Iragarkia
92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARES
Ordenantza, merkataritza ez egonkorra arautzen duena. Hasierako onespena
Garesko Udalak, 2016ko urtarrilaren 22an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesko merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza. Hura 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Garesen, 2016ko apirilaren 13an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.
UDAL ORDENANTZA, GARESKO MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUENA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek merkataritza ez egonkorraren jarduera arautzen du Garesko udal mugapean, eta uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen babesean onetsi da, bertan xedatutakoa garatzeko asmoz.
2. artikulua. Merkatu txikietan, aldian-aldian eta aldez aurretik erabakitako tokietan egin daitekeen jarduerari esaten zaio merkataritza ez egonkorra, salbu herriko jaietan eta feria egunetan egiten dena, horiek udal organo eskudunak emandako araudiaren bitartez erregulatzen baitira. Hau aplikatzetik salbuesten da “piperren merkatu txikia” deitutakoa, bere ordenantza baitu.
Merkatu txikietako merkataritza
3. artikulua.
1. Merkatu txikitzat hartuko da era guztietako salgai eta produktuekin, elikagaiak barne, antolatzen dena, baldin baimendu badaitezke, eta saltoki talde baten bidez egiten dena (saltoki desmuntagarriak, denda-ibilgailuak...), udal organo eskudunak berariaz baimenduta.
2. Merkatu txiki bakarra paratzeko baimena emanen da, udal organo eskudunak zehazten duen lekuan ezarriko dena. Astean gehienez egun batean eginen da, muga egun gisa ezartzen diren daten artean.
3. Bigarren puntuan jasotakoaz kanpo, debeku da kalez kaleko salmenta udal mugape osoan.
4. artikulua.
1. Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak hau zehaztuko du:
a) Zehazki non paratuko den.
b) Zein egun eta ordutan egin. (Bi puntu horietan adierazitakoak ez dio Udalari ahalmena galaraziko aipatutako inguruabarrak aldatzeko, ezta deuseztatzeko ere, hainbat arrazoirengatik egokia denean –eguraldia, jaiegunak, interes publikoa, etab.).
c) Zenbat saltoki izanen diren gehienez, adieraziz zein diren elikagaien merkataritzari baimendu zaizkionak.
d) Nekazari, abeltzain eta artisauendako, banaka nahiz elkartuta, beren produktuen salmentarako erreserbatutako saltoki kopurua, salmenta horiei bultzada eta lehentasuna eman nahi baitzaie.
e) Debeku diren salgaiak, produktuak eta merkataritzako jarduerak. Halaber, zeinek behar dituzten instalazio bereziak garraiorako, jendaurrean jartzeko, eskaintzeko, etab.
Ez da baimenik emanen produktuak saltzeko, haien araudi erregulatzaileak saltzea debekatzen badu; oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarritako osasun araudia beteko dute, eta nahitaezkoa izanen da ontzietan sartu eta etiketatzea, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.
2. Udal organo eskudunak erabakiko du zein tokitan zehazki kokatu merkatu txikia, baita gehienez zenbat baimen eman ere; hori erabakitzeko, iritzia eskatzen ahalko zaie (nahiz ez den beharrezkoa) arloko erakunde ofizialei, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, merkatarien elkarteei eta abarrei. Merkatu txikiko saltokien titular finkoek 2 ordezkari aukeratuko dituzte, Udalarekin izan beharreko edozein harremanetarako.
Udal baimenak
5. artikulua. Merkatu txikiko jardueran aritzeko, beharrezko udal baimenak eskuratu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira, eta baimenaren indarraldi osoan mantendu:
a) Eskaera egin aurretik, alta emana izatea lizentzia fiskalaren epigrafe egokian, eta dagokion tarifa ordainduta izatea.
b) Zerga betebeharrak eguneratuta izatea Garesko Udal Ogasunarekin.
c) Alta hartua izatea Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta kuotak ordainduta izatea.
d) Araudi tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek eskatzen dituzten baldintzak betetzera behartzea beren burua, salgai edo produktuei buruz.
e) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen txartela izatea, indarrean, edo gero ematen diren xedapenen arabera txartel hura ordezten duena.
f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta lanean beren kontura aritzekoa izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.
g) Udalaren baimena eskatzea, eta honako datu eta agiri hauek aurkeztea:
i. Artikulu honetan aipatutako beharkizunak betetzen direla erakusten duten frogagiriak.
ii. Identifikazioaren eta helbidearen datu orokorrak.
iii. Jarri nahi den saltokiaren neurriak, behar bezala justifikatuta, Udalak ezarrita eta baimenduta.
iv. Egin gogo den merkataritza jardueraren xedeko zer salgai dauden baimenduta.
v. Eskatzen den saltokian lanean ariko direnen izenen zerrendaren erantzukizuneko aitorpena. Zehaztuko dira NANa eta ahaidetasun maila: ezkontideak, gurasoak eta/edo seme-alabak.
h) Jarduera ekonomikoaren arriskuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko asegurua izatea, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 4.6. artikuluak ezartzen duen bezala.
i) Udalak urteko lizentzia emanen du, hiru hilabetetik behin berrikusi beharrekoa, txartel baten bidez. Hartan agertuko dira titularraren izena, baita pertsona baimenduena ere, haien NAN zenbakia eta argazkiak, saltokiaren zenbakia, kokapena planoan, saltokiaren metroak eta salgaiak.
j) Behin-behineko saltzaileei beste txartel bat emanen zaie baimen gisa, beste kolore batekoa.
6. artikulua. Udalaren organo eskudunak merkatu txikian gordetzen baditu herriko nekazariek (erroldatuak) beren uztak saltzeko saltokiak, kasu horretan eskatzaileek, aurreko artikuluan orokorki adierazitako agiriez gain, uzta-biltzaile direla erakusten duten frogagiriak ekarriko dituzte.
7. artikulua.
1. Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerek aukera izanen dute udal baimena eskuratu eta merkataritza ez egonkorrean aritzeko tokiko merkatu txikian.
2. Eskaerak saltokiak baino gehiago badira, Udalaren organo eskudunak ebatziko du, honako alderdi hauei begiraturik:
a) Eskatzailearen bizitokia, Garesen helbidea dutenek lehentasuna izanen baitute, eta haien artean herrian denbora gehien dutenek.
b) Garesen merkataritza ez egonkorrean baimenarekin aritu izana, lehentasuna izanen baitute horretan denbora gehien daramatenek.
c) Jendeari salgai bera eskaintzen dioten saltokiak ez errepikatzea.
d) Uneko eskariaren balorazioa.
8. artikulua. Pertsona edo elkarte eskatzaile bakoitza baimen bakar baten titular izaten ahalko da, alta emanda dagoen lizentzia fiskaleko epigrafe bakoitzeko.
Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.
Merkatu txikiko eremuak eta saltokiek bete beharreko baldintzak
9. artikulua. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentak salbu, merkatu txikiko saltokiak desmuntagarriak izanen dira, inolako obrarik egiteko beharrik gabe, eta baimendutako azalera baino ez dute hartuko. Txukun eta estetikari jarraituz prestatuta egon beharko dute, ezarrita dauden eremuan nabarmendu gabe.
10. artikulua. Saltokiek tarte bat utziko dute, espaloiak libre mantenduz, eta ez dute, inola ere, ibilgailuen eta/edo oinezkoen zirkulazio librea trabatuko, zailduko edo etengo.
11. artikulua. Debekaturik dago saltokietan megafonia eta/edo musika jartzea, eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika jaulki, betiere, indarreko araudiak baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada musika sortzen den lekuan.
12. artikulua. Alde batera utzita salmentarako, baimena izanik, erabiltzen diren ibilgailuak, behin merkatari baimendunek produktuak eta/edo materialak esan zaien bezala eta esan zaien orduan deskargatu ondoren, horiek garraiatzeko erabili dituzten ibilgailuak atera egin beharko dira merkatu txikiko eremu edo esparrutik. Ibilgailuak aparkatzeko eremu finko bat zehaztuko da, baimen ebazpenarekin batera ezarriko eta komunikatuko dena.
13. artikulua. Jarduera egin bitartean, hondakin materialak edukiontzietan utzi beharko dituzte, eta, merkatu txikia bukatzean, saltoki baimenduak dituztenek nahitaez kenduko dituzte hondakin material guztiak. Zerbitzuen Mankomunitateak adierazten dituen toki eta edukiontzi espezifikoetan utziko dituzte hondar elementuak, eta saltokiek ukitutako esparrua eta bide publikoa garbituko dira.
14. artikulua. Esleiturik egon arren merkatu txikia “ireki” eta ordubetera hutsik dauden saltokiak beste saltzaile bati esleitzen ahalko dizkio ardura duen udal langileak, Udalak emandako izangaien zerrenda batean oinarriturik (zerrenda horretan egonen dira aldez aurretik behar den dokumentazioa aurkeztu duten pertsonak, zeinek Udalaren txartel bat izanen baitute, beharkizun guztiak betetzen dituztela frogatzen duena), behin tasak ordaindurik.
Tasa
15. artikulua. Aplikatzekoak diren tasak Udalbatzak onetsiko ditu ekitaldi bakoitzerako.
Udal honek bilduko ditu tasak hiru hilabetean behin, ezarritako egunetan (hiruhileko bakoitzeko lehenbiziko astean). Saltzaile finkoei bankuko ordainagiriaren bidez igorriko zaie tasa. Hiruhileko bat ordaintzen ez bada, igorri eta 15 egun iraganda, jakinarazpena eginen da, eta, behar denean, baimena baliogabetu eginen da.
Saltoki finkoa ez dutenen kasuan, saltokia ezartzen den goizean berean igorriko da likidazioa, bi lehenbiziko orduetan.
Osasun arloko ikuskapenak
16. artikulua. Garesko herria osasun publikoko zein zerbitzutan dagoen atxikita, hari dagokio saltokien eta haietan eskaintzen diren salgai eta produktuen osasun arloko kontrola eta ikuskapenak egitea.
Saltzaileen eskubide eta betebeharrak
17. artikulua.
1. Hauek dira merkatu txikian aritzeko baimena dutenen eskubideak:
a) Dagokien saltokia okupatzea.
b) Merkataritzako jarduera baimenduan aritzea onartzen zaizkien egun eta orduetan.
2. Titularrak eta baimendutako pertsonek ari beharko dute saltokietan, edo salmentan laguntzen dieten ezkontideak, seme-alabek eta gurasoek; besteren konturako langileak onartuko dira, baldin Gizarte Segurantzako araubide orokorrean daudela frogatzen badute eta baimendutako pertsonaren menpe ari badira.
3. Titularrak, ezinbesteko kasuengatik bertaratu behar ez badu, 8:30ak baino lehen abisatu beharko du, emanen den telefonora deituz. Eguna iritsi baino lehen baldin badaki ez duela etortzerik izanen, udal bulegoetan komunikatuko dio hori Udalari. Pertsona baimendua ez bada agertzen ondoz ondoko hiru egunetan, justifikaziorik gabe, urteko baimena galduko du.
18. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen betebeharrak osasun, merkataritza eta zerga alorrekoak dira.
19. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:
a) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, pisurako papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.
b) Okupatzen duten saltokiko barneko aldea eta salmahaia guztiz garbi edukitzea.
c) Saltzeko edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea osasun ikuskatzailetzari eta aipatutako ikuskatzaileek laginak har ditzaten laguntzea.
d) Bilduki berriak erabiltzea.
e) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen txartela, indarrean dagoena, izatea, edo hura ordezten duen dokumentazioa.
f) Behar den laguntza ematea Udalaren garbiketa zerbitzuei, eta horri buruz Zerbitzuen Mankomunitateak komunikatutako erabakiak betetzea.
20. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:
a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.
b) Udal baimenak ikusgai jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.
c) Erakusten dituzten produktu guztiak, baimenduta daudenak bakarrik, saltzeko moduan edukitzea.
d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan eskatzen diren dokumentu guztiak udal zerbitzuei erakustea.
e) Salgaien ondoan haien prezioa argi eta zehatz agertzea. Horretarako, prezio errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.
f) Udal organo eskudunak pisu eta balantzetarako ezartzen duen kontrastea onartzea.
g) Saltokira agertzerik ez badute, gutxienez ere bi egun lehenago abisatu beharko diote Udalari, salbu azkeneko orduko inguruabarrak badaude tartean, eta horretarako arrazoiak azaldu.
21. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:
a) Salmentarako beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.
b) Tasak edo eskubideak eskatzen zaizkien unean ordaintzea. Saltzeko baimenari dagokion tasa ordaintzea hiru hiletik behin. Baimen finkoen kasuan, ordainagiria igorriko da. Eta saltoki ez finkoen kasuan, saltokia ezartzen den eguneko lehenbiziko 2 orduetan ordainduko dira.
Arau-hausteak eta zehapenak
22. artikulua. Baimenen titularrak izanen dira ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteen erantzuleak, beraiek egindakoak izan edo saltzen laguntzen dieten familiakoek eta soldatakoek egindakoak izan.
23. artikulua.
Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:
–Arau-hauste arinak:
a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek eta 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ez betetzea ere, betiere azken horiek larri edo oso larritzat hartzen ez badira.
b) Zehatz-mehatz, hauek dira arau-hauste arinak:
a.–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.
b.–Baimenik ez duen ibilgailua esparrutik ez kentzea.
c.–Hiru aldiz saltokia baimenik gabe itxita edukitzea, aurretik horretarako arrazoi idatzirik eman gabe.
d.–Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.
e.–Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen txartelik edo horren ordezko agiririk ez izatea.
f.–Ordenantza honek baimentzen dituen pertsonak egon beharrean, beste batzuk aritzea saltokietan, baldin arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada, aginduzko baimenik ez izateagatik.
g.–Ordenantza honetan eskatutako osasun, garbiketa eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.
c) Arau-hauste larriak.
Hona hemen hutsegite larriak:
a.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.
b.–Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.
c.–Udal aginteari edo haren funtzionarioei edo agenteei men ez egitea edo argibideak ukatzea beren eginkizunak betetzen ari direnean, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.
d) Arau-hauste oso larriak:
a.–Arau-hauste larrietan berrerortzea.
b.–Saltzeko baimenik ez izatea.
c.–Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.
d.–Hiruhileko bati dagokion tasa berandu ordaintzen bada, saltzeko baimena baliogabetuko da.
24. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
2. Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
3. Arau-hauste oso larriak 600,01 eurotik 3.000,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo baliorik gabe utziz.
25. artikulua. Zehatzeko prozedura.
1. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.
2. Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura tramitatuko da bat etorririk Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
3. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.
4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza honek indarra hartzen duenean, Garesko merkatu txikietan saltokiak okupatzeko emandako baimenek indarra izanen dute urte bukaera arte, salbu baldintzak ez betetzeagatik eta zehapenengatik baimena baliogabetzen bada. Dena den, bukatzen direnean berritu behar dira, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren udal xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.
I. ERANSKINA
Merkatu txikiaren funtzionamendu arauak
1. Julián Mena plazan jarriko da merkatu txikia, urteko larunbat guztietan, salbu Garesko Udalak erabakitzen badu kokapena edo datak aldatzea, urtero horretarako ezarritako egutegi baten bidez. Udaletxearen arkupeak ez dira jarduera honetarako erabiliko.
2. Saltzaileak goizeko 8:00etan sartuko dira merkatu txikian. 14:00etan bukatuko da.
3. Saltokia esleiturik duten saltzaileei goizeko 9:00ak arteko epea emanen zaie saltokia okupatzeko. Hortik aurrera beste saltzaile batzuek okupa dezakete.
4. Espazio bat gordeko da finkoak ez diren saltzaileentzat.
5. Produktuak deskargatu ondoren, garraioko ibilgailu guztiak plazatik kenduko dira, hots, merkatuaren esparrutik.
6. Saltoki bakoitza mugaturik egonen da, saltzaile bakoitzak bere lurzatia izan dezan, eta debeku da muga gainditzea, bai zoruari bai hegalkinari dagokionez. Korridoreak eta espaloiak ezin izanen dira okupatu ez kaxekin ez bestelako materialekin.
Material desmuntagarrien bidez ezarriko dira saltokiak, ez dute obrarik beharko, eta egokiak izanen dira, apaintasunari eta estetikari dagokienez, kokagunea ez itsusteko modukoak. Ezarritako saltokiek ez dute inoiz ibilgailu edo oinezkoen joan-etorri librea galarazi, zaildu edo oztopatuko.
7. Kalez kaleko salmenta egiteko, horretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek behar den lizentzia izanen eta aurkeztuko dute.
8. Saltzaile finkoek, ondoz ondoko hiru egunez huts egiten badute justifikatu gabe, saltokia izateko eskubidea galduko dute automatikoki.
9. Debeku da saltzaileen artean haserreak edo istiluak izatea. Merkatuan zerbitzu ematen ari den udal langileari errespetua zor zaio, eta obeditu eginen zaio. Bestela, behar den zehapena jarriko da.
10. Saltzaileek saltokia garbi utziko dute, topatu zuten bezala, eta zaborretarako edukiontziak izanen dituzte ezartzen den lekuan, zaborrak bertan uzteko, eta hondar kaxak behar bezala zatikatuko dituzte.
11. Osasun Publikoko albaitariari ahalmena ematen zaio salgaiak aztertzeko, horien izaera dela-eta behar denean.
12. Udalak ahalmena du edozein salmenta baimentzeko edo debekatzeko, behar denean.
13. Euria edo elurra ari duen egunetan, ez da baimentzen saltokiak Udaletxeko arkupeetan ezartzea. Ohiko tokian ezarriko dira.
14. Ordenantza hau foruzaingoari igorriko zaio, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioetarako.
Udalak bere langile arduradunari komunikatuko dizkio, larunbatero, baimenetan dauden aldaketak, baita titularrek egindako edo titularrei egindako jakinarazpenen kopiak ere.
Iragarkiaren kodea: L1604491
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
