90. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia” izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non proposatzen baita arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia onestea, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 400.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; gainera, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia” izeneko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Urte anitzeko gastua, 400.000 eurokoa, baimentzea laguntzetarako, banaketa ekonomiko honen arabera:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4809-334102: prestakuntza artistikorako laguntzak

2016

200.000,00 euro

A20002-A2530-4809-334102: prestakuntza artistikorako laguntzak

2017

200.000,00 euro

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 22an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ARTE IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Beken xedea eta helburua.

1.1. 30 urte arteko (adin hori barne) ikasle nafarrei arte ikasketetan sakontzeko aukera ematea dute xede bekek, Espainiako zentroetan nahiz atzerrikoetan.

1.2. Beka hauen onura publikoaren oinarriak bi dira; alde batetik, bekadunek kanpoan zabal dezaketen foru komunitateko maila kultural eta artistikoaren irudia eta, bestetik, bekadunek lortzen dituzten ezagutzez egin dezaketen aprobetxamendua, prestakuntza proiektuak bukatutakoan.

1.3. Hamar beka eskaintzen dira deialdian: bi arte plastikoetarako, bi ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako eta hiru musikarako, bai eta kasuan kasuko luzapenak ere.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eta horri eustea bekak irauten duen bitartean.

2.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

2.3. Baldintza hauetako bat betetzea:

a) Beka zein ikasketatan sakontzeko eskatzen den, haiexen izaerari dagokion ikasketa-titulu ofizialaren jabe izatea.

b) Arte eszenatokien eta musikaren diziplinetan, ospe handia duen erakunde batek hautatua izatea.

2.4. Luzapenak eskatzeko, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Aurrekontu egozpena eta bekaren zenbatekoa.

3.1. Beka hauek, gehienez ere 400.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko eta 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira; zenbateko hori honela banatuta bi urteetan:

–2016ko ekitaldi ekonomikoa: 200.000 euro.

–2017ko ekitaldi ekonomikoa: 200.000 euro.

3.2. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, beste laguntza batzuk ematen ahalko zaizkie gainditu bai baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten eskatzaileei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.3. Onuradunetakoren batek uko egiten badio laguntzari 2016ko abenduaren 1a baino lehen, puntuazioaren hurrenkeran eta arlo berean hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio; betiere, horrek eskatzen zaion gutxieneko puntuazioa gainditzen badu. Arlo berean probak gainditu dituen hautagairik ez badago, gainerako arloetan gainditu dutenen artean puntuazio handienekoari emanen zaio.

3.4. Beka hauek luza daitezke, luzapen bat edo bi dituen ikasketa plan bat aldez aurretik aurkeztu duten eskatzaileen kasuan bakarrik; luzapen horiek plan akademiko berean hasitako ikasketak jarraitzeko izanen dira. Ikastetxez edo ikasketa planez aldatzea ez da luzapen gisa onartuko. Luzapenak ez dira inoiz bi baino gehiago izanen. Luzapena ez da besterik gabe emanen, baldintza hauek bete beharko baitira: adina, kurtsoa gainditzea, batzordearen luzapenaren aldeko irizpena eta aurrekontu erabilgarria izatea.

3.5. Eskatzaileak beka baterako eta haren luzapenetarako bakarrik izanen du eskubidea, eta ezin izanen du berriz deialdi honetan parte hartu.

4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaera berriak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira; aldiz, beka luzatzeko eskaerak, II. eranskinekoaren araberakoak. Eranskinetan aipatzen diren agiriekin batera, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerak posta ziurtatuaren bidez igortzen direnean edo departamentuarena ez den erregistro batean aurkezten direnean, Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraziko zaizkio posta elektronikoaren bidez, igortzen diren unean, eta entregaren edo erregistroaren frogagiria erantsiko zaie formatu digitalean.

4.3. Dokumentazioa paperean eta bertsio digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazteko.

4.4. Eskabide ereduak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

4.5. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko ekainaren 10ean bukatuko.

4.6. Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ziurtagiri akademikoa (I. eranskineko 1.c) edo 1.d) puntukoa) aurkeztu ezin badu, 2016ko uztailaren 22ra arteko epea izanen du, betiere inguruabar hori frogatzen badu eskaera aurkeztean.

4.7. Kasuan kasuko ikastetxean onartuak izateko egutegi ofizialagatik, eskabideak aurkezteko epean, eskatutako programan onartuak izan direla frogatzen duen fotokopia ezin aurkeztu izan duten beka eta luzapenen hartzaileei baldintzapean emanen zaie beka, aurtengo urriaren 14a baino lehen aurkeztu beharko baitute dokumentazio hori.

4.8. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Bekaren diru-zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula gastuak, joan-etorrietakoak, ostatukoak eta aseguru-polizakoak.

a) Matrikula deritzon kontzeptuaren barrenean haren kostuaren %100 emanen da, baina gehienez 4.000 euro.

b) Onuradunak, joan-etorrien kontzeptuagatik, ohiko bizilekutik bekaren xedeko ikasketak egiteko ikastetxera joan eta etortzeko bidaia baten gastuaren %100 jasoko du (behin baizik ez), justifikatu ondoren. Billetea ematen duten garraiobideetan egin beharko dira joan-etorriak, hura gastuaren frogagiria izan dadin. Joan-etorriak turista klasean eginen dira beti, eta aireko garraioa erabiliz gero, 500 km-tik gorako bidaiak sortzen duen gastuak bakarrik izanen du diru-laguntza. 500 km-tik beherako bidaien kasuan, trenean eta autobusean turista klasean egindako gastuak bakarrik izanen du diru-laguntza.

c) Egonaldiagatik, eta ikasketak egiten dituen bitartean, bekadunak 800 euro jasoko ditu hilean ikasketak Espainian egiten baditu, eta 1.000 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu.

d) Onuradunak aseguru-polizaren gastuetarako emandako diru kopurua jasoko du, haiek justifikatu ondoren. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaio.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak arlo bakoitzean puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei emanen zaizkie, oinarri hauen 7. puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta entzunaldiak eta elkarrizketak non eginen diren adieraziko.

Entzunaldi eta elkarrizketa horiek abuztuaren 1etik 5era bitarteko astean eginen dira. Entzunaldi/elkarrizketen data zehatzak finkatzeko, aurkeztutako eskaeraren kopurua hartuko da kontuan. Ebazpen horretan ezartzen diren egunak eta orduak behin betikoak izanen dira, eta ezin izanen da inolako aldaketarik egin izangaiek eskatuta.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, bai Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/.

Ebazpena argitaratu ondoren, onartutako eskatzaileek interpretatu beharreko bariazio, antzezpen edo musika piezaren eta haren iraupenaren berri emanen diote Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari posta elektronikoaren bidez.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: bi aditu, arte eszenikoetako, arte plastikoetako eta ikus-entzunezkoen arteetako espezialitate bakoitzeko; hiru aditu, musika espezialitatekoak; Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, eta Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo, hori ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Balorazio irizpideak.

7.1.1 Aurkeztutako eskaeren balorazioan, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) 2.3.a) puntuan ezarritakoarekin bat parte hartzen denean deialdian:

–Puntu horretan baldintza gisa jasotzen den titulu akademikoari dagozkion merezimendu akademikoak, gehienez ere 20 puntu arte, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

Kalifikazio eskalak eta haien baliokidetasuna:

0 - 10 ESKALA

ERREALA

0 - 10 ESKALA

PONDERATUA

0-4 ESKALA

ESKALA LITERALA

BALORAZIOA

5,00 - 6.99

5,50 - 7.49

1 - 1,99

Gainditua

10 puntu

7,00 - 8.99

7,50 - 8.99

2 - 2.99

Oso ongi

15 puntu

9,00 - 10

9,00 - 10

3 - 4

Bikain edo ohorezko matrikula

20 puntu

Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren araberakoa:

–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak: 1,00.

–Goi mailako heziketa zikloak: 0,90

–Erdi mailako heziketa zikloak eta musikaren eta dantzaren lanbide ikasketak: 0,80

b) 2.3.b) puntuan (musika eta arte eszenikoak) ezarritakoarekin bat parte hartzen denean deialdian:

–Hautapen proba bat gainditzea gehienez ere 20 puntuz baloratuko da, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

IKASPOSTU KOPURUA/IZANGAI KOPURUA

BALORAZIOA

1/10 edo txikiagoa

10 puntu

1/10 baino handiagoa eta 1/15 edo txikiagoa

15 puntu

1/15 baino handiagoa

20 puntu

c) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistiko eta teknikoa, bai eta hautatutako ikastetxearen garrantzi akademiko eta artistikoa, 20 puntu arte, honela banatuta:

–10 puntu arte, proposatutako ikasketa programarengatik.

–10 puntu arte, zentroaren garrantzi akademiko eta artistikoarengatik.

d) Elkarrizketa, 15 puntu arte.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako ikasketa plana edo proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

e) Entzunaldia/grabazioa/txostena: 45 puntu arte.

Atal honetan aintzat hartuko da grabazioan/txostenean/aurrez aurreko entzunaldian erakutsitako sormena.

Ezin izanen dute laguntzarik jaso atal honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek. Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko eta zuzenean kanporatuko da.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

7.2. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

7.3. 7.1.d) eta d) puntuan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen III. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

7.4. Bekaren bat eman gabe gelditzen bada gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik edo espezialitateren batean izangairik ez izateagatik, gainerako arloetan gainditu dutenen artean puntuazio handiena duenari emanen zaio.

8. Bekak luzatzea.

8.1. Interesdunek eskatuta, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak beka luza diezaieke beka 2015ean hasi zutenei edo lehenbiziko luzapena urte horretan lortu zutenei, baldintza hauek betez gero:

a) 2015-2016ko kurtsoa gainditu izana entzunaldiak edo elkarrizketak egiten direnean.

b) 2015ean luzapen bat edo bi zituen ikasketa plan bat aurkeztu izana.

8.2. Oinarri arautzaile hauek aginduko dute aurreko deialdietan emandako beken luzapenetan.

8.3. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko ekainaren 10ean bukatuko.

8.4. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, luzapenak emateko proposamena aurkeztuko du.

8.5. Batzordeak kurtsoa gainditu izanari buruzko memoria baloratuko du, hots, aurreko ikasturteko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa eskatzen zaiena, edo luzapena eskatzeko berariaz prestatua.

8.6. Bekak luzatzeko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Egindako ikasturtearen memoria, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaeraren gainean ikastetxeak edo irakasleak egindako ebaluazioa eta ikasturteko espediente akademikoa barne: 20 puntu.

b) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistikoa eta teknikoa: 20 puntu gehienez.

c) Elkarrizketa, 15 puntu arte.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako ikasketa plana edo proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

d) Entzunaldia/grabazioa/txostena: 45 puntu arte.

Atal honetan aintzat hartuko da grabazioan/txostenean/aurrez aurreko entzunaldian erakutsitako sormena.

Ezin izanen dute luzapenik izan atal honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek.

Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko eta zuzenean kanporatuko da.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

8.7. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

8.8. 8.6.c) eta d) puntuetan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen III. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

9. Beka emateko ebazpena.

9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, entzunaldiak eta elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena emanen du.

9.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/.

9.3. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, esleipen-hartzaileek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo uko egiten dutela adierazteko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztea aldi horretan egindako ikasketen aprobetxamendua frogatzen duen dokumentazioa, ikastetxeak emana, 12. puntuan ezarritako epeen barrenean.

10.2. Egindako ikasketak zein izandako gastuak frogatzea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.3. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.4. Ikastaroa bukatutakoan, egindako ikasketei dagokien frogagiria eta ikasketen memoria bidaltzea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalera.

10.5. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta programa aldatzera behartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta onetsitako programa funtsean aldatzen ez bada, ebaluazio batzordearen iritziz.

10.6. Beka hartzeak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren hedapen artistikoen programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.

10.7. Ikasketak luzatzeko aldia bukatzen denean, beken onuradunek, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horretarako antolatzen ahalko baititu.

10.8. Bai eskatzaileek bai onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, gaztelania ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.

11. Osasun laguntza.

11.1. Laguntza hauek jasotzen dituzten bekadun guztiek babestuta egon beharko dute gorputz istripuetarako aseguru-poliza baten bitartez.

11.2. Atzerrian ikasten duten bekadunek, bidaiako laguntzaren aseguru-poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak hartuko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:

a) Lehenengo ordainketa batean matrikularen, joaneko bidaiaren eta aseguru-polizaren zenbatekoak sartuko dira, gehi hileko saria 2016ko irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako, kasu bakoitzaren arabera.

Lehenengo zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2016ko abenduaren 23a baino lehen:

–Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiriak.

–Ikasketa zentroak emandako ziurtagiria, onuraduna kurtsoa egiten ari dela jasoko duena.

–Joaneko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

–Kasuan kasuko aseguru-polizaren fotokopia, eta horren ordainketarena.

b) Bigarren ordainketa, kurtso bukaeran; bertan, bueltako bidaiaren zenbatekoaz gain, hileko sariak sartuko dira, 2017ko urtarrileko, otsaileko, martxoko, apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztailekoak, kasu bakoitzaren arabera.

Bigarren zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da honako agiri hauek aurkeztea 2017ko uztailaren 17a baino lehen:

–Ikasketak egin, aprobetxatu eta gainditu direla egiaztatzen duen agiria.

–Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:

a) Ikasketa zentroko txosten zehatza, ikaslearen bilakaerari buruzkoa, tutoreak edo zuzendariak emana.

b) Norberaren balorazioa kurtsoari eta egindako jarduerei buruz.

c) Bueltako bidaiaren faktura eta hura ordaindu izanaren frogagiria.

d) Kurtsoa bukatzeko eguna oro har ezarritakoa ez, beste bat bada, kurtsoa bukatu eta hilabetean aurkeztuko da frogagiria, kontuan hartuta 2017ko abenduaren 20a dela hura aurkezteko azken eguna.

12.2. Salbuespen gisa, matrikularen zenbatekoa eta hileko zenbatekoa aurreratzen ahalko dira, onuradunak funtsak behar dituela frogatzen badu diru-laguntzaren helburuak bete daitezen. Urtero, dagokion urteko hileko sariak aurreratzen ahalko dira.

12.3. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Beka hau bateraezina da xede edo helburu bera duen beste edozein diru-laguntzarekin. Salbuespen gisa, matrikula 4.000 eurotik gorakoa baldin bada, hori baita deialdi honen bidez eman daitekeen laguntzarik handiena, onuradunek diru-laguntza honen zenbatekoa beste batekin osatzen ahalko dute, matrikularen kostu osoa berdindu arte. Kasu horretan, Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari aditzera emanen diote beste laguntzaren zenbatekoa eta zein den organo emailea.

14. Dirua itzultzea.

Onuradunak ikasketa programa gauzatu duela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, baita diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Arte-ikasketetan sakontzeko 2016ko beken deialdirako eskaera (PDF).

II. ERANSKINA

Arte-ikasketetan sakontzeko 2016ko beka luzatzeko eskabidea (PDF).

III. ERANSKINA

Entzunaldiak eta elkarrizketak

Oinarri hauen 6.2 puntuan ezarritakoaren arabera deialdian onartzen diren eskatzaileei elkarrizketa eginen zaie, eta ikasketetan sakontzeko duten proiektua defendatu beharko dute batzordearen aurrean.

Horretaz gainera, arte eszenikoetako eta musikako eskatzaileek entzunaldi bat eginen dute batzordeko kideen aurrean, parametro hauen arabera:

Arte Eszenikoak - Dantza.

Klase batean parte hartuko dute, eta sakondu gogo duten ikasketa espezialitateko (klasikoa, garaikidea edo espainiarra) bariazio libre bat eginen.

Beharrezkoa den musika akonpainamendua eramanen dute CD formatuan.

Koreografiako ikasketak salbu, horiek beren koreografiak erakusten dituen grabazioa edo argazkigintzako dosierra aurkeztu beharko baitute.

Arte Eszenikoak - Antzerkia.

10-15 minutuko antzezpena egin beharko dute. Horretarako beharrezkoa den materiala eramanen dute.

Eszenako zuzendariek edo eszenografoek ez dute antzezpen hori egin beharko. Horren partez, grabazio bat edo argazkigintzako dosier bat aurkeztu beharko dute, haiek zuzendutako lanak edo eszenografiak erakusten dituena.

Musika.

Pieza bat edo batzuk interpretatu beharko dituzte, guztira 10-15 minutuz. Beharrezkoa den akonpainamendua eramanen dute, baita interpretatu beharreko partiturak eta horien fotokopia bat ere.

Ebazpena argitaratu ondoren, onartutako eskatzaileek interpretatu beharreko bariazio, antzezpen edo musika piezaren eta haren iraupenaren berri emanen diote Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

Iragarkiaren kodea: F1604931