92. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Aspalditik, eta batez ere XIX. mendearen bukaeratik, Ameriketako zenbait herritara emigratu behar izan zuten nafarrek elkarteak sortu zituzten, iritsi berriko emigratzaileei laguntzeko asmoz eta Nafarroako usadioei eta nortasunari eusteko gizarte eta kultur jarduerak sustatzeko asmoz.

Denborak aurrera egin ahala, kultura zabaltzeko guneak eta hartu-emanetarako plataformak bilakatu dira, tokian tokiko komunitateen ospe handikoak; orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen, haren errealitate historikoaren eta egungoaren irudi ona ematen dute, eta Nafarroako balioak eta ezaugarriak hedatzen dituzte ausarki.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernua elkarlan berezian aritu da azken hamarkada hauetan Nafarroaren adierazgarriak diren entitate horiekin, haien kultura eta gizarte jarduera sustatu eta bultzatzeko.

Biltokiek Nafarroa sustatzea interes sozial handikoa denez, eta kontuan izanik denboran zehar finkatu direla eta proiektu eta kultura, kirol eta gizarte ekintza berriekin urtero berritzen direla, bidezkoa da entitate horiei diru-laguntzak emateko beste deialdi bat onestea.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10006-B1200-4900-144100: Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak

2016

30.000,00

B10006-B1200-7819-144100: Atzerrian dauden nafar biltokien lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2016

12.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 27an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ESPAINIATIK KANPO DAUDEN NAFAR BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2016KO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak beste herrialde batzuetan dauden nafar biltokiei 2016an esleitzen dizkien laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroaren irudia eta kultura Espainiatik kanpo sustatu eta zabaltzeko eta kultura eta gizarte ekitaldiak egiteko, beren kideen arteko erlazioa eta haien integrazio soziokulturala hobeak izan daitezen.

2.–Finantzaketa.

Osotara 42.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2016ko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura finantzatuko da:

–30.000 euro, “Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak” izeneko A30003 A3120 4900 144100 kontu-sailaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

–12.000 euro, “Atzerrian dauden nafar biltokientzako lokalak eta ekipamenduak erostea eta hobetzea” izeneko A30003 A3220 7819 144100 kontu-sailaren kargura, inbertsioak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira Espainiako beste herrialde batzuetan finkaturik dauden nafar taldeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helbidea Espainiatik kanpo izatea.

c) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako debekurik ez urratzea.

f) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen aportazioak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, deialdiaren xedeko entitate gehien biltzen dituzten federazioek eska ditzakete laguntza hauek.

4.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte, 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 21era arte egindako gastuengatik.

a) Jarduera kontzeptuan honako hau sartzen da:

1. Oinarrizko gizarte jarduera: entitateek egiten dutena, zentro sozial gisa, bazkideei harrera emanez eta haien gizarte eta kultura trukea erraztuz.

2. Gizarte jarduera osagarria: xede ditu bazkideen harremanak hobetzea eta kokaturik dauden herrialdearekiko integrazio handiagoa lortzea, baita Nafarroak kanpoaldean dituen irudia eta kultura sustatzea eta zabaltzea ere. Besteak beste honako hauek: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.

Diru-laguntza jasotzen ahal dituzte jarduera horiek egiteko behar diren gastu arruntek (oinarrizkoak eta osagarriak), honako hauek, besteak beste:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren funtzionamendu egokia (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Konponketak, mantentze-lanak eta lokalak zaintzea, altzariak eta ekipamendua, barnean direla informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Protokolo eta ordezkaritza gastuak.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteko gastuak, harpidetzak eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako mailegu hipotekarioen interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, lehiaketetan eta aintzatespenetan saritutako pertsonei eman beharrekoak.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako kreditu hipotekarioen amortizazioa.

–Entitateari egoitzatzat balio dioten lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko tresneria finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta tresna informatikoen erosketa.

4.2. Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

5.1. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta legez ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, aurkezten den modalitatea edozein delarik.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak. (1)

b) Behar den erregistro ofizialean izena emanda egotearen ziurtagiria. (1)

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala. (1)

d) Entitate eskatzailearen IFK. (1)

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, eta swift kodea. (1)

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela. (2)

g) Tokian tokiko zerga ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioena. (2)

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, adierazten dituena 2016ko urtarrilaren 1ean entitateak duen bazkide kopurua, horien izena eta bi deitura eta NANa, baita ekitaldi horretarako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

(2) Entitateak organo kudeatzaileari eska diezaiokeen dokumentazioa, hura ziurtatzea Foru Komunitateko Administrazioko organoei badagokie.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra, abian den urterako, web orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) dagoen ereduaren arabera.

b) Entitateak honako dokumentazioa aurkeztu beharko du deialdiaren kontzeptuetako bakoitzerako:

–Laguntzaren xede den jarduera programa. Oinarrizko gizarte jarduera nahiz gainerako jarduera osagarriak deskribatu beharko dira, eranskinean jasotako fitxak betez, eskura baitaude http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web orrian.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituen memoria, aurrekontua kontzeptuka banatuta. Inbertsio bakoitza fitxa bat betez deskribatuko da, web orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) dagoen ereduaren arabera. Eskaerako akatsak zuzentzea.

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidea osorik ez bada, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 42.000 eurokoa da. Horietatik, 30.000 euro jarduera gastuak finantzatzeko bideratuko dira (4.1.a. oinarria) eta 12.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko (4.1.b. oinarria).

8.2. Diru-laguntzaren goiko muga.

Laguntzak instrukzio organoak diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzerako onartutako aurrekontuaren %100 izan litezke, betiere beste diru-sarrera edo laguntza batzuekin estalia ez badago.

8.3. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.3.1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Oinarrizko gizarte-jarduerari aplikatzeko irizpideak (100 puntu arte):

–Ordezkagarritasuna. Bazkide kopurua, 2016ko urtarrilaren 1ean; 5 puntu emanen dira 25 bazkideko, gehienez ere 40 puntu egin arte.

–Lokalaren azalera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak haren baliabideak bazkideentzat biltokiaren helburu soziala lortzeko (30 puntu).

  • Ahalmen txikia: 10 puntu arte.
  • Ahalmen ertaina: 20 puntu arte.
  • Ahalmen handia: 30 puntu arte.

–Parte-hartze soziala. Neurtuko du noraino aprobetxatzen dituzten bazkideek baliabideak, eta norainokoak diren haien eraginkortasuna eta bertaratze maila, funtzionamenduaren araubidearen eta lokala irekitzeko aldien arabera (30 puntu):

  • Parte hartze txikia: 10 puntu arte.
  • Parte hartze ertaina: 20 puntu arte.
  • Parte hartze handia: 30 puntu arte.

b) Jarduera osagarriei aplikatzeko irizpideak (100 puntu arte):

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da lortu gogo diren helburuak noraino diren egokiak, aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin, programa noraino den egokia eta berria eta deialdiaren helburuarekin bat egiten duen (30 puntu):

  • Egokitzapen txikia: 10 puntu arte.
  • Egokitzapen ertaina: 20 puntu arte.
  • Egokitzapen handia: 30 puntu arte.

–Programatutako jardueren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, kontuan izanik beharren, planifikazioaren eta metodologia egokiaren azterketa, betiere jarduera horiek gauzatu ahal izateko gaitasun teknikoarekin lotuta (30 puntu):

  • Kalitate eta bideragarritasun maila txikia: 10 puntu arte.
  • Kalitate eta bideragarritasun maila ertaina: 20 puntu arte.
  • Kalitate eta bideragarritasun maila handia: 30 puntu arte.

–Jasotzaileak eta herritarren parte-hartzea. Nafarroaren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna neurtuko du, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (40 puntu):

  • Parte hartze txikia: 10 puntu arte.
  • Parte hartze ertaina: 30 puntu arte.
  • Parte hartze handia: 40 puntu arte.

Jarduera programatuak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 50 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 15 puntu erdiesten ez badituzte.

8.3.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu arte):

a) Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, bizigarritasun, segurtasun eta funtzionamendu baldintzak kontuan hartuta (80 puntu arte):

  • Egokitzapen behar txikia: 20 puntu arte.
  • Egokitzapen behar ertaina: 50 puntu arte.
  • Egokitzapen behar handia: 80 puntu arte.

b) Aurreko urteetan hasitako eta bukatu gabeko proiektuen jarraipena: 2 puntu urte bakoitzeko, eta 20 puntu gehienez.

50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.4. Zenbatekoa eta laguntzen esleipena.

Eskaerak banan-banan baloratu ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontzeptuen arabera (jarduerak edo inbertsioak) biltoki guztien puntuak batuko dira, eta dela jarduerentzat dela inbertsioarentzat den kontu-sailaren zenbateko osoa puntu guztiekin zatituz ateratzen den puntu bakoitzari balio bat esleituko zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Kontu-sailaren zenbatekoa/Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa.

Laguntzaren zenbatekoa = Entitateari esleitutako puntuak × Puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batuta, gainerako biltokien artean banatzen dira, norberaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen-proposamena emanen du.

Proposamen hori ikusita, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, bidezkoa bada, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da argitara.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Diru-laguntza ordaintzeko, egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da eta instrukzio organoak aldez aurretik egiaztatuko du.

Justifikazioa aurkezteko epea 2016ko abenduaren 21ean bukatuko da.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan horien guztien fitxa deskribatzaileak sartuko dira, web orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), web orri honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako diru-laguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, 2016ko abenduaren 21a baino lehen ordaindutako gastuak bakarrik hartuko dira gastu justifikagarritzat.

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko diru-laguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Justifikazio partzialak.

Laguntza zatika ordaintzeko eska daiteke. Horretarako, ordura arte egindako gastu bakoitzaren frogagiria aurkeztuko da, aurreko atalarekin adierazitakoarekin bat.

Laguntzaren behar den zenbatekoa ordainduko da, aurkeztutako justifikazioaren arabera.

11.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzaren unean oinarrizko gizarte jarduerari dagokion zenbatekoa ordaintzen ahal da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.1. artikuluarekin bat. Horretarako, entitateak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari eskatuko dio, justifikatuz, egoera-orrien bidez (diruzaintzako egoera-orria, egoera-balantzea), aurrerakin hori behar duela, diru-laguntza jasoko duten jarduerak egiteko.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Diru-laguntza esleitu dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena (web orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren aginduei jarraikiz.

d) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatuari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

16.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1605126