Iragarkia
92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
23E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntza emateko deialdia onesten duena.
Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non proposatzen baita gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea, 200.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntza emateko deialdia onestea.
2. Gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea.
3. Laguntzak emateko, 200.000 euroko gastua baimentzea 2016ko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren “Arte eta kultur entitateen arte eszenikoetako eta musikako proiektuetarako laguntzak” izeneko A20002-A2510-4816-334102 kontu-sailaren edo beste kontu-sail baliokide baten kargura.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko apirilaren 27an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
GEHIENEZ 50.000 EUROKO AURREKONTUA DUTEN ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKAKO ARTE-PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO 2016KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Nafarroako Foru Komunitatean 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 15era bitarte egiten diren arte eszenikoetako eta musikako proiektuetarako laguntzak arautzea du xede deialdiak, ikusleentzat interesa duen kalitatezko arte eskaintza anitzari laguntzeko, Nafarroako Foru Komunitateko arte entitate eta taldeekin elkarlanean arituz.
Aurkezten diren proiektuak arte eszenikoen eta musikaren diziplinetakoak izanen dira.
1.2. Proiektuaren aurrekontua 50.000 eurokoa izanen da gehienez.
Entitate edo talde bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.
2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Irabazi-asmorik gabeko arte entitatea izatea.
b) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitatea izatea.
c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.
2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.
2.3. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak ere.
2.4. Ezin izanen dira onuradun izan 50.000 eurotik gorako aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntza jasotzen duten entitateak.
3.–Deialdiaren zenbatekoa.
3.1. Deialdiaren zenbatekoa 200.000 eurokoa izanen da.
3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Gainera, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.
3.3. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.
3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.
Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.
4.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.
4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa. Entitatearen urteko programazioa proiektutzat hartuko da.
Probak hiru zati izanen ditu:
–Lehenengoa: deskribapen zehatz bat.
–Bigarrena: zabalkunde plana.
–Hirugarrena: diru aurrekontua.
Deskribapenari dagokionez: atal honetan proiektuaren helburuak eta horiek lortzeko bete beharreko ekintzak zehaztuko dira.
Horrez gain, hauek ere jasoko dira: proiektua noiz eginen den, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez.
Zabalkunde planean proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehatz-mehatz jasoko dira.
Aurrekontuari dagokionez, proiektuaren aurrekontu osatua aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko.
Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.
5.–Eskaeren aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.
5.1. Laguntza eskabideak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.
5.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.
5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen estatutuak.
b) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.
c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.
d) Proiektuaren azalpen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.
Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.
5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten arte talde eta entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.
5.5. Eskabide ereduak, azalpen memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
5.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.7. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.
5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.
6.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta diru-laguntzen oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten direnak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:
a) Zuzeneko kostuak.
–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio programari.
–Langile horien dieta, ostatu eta joan-etorrien gastuak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).
–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, espazioen, ekipoen eta bitarteko materialen alokairua, talde artistikoaren ordainsariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.
–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.
Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake. Kontratazioak baldintza hauek bete behar ditu:
1.–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.
2.–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena eman beharko du aldez aurretik.
Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).
b) Zeharkako kostuak.
Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.
Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.
6.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:
a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarritakoa, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erostekoa.
b) Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.
d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.
6.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen duen gastuak bakarrik jaso dezake diru-laguntza.
Proiektua eskatzaile batzuek batera eskatzen dutenean, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, onuraduntzat hartuko baitira.
Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.
7.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.
7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria,
eta, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.
c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta bost aditu, deialdiaren xede diren arloetakoak, bai alde artistikoari bai ekonomikoari dagokienez.
7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.
1.–Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.
2.–Entitate eskatzaileek, hala nahi badute, ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez.
3.–Orobat, batzordeak, edozein unetan, entitate eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.
4.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 8. oinarrian aipatzen diren irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
5.–Batzordeak irizpen loteslea emanen du.
7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
8.–Proiektuen balorazioa.
8.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:
1.–Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (60 puntu arte).
1.1.–Proiektuaren kalitate orokorra (35 puntu arte).
a) Proiektuaren kalitate orokorra: deskribapena, helburu orokorrak eta partikularrak, helburuak lortzeko bete beharreko ekintzak.
1.2.–Taldearen osaera eta gaitasuna (5 puntu arte).
1.3.–Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio eta publizitate plana (5 puntu).
1.4.–Proiektuaren alderdi pedagogikoak (5 puntu).
1.5.–Ikusleen irisgarritasuna eta inklusioa laguntzeko ekintzak (5 puntu).
1.6.–Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (5 puntu).
2.–Entitate eskatzailearen ibilbidea eta jarduera (10 puntu arte).
a) Entitatearen ibilbidea: entitateak jardueran emandako urte osoen kopurua (5 puntu arte).
–10 urtetik gora: 5 puntu.
–7 urtetik 10 bitarte: 4 puntu.
–5 urtetik 10 bitarte: 3 puntu.
–3 urtetik 5 bitarte: 2 puntu.
–Urte 1etik 3 bitarte: puntu bat.
b) Entitatearen ekintzak, alderdi sozialetan (programa pedagogikoak) eta lurraldearekiko harremanean (programazio deszentralizatua) eragina dutenak, bai eta parte-hartzea erregio mailako sare, elkarte edo federazioetan, baita nazionaletan edo nazioartekoetan ere, puntu bat azken 3 urteetan egindako ekintza garrantzitsu bakoitzeko (5 puntu arte).
3.–Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (20 puntu).
3.1.–Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta (5 puntu arte):
–%60ra artekoa: 5 puntu.
–%60tik %65 arte: 3 puntu.
–%65tik %70 arte: 2 puntu.
3.2.–Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta.
Hurrengo agiriren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiriak (diru-laguntza emanez gero). (10 puntu arte).
–%50etik gora: 10 puntu.
–%41etik %50 arte: 8 puntu.
–%31tik %41 arte: 6 puntu.
–%21etik %31 arte: 4 puntu.
–%11tik %21 arte: 2 puntu.
3.3.–Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia (5 puntu arte).
4.–Nafarroako kultur ondarearen zabalkundea eta/edo egungo sortzaile nafarren sustapena (5 puntu arte).
5.–Euskararen erabilera (5 puntu).
8.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen memoriako ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.
Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.
Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.
Eskaerek gutxienez 65 puntu lortu beharko dituzte diru-laguntza jasotzeko; horietatik, gutxienez 30 “proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” izeneko atalean lortu beharko dira.
8.3. Zehaztasunik gabe betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
9.–Laguntza emateko ebazpena.
9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean.
Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenak jakinarazteko, beti baliatuko da Nafarroako Gobernuaren web-orria http://www.navarra.es/home_eu/servicios/. Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).
9.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
9.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.
10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.
10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:
–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 12.4.a) oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.
–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.
–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
11.–Onuradunek bete beharrekoak.
11.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
11.2. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.
11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.
11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da.
Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.
11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.
Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.
Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa deskribatzen duen testu bat ezarri.
Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko.
Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Argitalpen Atalean kontsultatu daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.
11.7. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).
Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.
11.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.
11.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
11.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.
11.11. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
11.12. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web orrian eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.
11.13. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako azalpen memorian jasotakoarekin alderatuta.
12.–Diru-laguntza ordaintzeko modua.
12.1. Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren.
12.2. Konturako ordainketa ere egin daiteke, jardueran gauzatutako portzentajearen arabera, entitateak honako hauek aurkeztu ondoren:
–Diruz lagundutako proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.
–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.
12.3. Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %25 aurreratuta, gehienez ere.
Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak –proiektuarekin lotutakoak–).
13.–Justifikatzeko epea eta modua.
13.1. Diru-laguntza pagatzeko erabilitako prozedura edozein delarik ere, likidazioa egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, paperean eta formatu digitalean, abenduaren 9a baino lehen:
–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzaile/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZa, PFEZa eta osoa) eta ordainketaren eguna.
–Diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko fakturak/frogagiriak, aipatu zerrendan duten ordena berean.
Gastuak frogatzeko, jatorrizko fakturak aurkeztuko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haien ordainagiriak erantsiko dira, hots: bankuko frogagiriak, “ordaindua” zigilua duten fakturak –hornitzaileak sinatu eta zigilatuak–, edo beste edozein dokumentu, faktura edo gastuaren frogagiria ordaindu izana erakusten duena.
Faktura horiek 2016an emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak.
Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik.
Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren funtsekin –beste diru-laguntza batzuk barne– finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
–Proiektuaren amaierako memoria eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena.
–Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.
–100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira.
–Ekitaldiko urteko kontuak.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, paperean eta formatu digitalean, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.
13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.
13.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.
14.–Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.
Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, pagatzen den gehieneko diru-laguntza jardueren defizita finantzatzen duen zenbatekoa izanen da.
14.3. Nafarroako 2016ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten arte talde eta entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu jarduera eszenikoak eta musikakoak garatzeko.
15.–Dirua itzultzea.
Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
16.–Hornitzaileen kontratazioa.
Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.
Baldintza hori betetzen dela ulertuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatzen denean, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.
17.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
18.–Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDF).
II. ERANSKINA
Proiektua azaltzen duen memoria (PDF).
III. ERANSKINA
III. eranskina betetzeko, Excel formatuko artxibo hau erabiliko da:
Datu ekonomikoak (XLS).
Iragarkiaren kodea: F1605214
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
