Iragarkia
92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
198/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2016. urtean garapenerako lankidetza programak egiteko diru-laguntzen deialdia egiten duena.
Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Orokorrerako Helburuak lortzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta Garapenerako Laguntza Ofizial gisa ematen dira, pobrezia desagerrarazteko, guztien oparotasuna eta ongizatea sustatzeko, ingurumena babesteko eta mundu osoko klima aldaketari aurre egiteko.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatutakoak, nazioarteko ekintza solidarioaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Zehazki, 14. artikuluak xedatzen du, garapenerako lankidetza jarduerak sustatzeko, funts publikoak erabiliko direla, besteak beste.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.
Ondorio horretarako, lege horren 3. artikuluan tributuen %0,7ko esleipenetik ateratzen diren diru-sarreren bidez lagunduko diren taldeak jasotzen dira, eta horien artean “Garapenerako lankidetza” agertzen da.
Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak, 2016ko apirilaren 4ko bilkuran, aldeko irizpena eman du, egokitzat hartu baitu funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.
Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetza sustatzeko programak egiteko diru-laguntzei buruzko arauak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan bermatu daitezen publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak, baita laguntza esleitzen duen Administrazioak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko ekitatea eta efizientzia ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena.–2016. urtean garapenerako lankidetza programak egiteko diru-laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.
Bigarrena.–1.714.068 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91100-4819-143105 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena.–Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Laugarrena.–Foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Bosgarrena.–Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko apirilaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA
2016. urtean garapenerako lankidetza programak egiteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2016ko diru-laguntzen deialdia egin du Garapenerako Gobernuz Kanpoko Nafarroako Erakundeek (GGKE) garapen bidean diren herrialdeetako populazio andeatu eta ahulen alde egiten dituzten programa ekonomiko eta sozialak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposatu eta herrialde horietan solaskide dituztenekin lankidetzan burutzen dituzten programa horiek pobretasunaren aurka eta giza garapena sustatzearen alde borrokatzea dute helburu; esku-hartze integralak dira, edo eragin zabalekoak jarduketaren eremuan edo gunean. Diru-laguntzen exekuzio epea urtebetekoa izanen da, eta, hala badagokio, jarraipena emanen zaie Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin 2014. urtean eta/edo 2015. urtean hasitako esku-hartzeei, ondorioak epe ertainera edo luzera begira lortzeko asmoz diseinatu direlako.
2. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.
Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.
Helburu horietarako, guztira, 1.714.068 euro bideratuko dira, 2016ko Gastuen Aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa. Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91100-4819-143105 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.
b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute egoitza edo ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.
c) Proiektua egin behar den herrialdean tokian tokiko bazkide edo partaide bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.
d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.
e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
2. Gainera, bi entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu.
Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek garapenerako aurkezten dituzten programa ekonomiko eta sozialek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdiaren 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei egokitzea.
b) Gutxienez hurrengo herri edo herrialdeetako batean gauzatzea, osorik edo partez: Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Nikaragua, Saharar Herria, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda eta Palestinar Herria.
c) Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jarduerak 2016an hastea. Diru-laguntza emateko ebazpenaren eguna hartuko da programaren hasiera-eguntzat, salbu eta 2014. urtean eta/edo 2015. urtean hasitako eta finantzatutako programei jarraipena ematen zaien kasuetan (Gizarte Politiketako kontseilariaren martxoaren 6ko 122/2014 Foru Agindua eta abenduaren 11ko 780/2015 Foru Agindua), horiek diruz lagundu ziren lehenengo urtean hasiak bailiran hartuko baitira.
d) 2015. urteko programen deialdiaren bidez finantzatu ziren programen kasuan, eskaera aurkezten den unerako, urte horretan diruz lagundutako programaren gutxienez %35 egina izatea.
e) Zeharkako kostuak ez dira izanen programaren kostu osoaren %10etik gorakoak.
f) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.
g) Gehienez ere 186.000,00 euro (230.000,00 euro eskatzailea entitateen batasun bat bada) eskatuko dira programa bakoitzeko.
h) Esku-hartzearen bukaeran ex post ebaluazio bat egin beharko da (kanpokoa edo mistoa), deialdi honen hamazazpigarren oinarriko q) letran adierazitakoari jarraikiz.
Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.
Seigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak kontu-sail hauetan sartzeko modukoak izanen dira:
A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere deialdian ezarritako epean egiten badira.
a.1) Lurrak eta higiezinak erosi edo alokatzea.
a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta tasak eta eraikuntzako materialak.
a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta martxan jartzeko gastuak, bai eta programa gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere. Tokiko bazkidearen ekipamenduen amortizazioek ere jaso dezakete diru-laguntza, baldintza hauek bete badituzte: diru-laguntzaren xedeko aldikoak badira, proiektuaren eskura jarri badira eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik gabe eskuratu badira. Amortizazioetan, urtean, gehienez lagun daitekeen portzentajea hauxe da: %25, ibilgailuen eta ekipo informatikoen kasuan; %20, gainerako ondasunen kasuan. Halaber, ekipamenduen konponketak eta mantentze-lanak sartzen dira epigrafe honetan.
a.4) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoria bereiziko dira:
a.4.1. Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea burutzen deneko eta haiek lanean ari direneko herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.
a.4.2. Batasunen kasuan bakar-bakarrik, egoitzako langileak sartzen ahalko dira diruz laguntzen ahal den gastu gisa. Honako hauek hartuko dira egoitzako langile gisa: entitate onuradunaren langileak, Espainiako legeen mende Nafarroan lanean ari direnak, kontuan hartu gabe bere eginkizunengatik ekintza burutzen deneko herrialdera noizean behin edo maiz joan behar duten. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kasu guztietan, egozpena osoa edo hein batekoa izaten ahalko da, aurkezten den esku-hartzean diharduten denboraren arabera. Langile horien eginkizunak eta zereginak ez dira jarraipenekoak bezalakoak, azken gastu horiek zeharkakotzat joko dira eta.
a.4.3. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunaren langileak dira, esku-hartzea burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak Espainiako legeen mende. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.
a.5) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lana, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.
a.6) Zerbitzu tekniko eta profesionalak: proiektuaren formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak sartzen dira sail honetan, betiere lan harremanik sorrarazten ez badute eta beste kontu-sail batzuetan sartu ezin badira.
a.7) Txandakako funtsak: kreditu osagarri bat duten esku-hartzeen kasuan, txandakako funtsak ezin izanen du gainditu finantzatutako zuzeneko gastuen %10.
a.8) Funtzionamendua: esku hartzen den eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lana eta segurtasuna, besteak beste), Nafarroako Gobernuari diru-laguntza gisa eskatutako zenbatekoaren %2 arte, gehienez ere.
a.9) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, eta ebaluazioko eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio diru-laguntzari. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, esku-hartze orokorraren ex post ebaluazioaren ondoriozko gastuak, 5.000 euro bitarte, betiere hamazazpigarren oinarriaren p) atalean ezarritako baldintzetan. Frogatzeko, justifikazio kontua eta kontu auditorearen txostena aukeratuz gero, gehienez ere 3.000 euro egotziko zaizkio diru-laguntzari.
B) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.
Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diruz lagungarriak izanen dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta jarduera egoki prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.
4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Balorizazio horiek egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo partaidearen, proiektuaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa adieraziko dira. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.
5. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
6. Diru-laguntzaren xedeko gastuak obrak egiteko badira eta 30.000 eurotik gorakoak, GGKE onuradunak, tokiko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xedeko gastuen eta/edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonda ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruz.
7. Ondoko gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntzarik jasoko:
–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.
–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.
–Ondasun inbentariagarriak, proiektua bukatutakoan jabetza eta erabilgarritasuna tokiko bazkidearenak badira, seigarren oinarriaren a.3) atalean aipatzen den amortizazioa salbu.
Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du. Horren ondorioetarako, entitateen batasun bat eta haren barreneko entitate bakoitza entitate desberdinak direla ulertuko da.
3. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusian (Iruñeko González Tablas kalea, 7; 31005), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio eskaera posta elektronikoaren bidez igorri dela (servcoopdes@navarra.es). Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu baino lehen.
Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:
A) Entitate eskatzailearen agiriak:
A.a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.
1.–Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.
2.–Hirugarren oinarriaren d) eta e) atalen arabera onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
3.–Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:
–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.
–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.
4.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek programako zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta proiektuan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.
5.–Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
A.b) Gaitasuna eta kaudimena baloratzen dituen dokumentazioa:
6.–Azkeneko bost urteetan gauzatutako proiektu edo programak finantzatu dituzten administrazio publikoen ziurtagiriak, edo laguntza ematen duen dokumentuaren kopia, 3.500.000 euro gehienez.
7.–Erantzukizuneko aitorpena, azken bost urtean kudeatutako funts pribatuei buruz.
8.–Aurreko urteko kontu auditoretzaren txostenaren kopia.
9.–Entitatearen plan estrategikoa edo antzekoa, haren egitura eta barne antolaketa biltzen dituen agiria, salbu eta eskabidearen inprimaki ofizialari dagokion atalean aipatzen dena bada.
10.–Nafarroako lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatua.
11.–Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen arteko aldez aurreko akordioa, programaren aurkezpenari eta, diru-laguntza lortuz gero, bi aldeek sinatuko duten hitzarmen ereduari buruzkoa; hitzarmen horrek arautuko du nola gauzatuko duten programa bi aldeek.
B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa:
B.a) Hirugarren oinarriaren c) atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.
12.–Estatutuak.
13.–Legezko eraketaren frogagiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.
14.–Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia. Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek programan parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.
15.–Tokiko bazkideen batasun bat izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dira:
–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.
–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.
B.b) Gaitasuna eta kaudimena baloratzeko dokumentazioa:
16.–Entitatearen plan estrategikoa, haren egitura eta barne antolaketa biltzen dituen agiria.
17.–Azkeneko bost urteetan gauzatutako proiektu edo programak finantzatu dituzten administrazio publikoen ziurtagiriak, edo laguntza ematen duen dokumentuaren kopia, 3.500.000 euro gehienez.
18.–Erantzukizuneko aitorpena, azken bost urtean kudeatutako funts pribatuei buruz.
19.–Lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatua.
C) Programaren dokumentazioa, programari jarraipena ematen zaion kasuetan:
20.–Txosten tekniko eta ekonomiko partziala, 2015. urtean emandako diru-laguntza noraino bete den zehazten duena.
D) Programa baloratzeko dokumentazioa:
21.–Programaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.
22.–Programa burutzen den tokia (herrialdea, erregioa, departamentua, probintzia eta udalerria) zehazki kokatzen duen mapa.
23.–Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.
Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:
a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Zortzigarren oinarriaren A, B eta C ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.
c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.
d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautatu ezin diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehazkabe horiei aurre egiteko.
e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein.
Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak zein bere aldetik baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Diru-laguntzaren eskaera onartzeko, esku-hartzeak 500 puntu gutxienez lortu beharko ditu guztira; horietatik 50 puntu gutxienez II. eranskineko zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideetakoak izanen dira, eta gainera, 135 bederen izanen dira egokitasun instituzionalagatik.
3. Diru-laguntza eskatzen den zenbatekoa adinakoa izanen da.
4. Positiboki baloraturiko programetarako eskatzen diren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.
5. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena hobetsiko da lehentasun ordenan.
Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.
Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.
1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.
2. Deialdiaren gaineko ebazpenean honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea, eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta sei hilabetean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.
Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.
Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.
Gainera, 2015eko deialdiaren bidez finantzaturiko programei jarraipena emateko programen kasuan, 2016. urteari dagokion diru-laguntza aurretik ordainduko da instrukzio organoak egiaztatu ondoren lehenengo fasearen aurrekontua %70ean edo gehiago bete dela, hamazazpigarren oinarriko a) letran ezarritakoari jarraikiz.
Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.
2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:
a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, zer truke tasa aplikatu den frogatzeko ere; bestelako kasuetan, erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.
c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen jatorrizko dokumentua edo fotokopia konpultsatua; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.
d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.
e) Esku-hartzeari buruzko txosten teknikoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.
f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:
–Esku-hartzearen gastuen balantzea.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.
–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.
–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.
g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Gastuak Espainian eginez gero, frogagiriak jatorrizkoak izanen dira, eta gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo partaideak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.
Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.
h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.
Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek diru-laguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira.:
–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.
–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.
–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.
–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. Aipatu EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gain, honako hauek aztertuko dira berrikuspenean: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza ordaindu egin dela, eta gastuak oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera izaten ahal duela diru-laguntza.
–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.
–Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzabiderik bada, beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendak datuak osorik dituela eta oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela egiaztatuko du.
i) Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.
j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz besteko finantzabidea izanez gero, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.
4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.
5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.
Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Jarraipen programen kasuan, 2015eko diru-laguntzaren kontura gauzatu den programa-zatiari buruzko txosten partziala aurkeztu beharko da 2016ko urriaren 15a baino lehen, honako hauek erantsita:
–Hartutako eta igorritako diru-funtsak egiaztatzeko banku-agiriak.
–Txosten tekniko eta ekonomikoa, urte horretako esku-hartzearen %70 edo gehiago gauzatu dela egiaztatzeko.
b) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.
c) Eskubide Sozialetako Departamentuari baimena eskatu eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, honako hauetan izan beharko du eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, tokiko bazkidean, diruz lagundutako aurrekontuko kontu-sailetako aldaketa (halakotzat hartuko da aurrekontuko aldaketa, guztira, emandako diru-laguntzaren %20 baino handiagoa bada, edo 20.000 eurotik gorakoa) edo guztirako kostua %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpena txikiagoa izateagatik. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
d) Diruz lagundutako programa bakoitzerako soilik irekitako bankuko kontu batean sartu beharko du jasotako dirua entitate onuradunak. Tokiko bazkideak ere kontu bat ireki beharko du diruz lagundutako programa kudeatzeko bakarrik, salbu eta behar bezalako arrazoiengatik ezinezkoa denean hori betetzea; kasu horretan, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena izan beharko du.
e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean erosiko dira eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.
f) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.
g) Tokiko bazkideari edo partaideari diru-laguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.
h) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.
i) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen arlokoak egunean izatea.
j) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
k) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.
l) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. idatz-zatian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatiaren kontrako arau-haustea gertatu dela.
m) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
n) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetako hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
ñ) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak diru-laguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.
o) Diru-laguntzen aurrerakinak ezin badira berehala igorri xedeko herrialdera, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu funts horiek utzi kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende, eta inbertsioak bakarrik onartuko dira funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.
p) Lurrak edo higiezinak erosiz gero, jabetzaren araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta behar adina frogagiri aurkeztu.
q) Kanpoko ex post ebaluazioan edo ebaluazio mistoan, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak ELGAren Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideetatik zenbateraino bete diren baloratuko da: eraginkortasuna, efizientzia, eragina, bideragarritasuna, bidezkotasuna; beste irizpide gehigarri batzuk edo beste metodologia osagarri batzuk esparru logikoari gehitzea galarazi gabe: ebaluazio parte-hartzailea, ebaluazioa generoaren ikuspegitik, ebaluazio ekonomikoa, eta abar. Bai Ebaluazioaren Erreferentziazko Baldintzek bai GKE onuradunak ebaluazioa egiteko izendatzen dituen entitateek ez dute Eskubide Sozilaetako Departamentuaren eragozpenik izanen. Ebaluazio prozesua bukatuta, parte hartu duten entitateak sozializatzeko baliabideak ezarri beharko ditu erakundeak. Txosten bat ere prestatuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura igorri beharko dena. Ebaluazio taldeak eta, bereziki, parte hartu duten kanpoko entitateak abalatu beharko dute txosten hori.
r) Diru-laguntzaren entitate onuradunaren eta haren tokiko bazkidearen arteko hitzarmenaren kopia aurkeztea (zortzigarren oinarriaren 11. puntuan aipatzen da hitzarmen hori).
Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.
2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarriko c) atalean aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat hartuko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan salbu, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila baxua eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.
3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen diren justifikazio-txosten partzialak edo bukaerakoak epe barrenean aurkezten ez badira, ez-betetzea izanen da.
4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.
–Frogatutako arrazoirik izan gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.
–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.
5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.
2. Deialdiaren berariazko edo ustezko aplikazio egintzen eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.
Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen (apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
II. ERANSKINA
Programa ekonomiko eta sozialak baloratzeko irizpideak
A.–Erakundeen bidezkotasuna (200 puntu).
a.1. Entitate eskatzailearena (110 puntu gehienez):
–Nafarroan duen ezarpena (65 puntu gehienez).
–Gaitasun finantzarioa (15 puntu gehienez).
–Gaitasun estrategikoa (15 puntu gehienez).
–Gaitasun operatiboa (15 puntu gehienez).
Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 110 puntu arte, gehienez ere.
a.2. Tokiko bazkidearena (90 puntu gehienez):
–Lan esperientzia proiektuaren sektorean edo eremuan (30 puntu gehienez).
–Gaitasun finantzarioa (20 puntu gehienez).
–Gaitasun estrategikoa (40 puntu gehienez).
B.–Esku-hartzearen kalitate teknikoa (450 puntu):
b.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia (50 puntu gehienez).
b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).
b.3. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (50 puntu gehienez).
b.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (100 puntu gehienez).
b.5. Bideragarritasunaren analisia; kofinantzaketa eta beste ekarpen batzuk; arriskuak edo kanpoko faktoreak (100 puntu gehienez).
b.6. Ezarpen prozesuaren analisia, jarraipena eta ebaluazioa (50 puntu gehienez).
Nafarroako Gobernuak 2014an edo 2015ean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen bidezkotasuna baloratuko da, eta, jarraitzearen alde egiten bada, b ataleko puntuazioa 1,25 koefizientearekin biderkatuko da, gehienez ere 450 puntu arte.
C.–Egokitasuna, aurrerago azaltzen diren zeharkako ikuspegien arabera eta lehentasun sektorial eta geografikoen arabera (350 puntu).
c.1. Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (100 puntu gehienez):
–Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu gehienez): programak giza garapenaren alde egiten du, gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua den aldetik, bai egungo belaunaldientzat bai gerokoentzat; ikuspegi horren arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.
–Genero ikuspegia (20 puntu gehienez): programak genero berdintasuna bultzatzen du, giltzarria baita garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoen arloan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizaseme eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.
–Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu gehienez): programak eta haren barreneko esku-hartzeek inguruneko baliabide naturalak errespetatzen dituzte, halako eran non egungo zein etorkizuneko beharrak beteko baitira, gizakiaren bizi kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen horrek oraingo beharrak asetzea ziurtatzen du, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten gaitasuna ahuldu gabe, eta, zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.
–Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu gehienez): osagarria da, eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du, garapenaren helburuak giza eskubideak erabat lortzeari lotuta egotea adierazten du, haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.
–Parte-hartzearen eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu gehienez): programak parte-hartzea bultzatzen du, ezinbesteko elementua den aldetik giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.
c.2. Egokitasuna, lehentasun sektorialen arabera (200 puntu gehienez):
a) Sektoreetako lehentasun orokorrak Nafarroako Lankidetzarako II. Plan Zuzentzaileko irizpideen arabera: (100 puntu gehienez).
1. sektorea.–Oinarrizko giza premiak (100 puntu gehienez):
Oinarrizko giza beharrak (sistema publikoak edo bokazio publikoa dutenak indartzea):
Osasuna:
- Oinarrizko Osasun Laguntza.
- Ama-haurren osasuna.
- Sexu eta ugalketa arloko osasuna.
- Oinarrizko nutrizioa.
- Haurren desnutrizioaren aurkako borroka.
- GIB/HIESaren eta prebalentzia handiko beste gaitzen aurkako borroka garapen bidean diren herrialdeetan.
Hezkuntza:
- Hasierako hezkuntza.
- Lehen Hezkuntza.
- Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa.
- Gazte eta helduen alfabetizazioa.
Ura:
- Edateko ura eta oinarrizko saneamendua izatea.
Etxebizitzen oinarrizko bizigarritasuna:
- Oinarrizko bizigarritasun baldintza duinak gizakien bizigune eskasetan.
2. sektorea.–Gobernantza demokratikoa (100 puntu gehienez):
Giza eskubideak.
- Tokiko boterea eta erakunde deszentralizatuak.
- Gizarte zibilaren erakundeak.
- Bakearen kultura eta gatazka bortitzei aurrea hartzea.
3. sektorea.–Gaitasun ekonomikoak eta produkziokoak (100 puntu gehienez).
Ondasunak ekoitzi eta zerbitzuak ematea:
–Enpresa txiki eta ertainen bilbea sendotzea, bereziki ekonomia solidarioa sustatzen duten enpresena.
–Lanaren Nazioarteko Erakundearen lan duinaren agenda.
–Elkarteak bultzatzea, batetik, Nafarroako enpresa-sektorearen artean, eta bestetik, laguntza ematen zaien herrialdeetako enpresa txiki eta ertainen artean.
–Mikrokredituaren eta txandakako funtsen estrategia bultzatzea, finantza etiko eta solidarioen irizpideak erabilita.
–Bidezko merkataritzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzea.
–Etxeko lanean eta zainketan gizasemeen eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzen duten esku-hartzeei laguntzea.
–Lanbide gaitasunen hobekuntza eta kualifikazioa bultzatzea.
Elikadura, elikagaien segurtasuna, landa garapena eta lurra edukitzea:
–Ekoizle txikiendako laguntza; nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren aldeko sistemak eta merkatura iristen laguntzen dutenak bultzatzea.
–Lurralde ikuspegia duen landa garapena, biztanle ahulenak kontuan hartzen dituena.
–Ureztatzeko ura eskura izatea.
–Lurra eskuratu eta haren jabe egitea bultzatzea, indar berezia jarriz prozesu horretan emakumeen eta gizonen artean berdintasuna izan dadin.
4. sektorea.–Emakumearen ahalduntzea (100 puntu gehienez):
Emakumeen eskubideak erabiltzea.
Ahalduntze prozesuak indartzea.
Balorazioa bi sektoretan edo gehiagotan eginez gero, behin betiko puntuazioa ateratzeko, sektore guztiak batuko dira, eta, zenbat sektoretan egiten den esku-hartzea, haien kopuruaren artean zatituko da.
b) Esku-hartzea berariazko sektore hauetan gauzatzen da, Garapenerako Laguntza Batzordearen Creditor Reporting System (CRS) izenekoen irizpideak erreferentziatzat hartuta (50 puntu):
–Uraren hornidura eta arazketa: Haiti; Herri Palestinarra.
–Nekazaritza: Kolonbia, Haiti, Peru.
–Hezkuntza: Mozambike, Nikaragua.
–Landa garapena: Haiti, Guatemala, Kenya, Mali, Nikaragua, Peru, Kongoko Errepublika Demokratikoa.
–Elikadura arloko subiranotasuna indartzea: Saharar herria.
–Gobernua eta gizarte zibila: Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Mozambike, Tanzania, Uganda.
–Sektore anitzekoa: Ekuador, Peru.
–Bestelako zerbitzuak eta gizarte mailako azpiegiturak: Ruanda.
–Osasuna: Bolivia, El Salvador, Guatemala, Kenya, Mali, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Tanzania, Herri Palestinarra.
c) Jarduketa plan zabalago batean sartuta egotea eta osotasuna (50 puntu gehienez).
c.3. Egokitasuna lehentasunezko jarduketa-eremu geografikoekin (50 puntu gehienez):
a) Garapen txikieneko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (25 puntu).
b) Lehentasunezko eremu geografiko batean egiten da (25 puntu):
–Bolivia: Cochabamba, La Paz, Santa Cruz, Potosi, Beni.
–Kolonbia: Antioquia, Caucaren harana, Chocó, La Guajira.
–Ekuador: Manabí, Orellana, Santa Elena.
–El Salvador: San Salvador, Ahuachapán, Cabañas.
–Guatemala: El Quiché, San Marcos, Sacatepequez, Chimaltenango eta Alto Verapaz.
–Haiti: Hego-ekialdeko eta mendebaldeko departamentuak.
–Kenya: Junju, Rift Valley, Kiambu, Erdialdea, Turkana, Kiongwani.
–Mali: Bamako, Gao, Mopti.
–Mozambike: Maputo, Manica, Cabo Delgado, Niassa.
–Nikaragua: Matagalpa, Managua, Madriz.
–Peru: Piura, Ayacucho, Junín, Lima, Apurimac, Huancavelica, Arequipa.
–Herri Palestinarra: Zisjordania, Gaza.
–Saharar herria: Aljeriako kanpalekuak.
–Kongoko Errepublika Demokratikoa: Kinshasa, Bas-Congo, Sud-Kivu.
–Ruanda: Musanze, Iparraldeko eskualdea, Kigali.
–Tanzania: Same, Dodoma, Singidako eskualdea.
–Uganda: Kampala, Iparraldeko eskualdea, Arua, Adjumani, Kiryandongo.
Iragarkiaren kodea: F1605132
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
