92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Zerga Ikuskapenaren 2016ko eta 2017ko ekitaldietarako planaren gaineko irizpide orokorrak. Onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2016ko apirilaren 12an egindako osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen Noain Elortzibarko Udalaren Zerga ikuskapenaren 2016ko eta 2017ko ekitaldietarako planaren gaineko irizpide orokorrak onestea.

ZERGA IKUSKAPENAREN 2016KO ETA 2017KO
EKITALDIETARAKO PLANA

ATARIKOA

Sarrera

Lehena.

Noain Elortzibarko Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko zerbitzuentzat beharrezkoa da Zerga Kontrolerako Udal Plana egitea 2016ko eta 2017ko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena.

Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.”

Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen askitasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua:

“Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea”.

Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Xede nagusia Nafarroako Toki Ogasunek berea duten zerga sistema aplikatzea da, ez besterik, zerbitzu publikoak emateko adinako baliabide publikoak lortzeko helburuarekin, zergadun guztiek haien betebeharrak borondatez bete ditzaten bultzatuz eta horren aurka doazen jokabide guztiak zigortuz.

Horretarako, Noaingo Udalak zerga kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, ardatz horren inguruan ezarri eta koordinatzen ahal baitira hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak, helburuak esleitzen ahal dira eta lortzen diren emaitzak neurtzeko adierazleak ezartzen ahal dira.

Prozesu planifikatzaile horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, aurtengo eta hurrengo urteko ildo nagusiak zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako.

Hirugarrena.

Helburu horiek lortzearren, Noaingo Udalaren Zerga Kontrolerako Plana egiteko oinarri izanen diren irizpide orokorrak ezarri dira. Ebazpen honen bidez, Zerga Kontrolerako 2016-2017 urteko Planean jarduteko ildo eta irizpideak ematen dira ezagutzera, eta kontrol horren plangintzaren ikuspegi orokor eta integrala ematen da, eta, hala, betetzen da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoa, baita Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa ere, hartan xedatzen baita, berariaz, argitaratu egin behar direla urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten jarduketa ildoak eta irizpideak.

Horiek horrela, eta xedapen horietan ezarritako obligazioak betetzeko asmoz, argitaratzen dira zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak.

Horrenbestez,

ERABAKI DA:

Lehenbizikoa.–Zerga Kontrolerako 2016-2017 urteko Planaren gaineko ondoko irizpide orokor hauek onestea.

1. Jarduketarako irizpide orokorrak.

1.1. Nafarroako Toki Ogasunen jarduketak oinarri duen informazioa tratatzeko sistema indartzea, zerga ondorioa duen informazioa lortuko duten jarduketak areagotuz, bai informazioa trukatzeko akordio berriak sinatuz eta beste zerga administrazio batzuekin eta Nafarroako Gobernuko departamentuekin hitzartutakoak garatuz, bai informazioa lortzeko jarduketa hautatzaileak aurrera eramanez.

1.2. Kontrolaren xede izan behar duten zergadunen hautaketa eraginkorra, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren eta zergen kontrolerako organoen arteko hautatze jarduketa koordinatuak indartuz; horretarako, arrisku fiskalak behar bezala identifikatu eta ponderatuko dituen informazioa analizatuko da.

1.3. Ezkutuko ekonomiako iruzurraren aurkako borroka indartzea, tokian bertako jarduketak eginez jarduera ekonomikoak kontrolatzeko eta haiei buruzko informazioa biltzeko, bai eta zerga betebehar formalak betetzen direla egiaztatzea.

1.4. Jurisdikzio organoekiko lankidetza aktiboan jarraitzea, Tokiko Ogasunaren aurkako delituengatiko prozesu judizialetan eta zerga arloari loturiko beste batzuetan. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola, informazioa ematea epaitegi eta auzitegiei eta Fiskaltzari, eta peritu lana egitea eta laguntza judiziala ematea prozesu penaletan.

1.5. Zergadunek zerga betebeharrak borondatez bete ditzaten, haien kontzientzia fiskala indar dadin eta gizarteak zerga iruzurra gaitzets dezan bultzatuko duten estrategiekin eta jarduketekin jarraitzea.

2. Zerga-iruzurra egiaztatu eta ikertzeko berariazko jarduketa ildoak.

2.1. Ezkutuko ekonomiaren iruzurraren aurkako borroka indartuko da, aurreikusteko, kontrolatzeko eta informazioa atzemateko jarduketa hauek eginez:

–Jarduketetan agertzea, betebehar formalak betetzen ote diren egiaztatzeko, datuak hartzeko ikuskatutako jarduerari buruz eta aitortu gabeko jarduerak atzemateko.

–Zerga aitorpenen edukiarekin bat heldu ez diren ondare egoeren gaineko informazioa atzeman eta ustiatzen duten jarduketak, baita beste administrazio publiko batzuen informazioa ere jarduera ekonomikoei buruz.

–Aitortutako errenta edo ondarearekin bat heldu ez diren kanpoko zeinu adierazgarriak dituzten zergadunen tributazioa egiaztatzea.

2.2. Gainera, Zerga Kontrolerako 2016-2017 urteko Planaren barreneko jarduketen artean daude Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari tributu arloko okerreko egoerei buruz egindako komunikazioen ondoriozkoak, hala eskatuz gero organo publikoek edo Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Estatuko eta autonomia erkidegoetako ogasun administrazioek, Nafarroako toki entitateek eta gainerako erakunde publikoek. Horien artean salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2016ko apirilaren 13an.–Alkate udalburua, José Ignacio Erro Lacunza.

Iragarkiaren kodea: L1604536