90. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

256E/2016 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

2020rako Nafarroako III. Energia Plana 2011ko maiatzaren 9an onetsi zuen Nafarroako Gobernuak. Haren helburuetako bat da energia efizientziaz kontsumitu dadila sustatzea. Ildo berean, Energia efizientziari buruzko 2012/27/EB Zuzentarauaren 14. artikuluak ezartzen du berotu eta hozteko hiri sistema efizienteak sustatu behar direla.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatu du beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko laguntzen deialdia onestea, beroaren hiri sareen energia kontsumoa murrizteko, hau da, Nafarroako herri batzuetan dauden auzoko aitzinako berokuntza sistemena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820003-82230-7800-425200. Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko jarduketak

2016

538.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena NAOn argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 21ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, María Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea inbertsioak sustatzea da, beroaren hiri sareen efizientzia hobetzeko, modu horretan energia gutxiago kontsumitu dadin, 2020rako Nafarroako III. Energia Planak zehaztutako helburuekin bat.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Kontsumo unitatea: sareko zerbitzu termikoaren hartzaileetako bakoitza. Unitate horri dagokio zerbitzua ordaintzea, zerbitzuaren hornitzailearen eta sarearen erabiltzaileen arteko harremanak arautzen dituen estatutu edo bestelako dokumentuetan ezarritako moduan. Arau orokor gisa, etxebizitza bat kontsumo unitate bat da.

b) Beroaren hiri sarea edo berotzeko hiri sistema: energia termikoaren banaketa, lurrun edo ur bero gisa, produkzioaren iturri zentral batetik hainbat eraikuntza edo kokapenetara sare baten bidez, eraikuntzetako pertsonek eskatzen dituzten ongizate termikoa eta higienea asetzeko. Eskaera horren %50, gutxienez, bizilekuetako kontsumo unitateetatik badator, kategoria honetan sartuko dira beroaren sareak. Halaber, sareak erabilera publikoko espaziotik igaro behar du, hein batean gutxienez, eta energia termikoa 1.000 kW-ko edo hortik gorako potentzia ezarria duen sortze iturri batetik banatu.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko inbertsioek jaso dezakete diru-laguntza, neurri hauetako batean sartzen badira:

–1. neurria. Sareak: beroa banatzeko sareen efizientzia hobetzea, nolanahi ere Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (CTE-DB-HE-2. Instalazio termikoen errendimendua) eskakizunak betez, halako jarduketen bidez, besteak beste: banaketaren erregulazio eta kontrola hobetzea, eta sareen isolamendua hobetzea.

–2. neurria. Beroa sortzea: beroa banatzeko sareen efizientzia hobetzea beroa sortzean, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (CTE-DB-HE-2. Instalazio termikoen errendimendua) eskakizunak betez.

–3. neurria. Barreneko instalazioa: berokuntzako barreneko instalazioa eraztuntzea etxebizitzetan edo kontsumo unitateetan, horrela betetzen bada etxebizitza bakoitzaren kontsumoa erregulatu eta neurtzeko sistemak eta elementuak instalatzeko betekizuna (araudi aplikagarriak ezarritakoa).

2. Aipatu inbertsioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 30.000 eurotik gorakoak izatea (BEZa kanpo), “gastu orokor eta industria mozkin” kontzeptuak %15 ez gainditzea eta “obraren proiektu eta zuzendaritza” kontzeptuak %10 ez gainditzea.

b) 2015eko urriaren 1etik 2016ko azaroaren 30era (biak barne) bitarteko epean gauzatzea.

c) Finantzazioaren bidezko inbertsioen kasuan, kontratua hasten denetik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzea eta, gainera, kontratu horretan, hura bukatzean aktiboa erosteko konpromiso irmoa agertzea.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aurreko artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, eta ez beste ezertarako, erabiltzen diren elementuetan egindako inbertsioen ondoriozko gastuak jaso dezake diru-laguntza.

2. Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Onuradunak ez du hiru eskaintza eskatu beharko, baldin eta administrazio publikoak badira, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Azken bi kasuak frogatu beharko dira, aipatu inprimakia aurkeztuz.

3. Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Instalazio termiko kolektiboak deszentralizatzeko gastuak (hots, instalazio zentralizatuak banakako bihurtzekoak).

b) Instalazioa mantentzeko jarduketak.

c) Etxebizitzen barnean egindako jarduketak, salbuespen honekin: berokuntzako barreneko instalazioa eraztuntzea etxebizitzetan, horrela betetzen bada etxebizitza bakoitzaren kontsumoa erregulatu eta neurtzeko sistemak eta elementuak instalatzeko betekizuna (araudi aplikagarriak ezarritakoa). Horregatik, ez dira diruz lagunduko araudi hori betetzeko egindako bestelako neurriak, hala nola berokuntzako kostuak banatzeko gailuak instalatzea.

d) BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) eta EIOZa (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga).

e) Oro har, argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbertsioaren helburu energetikoak lortzeko xede zuzena ez dutenak. Betiere laguntzak kudeatzen dituen organoaren irizpidea nagusituko da, dudarik izanez gero.

4. Laguntza zehazteko, diru-laguntza jaso dezaketen gastuaren portzentaje hauek erabiliko dira deskribatutako neurri bakoitzean:

NEURRIA

LAGUNTZA

1. Sareak

%40

2. Bero sortzea

%20

3. Barreneko instalazioa

%15

Deskribatutako hurrenkeraren arabera lehenetsiko dira jarduketak; hau da, 1. neurriko eskaerei emanen zaie diru-laguntza; gero, aurrekontuan krediturik gelditzen bada, 2. neurrikoei; eta, azkenik, 3. neurrikoei.

Eskaera bakoitzak 250.000 euroko diru-laguntza jaso dezake gehienez. Hala ere, deialdian baimendutako gastua diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko adinakoa bada, gainditzen ahalko da 250.000 euroko muga hori, betiere ezarritako portzentaje-muga gainditu gabe. Halaber, diru-laguntzaren onuraduna enpresa bada, 12. oinarrian ezarritakoa bete beharko du.

5. oinarria.–Onuradunak.

1. Diru-laguntzaren onuradunak izaten ahalko dira hurrengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13.2 artikuluan ezartzen dituen debekuetatik kanpo egotea. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da horiek betetzen direla.

b) Eskatzailea enpresa bat bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko du, hala behar denean, arau honetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

2. Jabeen elkarteak ere onuradun izan daitezke, betiere, a) letran xedatutakoa betetzeaz gain, onuraduna izateagatik dagozkien eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatzen badute.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskabidean elkartekide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak. Halaber, laguntza emateko ebazpenean elkartekide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa jasoko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

6. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 40 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa izanen da eskabidea, eta agiri hauek erantsiko zaizkio, eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta:

a) Sarearen titularraren erabakia, erreforma egiteko.

b) Jarduketaren proiektu edo azalpen memoria, ondoko hauek barnean hartuta:

–Instalazioaren ezaugarriak eta haren egoeraren deskribapena, jarduketaren aurretik eta ondoren, ondoko hauek barne: zerbitzua jasotzen duten kontsumo unitateak eta azalera, antzinatasuna, potentzia eta egindako erreformak.

–Sareak zerbitzua ematen dion eremuaren planoa, ondoko hauen kokapena barne: zentral sortzailea, adarrak, lotura puntuak.

–Jarduketaren aurrekontu zehaztua.

–Urtean gutxi gorabehera aurreztuko den energiaren kalkulua, jarduketa egin aurreko energia kontsumoarekin alderatuz (unitate energetikotan eta eurotan).

c) Instalazioa energia zerbitzuen enpresa batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da, enpresak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua.

4. Eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

5. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du, deialdi honen 4. oinarrian deskribatutako neurrietako batzuetan jarduketak egiten baditu ere; hala ere, eskaera baloratzearen eta diru-laguntza ematearen ondorioetarako, laguntza kudeatzen duen organoak neurri bakoitza hartuko du kontuan.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, artikulu honetan baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 4. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Balorazio irizpideak hauek dira:

a) Erreformatu beharreko sarearen antzinatasuna: 10 puntu arte.

–40 urtetik gorakoa: 10 puntu.

–31tik 40 urte bitarte: 7,5 puntu.

–21etik 30 urte bitarte: 5 puntu.

–11tik 20 urte bitarte: 2,5 puntu.

–10 urtetik beherakoa: 0 puntu.

Ondorio horietarako, sarearen antzinatasuna kalkulatuko da lehenbizikoz abian jartzen denetik, gero handitu den ala ez kontuan hartu gabe.

b) Sareak zerbitzua ematen dien etxebizitza edo kontsumo unitateen kopurua: 10 puntu emanen zaio kopuru handiena duen sareari, eta 0 puntu kopuru txikiena duenari, eta proportzio zuzenean gainerako eskaerei.

c) Berotutako azalera (m²): 10 puntu emanen zaio azalera handiena berotzen duen sareari, 0 puntu azalera txikiena berotzen duenari, eta proportzio zuzenean gainerako eskaerei.

d) Berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren hornidura batera egiten duten sareak: 10 puntu.

3. Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, eskaerak aurkeztu diren egunaren arabera ordenatuko dira.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Energiaren eta Meategien Atalak, deialdiotan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntzaren ebazpena emateko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa.

1. Onuradunek egindako gastu eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, 2016ko azaroaren 30ean beranduenez. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 6.2 artikuluan adierazitako moduan:

a) Egindako inbertsioa deskribatzen duen txostena, argazkiak barne; kasua bada, eskabidearekin batera aurkeztutako memoriaren eta azkenean egindako jarduketaren artean dauden aldeak nabarmenduko dira, bereziki energia aurrezteko aurreikusitakoari/lortutakoari dagokionez (gomendatutako gehieneko luzera: bi orrialde).

Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziaren arabera, aldaketa horiek funtsezkoak badira, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzea edo hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea.

b) Diruz lagundutako gastuari dagozkion fakturen eta fakturak ordaindu izanaren frogagirien fotokopia. Fakturak eta ordainagiriak diru-laguntzaren onuradunaren izenean egonen dira, salbu inbertsioa errentamendu finantzarioko kontratu baten xedea bada (energia zerbitzuen enpresa edo leasing); kasu horretan, enpresa errentatzailearen izenean egonen dira.

c) Errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez (leasing edo energia zerbitzuen enpresa batekin egindako kontratua) egindako instalazioen kasuan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Leasing kontratuaren kopia, edo energia zerbitzuen enpresarekin sinatutako kontratuarena.

–Errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula.

Instalazioa energia zerbitzuen enpresa baten bidez egin bada, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Energia zerbitzuaren prezioaren kalkulu zehaztua.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, Aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.nafarroa.eus).

d) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia; laguntzen fitxan eskura daiteke, eta deialdi honen 4.2 oinarrian ezarritako edukia izanen du.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia (originala), laguntzen fitxan baitago, diru-laguntza zein kontutan sartu behar den jakiteko.

f) Kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Orobat, onuradunak, beranduenez 2016ko abenduaren 31n, erregistro zenbakia aurkeztu beharko du, zein lortzen baita instalazioaren ziurtagiria tramitatzean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat (2015eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

3. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena bi hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Administrazio publikoak ez diren pertsona juridikoek, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak betebehar hori betetzen ez badu, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

b) Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing eta energia zerbitzuen enpresekin sinatutako kontratuak), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa egitea, deialdi honen 9. oinarri arautzailean adierazten den moduan.

d) Egindako jarduketen emaitzen txosten-memoria aurkeztea diru-laguntza eman eta hurrengo hiru urteetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen eta 6.2 artikuluan adierazitako moduan, beroaren sarearen kontsumo energetikoak eta gastu ekonomikoak adierazita, aurreko egoerarekin konparatuz.

e) Instalazioaren jabetza mantentzea gutxienez ere bost urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

f) Beroaren hiri sarea ez deszentralizatzea hamar urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta hitzemandako kopuru horiek beranduenez 2016ko irailaren 30ean askatuz gero, kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste diru-laguntzekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostuaren %50 gainditu.

12. oinarria.–De mínimis laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileon aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) argitaratuko ditu emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak eta emandako diru-kopurua.

Iragarkiaren kodea: F1605077