92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Laburpena, Osoko Bilkurak 2016ko maiatzaren 2an hartutako erabakiarena. Oinarri arautzaileak, larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako Tuterako Udalaren banakako diru-laguntza sozialak emateko

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3b eta 20.8a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean lor daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): BDNS (Identifikazioa): 305524.

A) Onuradunak: Diru-laguntzak norbanakoei edo familiei emanen zaizkie, larrialdiko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, betiere komunitatean dauden beste laguntza bideak agortu badituzte eta larrialdi sozialean daudela frogatzen badute.

Prestazioa biztanleriaren sektore berariazko batendako da, ez biztanle guztiendako; hartzailea izateko, beraz, izan beharko dira gabezia frogatuak, ekonomikoak nahiz sozio-sanitarioak, eta zailtasun handiak izan beharko dira gizarteratzeko premia oinarrizkoak asetzeko; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dira. Aldiz, prestazio ekonomiko hauen bidez sostengurako tresnak sortuko dira, gizarte zerbitzuen gizarte laneko profesionalen ekintzaren osagarri.

B) Xedea: Zerbitzu honen bidez, batetik, lagundu nahi da, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotzen ahal dituzten egoerak arintzen, eta bertzetik bilatzen da ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna izatea, Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

C) Oinarri arautzaileak: Diru-laguntzen Base Nazionalean eta Tuterako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, hots, Tuterako Díaz Bravo kaleko 27an (31500), edo bienestarsocial@tudela.es helbidean eskatuta. (Telf. 948826761).

D) Zenbatekoa: Zenbatekoa, guztira 65.000,00 euro.

E) Eskabideak aurkezteko epea: urte osoan egonen da irekita deialdia.

F) Bestelakoak: Diruz laguntzekoak diren kontzeptuak (7. oinarria):

1.–Alojamendua:

a) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, behin-behineko egoera denean.

b) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean.

2.–Etxebizitzari eustea:

a) Argiaren eta gasaren hornidura.

b) Altak etxebizitzetako hornidura energetikoetako kontratuetan.

c) Ez dira jasotzen komunikazio eta informazio gastuak.

3.–Mantenua eta oinarrizko higienea.

4.–Gizarteratzeko eta/edo laneratzeko sostengua.

5.–Prestakuntza eta lan munduan norbanakoaren funtzionamendu integratua lortzeko beharrezko elementuak eskuratzeko diru-laguntzak.

6.–Eritasunaren ondoriozko gastuak, Osasunbideak igorririk nahitaez egin behar diren lekualdatze edo egonaldiek sorrarazten dituztenean.

7.–Ikastetxeetan eskola garaitik kanpo (oporretan) jateko eta jarduerak egiteko laguntzak.

Tuteran, 2016ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1605667