatu eta ordaintzea.

3. Behar bezala hedatzea diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela eta, zehazki, lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak edo logo ofizialak, 5. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

4. Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arteko jarduketa laguntzadunetan izandako funtsezko aldaketak gauzatu baino lehen, haiek aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haien berri izan bezain laster.

Aipatu aldi horretako jarduketa laguntzadunak gauzatzean, zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien memorietan frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.

Aldi beraren barrenean, beste jarduketa batzuk egitea ere onartuko da (azoketan parte hartzea, sustapenerako materiala argitaratzea eta prestakuntza espezializatuko ikastaroak) diru-laguntzaren xede izan diren mota bereko beste batzuen ordez; betiere, aldez aurretik emanen zaio inguruabar horien berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, eta horrek egiaztatu beharko du jarduketa berriak deialdian eskatzen diren beharkizunak betetzen dituela eta, zein den kasua, aldaketa horiek onetsiko ditu. Aldaketa horien berri emateko eta aipatu Zerbitzuak erantzuteko, scomerci@navarra.es posta elektronikoaren kontua erabiliko da.

5. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen enpresa onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute enpresa onuradunek, diru-laguntzaren zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

9. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak eta dokumentazioa.

1. Justifikazio epea.

Egindako jardueren frogagiriak epe hauetan aurkeztuko dira:

a) 2015eko urriaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, diru-laguntza eskatzearekin batera aurkeztuko dira frogagiriak.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arte egindako jardueretarako, 2016ko abenduaren 30a izanen da azken eguna frogagiriak aurkezteko.

Egindako jardueren frogagiriak aurkezteko, 6. oinarri arautzailearen 1. atalean eskabidea aurkezteko ezarritakoa aplikatuko da.

2. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz laguntzen ahal diren jarduketak bukaturik, enpresek haiek egin izana frogatu beharko dute eta, horretarako, honako hau aurkeztu:

a) 2015eko urriaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1. atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arte egindako jardueretarako, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1. atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

Bi inprimakiak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es) eskuratzen ahal dira, zerbitzuen katalogoko fitxan.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta onuradunek eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Diru-laguntzak epe hauetan ordainduko dira:

a) 2015eko urriaren 1etik eskabidea aurkeztu arte egindako jarduketetarako, hura aurkeztearekin batera justifikatzen baitira, diru-laguntza ematen duen ebazpenean berean aginduko da ordainketa egiteko.

b) Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arte egindako jarduketetarako, 2016ko abenduaren 30a baitute azken eguna justifikatzeko, 6. oinarri arautzailean ezarritako frogagiriak aztertu eta onartu ondoren eginen da ordainketa.

11. oinarria.–Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste diru-laguntzekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

12. oinarria.–Graduazio irizpideak ez-betetzeengatik.

1. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 15a arteko egindako jarduerak frogatzen ez badira, jarduera horiek egiteko emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, frogagiriak 2016ko abenduaren 30etik aurrera aurkezten badira.

2. 8.3 oinarri arautzailean ezarritako eginbeharra betetzen ez bada, %20 murriztuko da Nafarroako turismo marka edo logo ofiziala erakutsi behar zuten jarduketen gastuei dagokiekeen diru-laguntza.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren web-orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1605248