2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARRALDA
Udal ordenantza, Auzolanak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Udalak, 2016ko otsailaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Auzolanak arautzen dituen udal ordenantza (2016ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 19an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Garraldan, 2016ko apirilaren 12an.–Alkatea, Francisco Javier Juanperez Huarte.
AUZOLANEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua. Honako ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Ordenantzaren xedea
2. artikulua. Herriko eta mendiko bideak egin, zaindu eta hobetzea, eta oro har toki entitateen eskumenekoak diren obra eta zerbitzuak egitea, bai eta herrilurren mantentze-lanetan aritzea ere.
Auzolana egitera behartuak
3. artikulua. Auzolana egitera beharturik dago 18 eta 65 urte bitarte duen pertsona oro, baldin eta Udalerrian bizi bada eta ez badu auzolana egitea eragozten dion desgaitasunik.
Familia unitate batean baldintza horiek betetzen dituen pertsona bat baino gehiago badago auzolanak egiteko, kide bakarra balego bezala kontatuko da.
Bi auzolan mota daude:
1.–Herrilurren mantentze-lanetarako, oro har. Auzolan mota hau egitera behartuak daude, aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak beteta, aziendarekin herrilurren aprobetxamendua egiten dutenak.
2.–Herriko eta mendiko bideak egin, zaindu eta hobetzeko, eta oro har toki entitateen eskumenekoak diren obra eta zerbitzuak egiteko. Auzolan mota hau egitera behartuak daude artikulu honen 1. lerroaldean adierazitako baldintzak betetzen dituzten pertsonak.
Halaber, auzolan hau egitera beharturik egonen dira, herrian bizi ez arren, egur epaitzaren onuradunak direnak, hura esleitzen zaien urtean.
Auzolan hau bateragarria izanen da herrilurren mantentze-lanetarako egiten denarekin eta, beraz, aziendarekin herrilurren aprobetxamendua egiten duena beharturik egonen da bi auzolan motak egitera.
65 urte baino gehiago izanik ere, inork auzolana borondatez egin nahi badu, egiten ahalko du.
Udalaren kontura izanen da lan honetan aritzera behartuta daudenei gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskuaren estaldura.
Istripu arriskuak estaltzeko, auzolana egiten hastean hura eginen duten pertsonen datuak jasoko dira, aseguruari jakinarazteko.
Jabetza partikularreko lanabes eta/edo makinak ekartzen dituzten edo haiekin lan egiten duten pertsonak izanen dira haien egoeraren eta erabileraren arduradunak.
4. artikulua. Auzolana ez da urtean 5 egun baino gehiagokoa izanen eta ez da jarraian 3 egunetik pasako auzolan mota bakoitzean.
Behar bezala arrazoitutako salbuespen kasuetan, Udalak behartuei urtean dagokien auzolanen kopurua handitu ahalko du.
Auzolana egitera behartua dagoen pertsonak ezin badu hura egin, behar bezala frogatutako arrazoiengatik, Udalak agindutako egun eta orduetan, haren ordez beste pertsona egoki batek egin ahalko du.
Halaber, auzolanaren librantza lortzen ahalko da hura konpentsatzeko zenbatekoa ordainduta.
Herrilurren mantentze-lanetarako auzolana denean eta traktore partikularra edo makineria astuna beharrezkoa denean, konpentsatu beharreko zenbatekoa 80 euro izanen da, egin gabeko auzolan bakoitzeko.
Herrilurren mantentze-lanetarako auzolana denean eta traktore partikularrik behar ez denea, edo ordenantza honetan jasotako beste auzolan mota denean, traktore partikularra edo makineria astuna erabili edo ez, konpentsatu beharreko zenbatekoa 50 euro izanen da, egin gabeko auzolan bakoitzeko.
Prestazioen zenbaketa
5. artikulua. Traktorearekin edo makineria astunarekin lan egiten dutenek 30 euroko konpentsazioa jasoko dute egindako auzolan bakoitzeko, bi auzolan motetan.
Auzolana egintzat jotzeko gutxienez haren hiru laurdenak egin beharko dira.
6. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako auzolan guztiak nahitaez eginen dira eta urteka antolatuko dira. Udalak zehaztuko ditu, udalerriaren unean uneko beharren arabera, betiere gutxienez 48 ordu lehenago.
Auzolan bakoitzean egin beharreko lana udalkideren batek zuzendu edo azalduko du.
Urtearen amaieran eginen da behartutako bakoitzaren auzolanen zenbaketa eta benetan egin behar zituenekin alderatuko da.
Auzolan zehatz bat ezin bada egin, haren ordez beste auzolan bat egin ahalko da.
Alkatetzak bere adostasuna eman ondotik, auzolana egitera behartuta daudenek haren ordez interes orokorreko lanak egin ahalko dituzte.
Zehapenak, ez egiteagatik
7. artikulua. Auzolanera behin edo gehiagotan ez agertzea, edo ordezko ordainketa ez egitea, edo behartuaren ordez pertsona egokirik ez agertzea 6. artikuluaren aplikaziotik ondorioztatuko da, eta, beraz, zehapenak, bidezkoak badira, urtearen amaieran aplikatuko dira.
Ez egiteagatik ezarriko diren zehapenak 80 eurokoak edo 50 eurokoak izanen dira, auzolan motaren arabera, ordenantza honen 4. artikuluan adierazten den bezala.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu da Udalak 2000ko uztailaren 11n onetsitako Auzolanen ordenantza.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako legedian xedatua aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: L1604447