92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIAN

Deialdia, hezitzailea aldi baterako kontratatzeko

San Adriango Udaleko alkate udalburuak, 2016ko apirilaren 19ko 60/2016 Ebazpenaren bitartez, hezitzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko oinarriak onetsi zituen, San Adriango Udalaren Santas Reliquias Haur Eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Hona hemen:

OINARRIAK

1.–Deialdia egin da hezitzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, San Adriango Udalaren Santas Reliquias Haur Eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Lanpostu hori C mailakoa da San Adriango Udalaren plantilla organikoan.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hau langile finkoen bertze edozein zerrendaren ondotik erabiliko da, oraingo zerrenda izan nahiz geroago sortua, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuak xedatu bezala, eta orobat funtzionario nahiz lan-kontratudun finko gisa hezitzaile izateko hautaprobetan parte hartu eta horiek gainditu baina lanposturik erdietsi ez duten izangaien zerrendei dagokienez edo proba guztiak gainditu gabe ere deialdian zehazten den proba edo hautapen prozesuko aldia gainditu duten izangaien zerrendei dagokienez.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren titulua, Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen graduko titulua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren titulua edo horren baliokidea, betiere, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, edo eskabideak aurkezteko azken egunean hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ez izatea inoiz kondenatua sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituagatik, epai irmoaren bidez.

g) Kontratatu baino lehen elikagaien higienearen arloan prestakuntza jaso duela ziurtatzea (janari erabiltzailearen prestakuntza).

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Adriango Udalaren bulegoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako etorbideko 7.ean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. San Adriango Udaleko bulegoan eskura daiteke (Nafarroako etorbidea, 7) edo aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala ere aurkeztu beharko dute.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuz gero, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda San Adriango Udalaren iragarki oholean (Nafarroako etorbidea, 7), baita Udalaren web orrian ere.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, halakorik izan bada, haiek ebatzi ondoan, San Adriango Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura San Adriango Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Emilio Cigudosa García, San Adriango Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: M.ª Concepción Ruiz López, San Adriango Udaleko Hezkuntza Batzordeko burua.

–Mahaikidea: M.ª Asunción Obregozo Rubio (Nuestra Señora de los Ángeles Haur Eskolako zuzendaria).

–Ordezkoa: M.ª Victoria Ayensa Resano (Santas Reliquias Haur Eskolako hezitzailea).

–Mahaikidea: M.ª Jesús Navarro Resano (Santas Reliquias Haur Eskolako zuzendaria).

–Ordezkoa: Raquel Martín Murugarren (Santas Reliquias Haur Eskolako hezitzailea).

–Mahaikidea: San Adriango Udaleko langileen ordezkari bat.

–Ordezkoa: San Adriango Udaleko langileen ordezkari bat.

–Mahaikide idazkaria: Natividad Azcona Comas, San Adriango Udaleko idazkaria.

–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Edgar Láinez Goñi (Udaleko kontu-hartzailea).

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Hautapena idatzizko proba baten bidez eginen da. Hartan, 80 galderez osaturiko galdetegiari erantzun beharko zaio, deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena.

Epaimahaiak ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du haren hasieran. Ariketak 80 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira 40 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

Hautaproba egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Ariketak zuzenduko dira plika itxien sistema erabiliz.

Azken emaitzan diren berdinketetan, laneko merezimenduen balorazioan puntu gehien lortzen dutenen alde joko da, baremo honen arabera:

–Zuzeneko kudeaketako titulartasun publikoko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezitzaile gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu 1. Urte ez-osoetan, 0,0028 eguneko.

–Zeharkako kudeaketako titulartasun publikoko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezitzaile gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu 0.75. Urte ez-osoetan, 0,0021 eguneko.

–Lehen haurtzaroko arretaren arloko beste zentroetan hezitzaile gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu; urte-ez osoetan, eguneko 0,0014.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Idatzizko probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak San Adriango Udalaren iragarki oholean, web orrian eta proba egin den lekuan jarriko du proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera. Halaber, izangaien artean berdinketarik gertatzen bada, merezimenduak aurkezteko toki eta eguna adieraziko ditu. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Merezimenduen balorazioa eginda, berdinketarik gertatu bada, izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, lortutako puntuazioari jarraituz, eta ebazpenaren bitartez behin betiko onetsiko da.

9.2. Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

San Adrianen, 2016ko apirilaren 19an.–Alkatea, Emilio Cigudosa García.

I. ERANSKINA

–Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

1. gaia.–0-3 urteko Haur Hezkuntza Nafarroan. Gaur egungo egoera. 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hura aldatzen duten xedapenak.

2. gaia.–0-3 urteko Haur Hezkuntzako curriculuma Nafarroan.

3. gaia.–Haur Hezkuntzan eragina izan duten korronte pedagogikoak. Eskola Berria. Gaur egungo mugimendu eta aukerak.

4. gaia.–Psikologiaren ekarpenak. Ikaskuntzari buruzko teoriak, Haur Hezkuntzarekin zerikusia dutenak.

5. gaia.–Ikastetxeko hezkuntza proiektua. Kontzeptua eta haren garrantzia. Eginkizunak. Hezkuntza proiektua osatzen duten elementuak.

6. gaia.–Proposamen pedagogikoa. Kontzeptua eta haren garrantzia. Eginkizunak. Hura osatzen duten elementuak.

7. gaia.–Ikasgelaren programazioa. Kontzeptua. Xedeak. Elementuak: helburuak, edukiak, metodologiako estrategiak, jarduerak, baliabideak, antolamendua espazioan eta denboran, ebaluazioa eta curriculumaren egokitzapena.

8. gaia.–Gelan lan egiteko hainbat proposamen eta metodologia.

9. gaia.–0-3 urteko Haur Hezkuntzan esku hartzeko printzipio pedagogikoak.

10. gaia.–Espazioaren eta giroaren antolamendua hezkuntzako baliabide gisa. Espazioaren nondik norakoa, Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Espazioa hezkuntzako agente gisa. Espazioa antolatzeko kontuan hartu beharreko irizpideak. Haur Hezkuntzako ikastetxe eta geletan espazioa antolatzeko ereduak. Haur Hezkuntzako ikastetxe bateko espazioak gaur egungo legerian eta araudian.

11. gaia.–Materiala, hezkuntza baliabide. Ezaugarriak. Material motak. Materiala hautatu, kudeatu, erabili eta kontserbatzeko irizpideak. Materiala prestatu, berreskuratu eta eraldatzea.

12. gaia.–Denbora, hezkuntzako baliabide Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Haurrak denbora nola bizi duen. Denboraren antolamendua Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Denboraren antolamenduan eragina duten faktoreak. Denbora antolatzeko irizpideak. Denbora antolatzeko hainbat eredu.

13. gaia.–Haur hezitzailearen ezaugarriak 0-3 urteko ikastetxeetan. Eskumenak. Trebetasunak. Jarrerak. Eginkizunak.

14. gaia.–Ebaluazioa. Haren arrazoia 0-3 urtekoendako. Ezaugarriak. Ebaluazio eremuak. Haren berri familiei. Teknikak. Ebaluazioa erregistratzeko eta/edo komunikatzeko tresnak.

15. gaia.–Behatzea 0-3 urtekoendako haur hezkuntzan: haren garrantzia. Behatze motak. Behatzeko baldintzak. Behatzearen konplexutasuna. Behatze proiektuak prestatzea. Dokumentazioaren hainbat modu.

16. gaia.–Teknologia berrietako hezkuntza Haur Hezkuntzan. Irudia irakaskuntzan. Irudiaren eragina haurrarengan. Irudirako hezkuntza. Ikus-entzunezkoak eta Haur Hezkuntza. Haur Hezkuntzako baliabide teknologikoak.

17. gaia.–Osasunerako hezkuntza Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Osasunaren eta eritasunaren kontzeptuak: eragina duten faktoreak. 0-3 urteko neska-mutikoen eritasun ohikoenak. Haur eskolaren esku-hartzea eritasun egoeretan. Hezitzailearen egitekoa osasunerako hezkuntzan. Haur Hezkuntzako ikastetxeek bete beharreko baldintzak osasuna bultzatzeko.

18. gaia.–Haurren istripuei aurrea hartzea. Haurren istripu ohikoenak. Haurtzaroko istripuak bultzatzen dituzten faktore eta arriskuak. Haurren segurtasunaren inguruko arriskuei aurrea hartzea. Lehen sorospenak.

19. gaia.–Familia eta eskola. Haur hezitzailearen egitekoa eta jarrerak familiekiko. Familiek Haur Hezkuntzako ikastetxeetan parte hartu eta bultzatzeko ereduak. Gerta daitezkeen zailtasunak familiekiko harremanetan, eta hezitzailearen egitekoa. Familiekiko topaketak antolatzea.

20. gaia.–Dibertsitateari arreta ematea. Hezkuntzaren dibertsitatea eta hezkuntza laguntza behar duten Haur Eskolako neska-mutikoak. Integrazioaren eta inklusioaren printzipioak. Curriculumetako egokitzapenak. Hezitzaileraren jarrera eta eginkizunak.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: L1604807