95. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei 2016an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Kontuan harturik helburua eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatzen du kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei 2016an diru-laguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesteko, 115.000 euroko gastua baimentzeko 2016ko gastuen aurrekontuko “Kultur entitateentzako laguntzak kultur hedapenerako” izeneko A20002-A2510-4809-334104 kontu-sailaren kargura, eta foru agindua, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kultur hedapenerako proiektuak egiteko kultur entitateei 2016an diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak, foru agindu honetan jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4809-334104: Kultur entitateentzako diru-laguntzak kultur hedapenerako

1111

2016

115.000,00

4. Foru agindu hau, oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

KULTUR HEDAPENERAKO PROIEKTUAK EGITEKO KULTUR ENTITATEEI 2016AN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da giza zientzien arloan garrantzi berezia duten kultur proiektuetarako laguntzak arautzea. Erregularki eta aldian-aldian hedapeneko jarduerak (hitzaldiak, mintzaldiak, erakusketak, lehiaketak, ikerketa, giza zientzietako biltzarrak) antolatzen dituzten kultur entitateek egin behar dituzte proiektuak, Nafarroako Foru Komunitatean, Kultur Ekintza Zerbitzuari dagozkion eskumenen barruan.

1.2. 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 9ra eginen dira proiektuak.

Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

–Prestakuntza ikastaroak.

–Argitalpenen edizioa, edozein euskarritan.

–Zinema jaialdiak eta lehiaketak, Foru Komunitatean 2016an egiten direnak.

–Arte eszenikoetako eta musikako jarduerak.

1.3. Deialdiaren helburua Nafarroako kultur jarduera biziagotzea da, kultur entitateei bereziki interesgarritzat jotzen diren eta aurreko atalean aipatzen den xedea betetzen duten berariazko jarduerak egiten lagunduz.

1.4. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du, entitatearen urteko programazioa barne.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Irabazi-asmorik gabeko kultur entitatea izatea.

–2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitatea izatea.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

2.3. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak ere. Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak ere deialditik kanpo daude, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

3. Deialdiaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 115.000 eurokoa da, Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuaren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Bestetik, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 23.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean, dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa entitateek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, 7.3 atalean ezarritakoari jarraikiz onartu diren baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei ere ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Emandako dirua handitzen ahalko da soilik justifikatzeko epea amaitu aurretik gertatzen bada.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektuan 8. oinarrian aipatzen diren atalak jasoko dira (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, edozein kasutan, gutxienez hiru zati hauek:

–Deskribapen zehatza.

–Zabalkunde plana.

–Diru aurrekontua.

Deskribapenari dagokionez: atal honetan proiektuaren helburuak jasoko dira (orokorrak eta partikularrak), eta horiek lortzeko beteko diren ekintzak. Horrez gain, hauek ere jasoko dira: taldearen osaketa/gaitasuna, proiektua egiteko datak, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, kultur zabalkundearen testuinguruan proiektuak duen garrantzia eta egokitasuna, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez.

Zabalkunde planean proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehatz-mehatz jasoko dira.

Aurrekontuari dagokionez, proiektuaren aurrekontu osatua aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko. Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Oro har, aurrekontuaren deskribapena II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

5.1. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri diren ereduen araberakoak izanen dira, eta, bertan aipatu dokumentazioa nahitaez erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren azalpen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

e) Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten kultur entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Eskabide ereduak, azalpen memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/servicios.

5.6. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, eta deialdi honetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio proiektuari.

–Langile horien dieta, ostatu eta joan-etorrien gastuak eta aparkaleku eta bide-sarienak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Proiektuko ekintzak egitera zuzendutako kanpoko baliabideak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta beste batzuk, kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).

Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake. Kontratazioak baldintza hauek bete behar ditu:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–Kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barruan, sarturik daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatu ahal izateko. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

–Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

–Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

–Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat. Hizpidea du, baina botorik ez.

–Batzordeko kideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, edo, bera izan ezean, Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, eta kultura eta/edo ekonomia kontuetan adituak diren beste bi pertsona.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 5.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Entitate eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, hala eskatu beharko dute I. eranskineko dagokion laukitxoan. Orobat, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 8. oinarrian aipatzen diren irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

5. fasea.–Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa. (60 puntu arte).

1.1. Proiektuaren kalitate orokorra (35 puntu arte).

Deskribapena, helburu orokorrak eta partikularrak, helburuak lortzeko bete beharreko ekintzak.

1.2. Taldearen osaera eta gaitasuna (5 puntu arte).

1.3. Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio eta publizitate plana (5 puntu arte).

1.4. Proiektuaren alderdi pedagogikoak (5 puntu arte).

1.5. Ikusleen irisgarritasuna eta inklusioa laguntzeko ekintzak (5 puntu arte).

1.6. Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (5 puntu arte).

2. Entitate eskatzailearen ibilbidea eta jarduna. (10 puntu arte).

2.1. Entitatearen ibilbidea: Entitateak jardunean emandako urte osoak. (2 puntu arte).

10 urtetik gora: 2 puntu.

7 urtetik gora, 10 bitarte: 1,5 puntu.

5 urtetik gora, 7 bitarte: puntu bat.

3 urtetik gora, 5 bitarte: 0,5 puntu.

Urte 1etik gora, 3 bitarte: 0,25 puntu.

2.2. Entitatearen jarduna: muntako jardueren kopurua, azkeneko hiru urte naturaletan frogatuak.

Egindako jarduera bakoitzeko puntu bat (lehiaketa, biltzarra, ikerketa, erakusketa, hitzaldi/mintzaldi zikloa...), 8 puntu arte. (Jarduera hitzaldi/mintzaldi ziklo bat bada, gutxienez 5 saio izanen ditu; gutxiago baditu, puntuazioa proportzioan murriztuko da).

3. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (20 puntu arte).

3.1. Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta. (5 puntu arte).

%60 arte: 5 puntu.

%60tik %65 arte: 3 puntu.

%65etik %70 arte: 2 puntu.

3.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta, proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta.

Hurrengo dokumentuetakoren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak (Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatuz gero). (10 puntu arte).

%50 baino gehiago: 10 puntu.

%41etik %50 arte: 8 puntu.

%31tik %41 arte: 6 puntu.

%21etik %31 arte: 4 puntu.

%11tik %21 arte: 2 puntu.

3.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia. (5 puntu arte).

4. Nafarroako ondarearen zabalkundea eta/edo gaur eguneko egile nafarren sustapena (5 puntu arte).

5. Euskararen erabilera (5 puntu arte).

8.2. Proiektuen balorazioa errazteko, entitate eskatzaileak, I. eranskineko ereduaren araberako eskabideaz gain, deialdi honen II. eranskineko ereduaren araberako azalpen memoria aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean (Informazio ekonomikoaren inprimakia) beteko da. Gastuek eta diru-sarrerek zenbateko bera izan beharko dute.

8.3. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek gutxienez 65 puntu lortu beharko dituzte; horietatik, gutxienez 30 “proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” izeneko atalean lortu beharko dira.

8.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/servicios).

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

9.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13. oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Interesdunek, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean eta erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa edo diru-laguntza deskribatzen duen testu bat ezarri. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

Proiektua diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-ean eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordainketa.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta (kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak), eta ordainketa data. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, paperean edo formatu digitalean, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta egindako gastu guztien faktura/frogagirien zerrenda, zenbakitua eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta (kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak). Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, paperean edo formatu digitalean, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %25 aurreratuta, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio hau aurkeztuz: Diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa eta ordaintzeko edo kobratzeko dauden gastuen eta diru-sarreren zerrenda bat, diruz lagundutako proiektuari dagozkionena.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako entitateek ordainketarako eskaera eta ondotik aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2016ko abenduaren 9 (data hori barne) izanen da. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Dokumentazio hau paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da:

a) Proiektuaren bukaerako memoria.

b) Proiektuan egindako jarduketei buruzko ebaluazio txostena.

c) Inprimitutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

e) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

f) Diruz lagundutako jardueren kontuak: diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III-1 eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

g) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta (kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak), eta ordainketa data. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuko gastuaren zenbateko osoa jaso beharko dute.

13.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.2. Nafarroako 2016ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten arte entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu arte eszenikoen eta musikaren arloko jarduerak garatzeko.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatzen denean, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen memoria (PDF).

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa (EXCEL).

Iragarkiaren kodea: F1605249