1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
104E/2016 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onartzen duena Noain-Elortzibarko udal mugapean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Jardueraren titularra Productos Oppac SA da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 352/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 427/2010 eta irailaren 14ko 882/2012 ebazpenen bidez aldatua.
2016ko urtarrilaren 28an, Ingurumen baimen integratuan zituen baldintzak aldatzeko eskatu du titularrak, LER 150107 kodeko hondakina (beirazko ontziak) hondakinen zerrendan sartu eta, harekin ere, transferentzia zentro gisa aritu ahal izateko.
Zerbitzu honek aurkeztu zaion eskaera berrikusi du, eta ondorioa atera du eskatu den aldaketa onartzeko modukoa dela eta instalazioaren funtzionamendua egokia dela ingurumen aldetik, bat baitator eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin; hortaz, bidezko da eskatu den zerrendan sartzea.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onartzea Noain-Elortzibarko udal mugapean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Productos Oppac SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Productos Oppac SAri eta Noain-Elortzibarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko apirilaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web gunean. http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/
Iragarkiaren kodea: F1604603